Kategoriaren artxiboa: Sailkatugabeak

Hil da

Etxeko telebista hargailuak berea egin du.
Azken asteotan trakets xamar zebilen (minbiziari buruz esaten den bezala
“gaixoaldi luze baten ostean” izango ote). Sarritan, irudia joaten zitzaion.
Baina, oraingoa betirakoa da.

Teknikoaren parterik ez dudan arren, badirudi,
ez duela digitalizazioari aurre egiteko beharrezkoa zen adorea eduki eta itzali
da, per secula seculorum.

Beldur zien berea  baino tamaina handiagoa zuten, pantaila lau
eta plasmakoei. Konplexuz betea zegoen, tele-aginte sofistikatu berriak ikusita.
Ate joka  dagoen digitalizazioak
ikaratuta zendu da.

Bere pantailan ez  dira dagoeneko inoiz loratuko kanal eta
programa eskaintza berriak (akaso inorenean, gauzak dauden bezala gaur egungo
errepikapen hutsa izango baita nagusi). Amaitu zaio, etxekoak aurrez aurre
biltzeko zuen abilezia.

Gainera, azken denboraldian inoiz baino
gehiago, Wiiak, ordenagailuak eta udako planek makalduta zeukaten bere agintea.
Bizipoza galdua zuen.

Etxekoek birziklaia-gune batean emango diogu
azken agurra. 


Bitik bat

Apustuetako bat galdu egin nuen, bestea ez. Chikilicuatre lehen
bosten  artean egotea eta telebista ikusleen artean, bitik bat
Eurovisionera   begira egotea ziren jokoan jarri genituenak.
Kanta
lehiaketa hasi orduko konturatu nintzen aurtengo edizioan 
Chikilicuatre
asko zeundela, herrialde askotakoak zirela erridikulo 
samarrak eta
espainiarrak ez zuela inondik ere destakatzen, ez 
originaltasunean ezta
kantatzeko edo dantzatzeko moduan ere. 
Chikilicuatre gehiegi, kantari eta
aurkezle lanetan ere. Beraz, 
“lespañe, en puan” eta “gris tuelf points”
bata bestearen segidan joan  ziren.
Uda parteko herrietako jaiak hasi
arte, beraz, jai du Chikilik. Hori 
bai, orduan itzuliko da inoiz baino
indartsuago, bereagoa den eremuan  jaun eta jabe izatera. Orduan, mundu
guztiak erakutsiko du noraino  duen gustuko ?uno, el brikindans, dos el
krusaito??
Bigarren apostua, esan dudan modura, irabazi egin nuen.
Telebistaren  aurrean geunden euskaldunetatik erdiak (%49,6) Eurovisionekoa
aukeratu  zuen. Auzolotsa ala gure kantari propioa  eduki arteko enbidia
ote  zen. “Perrea, perrea!”

Hauek dira, grafika baten bidez, Eurovision ospatu zen egunean, 20:30etatik hamabietara,  EAEn, telebista ikusten ari zirenen kanal aukeraketa.

Kanala

Audientzia kuota

TVE 1

49,6

Tele
5

14,8

Antena
3

7,2

ETB 2

5,8

Cuatro

4,9

ETB 1

2,6

TVE 2

2,1

La Sexta

1,5

 

Eurochikichikivision

Oso gustora jarritu izan ditut Chikilicuatrek hedabideetan harrotu
dituen hautsak. Ez bakarrik agerian gelditu delako nazio eraikuntza
eta deseraikuntza prozesuak etengabeak direla, han eta hemen. Baizik eta, nire harridurarako, Eurovision lehiaketa oso serio hartzen zutenak uste baino gehiago direlako.



Europa izeneko zerbait egon bazegoela adierazten zuen musikak (ni bezalako adinekoek gogoratuko dute: papipopape papipo, papipopapopape popapepapo) eta goragoko anagrama anakronikoek erakusten zuten frankismoaren garaian, musika zela espainiartasuna erreibindikatzeko  giltza.
Ordukoak dira ” le Ruayan Ini, de puan” edota “Portxugal zrui poins”  bezalakoak eta ”Mocedades”, Raphael I eta II, Peret, Jose Velez eta Karina. Eta  Sergio&Estibaliz, Micky eta Massiel.
Sasoi hartan, zuribeltzezko telebistan, gazteleraz kantatzen
zutenekiko lotura sentitzen genuen, besteei ez 
genielako ezta txintik ere ulertzen, besteak atzerritarrak ziren.

Gero, aitortu beharra daukat, 80 eta 90. hamarkadetako Eurovisionek kalean, tabernaz taberna, harrapatu nindutela. Webguneren batean (sartu googlen eta ikaratzeko moduko  kopuruekin egingo  duzu tril)  begiratuta ikusi dut orduan aritu ziren kantariak zeintzuk ziren  (besteak beste, Sergio Dalma. Mikel Herzog bergararra eta Azucar Moreno).
Eta seguru nago, hurrengoko edizioetan ere, jendea egongo zela
telebistaren aurrean, lehiaketara aurkezten ziren D’Nash, David Civera  edota Rosa bezalakoei begira.

Eta modu batera ala bestera, ekimen pertsonalaren arrakasta gauzatuz  (“Iurop is libin e zelebreixion”, kantatzen zuen Rosa OTkoak), moderno itxura emanez (Beth) edota sustraietatik berrikuntzak ekarriz (Las  Ketchup), guztiek espainiartasun duinaren itxura eman nahi zuten.
Irekia, kosmopolita, elebakarra, integratzailea eta”konplejo bakoa”
(PPko harek esaten zuen bezala).

Eta, halako batean, ”hastura digitalak”, ikuskizunaren kulturak, postmodernismoak eta telebistaren omnipresentzia sozialak,  Buenafuenteren programako pertsonaje 
bat eraman du Eurovisionera.


Seguru nago, Chikilicuatreri botoa eman diotenetatik oso gutxik ikusi  dituztela aurreko Eurovisioneko lehiaketak, baina SMSak eta beste teknologiak ondo ezagutzen eta erabiltzen dituztela.
Eta hori bai, kanta-lehiaketa serio hartzen dutenak baino, askoz hobeto eta normalago erabiltzen dituztela “teknologia berriak” deitu izan zirenak.


Besteek, egunkari eta irratsaioetara ”ordezkatuak ez direla sentitzen” esanez ari diren horiek ez dute botorik eman, horiek lur eta zur geratu dira, pailazo itxurako hori aukeratua izan denean beraien ordezkari modura.

Haustura digitala  esan  dut gorago, kia, belaunaldi artekoa da, begien aurrean daukaguna!!
SERen, COPEn eta RNEn aditu ditudan entzuleen deietan beti ageri da ideia bera: nola liteke Espainiaren ordezkari musikal modura ileordea, jostailuzko gittarra eta faltsetean kantari ateratzen dena aukeratu izana!!

Barregarri uzten dituela sentitzen dute ”perrea, perrea” ohiukatzen duen bakoitzean.

Eta hor zeintzuk eta  gu, aho bete hortz,  ordezakaririk aukeratzeko modurik ez dugunok, duintasun nazionala erreibindikatzen duten espainiarrei begira.

 

Baina hori bai, harritzeko moduko beste beste zerbait ekarriko du  aurtengo lehiaketak: geure artean emango  diren audientzia datuak. Baietz ikusleen artetik, bitik bat Eurovisioni begira egon.

 

Déjà vu

Lehengo astean, Goienkarian telebistari dedikaturiko zutabean,  Leire Kortabarriak idatzi
zuen “Gabilondo news” artikuluaren aitzakian, albistegien kontura arituko naiz
ni ere. Izan ere, azpimarratu gurako nuke zein interesgarria izaten den notizia
bera  albistegi desberdinetan nola
jorratzen duten ikustea. Kanalaren ideologia, beste saioetan baino garbiago
soma daiteke-eta albistegietan. Eta kanalen arteko konparaketa eginez, askoz
errazago. Beno, akaso “euskal arazoa” deitzen duten horren salbuespenarekin,
hor diktadupean aritzen direla dirudi. Gai horretan ez dute ikuspegi,
testuinguru eta bereizketarik egin gura izaten. Bestela, Arrasate Mondragón
bilakatu zen martxoko egun tristeak gogoratu besterik ez dago.

Oraingoan, ordea, ETBko
bi kanalen artean ematen den beste efektu desatsegin bat aipatuko dut: euskarazko
albistegia ikusi duenak, gauza bera irentsi behar izatea ETB2n. Eta, are eta
deigarriagoa egiten da eguerdiko bideo berberak gauera pasatzen dituztenean.
Hor, errepikatua eta moztu/itsatsi betelan hutsaren inpresioa biderkatu egiten
da.

(Probatan: artikulu honen bertsio irakurria)

Animalien pare

Reality-en gaia jorratzen duten pelikuletako bi dira “El show
de 
Truman” eta “Ed TV”. Lehenean, “Gran Hermanon” legez, propio sorturiko 
dekoratu “erreal” itxurakoetan jartzen dituzte parte hartzaileak, 
ezkutuko kamerez  eta mikroez inguratuta. Bigarrenean aldiz, telebista 
ekipo bat doa, gau eta egun, Ed gaztearen atzetik, etxean zein kalean 
dabilenean.
Errealitate-saioak eta intimitatea: nola aldatu diren gauzak,
lehen 
errealitiak emititzen  hasi zirenetik! Izan ere, gaur egun,
norberaren 
irudiaren eta ohorearen defentsa ahulduta dago eta duela  gutxi
arte intimoak ziren eremuak telebistan ikusi ahal dira,
barra-barra.
Eta, barregarria bada ere, jatorrietara jota, ez dago zergatik
“?Quién  sabe dónde?” ala “La máquina de la verdad”-era egin beharrik, 
dokumentaletara baizik. TVE2n hain aipatuak baina gutxi ikusiak diren 
generoko saioetan animaliak erakusten zaizkigu lotan, jaten, larrutan, 
kaka eginean eta hiltzen. Horiena bai dela, eta ez pelikuletakoa, 
zelatatuak izatea.

Imanol, aste santua, eguraldiaren berri eta biolentzia-aro luzea

Badakit, zaila dela izenburuan agertzen diren
elementuak nola lotu ditzakedan pentsatzea. Irakurri segidan datozen lerroak
eta mataza askatzen joango naiz.

 

Nire lagun batek esaten zuen, Imanol
(Lartzabal) kantariaren musikak tristetu egiten zuela. Hori bai, melankoniatsu
zegoenetan, bere kantuak entzutea baino gauza hobegorik ez ei zegoen alaitzeko.

 

Aurtengo udaberriko jaiegunetan etxe-inguruan
ibili naiz. Ez neukan ez planik ezta gogorik ere inora joateko. Egunero entzun
izan ditut telebistako albistegietan, oporretan etorritakoen penak eta nekeak euria, elurra
eta denboralea (hala  irakurri nuen
Berrian itsas zakarra eta olatu erraldoiak izendatzeko!) zela-eta.

Niri bost zelako eguraldia egiten zuen.
Egitekoa neukana egiteko parra, eguraldi ona ala txarra.

Ala ere, ETBko eguraldiaren berri izan dut
erreferentzia modura, eta ordu betero irratian ematen dituzten parteak ere
entzun izan ditut sarritan. Eta, egunez egun zelako eguraldia  egingo zuen jakiten nuen. Aldatu, ezin nuen
eguraldi kaxkarra aldatu, baina  elurra,
euria, hotzberoa eta itsasoaren egoera zehaztasun handiz jaso nezakeen,
egunero, orduoro gura izanez gero (“…eta noiznahi eitb24.com-en”).

 
Hori bai, Rubalcaba espainiar ministroari entzun nionean,
“biolentzia-aro luze” baten aurrean geundela esaka, atsekabetu egin nintzen,
zeharo.

Nola da posible eguraldia, berez naturaren
esku dagoen gorabehera kontrola ezina, eta egoera politikoa (baita
biolentziaren aurpegiak erakusten dituena ere) maila berean baleude bezala sentitzea!. Nola liteke, euria egiten duenean
guardasola hartzearen pareko izan behar izatea “biolentzia-aro luzea”
datorrenean, pasatu arte zain egotea baino irtenbide gehiagorik ez egotea.

 

Umore txartu egiten nau horrek. Izan ere, “erabakitzeko
eskubidea” bezala, “zelako aroak” eta beraien “luzera” erabakitzeko eskubidea eduki
gurako neuke.

 

Imanolen kanta bat jarriko dut eta, seguru egon, horrek fatalismotik irtetzen
laguntzen nauela

9-10

Bederatzi urteko (laister, 56 egun barru, hamar, berak zehaztuko lukeen modura, urtebetetzearen desioz) seme bat edukiko ez banu, zapatu gauero ez nukeen Ordu Txikitan ikusiko.
Baina, hala balitz, akaso galdu egingo nituzkeen azken bi saioak.

Aipatuko ditudanetatik lehenean, Pirritx eta Porrotx egon ziren. Beno, zintzo jokatuta, hasieran pailazo lanetan aritzen diren bi pertsonak agertu ziren, baina nik ez dut ez zertaz aritu ziren ezta beraien izenak gogoratzen ere. Izan ere, programa berez,  Pirritx eta Porrotx bilakatu  zirenean hasi  zen.

Eta ze ondo egon  ziren biak. Zein gertukoak diren.

Ikustekoak ziren, baita ere, askotan tolosarrak (todo-lo-saben) diruditen gradatako 6-7 umeen aurpegiak, eta galderak egiteko moduak, eta nola miresten zituzten eta nola sartzen ziren beraien hitz joko eta keinukera mezuetan.

Oso programa atsegina izan zen.

Gainera, harrigarria zen konprobatzea zenbateraino ziren ezagunak bideoetan agertzen diren ume  zein heldu inkestatuen artean ere.

Pirritx eta Porrotx onak dira, demontres.

Baina, ni ukitu eta malkoen ertzera eraman ninduen pasartea, minbizia duten umeak bisitatzera joaten direneko kontakizuna izan zen.

Ospitalera poza eman nahian joaten direla kontatu zuen Pirritxek eta hara eramandakoa baino gehiago ekartzen dutela bueltan azpimarratu zuen. Behin, hala segitu zuen Porrotxek, ilun puntuan zegoen ospitaleko gela batera sartu ziren eta han, erdi-erdian, bi izar handi eta ilargi betea aurkitu zituzten. Begiak disdiratsu, zabal-zabalak zeuzkan neska bat ezagutu zuten, aurpegia zurbil, ilerik ez buruan eta bere hutsunean gela betetzen zuena. Pailazo bikoteak bizipoza  eta maitasunez beteriko ume bat aurkitu zuten,  hartzeko beste emateko zeukana.

Halako batean, kontakizuna amaituta zegoelakoan, Mikel Elizegi aurkezleak, gonbidatu bat zeukatela iragarri zuen. Albo batetik, orduko umea neska bihurtuta  agertu zen.

Elkarri eman zioten besarkadak ez zuen preziorik izan.

Pantailaren bestaldean geundenok, momentu batez arnasaren beharrik ez  genuen sentitu. Hunkigarria.

Goaz esan ditudan bi saioetatik bigarrena aipatzera.

Hurrengo astean, nire sorpresarako, eta inoiz Crudela Devil gisa plantatzen den Idoia Zenarruzabeitia,  halako giroan zein ondo moldatu zen ikusteko aukera izan genuen.

#

Urduri zegoela zioen, eta irribarreak hala adierazten zuen. Baina gero, programak aurrera egiten zuen  neurrian, lasaitasunak barruko irribarrea ateratzera  lagundu zion eta han ibili zen lehendakari-ordea inoiz ikusi ez diodan gertutasuna agerian  utziz. Irudi kanpaina askok baino gehiagorako balio izan zioen Ordu Txikitaneko agerraldiak.

 

Tipula salda

Amerikako Estatu
Batuetako hauteskundeetan parte hartzeko aukerarik ez edukitzeak, kanpaina
urrutitik ikusteko parada ematen du.
Hautagaiak izan gizon ala emakume, zuri
ala beltz, demokrata ala errepublikar pelikula baten gidoian bezala ageri zaizkigu.
Mitinak, zerutik behera datozen puxika edota koloretako papertxoak, hizlarien  keinukera, jendea txaloka eta “we can”
famatuak eskaleta, atrezzo eta gidoiko lerroan idatzitakoak dirudite.
 Espektakuluaren
izenean onargarriak, baina bere horretan hutsalak.

Frantziako eta Espainiako
hauteskundeen inguruan antolatutako lehia mediatikoa ere ikuspegi hotz beraz
hartzen ari naiz, aurtengoan. Tipula efektua sumatzen dut han eta hemen: azaletik
hasi eta barruko geruzak kendu, bata bestearen atzetik, eta mamirik ez duela.

Ikuspegi
hortatik, kamera bati begira antolatutako ekitaldiak, argazkietarako irribarreak,
etxean jasotzen ditugun panfletoak, telebistako eztabaidak, peajeko
elkarrizketak eta abarrak,  negarra eta
asperdura bitarteko zerbait eragiten didate, tipulekin bezala.