Herri Irratiak euskara eta gaztelera erabiltzerakoan esperientzia erakargarriak egin izan ditu urte luzez.
Azkenean, irrati horretan euskara asko ala gutxi entzuten ote den gaian baino bien arteko jokoa posible dela erakusten zutela aipatu nahiko nuke. Eta hori ez dute egin ez Radio Euskadikoek ezta, noski, Radio Bilbaok edo San Sebastianekoek ere.
Berrian irakurri dut Onda Vascak Herri Irratia irensteko bidean dagoela eta hainbat ahots ezagun desagertuko direla/zaizkigula. Hain justu ere, euskarari tokia egiten zioten esanguratsuenak.
Esku-aldaketa erabat gauzatu aurretik, Herri Irratiak euskararen alde egin duen bide aberatsa gogoratuko dut. Horretarakoez da behar iraganera luze jotzea ezta aportazioa koantitatiboki zenbatekoa izan den kalkulatzea ere. Bai ordea, kirol erretransmisioetan, kultur saioetan, magazinetan eta albistegietan hizkuntza biak zein modu interesgarrian erabili izan duten aipatzea. Konbinaketaren teknika erabili izan dute.
Irrati horretan, euskarak ateak zabalik zituela adieraztea lortzen zuten. Entzule batek euskaraz deitu eta hizkuntza horretan segitzeko giro xamurra aurkitzen baitzuen. Gainera, esatari elebidunak zirenez asko eta asko, hizkuntza batetik bestera egiten zuten bidea modu naturalean, gaiaren arabera edota elkarrizketatuak nahiago zuen hizkuntzari aukera emanez.
Entzule elebakarrek ere, bazekiten, esatariak egingo zuela zubi lana eta ulertzen ez zuena hurbilduko ziola modu natural eta atseginean.
Herri Irratiak aportazio polita egin du euskara etxe txokoetara sartzeko baita gaztelera nagusi zutenetara ere. Gainera, bertako musikak beti izan du leku dexentea, propioagoa sentitzen dugun eskenategia eraikitzeko orduan.
Esperientzia horretatik ikasi beharra daukagula uste dut, eta Herri Irratian erabili izan dituzten ereduak beste irrati batzuetara eta, baita ere, telebistara nola egokitu daitezkeen aztertzen hasi.
Hurrengo baterako utziko dugu proposamenak egitearena, baina, edozelan ere, nondik nora joango naizen ikusteko, ikertzen hasi beharko ginateke gazteleraz ari den hemengo irrati-telebistagintza publikoan euskarari ateak nola zabaldu. Nola egin bereziki arrakastatsuenak diren saioetan euskarak leku bat izan dezan, edukietan konbinatu bi hizkuntzak, esatarien potentzialitatea erabili eta orain arteko zuri-beltzezko paisai linguistikoak euskararekin koloretu.
Ez nator bat aipatzen dituzun irrati elebidunen onurekin. Nire ustez, irrati elebidunek euskaldunok erdara entzutera behartzen gaituzte, ez besterik, erdaldun elebakarrek dialez aldatuko baitute euskarazko saioa/tartea etortzean. Ez dut uste egongo liratekenik prest, ulertzen ez duten zerbait ordu erdiz edo entzuteko.
Mikel, laguna. Heldu diozu eztabaidari, pozten naiz.
Benetan sinistuta nago, gaztelera hutsez ari diren hedabideetan posible dela euskara modu natural eta erakargarrian txertatzen joatea. Inkestek diote gure artean hirutik bat euskara ulertzeko gai dela, naiz eta bere hedabideen erabilera-dietan gaztelerazkoak besterik egon ez. Horiengana heltzea lortu beharra dugu. Zeregin horretan hedabide publikoek berebiziko papera jokatu beharko lukete.