01. ORMAIZTEGI LEHEN URTEAK

Familia, eskola, euskara, enpresa, herria, aurreneko ardurak eta aurkikuntzak, harremanetan lehen arrakalak, osasun kontuak…

Gurasoak amaren jaiotetxera ezkondu ziren, Juana eta Julianen Telleri-zahar kale baserrira. Bertan jaio ziren Izaskun eta Gurutze, bi arreba nagusienak, baina nirekin derrigorra izan zen etxe aldaketa. Berjaldegi-berriko gure partea ere ez zen handia, bi logela besterik ez baitzuen. Behean amona Kaietana bizi zen, eta berea zen baita ere goiko solairuaren zati bat. Gurean urtero arreba edo anai bat jaiotzen zenez, laster geratu ginen kabitu ezinda. Beraz, kanpoan ikasten hasi ginenean, ikasturtea barnetegian pasatzen genuen, eta oporraldi garaian batzuk mugitu egin behar izaten genuen lotara, edo Kaietanaren zatira edo Telerri-zaharrera. Honi ‘bestetxe’ deitzen genion, natural, denbora asko pasatzen baigenuen bertan.

Lehen oroitzapenetako bat da nola aitona Julianek irakatsi zidan irakurtzen, eskolan hasi baino lehen. Aitona sasiletradua zen, ezkertiarra eta laikoa, irakurzalea. Trenbideko langile izana zen eta postari. Hori dela-eta bihurtu zen Telleri-zahar Karterone. Aitonak magalean hartzen ninduen eta aurrean jartzen zizkidan egunkariaren izeneko letra larriak: L-A V-O-Z D-E E-S-P-A-Ñ-A. Hori izan zen kultura idatzirako eman zidan sarbide bitxia; geroago, agian orekatzeko, Xabiertxo ere erabili zuen. Aitak, aldiz, Diaro Vasco irakurtzen zuen, eta sarri bi egunkarien bila bidaltzen ninduten estankora. Guztira 3 pezeta kobratzen zidaten eta, ikusita egunkarian bertan bakoitzaren prezioa 1,5 pezeta zela, bolada batez sinetsita egon nintzen estankoan porrua sartzen zidatela, 1 gehi 1 ezin zelako 3 izan. Dezimalak ikasi nituenean bukatu zen susmo txarra.

Ormaiztegiko eskola Karterone parean zegoen. Eskola eta maistraren bizitokia eraikin berean zeuden. Gaur eskola txikia deitzen diren horietakoa zen, adin desberdinetako mutikoak batera ikasten genuen. Neskak aparte, noski. Marianjeles zen maistra, ahots ederreko emakume gaztea. Urte mordoskara, nerabe nintzela, aita eta biok joan gintzaion bisitan Ordiziara, eta orduan deskubritu nuen euskaldun petoa zela. Eskolan euskara ezkutatu beharra zeukan.

Etxean euskaraz egiten genuen, bestetxean eta kalean ere bai; eskola, zinema eta Muruane tabernako telebista espainolez bakarriz zeuden. Hauen eraginez anai-arreba artean erdaraz hasten baginen, aitak berehala botatzen zigun: “Ondo hitzegin!” Eta bera amarekin erdaraz harrapatzen bagenuen, “guri ez zaigu ahaztuko, zuek ondo ikasi behar duzue” esanaz libratzen zen. Etxean telebista sartu zenean poza hartu nuen, baina hamarkadak pasatuko ziren aparailu haiei euskarazko hitz bat entzun orduko.

Eskolako oroitzapen askorik ez daukat. Gogoan dut bai, hasi berritan nola nabaritu nuen aitona Julianekin irakurketan hartutako abantaila. Eta gogoratzen dut, baita ere, urte batean behintzat udalbatza etorri zitzaigula eskolara bisita ofizialean. Hainbat idatzi, eskulan eta apaingarri prestatu genuen bisitari ilustreei harrera egokia egiteko, eta badakit harro sentitu nintzela bisitarien buru gure aita zelako, Ormaiztegiko alkatea.

Alkatetzan 9 urte inguru eman zituen aitak. Karrozeriako gerentea ere bazen ordurako, eta imajinatzen dut 40 urteren bueltan energiaz beteta sentituko zela. Frankismo betean egon arren, zeuzkan harremanak eta ekimen handia balia zitzakeen herriarentzat onurak lortzeko. Bere ohiko estiloan, berrikuntza iturrien bila aritu zen. Adibidez, sarri aipatu zidan Doxiadis arkitekto greziarra, 60ko hamarkadan mundu mailan hirigintza proiektu puntakoak gauzatzen ari zena. Haren eraginez, gure aitaren alkatetza garaian herrian eraiki ziren etxebizitza-blokeek arkupeak dituzte, euritik babesteko.

Alkatetza lanak ez ziren udaletxera mugatzen eta ohikoa zen jendea etxeko ate joka etortzea, alkateari hau edo hura esateko. Bisitarien artean maiz samar zetorkigun Ordiziako kuarteletik Guardia Zibilaren sargento arketipikoa, bigotedun beltzarana. Aitak lagunkoi eskaintzen zizkion kafea eta pattarra; eta uste dut inoiz haren altzoan joanda nagoela autoan. Trukean, geroago jakin nuen, haien zaintzapeko gaietan nolabaiteko ‘malgutasuna’ lortzen zuen aitak.

Karrozerian ere garai betea izan ziren 50eko azken urteak eta 60ko hamarkada. Tailer zaharra txikiegi geratuta, berria eraiki zuten, Karteroneko lurretan. Irudi bat daukat, etxeko leihotik tailer berriari begira, ni mukizu bat aitaren besoetan. Sei arku handiko egitura industriala zen, eta arku bakoitzean hizki bat margotu zuten: I-R-I-Z-A-R. Gure etxean garbitzen ziren hango toallak eta gurera desbideratzen zen telefonoa enpresako bulegoa ixten zenean. Telefono zenbaki bakarra zegoen Ormaiztegi osorako, eta karrozeriarena luzapen bat zen. Ohikoa zen aitak etxetik elkarrizketa luzeak izatea bezeroekin ezordutan; eta deigarria egiten zitzaigun nola askotan bukatzen zuen ‘a mandar, a mandar’ esaldiarekin. Espainia frankistako giroen adierazgarri iruditzen zait.

Hamarkada aldaketarekin hasi zen kooperatibarako trantsizioa. Enpresa handitzeko dirua behar zen eta ordurako Arrasaten lehen kooperatibak hasiak ziren bidea egiten. Migel Marik izan zuen haren berri eta filosofia gustatu egin zitzaion, langileak enpresaren parte izatea bat zetorren bere pentsamoldearekin. Harremanetan jarri zen kooperatiben arduradunekin eta tarteka ni ere eramaten ninduen bileretara, 6/7 urteko umea. Gogoan dut hitzaldi bat, Felix Aldabaldetreku izeneko hizlaria, eta iltzatuta geratu zitzaidan leloa: “desarrollo económico y social”. Urteen poderioz ulertu nuen esanahia eta jabetu nintzen helburuaren anbizioaz; gero ohartu izan naiz kooperatiben ibilbidean sarri ahuldu dela helburua bere bigarren partean, sozialean alegia.

Prozesu neketsua ondo burutu zen. Artean jabe ziren lau anaiek eskuzabal jokatu zuten, kooperatibista berrien ekarpenetarako maileguak bankuen aurrean abalatuz. Horrela, ia mende batez familiarena izandako enpresa 1962an kooperatiba bihurtu zen; aitak beste 7 urtez jarraitu zuen gerente. Garaiko oroitzapen bitxi bat datorkit. Migel Mari tematuta zegoen enpresako gazteen prestakuntzarekin, eta jarri ninduen 10 urte inguruko mutikoa nintzela ni baino 8/10 urte zaharrago ziren gizonei klaseak ematen. Zehazki kebradoak azaltzen gogoratzen dut nire burua egun batean. Gerora eskola jarri zuen enpresak maistra batekin.

Kooperatiba bihurtu ondorengo urte horietan hazkunde esponentziala izan zuen enpresak, ekoizpenean bezala lantaldean; baina horrekin batera arazoak ere hasi ziren eta azkenean lau Irizar anaietatik hiruk utzi egin zuten proiektua, nahiz aurrerago bat itzuli egin zen. Prozesua xehetasun handiz dago azalduta ORMAIZTEGI 1860-1970 liburu mardulean, zeina osaba Millanek, bere seme-alaba Xabier/Idoiak, eta Zeles Otamendik landu baitzuten urtez luzez eta pazientzia handiz. Haren harira Zelesek elkarrizketa sorta bat egin zuen, eta hemen dago niri egindakoa.

Irizar aldetik enpresaren kultura eta ardura jaso banituen, Karteronek kontzientzia politikoa eman zidan. Aipatu dut aitona Julian gorria zela, zehazki Manuel Azañaren Izquierda Republicana alderdikoa. Hiru osabak izan ziren gudari: Ignacio, jeltzalea; Juan Mari, sozialista; eta Xanti, ANVkoa. Frankistak hurbildu zirenean Intxaustitarrena izan zen familia bakarra Ormaiztegitik ihes egin zuena. Neke handiz Santanderreraino iritsi ziren, eta han aiton-amonek erabaki zuten etxera itzultzea, alabak eta osaba zahar bat Frantziara bidalita Sarastone itasontzian. Tartean gure ama izango zen Kontxa neskatila. Estatu kolpea gailendu ondoren errepresaliatuak izan ziren, gehienek pasatu behar izan zuten kartzelatik eta herrian seinalatuta geratu ziren. Baina ez ziren makurtu eta guri ez ziguten ezer ezkutatu. Amona Juanak argi esaten zigun: “Santanderretik bueltan Telleri-zahar erabat hutsik aurkitu genuen, baina asmatuko nuke herriko zein etxeetan dauden guri harrapatutakoak!”

Lezio eder bat ere eman zidan amona Juanak nerabezaroan. Artitris gogorra hasi zitzaion artean gazte zelarik, eta guk gogortuta ezagutu genuen, ibiltzeko ezintasun handiarekin. Baserriko gelan egiten zuen bizitza, sukaldera jaitsi ezinda, leihotik munduari begira eta irratia (Mariano Perrer) lagun. Gidabaimena atera nuenean, etxeko Zitroen bitxaldikoa baserriko ateraino sartu, suspentsio biguina baliatu muturra jaisteko eta lortu genuen amona autoan sartzea. Lehen egunean herriari egin genion buelta eta harrituta deskubritu zuen zenbateraino zegoen aldatuta. Hurrengoan kostaldera joan ginen (bera Aizarnazabalekoa zen) bere familiako kide sakabanatuak agurtuz, haiek zur eta lur, Juana pozik. Beste behin gobernu zibilera eraman nuen nortasun agiria berritzera, eta polizia autoraino etorri zitzaion hatz-markak hartzera; “ministroei bezala” esaten zuen Juanak harro, iraganeko sufrimentuen ordain txiki bat bailitzan. Bidai horiekin guztiekin oso hurbileko egin ginen biok; eta hurbiltasun hori baliatu nahi izan zuen familiak amona gaixotu zenean, nik konbentzitu nezan bere osasuna medikuen eskuetan jartzeko. Erretolika luze eta landua bukatu nuenean etorri zen Juanaren lezioa: “Oso ondo esan dituzu gauzak, apaizek eta Perrer-ek bezala; baina niri joateko ordua etorri zait, egin beharrekoak egin ditut dagoeneko. Ez naiz medikutan hasiko”.

Haurtzarora itzulita, bi pasarte datozkit gogora, bat lauso samar eta bestea oso bizirik. Lehena da Imanol seigarrenaren anaia jaio berri samar nola gaixotu zen txakurreztulaz (orain kukutxeztula) Kontu larria zen, bapatean ito eta hil zitekeelako. Medikuak aginduta, itoaldietan umea orkatiletatik helduta buruz behera jarri behar zuten eta bizkarrean kolpeak eman, arnasa bueltatu arte. Negu hotza zen (urrian jaio baitzen) eta sukaldea zen berotzeko moduko gela bakarra, ekonomikari esker. Ba gauero aitak eta amak haien koltxoia sukaldean botatzen zuten, Imanolekin bertan lo egiteko. Ez dakit zenbat iraun zuen egoerak, baina lorpen handia izan zen Imanol bizirik ateratzea. Bigarren pasartea irudi bat da: Jon anaia gazteena jaio berri, gure ama Kontxa eliz atarian aulki batean belaunikatuta eta parrokoa ur bedeinkatuaz patrifilioa egiten. Geroago jakin nuen elizaren ikuspegitik emakumea erditzean ‘lohitu’ egiten zela eta berriro elizan sartzerako apaizak purifikatu egin behar zuela. Eliz-sartzea edo entrática deitzen zioten umiliazio horri. Ona da atzera begiratzea gogoratzeko nondik gatozen.

Gauza bat eta bestea, haurtzaro xelebrea ari nintzen bizitzen. Esango nuke aitaren posizioak (gerente, alkate…) baldintzatu egin zuela nire adinkideekin izan nuen harremana. Aitak oso umetatik hartu ninduen bere ondoan gai seriotan, eta nagusien artera eramaten ninduen sarri, haietako bat sentiarazten. Horrek seguruenik heldutasun itxurazko bat ematen zidan, halako segurtasun moduko bat, nahiz benetan segurtasun ezaz beteta nengoen. Kontua da adin goiztiar horretan hasi nintzela adinkideekiko apur bar ezberdin sentitzen. Ondoren egin nuen ibilbideak sentipen hori areagotu besterik ez zuen egin.

Banuen beste aje bat ere lagunarterako: futbolean, pilotan, mendian edo zuhaitzerara igotzen ez nintzen batere trebea. Haurtzaroan fisikoki ahul samarra nintzen, biriketako arazoak izaten nituen sarri. Bi urte nituela pediatrak aholkatu zien gurasoei Errioxara joatea, giro lehorragoak on egingo zidala eta. Orduantxe jaioa zen senidetan bosgarrena, Ale, eta imajinatzen dut nola egongo zen ama; ba bost ume hartu, eta Laguardiara joan ginen bi hilabete pasatzera, labadora eta guzti. Nola diren gauzak, kamarada, uda hartan Fatima ere Laguardian zegoen, urte beteko panpoxa. Baina ez genuen orduan topo egin eta ia beste 20 urte pasatu behar izan ziren gure bideak txirikordatzeko.

Urteak aurrera, jaunartzea egiteko momentuan gorrina tokatu zitzaidan parean, baina hark ere biriketan eragin zidan eta itolarrika hasi nintzen. Gogoan dut nola aita tailarrera joan zen eta bueltan ekarri zuen okumezko karkasa moduko bat, gainean gardena, eta hura akoplatu zidan ohe gainean. Gero ekarri zuen soldatzeko oxigeno botila bat, pertsona baten altuerakoa, eta handik tutu bat sartu zuen karkasaren zulotxo batetik. Kontua zen arnasestuarekin oxigeno gutxi sartzen nuela biriketan, eta tutukoarekin aberastu egiten zen arnasten nuen airea. Jaunartzea handik aste pare batera egin genuen, Kontxi arreba gazteagoak eta atzean geratutako beste bizpahiru lagunek.

Birikak, beti birikak. Hurrengo erasoa pleuritis bat izan zen. Ordurako Flemming-ek aurkitua zuen penizilina eta botika moduan ere probatzen hasita zegoen, baina urteak falta ziren antibiotikoen erabilera masibora iristeko. Beraz, pediatrak sendabide naturalena proposatu zuen: denbora. Gorputzak berez konpontzen baititu arazo asko, horretarako astia eta aukera ematen bazaio. Hori bai, gerta daiteke gaitza osatzeko denbora askotxo behar izatea eta bitartean gorputzak dituen erreserbak xahutzea. Pediatrak bazekien ume potolotxoek irauteko aukera handiagoa zeukatela argalek baino, eta oso tratamendu bitxia proposatu zuen oraingoan: hilabete ohean mugitu gabe, ahalik eta gehien jaten, eta bereziki solomilloa. Oraindik ikusten nago anai-arreben inbidia aurpegiak, haragi gorri tajada haiek jaten nituen bitartean. Hilabete hartako soinu-banda ohean neukan transistoreak jarri zuen eta hit erabatekoa Moliendo café kantua izan zen. Hilabeteren bueltan, pleuritisa gaindituta eta ni puztuta: 30 kilorekin oheratu nintzen eta 38rekin jeiki. Nire gorputzeko zelulek eman egin zuten eta harrezkero oso erraz hartu izan ditut kiloak; zorionez baita kendu ere.

Azken osasun pasartea 15/16 urterekin izan zen. Gure etxeak bazuen ganbara bat erabiltzen ez genuena, eta otu zitzaidan han txoko bat egitea lagunekin egoteko, musika entzuten. Bihotz bakartien kluba izango zen, Beatlesen omenez. Baina ganbara hautsez sendatuta zegoen eta hura garbitzen egun oso bat eman ondoren arnasa erabat estutu zitzaidan. Asma alergikoa neukan eta kontuz ibili behar nuen hauts artean. Hala ere, klubari etekin pixka bat atera nion, eta asmarena Iruñean konpondu zidaten, bertara ikastera joan nintzenean.

Haur/nerabe hauskorra izan nintzen, baina geroztik osasun ona izan dut. Sei aldiz korritu dut Behobia-Donostia lasterketa, eta urterrik azkarrenean (1987an) 1:21:27ko denbora egitera iritsi nintzen. Asmatikoen artean onenetakoa.

12. TANTAI

Arotz-kooperatibak porrot egin zuenekoa; eta nola Kutxan lanpostua atera nuenean Tantai-k Kutxan zeukan zorra nire gain hartu behar izan nuen.

Behin klinikaren ardura udal hautatu berrien esku utzita, galdera zen: hurrengo zer? Klinikan jardundako denboran Lazkaorekin lotura estua sortu zitzaidan, eta handik etorri zen erantzuna. Lagun batek familia aroztegia zeukan, beneditarren komentu pareko eraikin zahar batean kokatuta eta garatzeko zailtasunekin. Eukenik proposatu zidan haiei jauzi bat egiten laguntzea, eta han hasi genuen abentura berria, 1980an, biok aroztegira bilduta. Enpresa egiturak garatzea izango zen Eukeniren eginkizun nagusia, eta nirea produktu eta esparru berriak bilatzea.

Ausart hasi ginen, gogotsu, eta gure ahaleginak ekarri zituen bide berriak eta bestelako lanak. Bilakaerak laster konfirmatu zigun tailer berria beharko genuela, tamainaz handiagoa eta instalazio egokiekin. Lazkaoko sarreran aurkitu genuen terreno egokia eta Senpereko muturra aukeratu genuen, Beasain eta Ordizia aldera. Eraikuntza-sistema aurrefabrikatua aukeratu genuen 1.000 metro karratu inguruko pabiloia eraikitzeko; instalazio ikusgarri batek makinetako txirbila eta zerrautsa xurgatzen zuen eta materiala tobera handi batean biltzen; eta hondakin haiek galdaran erreta lortzen genuen tailerra berotzea, baita zuraren lehortegi zilindriko itzela ere.

Berrizale ginen eta proiektu berritzailea nahi genuen. Horrekin, noski, aurrekontuak gora egin zuen. Baina finantzazio berezia lortu genuen Madrilgo ministerio batetik, artean euskal administrazioak eraikitzen ari baitziren. Gure inguruan inor gutxik espero zuen halako laguntza lortuko genuenik, eta sinesgarritasun handia eman zigun lorpenak; are handiagoa tailer berritzailea inauguratu genuenean.

Beste elementu batek ere erakargarri egiten gintuen: langile guztiok soldata berdina kobratzen genuen, zuzendaritik hasi eta azken aprendizeraino. Sozialista ginen eta, gaurko distantziatik ikusita, ameslari galantak: zerua lurrean nahi genuen, geroko utzi gabe.

Horrekin guztiarekin, langileak ate joka zetozen eta lana ere ez zen falta. Azkar hazi zen enpresa, eta akordatzerako baginen 40 lagun inguru kooperatiban bazkide. Gutariko gutxik zeukan arotz jakinduria handirik, eta fakturatzeko premiak ez zigun astirik uzten prestakuntza egokia edo antolamendu eraginkorra martxan jartzeko. Baina ilusioaren poderioz, bidegurutze guztietan aurrera egitea erabakitzen genuen: izan billar mahaiak Arriarango harrobiko arbelarekin; tablex-ezko enbalaje berezia Fagor Industrialaren makinak Angolara bidaltzeko; egurrezko salpikadero tapizatuak Irizar-eko autobusentzat; edota, handira jota, enbalaje kaxa erraldoiak Irizar-en autobus luzeak zatika Venezuelara bidaltzeko. Zerua zen gure ortzimuga.

Zer egiten nuen nik? Ba denetik, premien arabera. Berdin joan nintekeen etxeetara neurriak hartzera, obretako arkitektoen bisitetara, Valentziako altzari-azoka ospetsura, eta bankuetara haien konfiantza lantzera; edo jardun nintekeen tailerreko makinetan, lan-karga handia sartzen zen aldiro, gero eta maizago. Banuen bulegoan nire mahai polita, baina baita edozein momentutan erabiltzeko tailarrerako arropa ere, eta aldi luzeak ematen nituen bulegoa zapaldu gabe. Hain zuzen horietako batean eraman zidan labrak hatz erakuslearen punta, enbalaje-pieza bat egokitzen ari nintzela. Klinikan medikuak ‘amputación parcial’ idatzi zuen fitxan eta aitortu behar dut inpresioa eragin zidala.

Ahalegin handia eginda ere, enpresaren kontuetan ez zegoen sobranterik. Ez genuen lortzen nahi besteko eraginkortasunik, ezta irabazi egonkorren bidea aurkitzerik. Errematerako, 1984an krisi ekonomiko eta sozial larria gertatu zen Espainian. Gobernu sozialistak ahalbidetu zuen eskuina egiten ausartzen ez zen industria-birmoldaketa bortitza, eta ekonomia amildu egin zen. Ordurako gure aroztegia ari zen bolumen handi samarreko eskaerak hornitzen Madrilgo bezero bati, eta haren porrotarekin hasi zen gurea ere: estutasunak bankuekin, hornikuntzak eta soldatak ordaindu ezin, lantaldea murrizteko kaleratzeak, giroa gaiztotzea… Eta 1985eko udan iritsi zen kolapsoa, orduan amaitu zen abentura.

Handik aurrera miseriak kudeatzea egokitu zitzaigun: bankuak atzetik, ondarea enkantean jarri beharra, lankideen susmoak erantzukizun handiagoak hartu genituenekiko… Langabezian geratu ginen denok, eta nik gogoan daukat nola saiatu nintzen bankuen presioa arintzen, ez zezaten katastrofea areagotu. Langabezia-prestazioa kobratu eta hilero joaten nintzaien diru apur batekin azalpenak ematera. Nire kodearen arabera, gauzak okertzen direnean, eta konponbide samurrik ez badago, ezkutatzea baino eraginkorragoa da aurpegia ematea eta ardura erakustea.

Ondare ederra geneukan, fabrika baliotsua zen. Baina enkanteetan bazeuden praktika oso ilunak kiebra jotako enpresen ondarea hutsaren prezioan eskuratzeko, eta gu horien mende geratu ginen. Uste dut merkatu balioaren % 40 ere ez geniola atera gure ondareari. Horrela, berez oso larria zen gure egoera jasaezina bihurtu zen. Atzera begira, ez litzateke txarra egoera larrian sartzen diren enpresa sozialentzat bidelaguntza publikoa egotea, haien bideragarritasuna aztertu ondoren edo suspertzen edo ondo hiltzen laguntzeko. Guk prezio handiegia ordaindu genuen eginkizun horretan, dirutan zein osasunean.

Hain zuzen, natorren muina eta mina dauden tokira. Egoera on batek heroi egin gaitzakeen bezala, egoera gaizto batek bilau bihur gaitzake. Eta gurean gertatu zen, ilusioan batu ginenak miseriak ipini gintuen aurrez aurre. Berez kooperatiba ginen eta organo demokratikoak genituen erabakiak hartzeko; baina muturreko egoeretan haien funtzionamenduan arrakalak agertzen dira, eta elkarrenganako konfiantza galtzen hasten da, herra bihurtzeraino. Kontua da gurean ere goikoak versus behekoak dialektika nagusitu zela, eta jendea galdezka hasi zen ea dirua non zegoen. Enpresak galerak zituen, Madrilgo bezeroak zor handi bat eragin zigun eta enkantean ez genuen berreskuratu inbertsioaren zati txiki bat besterik; baina hala ere askori kosta egiten zitzaion onartzea jardunean egin genuela zuloa, ez zegoela iruzurrik. Zorionez, bakoitzak bere bidetik aurrera egiteko aukera izan genuen eta tentsioak ez zuen puntu batetik gora egin. Hori bai, zauriak sakonak izan ziren: hogeita bost urte geroago denbora horretan ikusi gabeko lankide ohi bat agurtzera hurbildu nintzenean, hark purrustaka hartu ninduen. Baina behintzat porrotaren ondoko hilabeteetan ospitaletako koma induzituaren moduko egoera batean geratu ziren gauzak.

Nik zortea izan nuen, beste behin ere, eta udazken horretan Kutxa Probintzialaren oposizio bat agertu zitzaidan bidean, Goierriko hainbat herritarako deitua. Ez zen inondik ere nire bokazioa, baina bai bizkar gainean neukan zamarentzat soluzioa. Eta konbentzimendu osoz aplikatu nuen Tantai-k utzi didan bizi-ikasgai nagusia: gustuko lanetan nik bezala zuhurtzia galtzeraino gogotsu eta ausart sartzeko joera duenak hobe du gustuko lan hori ez nahastea ogibidearekin. Hain zuzen Kutxako lanak aukera hori eskaintzen zidan: soldata ona eta segurua jardun motz batekin (arratsalde gehienak libre), goizean soldata irabazi eta arratsaldean herrigintzan jarduteko. Beraz erabaki nuen oposizio hori gogor borrokatzea eta, inguruko mesfidatiek entxufeez esandakoen kontra, lanpostua irabazi egin nuen. 86ko maiatzean hasi nintzen lanean, eta 25 urte eman ditut bertan.

Hori bai, Tantai-k zor potoloa zuen Gipuzkoako Kutxarekin (GK), eta lanean hasi orduko soldata eskaini nien, haren enbarguarekin kooperatibaren zorra ordaintzen joateko. Hau ez da ohikoa eta azaldu egingo dut.

Zor potolo bat dagoenean, hura ordaintzeko beste biderik ez badago, kobratzeko modua da zordunaren ondarea enbargatzea: dirua, autoak, higiezinak… edo soldata. Nire kasuan ez zegoen bestelakorik eta soldatarena oso erraz zeukan GK-k. Baina niri ere komeni zitzaidan, enbargu horrek beste hartzekodun posible batzuk uxatzen zituelako. Zorra ez geneukan bakarrik bankuekin, hainbat hornitzailek ere dirua galdu zuen gure porrotarekin. Baina behin GK-k nire soldata enbargatuta, eta ondarerik ezean, ez zitzaidann geratzen beste kentzekorik inorentzat.

Soldata enbargatzeko lehenik tartetan zatitu behar da. Lehen tartea beharrezko jotzen da iraupenerako, eta hori osorik errespetatzen da; bigarren tartean ehuneko txiki bat kentzen da; hurrengoan, ehuneko handiagoa; eta horrela, soldata tarteak agortu arte. Horrela egin zuten kalkulua nire soldatari zegokion legearen araberako kenketa osatu arte. Oker ez banago % 40 ingurukoa zen kenketa, eta ez da gutxi, baina soldata ondrosoa zen eta Fatimak ere ondo irabazten zuen. Beraz, prestatu ginen urte tarte bat zama horrekin bizitzeko, harik eta zorra kitatzen genuen arte.

Arazoa berehala bistaratu zen: Tantai-k GK-rekin zeukan mailegua berandutze-egoeran sartuta zegoen, eta interesa disparatuta zegoen, uste dut % 19koa zela. Beraz, zorra handia eta prezioa disparatuta, enbargatutako diruarekin ozta-ozta ordaintzen nituen zorraren interesak, zorretik ezer murriztu gabe. Bi hitzetan: betirako zorra!

Zepotik ihes egiteko modua izan zen Fatima eta bion artean pisu bat erostea. Orduan hipoteka bidez gainfinantzaketa lortu zitekeen, eta hori mailegu pertsonalekin osatuz lortu genuen pisuaren erosketa eta Tantai-ren zorra estaltzeko behar adina diru. Kopurua oso handia zen, noski, baina interesa lehengoaren herena izanik zorra gutxituz joango zen, kuotak ordaindu ahala. Tantai itxi eta hiru bat urtera berreskuratu genuen arnasa.

Nire egoera pertsonala bideratu ahala, Tantai-ri erreparatu nion berriro. Koma induzituan jarraitzen zuen, baina likidazio-prozesua egin beharra zegoen. Kooperatibaren bazkideon artean harremanak erabat etenda zeuden, eta tartean izandako saiakeretan giro oso gaiztoa nabari zen. Bitartekari egoki baten bila hasi nintzen eta aingeru bat aurkitu nuen: Juan Pablo Santamaria abokatua. Bizpahiru bisitetan azaldu nion zein zen egoera eta berehala hasi zen mugitzen. Hilabete gutxitan bazeukan plan bat, pixkanaka joan zen atxikimenduak lotzen, eta asko luzatu gabe lortu zuen Tantai likidatzeko miraria, egoera erabat usteldu baino lehen. Hau idazteko bere arrastoaren bila hasi naizenean, jakin dut aurtengo urrian hil dela. Pertsona on bat galdu du munduak.

29. EUSKO IKASKUNTZA

Madrilen nerabe, Franco azkenetan, iblbide asko neuzkan aukeran. Euskaldun izatea aukeratu nuen. Eusko Ikaskuntza erabakigarria izan zen.

Madrilen bizi nintzen nerabe aitaren liburutegian aurkikuntza erabakigarria egin nuenean. Bidegurutzean nengoen nire nortasuna eraikitzeko ibilbidean. Ordura arte nahikoa lan eman zidan Migel Marik jarritako erronketatik apurtu gabe irteteko aldamio sikologiko bat atontzeak. Orain tokatzen zitzaidan nortasun soziala zehaztea, zer izango nintzen besteekiko, nola kokatu nahi nuen gizartearekiko.

Nire euskaltasuna artean inguruak eragindakoa zen, gehienbat, ez neukan erabakita euskaldun izatea. Anai-arrebak hasita geunden elkarrekin erdaraz mintzatzen, ikasketak herritik kanpo eta gaztelaniaz egin beharraren poderioz. Gu nerabe, Madril arriskutsua izan zitekeen ibilbide arrotzetan abiatzeko, baina aitzitik oso lagungarri egin zitzaigun gureari eusteko. Hasi ginen, adibidez, Metroan gindoazela euskaraz egiten, ingurukoek ez ulertzeko. Urruntasunak eta erriminak eraginda gehiago estimatu genituen atzean utzitako lagun, paraje, ohiturak… Oinarrizko kontzientzia bat eman zigun kontrasteak, eta horrek ahalbidetu zigun ondorengo bilakaera.

Etxean liburu asko zegoen Euskal Herriaz (Barandiaran, Auñamendi…), herbestean egonda zentzu berezia hartzen zutenak. Eta haien artean aurkitu nuen liburukote sendo bat, Eusko Ikaskuntzak bere sorrera kongresua Oñatin egin zuenekoa, 1918an. Itxura eta hizkera zaharkitu haren azpian sumatu nuen zerbait indartsua eta eraginkorra: herri proiektu oso bat, ondo xehetuta. Adibide gisa, gogoan dut 70eko hamarkada horretan gori-gori egon zela ikastolen gaineko eztabaida, burgesak zirela ziotenek eraginda; eta nola lagun andereño bati bidali nizkion Oñatiko liburukotearen pasarte batzuk idazmakinaz kopiatuta, ia sei hamarkada geroago guztiz balekoak iruditzen zitzaizkidalako. Portzierto, eztabaidak oraindik bizirik dirau (lehen burgesa zena orain pribatua da), eta ikustekoa litzateke ea pasarte horiek 100 urte geroago ere balekoak izaten jarraitzen duten.

Beraz, zorteko ni, behar nuen momentuan aurkitu nuen Euskal Herria izeneko proiektu bat, justiziazkoa eta epikoa, munduan egoteko toki aproposa ematen zidana. Eta 17-18 urterekin kontzienteki erabaki nuen euskaldun izatea, Euskal Herrikoa eta euskal hiztuna. Horregatik bihurtu zitzaidan Eusko Ikaskuntza erreferente kuttuna.

Eta hara non 2000ko hamarkadan Eusko Ikaskuntza agertzen zaidan hurbileko radarrean. Erakundearen gidaritzan bazebiltzan debagoiendar lagun batzuk eta haien bidez hasi nintzen hurbiltzen; gero Kutxan hizkuntza ardurak hartu nituenean, hainbat proiektutan parte hartzea egokitu zitzaidan (Dikoma, Eralan…) eta horietan hasi nintzen ezagutzen EIko hainbat ikerlari. Geroago Aldundian zuzendari kargua hartu nuenean EIko Errektore Kontseiluan GFAren ordezkari izan nintzen. Denbora horretan ezagutu nuen EIren eraldaketa, Iñaki Dorronsorok gidatua, erakunde oso akademiko zenari herrigintzan eragile erreferente izateko funtzioa itzuli ziona. Jauzi traumatikoa bezain beharrezkoa izan zen, eta oinarria jarri zuen 2018an Mendeurreneko Kongresu anbiziotsua egiteko. Ordurako harrapatuta nengoen Eusko Ikaskuntzaren amaraunean, gogotsu.

Kongresura iristeko lanak hiru bat urte lehenago hasi ziren, bost adarretan banatuta. Ni euskararen adarrean kokatu ninduten, e5 deiturikoan (euskararen etorkizuneko eszenategiak elkarrekin eraikitzen). Lantalde ahaltsua bildu ginen eta oso lan trinkoa egin genuen Iñaki Markoren gidaritzapean, metologia berritzailea erabiliz, eta sektorearekin bilera irekiak tartekatuz. Ibilbidearen amaieran, Gasteizen egin zen gure adarrari zegokion Kongresu-saioa eta bertan euskararen erakunde publiko eta sozial ia guztien ordezkaritza zabala bildu zen. Niri enkargatu zidaten testuinguruaren irakurketa politikoa egitea (bideo honetan 20. minututik aurrera), eta zinez eskertu nuen Mendeurreneko Kongresuan ekarpena egiteko aukera, 100 urte lehenago egindakoa horrenbeste mirestu ondoren.

Gasteizko Kongresu-saioaren amaieran e5 adierazpena sinatu genuen bertaratutako lagunok. Sinbolismotik harago, ekintza horrek adierazten zuen Eusko Ikaskuntzaren estiloa garai berriei begira: deliberazio prozesu zabal eta luze baten bidez gaiak aztertu, helmugak bateratu, ibilbideak adostu, proposamenak zehaztu… Eta lan horren guztiaren sintesi bat adierazpen bihurtu, publikoan aurkeztu eta atxikimendua berretsi sinadurarekin.

Egun gogoangarria izan zen Gasteizkoa. Emaitzak ere, bai liburu zurian txertatu genuen atala eta baita haren sintesia zen adierazpena, maila handikoak ziren. Tamalez ondoren ez zuten izan espero zitekeen eraginik. Eusko Ikaskuntzari fronte asko ireki zitzaion Kongresuaren ondorioz eta denak aldi berean aurrera eramateko ez zeukan indarrik aski. Baina adierazpena sinatu zuten eragileek ere ez zuten baliatu egindako lana oinarri gisa urrats berriak egiteko. Zilegi bekit lan horien aldarria egitea orain eta hemen. Oso balekoak dira oraindik.

Mendeurreneko Kongresua bere osotasunean jarraitu nuen eta, oro har, bikaina iruditu zitzaidan. Oñatiko itxiera, hiru euskal lehendakariak bertan zeudela, sinbolismo eta eduki handikoa izan zen. Eusko Ikaskuntzak bertan egin zuen adierazpen solemnea honela bukatzen zen:

Eusko Ikaskuntza, Mendeurreneko Kongresuan gure herriaren etorkizuneko galdera gakoen gainean hausnarketa sakona egin ondoren, zinez prestatuta dago -eta guztiz prest- lankidetza estuan jarduteko erakunde publikoekin, eragile politiko eta sozialekin, unibertsitateekin eta herritarrekin, tinko eutsiz bere sortze-egiteko gaurkotuari: herri garapenerako ikuspegi orokorra eta arnas luzekoa lantzea, politika publikoen eta gizarte beharren mesedetan.”

Kongresuak bixamon handia utzi zion erakundeari, eta laguntzaile gisa jarraitu nuen hark eragindako trantsizioan, behin Kongresua bukatuta bazegoen-eta inertzia zaharretara itzultzeko arriskurik. Hasitako dinamikari txukun eutsi zion ordea erakundeak, eta hurrengo barne hauteskundeetan lehendakari aldaketa gertatu zen: Ana Urkizak hartu zuen kargua. Ohiko lehendakariak baino gazteagoa, profesionala -jardun erdia edo eskaintzen dio EIri soldatapean-, emakumea… Profil berri egokia zen erakundea eraldatzen jarraitzeko, geroa erakusten ari den moduan.

Pozik nago, beraz, ehun urte luzeko amona xaharra zaharberritzen eta suspertzen ari delako. Ibilbide horretan, bi korapilo ikusten dizkiot Eusko Ikaskuntzari, biak askatu beharrekoak. Lehena da aitortza eta finantzaketa blindatzea. 1918ko Kongresutik sortu zen Euskaltzaindiarekin batera, Eusko Ikaskuntza da Euskal Herriak daukan erakunde bakarra euskararen lurralde osoan ezarrita dagoena eta, aldi berean, lurralde horietako erakunde publikoek eta sozialek aitortzen dutena. Egia da 100 urte luzeko ibilbide gorabeheratsuak aitortza horretan arrakalak sortu dituela. Baina lurraldetasuna ahultzen ari den garaiotan ezinbestekoa ikusten dut are irmoago aitortzea Eusko Ikaskuntza dela herrigintzan daukagun erreferente nagusia, eta bere egitekoa dela lankidetza esparruak sortzea denon artean herri interesa eta ikuspegi luzea jorratzeko. Aitortza horrek bermatu beharko luke EIk izango duela aurrekontua estaliko dion finantzaketa publiko segurua, bere eginkizun nagusitik baliabideak harrapatzen dizkion zerbitzugintzan jarraitu beharrik gabe.

Bigarren korapiloa da, aurrekoarekin lotuta, erakundearen gobernantza irekitzea eta sendotzea. Egungo Eusko Ikaskuntza nagusiki bere bazkideena da, hauek hautatzen dituzte lehendakaria eta Errektore Kontseiluko kideak, edozein elkarte edo klubetan bezala. Erakunde publikoek badute ordezkaritza Kontseiluan, eta eragiten dute erabakietan, baina hauteskunde prozesuak iristen direnean aski izan daiteke bazkide dozena batzuk antolatzea erakundearen gobernua baldintzatzeko. Nire ustez, Eusko Ikaskuntza izango bada, elkarte akademikotik askoz harago, Euskal Herrian epe luzeko herri estrategia deliberazio bidez adosteaz eta zientifikoki garatzeaz arduratuko den erakundea, bere gobernantzak behar du izan partekatua erakunde publikoen, eragile politiko, sozial nahiz akademikoen, eta herritarren artean. Zinez uste dut halako egitura juridiko partekatu eta sendo batek asko lagunduko lukeela aitortza eta finantzaketa blindatzen, eta baita herritarren inplikazioa areagotzen.

Bistan da herrigintzako erakundeen gobernantza partekatua funtsezko kontua iruditzen zaidala gure herri etorkizuna bideratzeko. Goiena eta Badalab dira horren lekuko.

04. NONANTOLA

Autobus onenak Italian egiten zirela-eta, 9 urterekin aitak Italiara bidali ninduenekoa.

Espainia frankistaren muga itxien baitan jardunda ere, aitak bazekien enpresaren aurrerabidea berrikuntzatik etorriko zela eta hori mugaren beste aldean zegoen. Autobusgintzan erreferente nagusietako bat Italia zen, eta han jarri zituen begiak. Ausart jokatuta, lortu zuen Modenako Orlandi enpresarekin harremana hastea, eta ondorioz 50eko hamarkadan italiarrak maiz etortzen ziren Ormaiztegira, Irizarreko langileak trebatzera. Harrera ezin beroagoa egiten zien gure familiak, gutarrak balira bezala. Horietako bisitari bat, Dario Serafini, erabat bihurtu zen gure etxekoa, bere familia guztiarekin; eta trukean, ni haienekoa. Modena ondoko Nonantolan bizi ziren eta hiru alditan izana naiz bertan. Lehena, 1963an; azkena, 2017an. Tartean 54 urte.

Lehen bidaian 9 urte nituen. Ikasturte osoa Donibane Lohitzunen eman eta gero, amaren ondoan eta herrian egoteko irrikan nengoen, baina Migel Marik beste zerbait zeukan buruan. Uda hartan Dario etorria zen, Ines emaztearekin eta Gianni semearekin, eta haien Cinquecento txikian bidali ninduen Italiara. Nik ez nekien italieraz, Dariok nolabait hurbiltzen zuen bere hizkera espainolera, eta beste guztia maitasunak lortzen zuen. Egoera gogorra zen niretzat, baina uneoro sentitu nuen haien gozotasun hurbila. Alderantziz ere esan daiteke: gozotasuna bai, baina egoera gogorra zen.

Lehen egunean Inesekin geratu nintzen etxean. Eta, bera enkargutara irten zenean, bakarrik. Zain nengoela atea sentitu nuen, eta konturatu nintzen ez zela Ines bera. Ziztu bizian ezkutatu nintzen ate baten ostean, izututa, harik eta pertsona hura joan zen arte. Gero jakin nuen Danielle izan zela, Darioren iloba nire adin bueltakoa, hurrengo egunetan nire jolas-laguna bihurtuko zena.

Eraikin ondroso baten bigarren solairuan bizi ginen. Lehenengoan, gure azpian, ateak errotulu bat zeraman: Partito Comunista Italiano. Donibane Lohitzunen ikurriña libre ikusteak poza eman zidan bezala, hemen ikara sentitu nuen, frankismoan eta nire adinean komunistei buruz entzunda nituen guztiak beldurgarriak baitziren. Egunak pasa ahala lasaituz joan nintzen, baina aitortzen dut eskailerak igotzerakoan ate horren parean azkartu egiten nuela erritmoa.

Nire izena Ormaiztegin Migeltxo zen. Migel Mariren seme zaharrenak Migel Mari behar zuen, eta umetan Migeltxo. Italiarrek ere berdin ahozkatzen zuten, baina idatzi Miguelcio idazten zuten, haien arau fonetikoen arabera. Gero ikasi nuen haientzat Miguel-en parekoa Michele zela (Mikele ahozkatuta) eta hori nahiago nuen, ordurako euskal izenen oihartzunak estimatzen hasita bainengoen. Baina Miguelcio izan nintzen haientzat; eta etxera bueltan ere bai, txantxan, Italiako gutunak iristen hasi zirenean.

Horrenbestez, aitaren helburuak betetzen ari ziren. Etxetik baneukan euskara, herriko eskolan ikasi nuen espainola, Donibane Lohitzunen jabetu nintzen frantsesaz eta Nonantolatik bueltan manejatzen nuen oinarrizko italiera ere. Bederatzi urteko mutiko hura gai zen lau hizkuntzetan komunikatzeko.

Geroztik gai izan naiz esfortzu handirik gabe ingelesera eta katalanera hurbiltzeko. Eta ingurukoek esan izan didate berezkoa dudala hizkuntzetarako gaitasuna. Nik, aldiz, uste dut gaitasun hori beharrak eragindakoa dela. Sinetsita nago adin txikitan hizkuntza ezezagun batean erabat murgiltzen den pertsonak aste gutxiren bueltan garatuko dituela lehen komunikazio tresnak, benetan ihesbiderik ez badauka. Bestelako kontua da ea halako trantze bat pasarazteko prest dauden haur horren hezitzaileak, nirekin Migel Mari egon zen bezala.

Bigarren bidaia 1967an egin nuen, 13 urte nituela. Oraingo honetan Giannik bazeukan bikotea, Laura, eta harekin izan nuen harreman polita. Baserri batean bizi zen bere gurasoekin eta sarri eramaten ninduten bertara. Txerriak eta angurriak hazten zituzten, eta erabat lotuta geratu zitzaizkidan garunean angurriaren zaporea eta txerri kortaren kiratsa. Hamarkadak pasa ziren angurria normal jateko gai izan nintzen arte.

Gogoan dut Gianniren lagun baten Masserattian Veneziara eraman nindutela, eta txunditu egin nindutela urezko kaleek. Viareggiora ere joan ginen beste behin, aitaren izeba Eleuteria bisitatzera. Jauregi erraldoiean egiten zuen lan borbondar artxidukesa biren zerbitzura, eta audientzian errezibitu ninduen haietako batek, eskua luzatuz muin egin niezaion. Izebak kuku-ordulari bat oparitu zidan; azken momentuan, ordea, ez nuen eramaterik izan eta horren penak zapuztu zidan egun berezi hura.

Bidai honetan musika asko jaso nuen. Oso zalea nintzen ordurako, eta etxean binilo mordoa zegoen, haiek jotzeko gailuarekin. Irratian ere etengabe entzuten nituen modako kantuak eta azkar ikasi nituen, letra eta guzti. Oraindik kanta ditzaket ia osorik Caterina Caselli-ren ‘Uomo d’oro’, edo Rita Pavone-ren ‘Mio cuore’ edota Gianni Morandi-ren ‘Se non avessi piú te’, Gino Paoli-ren ‘Sapore di sale’, eta beste hainbat. Behin autoan gindoazen, irratian ‘Uomo d’oro’ jotzen eta ni kantatzen. Tunel batean sartu eta irratia isildu zenean, kantuan jarraitu nuen eta tuneletik irteeran pare-parean ari nintzen Caselli-rekin. Pozik utzi nituen italiarrak.

Itzulerako bidaia bitxia izan zen. Ordurako Tolosako eskolapioetan ari nintzen ikasten, batxillerraz gain baita piano hastapenak ere. Eta hain zuzen piano irakaslea, padre Miguel, 67ko udan Italian zegoen ikastaro bat egiten Sienan. Itzulera berarekin egingo nuela adostu zuten etxekoek nonbait; beraz Giannik Sienara eraman ninduen, eskolapioa zegoen komentura, bertan gaua pasa eta biharamunean bidaian abiatzeko. Fraide kuadrilla handi samarrarekin afaldu nuen, haien galdera kuriosoei suelto erantzunez. Oroimen ona daukat gau harena, baina ez nuen inongo tentazioarik izan bertan geratzeko.

Bi bidaiak nahastuta, beste hainbat flash ere geratu zaizkit gomutan.

Ia egunero jaten genuen pasta, nire pozerako. Baina harriduraz ikusi nuen Inesek aldiro egiten zuela pasta, beti freskoa erabiltzen zuela. Gurean ohikoa zen eta den pasta lehorra (asciutta esaten zioten) ez zuten askorik estimatzen. Lana zen ia egunero pasta egitea, formak moztea, eta gero kozinatzea; baina huraxe gustatzen haiei eta baita niri ere. Gero guztiari botatzen zioten gazta birrindua, ez bakarrik pastari. Parmiggiano gazta erraldoiak egoten ziren dendan (gero jakin nuen 20 kilo ingurukoak zirela) eta handik zati ederra erosten genuen sarri. Aldiro birrindu eta katilukada jartzen zen mahaian otordu bakoitzean, zopa, potaje edo pastari botatzeko. Pastazale amorratua bihurtu nintzen Italian izan eta gero.

Hizkuntzari buruz, nirekin italiera batua erabiltzen zuten baina berehala konturatu nintzen haien artean forma ezberdinak erabiltzen zituztela, aldaerak-eta. Ez dakit ea batuaren hautua egiten zuten nire hobebeharrez hala haien euskalkia gutxiesten zutelako. Gerora jakin nuen lurralde hura Emilia-Romagna zela eta bazuela italieraren dialekto bat -emilianoa, hain zuzen-. Modenaz gain Bologna; Ravenna edo Parma bezalako hiriak hartzen ditu eta bertan jaioak dira, besteak beste, Verdi, Pavarotti edota Pantani.

Giro politikoak ere nabarmen piztu zidan arreta, ume mokoa nintzen arren. Gure amaren familia gerran galtzaile eta ondoren errepresaliatua izan zen; etxean umetatik jaso genuen injustiziaren aurkako kontzientzia eta politikarako interesa. Nire lehen bisitan, 1963an, hiru gobernuburu ezberdin izan zituen Italiak urte bakarrean, eta hori alderatzen nuen Espainiako Franco diktadore sempiternoarekin. Italian aldaketak oso maiz gertatzen ziren, baina nahiago hori inork hautatu gabeko eta biziarteko agintaria baino.

Nonantolara azken bisita 2017an egin nuen, lehenetik 54 urtera. Gaztetako bidaietan kontu gustagarri ugari geratu zitzaidan, baina obligaziozkoak izan ziren, urduritasunak eta estuasunak pasatu nituen sarri. Adin haietan giro naturalagoak nahi nituen, eta neurri batean behartuta sentitzen nintzen italiarrekiko harremanean. Bi bidaien ondoren ez nion eutsi haiek merezi zuten kemenarekin, eta gutunen jarioa agortuz joan zen, harremana erabat galdu zen arte. Korapiloa etxean neukan, aitak ezarritako konpromisoetan, baina etena haiekin gertatu zen. Eta banuen kontzientzian kargatxo bat.

Horregatik hasi zitzaidan heldutan pizten hara itzultzeko gogoa. 2017ko egun batean Google maps-en hasi nintzen Nonantola arakatzen eta berehala antzeman nuen Serafini-tarren etxea, Via Vittorio Venetton. Noski, horrek erabakia azkartu egin zuen. Ez neukan haien beste arrastorik, baina erabakimen handiz abiatu ginen Italia aldera Fatima eta biok.

Nekazaletxe bat hartu genuen hiru egunerako, badaezpada. Eta iritsi orduko bilatu genuen umetako etxe hura. Atariko txirrinetan ez zegoen Serafini-rik, ez eta Partito Comunista Italiano-rik. Iluntzea zenez, afari-pasada egin eta azkar erretiratu ginen, hurrengo egunak emango zuenaren aiduru.

Gosalorduan nekazaletxeko andreari galdetu genion eta, Serafini-tarrak oso ezagunak ez bazituen ere, eman zizkigun jarraibide batzuk. Eta haiei segika, han eta hemen galdezka, iritsi ginen Lauraren baserri aurrera. Aldatuta zegoen ingurua, nola ez, baina kanpoaldeko atean argi jartzen zuen: Serafini-Fiorini. Uf! Dardaraz jo nuen txirrina… baina ez zen erantzunik izan. Hala ere, zirrikituetatik txakurrak eta oiloak ikusi genituen, beraz norbait bizi zen bertan.

Ohar bat idazten hasi nintzen nire italiera herdoilduan: “Sono Miguelcio, vengo da Ormaiztegi, mi ricordate?” Bizpahiru egunez han egongo ginela eta, nahi bazuten, telefonoz deitzeko. Oharra postontzian sartu eta, tentsioa arintze aldera, Modena-ra joan ginen. Pasioan genbiltzala iritsi zen deia, iragan urrunetik: lehenbizi Giulianno, Lauraren semea, eta ondoren Laura bera. Bihotz-taupadak apur bat baretutakoan elkarrizketa gozoan hasi ginen, gozotasuna berriro. Eta afaltzera gonbiatu gintuen egunean bertan.

Etxean hirurak aurkitu genituen, Gianni, Laura eta Giulianno. Oso hunkigarria izan zen elkar besarkatzea 50 urte eta gero. Laurak pasta prestatua zuen, tortellini in brodo zoragarriak, eta elkarrizketa erraz loratu zen. Nik idatzitako gutunak atera zituen eta baita hainbat argazki ere. Kontu zahar batzuk errepasatu ondoren, Laurak zuzen galdetu zidan; “Zergatik etorri zara?” Ahal bezala azaldu nion urteetan aurrera areagotzen ari zitzaidan kontzientziako karga, haiekiko harremana mantendu ez nuelako. “Zuengandik maitasuna besterik ez nuen jaso, hori adierazi nahi nizuen berandu izan baino lehen”. Begietan antzeman nion esker ona, eta horrekin bidaiak zentzu erabatekoa hartu zuen.

Hurrengo egunean berriro itzuli ginen afaltzera, eta orduan Barbara ere agertu zen. Haien iloba zen, besotako haur ezagutu nuena, eta alaba koskorrarekin hurbildu zen, eskuan aceto balsamico ontzitxo bat zekarrela. Etxeetan ontzen dute, urte luzez, eta ez dauka zerikusirik hemen izen beraz saltzen den txapapotearekin. Laurak aceto-a egiteko zeukan instalazioa erakutsi zigun eta ontzi handiago bat oparitu, kakorratz-zorro eta guzti.

Gozo-gozo esan genion elkarri agur, pozik hartarako aukera izan genuelako. Handik denbora gutxira hil zen Gianni, eta Laurarekin badugu elkarren berri sare sozialetan. Honenbestez kitto nire kontzientziako karga.

20. GOIENA

Kutxan bi urteko ezsendentzia hartu nuenekoa, Deba Garaia Debagoiena bihurtzen laguntzeko, bederatzi herrietako komunikabideak enpresa bakarrean bilduta.

Testuingurua eta ikuspegia

ArrasatePress-ek eragindako loraldiak oparotasuna ekarri zuen toki komunikabideetan, bereziki paperean. 90eko hamarkadan 50 aldizkaritik gora sortu ziren beste hainbeste euskal herritan. Hamarkada amaieran Debagoieneko bederatzi herrietan bazeuden 7 aldizkari, 3 telebista eta 2 irrati; sendo samar batzuk, behar baino ahulago gehienak. Mehatxuak, aldiz, handiak ziren: alde batetik, Diario Vascok hamabostean behin euskarazko gehigarri bat argitaratzen zuen bailaran, eta gai ikusten genuen gure nagusitasuna arriskuan jartzeko; bestetik, Euskaltel bailara kableatzeko asmoz zebilen, eta beharrezko jotzen genuen gure telebistak ere eskaintza berri horretan sartzea.

1999an ekin genion bideari, Lizarra-Garaziko akordioak eragindako ilusioa bete-betean zegoela. Bi hamarkada lehenago arrakala sakona sortu zen euskal politikan, Espainiako trantsizioaren aurrean nola jokatu erabakitzeko orduan. Batzuk joko-zelai berria onetsi zuten eta jarduera instituzionalari eman zioten lehentasuna; besteek alderantziz, arbuiatu egin zuten sistema politiko eraberritua eta lehentasuna gizarte dinamiketan jarri. Arrakalaren bi aldeen artean etsaitasun petrala eraiki zen, lankidetza publiko-sozialerako aukerak oso urriak izan ziren urte luzez eta zubigintzan saiatzen ginanok egurra jasotzen genuen bi aldeetatik. Lizarra-Garazik lankidetzarako giroa ekarri zuen eta ilusioa berpiztu. Oso lagungarri izan zitzaigun.

Debagoieneko udaletan siglak orekan zeuden: 4 udalek zuten EAJko alkatea (Aramaio, Bergara, Elgeta eta Oñati) eta beste lauk Euskal Herritarrok koaliziokoa (Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate eta Eskoriatza). Bederatzigarrenean, Gatzagan, herri hautagaitza batek kudeatzen zuen Udala. Sinetsita nago oreka horrek ere mesede egin zigula: gure egitasmoak legitimazio sozial handia zeukan (euskara elkarteek 3.000 bazkide zuten bailaran) eta arriskutsua zen udalentzat haren kontra egitea, hegemonia politikoaren borroka hobetsita. Hala ere, EAJren baitan bi jarrera egon ziren: erabat alde izan genituen Aramaioko Udala eta Gipuzkoako Aldundia, eta uzkur aldiz Bergara, Elgeta eta Oñati. Lehen aipatu dudan arrakala politikoaren ondorioak ziren eta denboraren poderioz joan dira gainditzen.

Guk, ohi bezala, lankidetza publiko-soziala aldarrikatzen genuen. Debagoiena aitzindaria zen gizarte ekimena auto-eratzen, eta administrazioekiko harremana estutu eta finkatu beharra sentitzen genuen. Hau da kontu bat nire ekintzaile ibilbidean etengabe agertu dena: gobernantza partekatzeko beharra. Antolatu nahi genuen egitura juridikoak botere banaketa zehatz bat eskatzen zuen, euskara elkarte oso handiak nahiz oso txikiak eroso egoteko modukoa. Horrez gain, nik indar egin nuen bailarako udalak ere bazkide izan zitezen, proiektuaren sendotasuna eta gardentasuna areagotzeko. Ezohikoa zen orduan (eta oraindik ez da ohikoa) gizarte erakundeek eta administrazioek erabakiguneak partekatzea. Horregatik sortu zuen proposamenak harridura puntu bat, baina ez zuen luze iraun.

Bigarren mailako kooperatiban aurkitu genuen aukera moldagarriena eta ia urte bete behar izan genuen organoen osaketa partekatua lantzeko eta legeztatzeko. Azkenean euskara elkarteak geratu ziren bazkide nagusi, baina bai udalek eta baita langileek ere tokia zuten kooperatibaren Batzar Orokorrean zein Errektore Kontseiluan. Hogeitabost urte geroago egiturak balekoa izaten jarraitzen du Goienarentzat, eta bilakaera oso interesgarria izan du Badalab laborategiaren gobernantzan.

Gizarte ekimena eta erakundeen ahalmena lankidetzan behar ditugu, herri garapena erdietsiko badugu. Eta hori formula juridikoan bermatu behar dugu, posible izan dadin boterea banatzea, baliabideak partekatzea eta epe luzeko estrategiak blindatzea, uneko koiunturen edo kanpo interferentzien gainetik.

Azken kontu bat, gure ikuspegian zutabe zena: eskualdeka antolatzearena. Duela ia 50 urte Beasaingo klinikan (ikus atala) ikasi nuen Bretainia Handiko osasun sisteman muineko elementu zen ‘district hospital’ hura gurean ‘eskualdeko ospitalea’ izan zitekeela. Eta sasoi berean ezagutu nuen Debagoieneko Mankomunitate sortu berria, Bergarako Mazterrekan, Gillen Azkoagak kudeatuta. Hor bihurtu nintzen euskalde-zale konbentzitua.

Geroztik inguruan asko hedatu da zaletasun hori, baina penaz eskualde egituren garapena ez da neurri berekoa izan. Eta nik jarraitzen dut konbentzituta lurralde antolamendu eraginkorrena dela eskualdean oinarritzen dena, eskualdea izaki 50.000-100.000 tarteko biztanle multzoa, 15-20 km-ko erradioko esparruan, harreman ekonomiko eta funtzionalen sare minimoa duena. Debagoienak badu eskualde-egitura anbiziotsua proposatzen duen Lurraldearen Zatiko Plana (Gasteiz 2003), baina bi hamarkada geroago oso urrun jarraitzen dute han jarritako helburuek.

Eskualde-unitateak sendo antolatuta, lorgarriagoa da zerbitzu publikoen irismena antzekoa izatea hirian edo herri txikian, gizartearen kohesioa eta ekimena areagotzea, eta lurralde barneko aniztasuna orekaz kudeatzea.

Nire ustez, oraindik garaiz gaude eskualde egituretan oinarritutako lurralde antolamendua eraikitzeko, eta sendotasun politikoa ere emango nioke: Batzar Nagusietako ordezkariak eskualdeka aukeratuko lirateke, erakundean eskualdearen ordezkari izan daitezen eta eskualdean arduradun politiko. Proposamen hau ordezkari politikoei egin diedanean, berehala sentitu dut hautes-kalkulagailua martxan jartzen zela. Ba mereziko luke kalkulu zehatzak egitea, baina irudipena daukat oreka politikoak ez liratekeela asko aldatuko urrats honekin, eta aldiz jauzi galanta emango genukeela herrigintzan.

Goienara bueltan, kooperatiba sortzeko arrazoia izan zen komunikazioa euskaraz garatzea Debagoienean, eskualdearen garapen komunitarioaren mesedetan. Izenaren aukera intentzio osoz egin zen: artean Deba Garaia zena Debagoiena izango zela erabaki zuen Euskaltzaindiak, eta berehala heldu genion erronkari. Esango nuke Goiena Debagoienari egiten ari zaion ekarpena izenarekin berarekin hasi zela.

Ibilbidea

Arrasateko ARKO eta Bergarako JARDUN jarri ginen gurdiari tiraka. Bi proiektu garatuenak elkar hartuta abiatu genuen herri guztiontzat baliagarria izango zen prozesua, eta horrek sinesgarritasuna eman zigun lehen urratsetan. Argi geneukan herri guztiak nahi genituela partaide, eta herriz-herriko lan handia egin genuen hala gerta zedin; hori bai, azkenari itxoin gabe. Goienaren sorreran denbora asko eman genion adostasunak eraikitzeari, baina uneoro argi adierazita gehiengo esanguratsua prest zegoen momentuan aurrera egingo genuela, berantiarrei atea zabalik utzita.

Bateratze dinamiketan zalantza gehien dituenari informazioa eta animoa nahibeste eman behar zaio, baino beto eskubiderik ez.

Erronka handia zen bederatzi herriak ekimen bateratuan biltzea, lehen unetik jabetu ginen. Eta argi izan genuen halako erronka bati ezin zitzaiola erantzun ohiko lanak uzten zigun denbora librean, baliabide indartsuak jarri behar genituela arrakasta posible izan zedin. Hainbat ‘fitxaketa’ izan genituen mahai gainean, bakarren bat gauzatzeko zorian ere bai. Eta halako batean mahaikideak niri begira jarri ziren, esanaz ARKOren sorreran erakutsi nuen gaitasun bera behar zela Goiena sortzeko: “Heuk eingok hau ondo!”

Ohi bezala, kitzikagarria zitzaidan erronka, eta Fatimak ere ez zidan oztoporik jarri. Beste nonbaiten zegoen ordea katramila: Kutxan soldata ona neukan eta horrekin kontatuz sartu ginen Esteñibarren hipotekan. Horregatik esan nien lagunei: “Badakit lana doble egingo dudala, baina ezin dut gainera soldata erdiarekin egin” Eta adorea egon zen taldean Kutxako soldata berdintzeko, euskalgintzan ohikoa zenaren oso gainetik.

Erronka handiei aurre egiteko neurri bereko baliabideak jarri behar dira. Anbizioak ez du arrakasta ziurtatzen, baina apalegi jokatzeak berarekin du ezina.

Goienaren sorrera-prozesua idatzita dago. Gipuzkoako Foru Aldundiak hurbiletik jarraitu zuen eta, behin sorrera burututa, diru-laguntza berezi bat eman zigun egindako lana jasota uzteko. Eta eszedentziaren azken hilabeteak horretan eman nituen, kontaketa ahalik eta osoena eta zintzoena idazten. Goiena esperientzia eman genion izena dokumentuari. Bide batez esanda, Aldundiaren diru-laguntzak osorik estali zuen nire bi urteko soldata; beraz, Goienari azkenean debalde irten zitzaion nire lana. Ausardiak saria izan zuen kasu honetan.

Prozesuaren xehetasunak errepikatu gabe, kontu batzuk azpimarratu nahi ditut, ikasgai interesgarriak eman dituztelakoan.

Lehen kontua da nola kudeatu iraganeko motxilak, etorkizuna oztopatu ez dezaten. Herriz-herri mugitzen hasi nintzenean, zorrak eta minak agertu ziren hainbat tokitan. Arrasate eskualdeko ‘kapitala’ izaki, mesfidantza historikoa ere somatu nuen balizko ‘operazio zentralizatzaile’ baten aurrean. Herritik herrira bazeuden aldeak, eta hori lotzen dut nagusiki bakoitzean aurkitu nituen pertsonen izaerarekin. Eraldaketak aurrera eramateko ezinbestekoak dira ilusioz, militantziaz eta irekitasunez mugitzen diren pertsonak; komeni da eszeptiko edo zuhurren bat, kontrapuntoa jartzeko; eta soberan daude zaputzak edo ezkor konbentzituak, horiek traba besterik ez dute egiten.

Eraldaketa prozesuetan erabakigarriak dira pertsonak; funtsezkoa da jarrera konbergentea dutenen nukleoa indartzea, prozesua zapuztu dezaketenak indargabetzeko eta erakartzeko.

Horrekin batera, argi neukan Goiena ez zetorrela Debagoieneko gatazka historikoak konpontzera eta ez zegokidala neuri lokatz horietan sartzea. Entzun egiten nituen esandakoak, baina haien analisian katramilatu gabe, etorkizuneko ikuspegian jartzen nuen azpimarra, elkarrekin egin genezakeen eta egin behar genuen horretan.

Iraganaren ikuspegi partekatua baino errazago eraikitzen da etorkizuneko egitasmo bateratu bat, eta askozaz eraginkorragoa da aurrera egiteko. Elkarrekin aurrera egin ahala, gero eta posibleago bihurtzen da iragana elkarrekin aztertzea.

Bigarren puntua aipatu nahi dudana da antizipazioarena. Bateratze prozesuak trakzioa behar du; gurdiari tira egin behar zaio, bultza egitea ez da nahikoa. Liberatu bakarra nintzela baliatu nuen azkar ibiltzeko eta aurrea hartzeko: gaiak jorratu eta proposamenak idatzi, askotariko harremanak egin, aukera berriak esploratu… Eta maiz-maiz egindakoaren berri eman taldeari, gardentasunez.

Kolektibo baten prozesu eraldatzaileak trakzioa behar du, gidaritza aktiboa eta gardena, aurrera egiteko konfiantza eta adostasuna eraikitzen lagunduko duena.

Bi urte eman nituen Goiena sortzen, Kutxan eszedentzia hartuta. Denbora horretan jarri ziren egungoaren oinarriak: egitura juridikoa, lantaldearen muina, egitasmoaren ildo nagusiak… Bederatzi herrietako elkarte, udal, komunikabideetako langile eta beste hainbat eragileren arteko koalizio handia han hasi zen. Eta, harrigarria bezain harrotzekoa, hori guztia egin genuen adostasunez; hau da, BOZKETA BAKAR BAT ERE BEHAR IZAN GABE.

Niretzat giza abentura erraldoia izan zen Goienaren sorrera.