GARRAIO LANETAN

Albistegiaren aurreko saioaz asmatzea, izan lehiaketa,
sitcoma ala
txutxumutxuena, garrantzitsua da informazio-saiora jende multzo
bat
eramateko. Antzerakoa da berrien osteko saioaren kasua:
ordutik
aurrerakoaren arrakasta markatuko du.
Azken denboraldian, Camera
Café
, El Hormiguero eta El Intermedio ari dira lan hori betetzen.
Albistegitik datorren jende multzoa, geroko pelikulara edo prime-timeko
programa zentralera garraiatzen.
Kafe makinaren sketxek ondo baino hobeto
egiten dute lan hori. Baina, ikasturte honetako, Pablo Motos-ena eta Gran Wyoming-ena aipatu gura ditut. Izan ere, begien bistakoa da zein desberdina
den bakoitzak helburu modura daukan jendea. El Homigueroren kasuan, jende
gazteagoa, diskurtsoen jokoan baino ikustekoetan zentratuko dena bilatzen
dute.

Wyomingek aldiz, berbak, hitz jokoak, ziria eta eztena ibiltzen
ditu.
Zorrotza eta okurrentea. Motosen ganberrokerien aldean,
irreberentzia nagusitzen da hemen.

Esan beharrik bai, zein gustatzen zaidan
gehiago? Mezutxo honen idazteko moduaz gain, argazkiaren tamainak ematen al du pistarik?

Maketak

MAKETAK

Etxez etxe ala telefonoz inkestak egiten ibiltzen direnek
ondo dakite lagina zer demontres den. Aztertu nahi den populazioaren izaeraren
osagarriak (adina, sexua, diru-sarrerak, 
ideología…) ondo errepresentatzen duen jende taldea. Populazioan dagoen
proportzio berean egon behar dira laginean nagusi diren elementu horiek. Talde
handiaren maketa lakoxea da lagina.

Inoiz albistegietan eta sarri jendearen parte-hartea “bultzatzen”
duten txutxumutxu eta reality showetan,
“inkesta” berbaren esangura ahazten dute. Kamera kalera bota eta berba egitera
ausartzen den lehenari  ematen diote
isilik dauden guztien ordezkari izateko aukera..  Hori bai, telebista kanalaren ideologiarekin
bat baldin badator, bestela bazterreratuko dute majo.

Pantailaren bestaldera pasatuta, El diario de Patricia
moduko  programetan agertzen direnak gehiengoa
direla pentsatzera jo genezake, horrenbestetan ikusita. Baina ez, hor ere,
ikusten ditugun pertsona horiek bene-benetakoak direla jakin arren, populazio osoaren
zati bat besterik ez dira, osotasunaren ispilu distortsionatua.

Txikitako idoloak

Iribar atezaina izandakoa
ikusi nuen, Ordu Txikitan saioan.

Atsegina koipetsua izan barik.

Gauzak kontatuz baina
berriketan esangurak zainduz.

 

Idolo bat da, eta izan da,
Iribar.

 

Ez zait inoiz tele-kirola
gustatu izan, eta futbola are eta gutxiago. Akaso nire inguruko batzuei kontra egitearren.

Beraz, niri behintzat, Iribarrekiko
miresmena ez zetorkidan futbolzalea nintzelako.

 

Hala ere, oso gogoan dut,
irabazi ala galdu, nolako jarrera izaten zuen. Ez zen batere keinu puztu eta
neurriz kanpoko jarrera zale. Bere lekuan egoten zekiena/dakiena, luze
gorputzez, edukatua moduetan, egoten dakienetakoa. Sendotasun hori oso hemengo
da, ezta?. Keinukera melodramatikorik gabea, baina tinkotasun ikaragarria
transmititzen duena.

 

Txikitako iruditerian,
oso presente daukat bera eta Kortabarriak ikurriña atera zutenekoa. Legez
kanpokoa zen eta hauek futbol partida batean eskutik heldu eta zelai erdira
joan ziren, gehienon gozamenerako. Ni ez 
nintzen partida ikusten ari. Esana dut futbolak ez nauela erakartzen. Baina,
balentria irudi hura oso esanguratsua 
iruditu zitzaidan. Ikurrina de facto
legalizatu zuten haiek.

 

ETB1eko Ordu Txikitan programa amaitu zenean, orduko  Iribar lakorik gaur egun ba ote dugun
zalantzan gelditu nintzen.

 

Eta, ezetz pentsatu nuen.
Politikoen artean ez behintzat. Sistemaren bihurgunetan katramilatuta daude, gehienak.

Kantaila

Egutegietan, azaroa eta urtarrila bitartean
dagoen hileari nik izena aldatuko nioke. Abendua, lotazila, neguila eta
beltzila ez zaizkit oso aproposak iruditzen. Eta, telebistetako programazioa
ikusita, erabaki dut proposamen bat egitea. Hemen dira nire zergatiak. ETB1ek
“High school musical” delako lehiaketa-showa dauka martxan. GoiTB “Kantari”
dabil herriz-herri, karaoke ikuskizunaz. Gainera, lehengoan ikusi nituen Josu
Erkoreka eta Carmen Alborch politikoak play-backean kantu eta dantzan, Gran Wyoming-en
telebisa saioan. Esandakoa gutxi balitz, Berria egunkariak “Egin kantu”
telebistako programaren eskutik sortutako disko eta karaokea jarri du salgai.
Eta, azkenik, ezingo dugu ahaztu bada, gabon gabean ETB1eko kantu-saioa,
Oskorrikoek musika jarri eta famatu batzuk kantuak nola txikitzen dituzten
ikusteko aukera ematen diguna.

Total, aurrez grabatuak ala zuzenean,
Olentzeroren aitzakian, eta mahai inguruetan, abenduko sasoi honetan, kantuan
ibiltzen da jendea.Kantuan edo kantean,
hor ere aldea egoten da.

18/98+ maitasunez

Kotxez, etxerako bidean.

Irratian,18/98+
sumariokoak atxilotzen hasiak zirela, sei utziko zituztela aske. Izenak
zerrendatu dituzte.

Hamar urteko semeak,
ordura arte isilik, ni bezala entzuten,  atzeko jezarlekutik bota dit: “…eta zure
laguna kartzelara?”

Baietz, Mario ere
kartzelan  sartuko dutela…

Azalpen askorik ezin izan
diot orduan eman, baneukan negarretan kotxea eramateaz nahikoa lan.

Zalaka eta Nekane ere oso
gogoan ditut orain.

Denoi, posible balitz besarkada handi bana emango nieke.

Emango dizkiegu.

Sacatan sacatum


Lehenago ere irratian entzun izan dudan
Asier Arrieta ikusten dut orain
Ordu Txikitan saioak publizitateari
eskaintzen dion tartean.
Aberasgarria da iragarkien atze aldean begiratu ahal
izateko klabe
batzuk edukitzea. Eta harritzekoa da, baita ere, telebistako
spotei
umeek noraino erreparatzen dioten ikustea.
Hegaluze marka
batek famatu egin duen singlearen letra ulertezina
behintzat ikasia
dute programa horretan ageri diren ume guztiek. Niri
baino gehiago gustatuko
ei zaie iragarki horretan ageri direnen aurpegi
serioak, ingurune gris eta
inpertsonala eta produktuarekin inongo
loturarik ez duen estetika.

Melodia gainetik kendu ezinean nabilela, beste zerbait etorri
zait
burura. Carod-Rovira Jose Luis deitu zuten haien tankerakoek
ikasia
izango ote dute “sacatan sacatum tan tan que sumunbe que sumunbe
.”
estribilloa? Ala, askotan euskararekin gertatzen den bezala,
nerbioak
galdu eta “en español, en español”, mentalki bada ere, ohiukatzen
hasita
egongo dira honez gero.

Tonua eta tronua

Espainiako erregeak ez zuen “Zergatik ez zara isiltzen?” galdetu, hainbat tokitan agertu izan den bezala. Bere hitzek eta tonuak beste halako itzulpena dute: “Isil zaitez!”.

Duela urte asko, ¿Quién sabe donde? izeneko saioak audientziaren kuota ikaragarri altuak eskuratzen zituenean, eta reality showak deiturikoei hasiera eman zitzaionean, Paco Lobatón zen telebista pantailen errege.

Gogan  baduzue, saio arrakastatsu haren baitan, familiakoren ala lagunartekoren bat desagertuta zuenak, posible zuen bideoz mezu bat bidaltzea eta bilatu nahi zuenaren itxura, janzkera eta izakerari buruzko zehaztasunak eman. Horrekin aurkitzeko bidea errazten ei zen.

Halako programa batean, gogoan dut emakumezkoa zela  hizketan  atera zena eta edadeko gizon batek etxetik alde egin zuela-eta horrela zioen bere mezuak: “He venido a Quien Sabe Donde para que me ayuden a encontrar a …”

Bere hizkeran galdera ikurrik eta “quien” horretan azenturik ez zen sumatzen!

Hitzen tonuak agurea aurkitu zezaten etorri beharreko leku aproposera joana zela adierazten  zuten. : “non dagoen dakienera etorria ” zela sinistuta.

Esaldien barruko hitzen entonazioak duen garrantzia handia da. Hitzjokuetan berbak eta hauen ordenak bezalatsu.

Akaso horregatik, parre algaratan ibili nintzen  Juan Carlosek Chavezi purrustada hura bota eta gero, mahaitik altxatu eta  Bar Bón-era itzuli zela irratian entzun nuenean.
Esaten zutenez, tronoduna non dagoen kamareroak jakiten du, ondoen. Telebistako saio famatu hartan bezala, Paco izango ote du izena?

Zinera joan

Radio Euskadiko Graffitin (barrenak astindu
zituen arren, izena mantentzen duen arratsaldeko magazina) entzun nuen lehengo
egunean, Gasteizeko bi zinema areto ixteko zorian daudela.

Jendeak zentro komertzialetara joten omen du
erosketak egiteaz gain filmaren bat ikustera eta, hori dela-eta, herrietako eta
hirietako kaleetan kokatutako aretoek negozio gutxi egiten dute.

Bolinaga eta Linares esatariak eta Etxagibel,
zine enpresa bateko ordezkaria, zinearen etorkizunaz berriketan aritu ziren.

 

Lehen biek zinearen inguruko diskurtso goxoa
zerabilten, azkenak datuez baliatuz lehen baino zine gehiago ikusten dela eta
ikusle kopuruak  ez duela behera egin
aipatu zuen. Beti ere, zinea industria bat dela gogorazi zigun.

 

Entzuten nuen bitartean, gogoan nuen Goio
anaiarekin sarritan izan ohi dudan elkarrizketa.

Zinea gustatzen zaigu bioi.

Bera pelikula bat ikustera doa eta ni aldiz
zinemara.

Karteldegia begiratu, ordutegirik egokiena
aztertu eta eskuerara dagoen aretoa aukeratzen du.

Nik, aldiz, zineak duen alderdi soziala kontuan
hartzen dut.

Ni zinera joaten naiz, bera zinea ikustera.

 

Total, nahiago izaten dut Guridietara edo
Floridetara joatea Boulevardera joatea baino.

 

Abortion is killing

Opus Deiren kanpaina baten spota zela pentsatu nuen, lehen aldiz entzun nuenean.
“Live is life” gainera abortoaren kontrako eslogan egokia iruditu zitzaidan, non eta Nafarroan, noiz eta Osasunbidean “kontzientzia” eragozpena onartzen zaienean medikuei bezeroen eskubideak errespetatzen ez diren bitartan eta zeinek eta Sanzen gobernuak emakumeei EAEra ala Errioxara “enbarazuez” libratzeko “bidaia” ordaintzen dienean, inongo traba moralik gabe.

Benetan, jainkoa testigu, Opusen obra zela pentsatu nuela!

Baina ez, “Life is live” Gaztearen promozio kanpainaren barruko ekitaldia da. Azaroaren 17an, Bilboko  La Alhondigan grabatzekoak ei  diren promorako deia.

Eta Opus Deik ez duenez zerikusirik izan kantaren aukeraketan, nori otu zitzaion Opus musika talde plasta horren kanta topiko, metxeroa-piztu-eta-denok-batera-besoak-astindu eta  ñoñoa aukeratzea Gaztearen webguneari bultzada emateko?

La if is la if!

Tripak lehertu beharrean

You tubeko bideoan ez
ziren Chavez Venezuelako lehendakariaren hitzak entzuten. Berriketan zebilela
ikusi bai, baina mikroa Espainiako Rodriguezek zeukan zabalik. Diskurtso formalista,
lasaigarria eta hutsal xamarra, dena esan behar bada.

Halako batean, Espainiako
agintari elektoaren atzetik Borbonen burua agertu zen eta “Se sienten coño”
jaurti zuen.

Ez, ez.

Parkatu (Blanco PSOEko bozeramaileari Maroko eta
Melillaren arteko hanka sartzea onartzen bazaio, nola ez ba niri!!).

“Por qué no
te callas” esan zuen.

Eta, barreari eutsi
ezinean nenbilela, eztabaida esperpentiko hartan, estilo bereko beste esaldi
bat entzun zen off-ean: “Por favor no hagamos diálogo”.

Demasakoa.