Etiketaren artxiboa: lakasta

Erregistroak

Mariano Ferrer maisuaren “El kiosko de la
Rosi” zen, niretzako zalantza barik, prentsa errepasoa irratiz nola egin
beharko litzatekeen erakusten zuen eredurik egokiena. Herri Irratiko saio hura
gure irratigintzaren erreferentzia nagusienen artean dago.

 

Enpresa desberdinek kaleratzen dituzten
egunkarien gainbegirada kritiko hartan berrien aipamena egiteaz gain, egunkaria
beraren ildo editoriala aipatzen zen. Gertaera eta testuingurua, berria eta
berriemailearen ikuspegia agerian utziz.

 

Noski, harrez gero aideratu egin izan diren prentsa
errepaso asko oso eskasak izan dira. Ez naiz ari RNEk Bilbotik emititzen duen
albistegi saioetan Berria eta Gara ez dituztela ezta aipatu ere egiten. Ez, ez
naiz orain zentsura horretaz arituko.

Irrati gehienetan, eta gehiegitan betegarri
gisa, egunkarietako izenburuak zeintzuk diren aipatzeari dedikaturiko minutuaz
baizik.

Irrati askotan, egunkariaren izena aipatu eta
titularra zein izan den esaten dute, zuzen zuzenean. Irakurketa hutsa eta
askotan berdintsuak diren izenburuen errepikapen hutsala eginez.

Horretan erori egin izan dira baita niretzako
irratsaio gustukoena  den Mezularian ere,
hauen kasuan agerkari digitalen errepasoa egiten zutenean (ezin du pasatzen utzi Luistxo Fernandezek plazaratu zuen polemika). Eskerrak orain,
Juanjo Sanmigelek heldu diola trabeskako eta ikuspegi kritikoaz edukien
azterketa egiteari.

Esaten ari naizenaren harira, Euskadi
Irratiaren
denboraldi honetako berrikuntzen artean asko gustatu izan zait Juan
Kruz Lakastaren fitxaketa. Egunero, periodikuetako izenburuak, editorialak,
artikulu aipagarrienak eta abarrak eskuetan hartu eta xehetu egiten ditu. Entzun
nion egunero hamabost bat egunkari aztertzen dituela. Bada, ederki gainera. Oso
gustura egoten naiz bere iruzkinak entzuten.

Titularren aipamena besterik ez dutenen
aurrean Lakastarena luxu bat da, aktualitatea miatu eta aleen artean urrea eta
gorotza ikusten laguntzea.

 

Berrian igandero idazten dituen artikuluak (hauetariko
batzuk antologikoak, zinez) eta aipatzen ari naizen prentsaren azterketak
erakusten du tipo honek sorbalden gainekoa ondo erabiltzen dakiela, gainera
hitza, umorea eta ironia ondo manejatuz.