Hileko artxiboak: urria 2006

Furgonetarik gabeko gurasoa

Arazo baten aurrean nago. Zortzi urteko seme bat dut eta,
badakizu,  ez  dagoenez guraso izateko inongo eskolarik, ez
dakit gauzak ondo egiten ari naizen. Kontatuko dizut.

Urte batzuk  badira 
banandu nintzela  eta, orokorrean,
mutikoak gauzak ondo eraman dituela esango nuke. Aita toki batean eta  ama bestean 
bizitzearena kosta egin zitzaion, baina zinez dakit  biekin ondo moldatzen dela. Jakinaren gainean
da-eta  biok ezer baino  gehiago eta guztiaren gainetik maite dugula.
Biekin egoten da gustora, bioi ematen digu bizipoza.

Bueno, ba horixe da hain zuzen ere, gakoa: poza. Edo beste
modu  batera esanda: ilusioa.

Eta, hona hemen nire kezka: ona al  da ilusioa eduki dezan laguntzea, ilusio hori
puztea gomendagarria al da.

 

Superestitxu

Telebistan  ikusten
zaitut, Supernnany programaren aurkezpen lanetan,  eta gustatuko litzaidake egin dizudan galdera saioaren psikologoari luzatzea. Ez baitakit ondo egiten ari naizen ilusioaren kontura.

 Ez naiz adarretatik ibiliko. Poltsikoan ditut, urriaren
30ean, Gernikan zozketatzen den furgoneta baterako hainbat txartel. “Hainbat”
eufemismoa  bat da, pila bat dut erosia.
Eta, sukaldeko kortxo batean dauzkat jarrita, Ander, nire semearen begien  aurrean, tokatuko zaigun esperantzan egunero
elikatuz.

Gaur egiten da Gernikan furgoneta doatsuaren zozketa eta
urduri nabil egun osoz, kontzentratu 
ezinean, burua “hiriburu foralean”, zentratu ezinean…gaizki, Estitxu.

 

Tokatuko zaidala sinistuta nago. Unbeko ama birjina
bera  niri begira dudala  sinistuta nago. Arantzazukoari hainbat agindu egin
dizkiot trukean. Zin egin dut Dorletako ama birjinaren elizara oinutsik joango naizela nire
nahia (beharra) betetzen bada.  Eta, dena
esanda,  txikiteoari utziko diodala
agindu diot Uxuekoari, zenbakiaren hautaketan nire alde egiten badu.

 Baina, zerukoekin ez naizenez aspaldi  oso formal ibili, zuri, Estitxu, laguntza
eske natorkizu. Tokatzen ez bazait, zer egin behar dut? Trauma ikaragarri bat
sortuko al zaio semeari? Inoiz gaindituko ez duen zauria egingo al diot? Zer dio horretaz  Supernnanyk?

 

Zuk, Fernandez, telebistan egiten duzu lan  eta entxuferen bat izango duzu nire
oinordekoa traumaz betea atera ez dadin!

 

Galdetu iezaiozu, 
faborez, psikologoari kinka honetan zer egin behar dudan!

 

Hedabide ahaltsuan 
zaude eta akaso modua izango duzu Gernikan zozketa egiten dutenekin
berba egiteko. Modurik ikusten al duzu zozketan niri bultzadatxo bat emateko?

 

Ez dut esango etsituta nagoeneik, baina oso kezkatuta bai.
Zure laguntza  behar dut! Egingo al
zenuke nire alde?

 

Furgonetaren zozketarako txartel meta muturren aurrean
daukat, Gernikan zenbaki magikoa (norberarena da  magikoa, besteena…putza)  noiz aterako duten zain. Baina, hori
bitartean, zuri erreguka nabil, Estitxu.

 

Presoak etxera  eta furgoneta nirera

“Eman duzun diru laguntzarekin preso eta iheslarien  duintasuna 
eta giza eskubideak bermatzeko pausu bat eman  duzu. ZURE ETA GUZTION KONPROMEZUAREKIN
DISPERTSIOA ETA BERE ONDORIOK GAINDITUKO DITUGU” dio txartelaren atzekaldean.
Justu-justu furgoneta zoragarriaren barruak 
erakusten dituen krokis baten azpian. Nire, eta bereziki nire semearen,
ametsetako  furgoneta.

 

Nola  egin  furgoneta horren piloto automatikoa nire etxeruntz jartzeko? Ez al
zaizu bururatzen, aurten furgoneta Aranatarren aldera norabideratzeko? Arrazoi medikuez, psikologikoez,  justifikaturik!!

 …/…

Kezkatuta nioen. Ez. Oso arduratuta nago. Zizko eginda.
Tokatzen ez  bazait furgoneta  zer esango diot umeari. Nola adierazi
horrenbeste ilusioz puztu dudana hutsaren hurrengoa izango dela. Non geratuko da nire kredibilitatea, nire gurasotasuna.

Furgonetak
alde egingo digula, aurten ere, pentsatze hutsak takikardian jartzen nau!

 

Etsipenaren aitortza

 Tira, Fernandez, daudenetan utzi gauzak. Ikusten nabil,
biharko egunkarietan beste norbaiten argazkia agertuko  dela eta ez nirea, furgonetaren giltzak
jasotzen  ari naizela.

 

Telebistan agertzeak zeozertarako balioko zuela pentsatzen
nuen, baina ikusten dut ezetz. Ezinezkoa zaizula zozketa nire alde egitea.

 

…/…

 

Bueno, tira, hala ez 
bada, zergatik  ez duzu  beste zerbait egiten: datorren urtean  halako zozketarik ez behar izateko baldintzak
jarri. “Preso en   eta iheslarien
duintasuna eta giza  eskubideak bermatu”
beharrik ez edukitzea. Ekarri denak honuntza eta listo. Etxean denak. Eta, modu horretara, furgonetaren
kontura ez naiz semeari burua berotzen ibiliko. Oraingoan ere, gutarren osasun mentala dela-eta, ekarri itzazu denak honuntza.

 

…/…

 

Baina, nola diren gauzak, badakit, orduan ere beste zerbait
egongo dela, dirua bidu beharra ez dela presoen kontuaz amaitzen. Beti egongo
da zer hobetu …orduan, zozketan jarriko dute beste furgonetaren bat eta gurpil zoro honek ez du amaierarik izango.
Eta, nik  eta semeak sukaldeko kortxoan
zulatuko ditugu ilusioz beteak.

 

 

Irrati-erreportaiak ditut faltan

RNE irratiak, gaueko zortziretako albistegiaren ostean, El suplemento (Guillermo Ordunaren zuzendaritzapean) izeneko saioa eskaintzen du, lanegunero, ordu erdiz. Eguneko albistegien gainetik, baina beti ere gaurkotasunari helduz , gizarte-gaiak jorratzen dituzte erreportaje delako genero gutxiestuari aukera bat emanez.

Eta konturatu naiz, euskarazko irratigintza publikoan (ez naiz ausartzen Euskal Herria Irratia, Arrosarekin bateginik dauden emandegiak edota Info 7ren programazioari buruz ezer esaten, ezjakintasuna dela-eta) ez direla erreportajeak aideratzen.

Aipatutako Euskadi Irratian gehiegitan jotzen da magazinera, elkarrizketa luzeak egitera, kirol-saioak edota irratsaio tematikoa erabiltzera formato modura, beti ere albistegi huts-hutsera mugatzen ez bada.  Eta, hor erreportajeak badu lantzen ez den eremu bat.
Formatu bat besterik ez da, badakit, baina irratia egiteko eta gaiak lantzeko aukera berri bat ere bada.
Lan gehiago dakarrela eta zukutu arteko elkarrizketa errentagarriagoa eta errazagoa dela badakit, baina erreportajeak ditut, momentu honetan gustuko.
Besteen ahotsetan (ez bakarrean, plis) jartzea gai baten garapena eta aurkezleak loturak eta bizkar hezur ikusezin bat jartzera mugatzen direnen kasua dut gogoko. Gainera, agian horrela, gidoi landuegiak, hitz joko jator bezain astunak albora utziko genituzke, gaur egungo esatari askok egiten dutenaz nekatuta. Eta, azkenik, soinuak, hutsuneak eta musikak beharrezkoa duten lekua berreskuratuko lukete.
Esandakoa, El suplemento bezalako saio bat nahi dut hemengo gaiak, hemengo ahotsak eta hemengo soinu giroaz.

Non eskatzen dira halako gauzak?

Bst gu

Azken bi  astelehenetan, kotxez nindoala, topo egin dut Euskadi Irratiak emititzen duen Dani Arizalaren saioarekin.
Iluntzeko 21:08tik, eta hamarrak arte, elkarrizketa landu eta ondo eramandakoa eskaintzen digu Beste gu izeneko saioak.

Irakurri nuen aspaldi, AEBn, azken hamarkadan, bi irrati-eredu suertatzen ari direla arrakastatsu: musika berezitua eskaintzen dutenak (adin, gustu, hizkuntza ala emisio-tokiaren araberakoak) eta hitzetan oinarritzen direnak.
Danirena azken multzo honetan kokatuko nuke nik. Sakoneko elkarrizketak egiten ditu, bestelako saio eta bestelako hedabideetan aurkituko ez dituzun istorioak eskainiz.

Entzule gisa naukan denboraldi berriaren lehen saioan, urriaren lehenetan, neska budista (eta hala ez bazen barka nazala) elkarrizketatu zuen. Munduaren, bizitzaren eta denboraren beste pertzepzio batzuk daudela gogorarazteko balio izan zuen. Euskara erdoildu xamarra zuen arren, bere mezua, bere ikuspegia ondo bideratzen jakin zuen  Arizalak.

Urriaren 9an, aldiz, speedak eta kokainak burujabetza galtzera eraman zuen neska baten kontakizunak entzun nituen. Oso interesgarria. Asko ikastekoa. Beste horrenbeste eskertzekoa.

Laudorioen gurinetan urtu aurretik, Beste gu irratsaioa gomendagarria dela esango dut.

Gainera, eta fribolitate hutsez gehituko dut, espero dudala Wazemank-ekoek Dani Arizalaren imitazioa ematen segituko dutela. Gure herri eta hedabide ikonografian leku propioa du Arizalaren berba egiteko eta galderak egiteko moduak. Eta halakoetan gertatzen den bezala, joanetorriko bidea egin du Angel Alkainen imitazioak, izan ere Dani Arizalaren irudia sendotu egin duela esango nuke.

Hamaika

Diario
Vasco
edo Correo irakurzale bazara ez duzu jakiterik izan tokiko telebista
euskaldunak sortarazteko Hamaika izeneko proiektua jarri dela martxan.

Jaurlaritzak laister (baina berandu) aterako duen legearen barruan, eskualde
bakoitzean euskaraz arituko den kanala bultzatu gura dute. Guk gurean,
Debagoienean, badugunez, ahaztu egiten dugu hemen baino euskaldun gehiago bizi diren eremu
gehienetan ez dagoela euskarazko tokiko eskaintzarik. Barakaldon, Donostian,
Irunen eta Gasteizen, esaterako, telebista lokalena panorama oso bestelakoa
(ustelekoa) da. Horregatik, polita da Hamaika egitasmoaren berri eduki izana (informazioi gehiago  hemen).

Beraien esanetan, lan ugari daukate begien aurrean, eta segurutik hiru hauek
kontuan hartu dituztela: emisio-eremu guztietara zabaltzeko bide desberdinak
urratzea; bideragarritasun ekonomikoa, enpresariala eta profesionala lantzea
eta, azkenik, baina ez garrantzi gutxienaz, programazio eskaintza interesgarri
bat eratzea. Hiru horietan, Goiena Telebistak badu eskarmentua. Know how
hitzaren esangura hemen aurki dezakete.

Negarrakasta

Lanegunero, hala suertatzen bada, “OT: El Casting” (Tele 5; 21:20-22:00) ikusten dut, hor, afalorduan nonbait. Eta aitortu beharra daukat musika-saio duen partetik baino jendearen izakerak eta erreakzioak erakusteko balio duen neurrian gustatzen zaidala.

Poza eta tristura, maila berean, azalekoenean, nola ageri diren erakusten du saioak.

Kameraren aurrean (guk parez pare edukitzeko moduan eta gu epaimahiaren puntuan/lerroan jarriz) ageri dira OT Akademian sartu nahi dutenak eta kantuan jartzen dira.  Horraino normal, ondoen egiten duenak aurrera egiten du sailkapenean. Besteak, gehienak, atzean gelditzen dira, paparrean irabaziaren gometsa zenbakitua jaso barik.

Baina, epaia entzun eta irabazle ala galtzaile ageri direnean (parrezka ala negarretan), beraien bizitzako ametsa zela eta hori zutela helburu bakar modura adierazten dute, denek ezpada bai askok.

Eta hori da oso deigarria egiten zaidana: epe laburreko arrakastaren filosofia nola zabaldu den. Agian gaztetasunaren ordaina da, momentuaren diktadura, baina OT lehiaketan partehartzaile gisa ageri direnek ez dute pentsatzen programa horretaz gain beste ezer dagoenik, bizitzak buelta asko ematen dituela eta kapitulu askoko katea. Momentuan momentukoa, irabazi ala galdu, hala bizi dute.

Orainaren menpe.