Eukenirekin konplizitatea, lan kontratua eta lehen soldata: lau sosekin munduaren jabe, eta aberatsak pobre. Osasuna (ere) hobe eskualdeka antolatzea. Gipuzkoako plan anbiziotsua eta Jándulako tragedia. Kordobara soldadugai joan eta klinikak libratu. Eta ginekologo siriarrak izara-soka ikusi zuenekoa.
Madrildik itzuli nintzen Izaskun arrebaren etxera, Ormaiztegira. Ez nuen ekarri plan zehatzik eta Fatima unibertsitateko azken kurtsoan zegoen Bilbon. Handik gutxira proposatu zidan Eukeni Lasak Besasaingo klinikan lan egitea. Eta nik baietz, zalantza izpirik gabe.
Eukeni ESBn ezagutu nuen, Goierriko taldean liderra zen. Alderdia sortu ondorengo txanpan kide berriak erakartzeko bilerak antolatzen zituen bere etxean, eta horietan hitz egitera gonbidatzen ninduen. Madrilgo azken hilabeteetan mitinak ematen hasia nintzen, alderdiaren zuzendaritzarekin harremana banuen, hitz jarioa garatu samar neukan eta banekien jende helduaren pare jartzen, nahiz 22/23 urte besterik ez izan.
Harreman konplizea sortu zen Eukeni eta bion artean, berak 11 urte gehiago zituen arren. Goi ikasketak Erresuma Batuan amaitu zituen eskualde-garapeneko master batekin, eta Lankide Aurrezkiaren azterketa-bulegoan aritua zen, Beasaingo klinikako kudeatzaile bihurtu zen arte. Ikuspegi oso aurretua zeukan herri antolamenduaz, asko ikasi nuen berarengandik lankide estu izan ginen hamar urtetan.
Kontua da Ormaiztegin libre ikusi ninduenean berehala ‘erosi’ zuela nire dedikazioaren zati bat, klinikan zeukan lan-gainkarga baliatuta. Egun erdiko jarduna eskaini zidan, hilean 13.500 pezetaren truke eta gizarte segurantzan etxe-langile gisa alta emanda, kotizazioa merkeago izate aldera. Egoera horretan munduko errege sentitzen nintzen; asteburutan Fatimarengana joaten ninzen Bilbora eta ikasle artean langile aberats ikusten nuen nire burua. Klinikan ezagutu nuen mediku batek hamar aldiz gehiago kobratzen zuen bertan, astean hiru arratsalde eginda, gehi goizeko soldata publikoa; hala ere, tarteka soldata aurreratzea eskatzen zuen, hiru alaben kolegioa, balandroa eta Hondarribiko txaleta ordaintzeko justu zebilelako. Ni baino pobreagoa zen.
Beasaingo klinikaren aurrekari gisa kontsultategi bat ireki zuten hiru bat urte lehenago. Asmoa zen lantalde profesional indartsua finkatzea eta oinarri horrekin Goierriko ospitale publiko bat bultzatzea. Sasoi hartan osasun zerbitzu publikoa Madrilen zegoen, eta han mugimendua hasia zen Gipuzkoan ospitale berri bat eraikitzeko, hemen sortutako indar sozialaren eraginez. Kontua da Madrilen asmoa zela Gipuzkoaren hegoaldea hartuko zuen bigarren ospitale orokor bat egitea, Donostiakoa Gipuzkoa iparralderako utzita. Metropolietan egin ohi den bezala, imajinatzen dut koloniaren mapan arrasto batekin marraztuko zituztela bi zonak errealitatea batere kontuan hartu gabe, eta hegoaldekoan 600 oheko ospitalea proiektatu zuten, Zumarragan kokatuta.
Guk klinikan oso bestelako ikuspegia geneukan, Erresuma Batuko sistematik hartutako eredua sustatu nahi genuen: Barrutiko Ospitale Nagusia. Zentralismotik ihesi, osasuna (ere) eskualdeka antolatzea egokiago ikusten genuen, hurbiltasunaren abantailak probesteko. Eta Gipuzkoan bigarren ospitale handi bat eraikitzea oztopo gaindiezina zen eskualdeka ospitale txikiak sortzeko. Beraz, komunikabideetan artikuluak eta elkarrizketak argitaratzen aritu ginen, baita harreman politikoen bidez eragiten saiatu ere. Helburu bat behintzat lortu genuen, alegia, ospitalea ez izatea 600 ohekoa baizik 200 ingurukoa, eskualdekoen tamainakoa. Behin eskualdekoa izatekotan, kokapen egokiagoa zen Beasain/Ordizia, eskualdearen irteeran hiriburura bidean, baina tamalez hori aldatzeko berandu zen. Gero, ospitalea eraiki zenean, kostata baino klinikaren inguruan sortutako lantaldea izan zen hangoaren muina, gure pozerako. Harrotasun puntu batekin esango dut: gure interbentzio hura erabakiorra izan zen gaur Gipuzkoak duen ospitale-sare deszentralizatua ahalbidetzeko.
Zumarragako ospitalarekin atera genuen zaratak izan zuen ustekabeko beste ondorio bat ere. Sortu berria zen Eusko Kontseilu Nagusia eta lehentasun hartu zuen Hego Euskal Herriak Espainiarekiko zeukan defizit historikoa kalkulatzea, autogobernuaren negoziazioa datuetan oinarritzeko. Invéntica 70 enpresa kontratatu zuten horretarako, eta haiek guregana jo zuten Gipuzkoan osasun arloko defizita kalkulatzeko, komunikabideetan gutaz jakindakoak interesa piztuta. Hiruko talde bat osatu genuen Eukenik eta biok Eduardo Uribe zuzendari medikuarekin, eta aukera baliatu genuen lan oso anbiziotsua egiteko: Gipuzkoako Osasun-Plana. Eduardo mediku aritua zen Erresuma Batuan eta liluratuta zegoen hango National Health Service erakundearekin. Osasunaren ikuspegi integrala zeukan, eta bere inspirazioarekin imajinatu genuen nolako antolamendu zehatza beharko lukeen Gipuzkoak bere biztanleen ongizate fisikoa, mentala eta funtzionala bermatzeko. Gero egoera ideal hori alderatu genuen errealitatearekin, lurraldeko osasun zerbitzu guzti-guztien inbentarioa eginda, eta hortik atera genuen defizita. Kopuru oso handiak ziren, noski, baina lortu genuen estimazio bat egitea langileen kotizazioek nolako dirutza uzten zioten gizarte segurantzari eta ondorioztatu genuen gure ametsa egingarri zela.
Planaren lanketak Gipuzkoako bi aurrezki kutxen finantzazioa jaso zuen eta haien filtroa pasatzen genuen maiz. Behin plana amaituta, aurkezpenak egin genituen sektoreko hainbat forotan, eta niri egokitu zitzaidan UEUn aurkeztea, Iruñeko Larraonan. Oro har, harridura sortzen genuen entzuleen artean, egindakoaren tamaina (lau liburuki), anbizioa eta sakontasuna ikusita.
Bitxikeria bat: Planaren testu guztia eta koadro piloa Olivetti eramangarri batekin mekanografiatu nituen, bi kalko eta hiru kopia. Hirukoaren bileretan esandakoei forma ematen nien eta hurrengo bileran idatzitakoa aztertzen genuen. Aldaketa txikiak egiteko Tipex likidoa erabiltzen nuen, baina testuaren luzeera nabarmen aldatzen bazen, aldaketatik aurrera zegoen guztia berriro tekleatu behar izaten nuen. Handik dozena bat urtera testu prozesadorea ezagutu nuenean, historiako asmakizunik handiena iruditu ziztaidan, ohearekin batera.
Osasun-Planaren kopia bana koadernatu genuen hiru egileontzat, eta nik estimu handiz gorde nuen nirea etxean, tarteka ireki eta egindako lana mirestuz. Harik eta klinikan pediatra izandako Eli Blardunik deitu zidan arte, hain zuzen klinikaren historia idazten ari zela eta nirekin zenbait oroitzapen partekatzeko. Planaren berri bazeukan baina ez zuen alerik aurkitu artxibategietan, eta nirea utzi nion. Amaitu zuenean, pentsatu nuen nire etxean baino hobeto egongo zela Lazkaoko beneditarren artxiboan eta han laga nuen iaz.
Eduardo Uribe plan-kidearekin oso ondo konpontzen nintzen, eta 78ko udan esan nionean Fatimarekin Andaluziara gindoazela oporretan, gonbidatu gintuen Jaenen bisitatzera, bera han egongo zela familiarekin koinatuaren etxean, Andujarren, Jándula ibaiaren pantano inguruan. Joan ginen bisitan, pasatu genuen egun zoragarri bat elkarrekin pantanoan, eta geratzea proposatu zigun, biharamunean pantanoan paella egingo zutela. Eskertu genion gonbita, baina bidaia jarraitzea hobetsi genuen. Hala, gosal ondoren banatu ginen, haiek pantanora eta gu hego aldera. Biharamunean, Huelvan, non ikusten dugun egunkarian Jándula-ren pantanoan istripua izan zuela belaontzi batek goi-tentsioko kable batekin, eta bertan kiskalita hil zirela Eduardo Uribe gehi bere koinatu-koinatak, eta hil hurren geratu zela Eduardoren emaztea (handik gutxira hil zen). Bezperan geratu izan bagina, geu ere belaontzi berean egongo ginen. Deblauki ohartu nintzen zenbateraino garen zaurgarri eta oraindik hotzikarak sentitzen ditut pasarte hau gogoratzean.
Honezkero aitortu dezaket klinikako aldi hura baliatu nuela soldaduskatik libratzeko. Artean intsumisioa ez zen asmatu eta Madrilen luzamendutan ibili nintzen, unibertsitate ikasketek horretarako aukera ematen baitzuten. Baina, behin ikasketak etenda, arazoari aurre egin behar zitzaion, eta klinikako kardiologoarekin prestatu genuen performancea. Pilula berezi batzuk hartuta eragiten zizkidan elektro anormalak, bihotza ondo ez zegoela adierazten zutenak (gu bai zintzoak, elektro ‘gaixoak’ benetan ziren nire bihotzarenak!). Hortik abiatuta, klinikan espediente oso bat sortu zidaten kardiopatia baten sintomekin joan nintzenekoa, nola ingrestatuta egon nintzen eta zer egin zidaten. Planteamendua zen nire bihotzak bazuela arazoren bat eta, nahiz normalean ondo egon, soldaduska egitea arriskutsua zitzaidala.
Seguru samar joan nintzen Burgosera alegazioa aurkeztera, pentsatuz libratuko nintzela; baina ez, prozesuak aurrera jarraitu zuen. Handik gutxira iritsi zitzaidan deia Kordobako Cerro Moriano zentruan agertzeko. Bertara joan eta lehen osasun-azterketan aipatu nuen nire ‘gaitza’ren berri eta erakutsi nien klinikako espediente potoloa; berehala sartu ninduten ‘ustelen’ taldean. Hala, besteek uniformea jantzi eta instrukzioa egiten zuten bitartean, guk komunak garbitzen genituen, paisano-morroi jantziekin, ospitaletik deitu zain. Behin ospitalean, fauna zabalagoa ezagutu nuen, soldaduskatik libratzeko arrazoiaren arabera: gizenak, oin-lauak, zoroak, bihotzekoak, tranpatiak… Ekosistema horretan taldetxo xelebre baten suertatu nintzen, eta oraindik ere harrigarria egiten zait zer eman zuen marjinatu talde haren elkarbizitzak aste gutxi batzuetan.
Bitxikeria bat, nik ordurako izena euskaratuta neukan nortasun agirian, seguru jotzen bainuen soldaduska ez nuela egingo. Eta majo estutzen nintzen mando militarren batek horri erreparatzen zionean. Zorionez, ez nuen aparteko arazorik izan, txantxa umiliagarriren bat gora behera. Gogoratu handik urte betera izan zela Tejeroren (?) estatu kolpea.
Azken kartutxoak erretzeko unea zen. Handik eta hemendik jira nitzakeen entxufe guztiak aktibatu nituen, eta azkenean eman zidaten agiri preziatua: ez nintzen balekoa armada espainiarrean jarduteko. 80ko martxoa zen, 26 urte bete berri nituen eta libre nengoen bizitzen hasteko. Beasaingo klinikari esker.
Klinikara itzulita, jardunaren zati nagusia erditzeak ziren. Gu anai-arrebak -azkena salbu- bertan jaioak ginen, 1949 eta 1957 artean; hau da, sei erditze banakoak zortzi urteko epean. Aldi hori ezagutu zuen erizain bat oraindik lanean zegoen ni hasi nintzenean. Eta egun batean nire berri jakiteko galdera batzuk egin ondoren, berehala gogoratu zuen gure Kontxa: “Ai amaaaa! Urtero etortzen zen! ‘Badator berriro Ormaiztegiko andra gajoa!’ komentatzen genuen”
Gogoratzen dut nire garaiko ginekologoek txandaka egiten zutela lan, etengabeko zerbitzua eskaintzeko, eta nola txandak antolatzerakoan kontuan hartzen zuten ilargi betea. Haien estadistikek argi zioten ilargi betearekin erditzeak biderkatu egiten zirela. Eskarmentu hori erabili izan dut nire iragarpentxoak egiteko erdi-urren zeuden lagunei, baina ez daukat estatistikarik ea zenbatetan asmatu dudan..
Klinika txalet bat zen eta erditze-gela kokatuta zegoen atarte zabalaren bueltako gela batean. Eta tarteka garraxiak entzuten ziren, erditzea gogortzen bazen: “Kabroiaaaa! Ume asko nahi dituzula, ba etorri hona eta erditu zuuuuk!”
Ginekologoetako bat siriarra zen, Hochaimi doktorea, eta behin kontatu zidan erabiltzen zuen trikimailu bat. Erditu aurretik galdetzen ziotenean zer zetorren (artean ez zegoen ekografiarik) berak erantzuten zuen “mutila” eta agendan apuntatzen zuen “neska” (edo alderantziz). Kasuen erdi inguruan asmatu egiten zuen, noski; eta besteek kargu hartzen ziotenean okertu zelako, agenda erakusten zien: “Zu zabiltza oker”. Jakinduria arabiarra.
Hochaimi bera izan zen beste pasarte baten protagonista. Behin Guardia Zibilak ekarri zigun tiroz zauritutako pertsona bat, eta zalaparta handia piztu zen klinikan. Bernardo Azpitarte zen, Komando Antikapitalisten militantea, eta klinikako zirujauek ebakuntza egin zioten. Bertan geratu zen ingresatuta osatu bitartean, eta aste luzez klinika okupatuta egon zen: guardia zibilak sarreran, gaixoaren gelan, kontrolak uneoro eta abar. Gauzak horrela, egun batean Hochaimi sukaldean zegoela kafetxo bat hartzen, non ikusten duen lehiotik izarazko soka moduko bat goitik behera eta handik jaisten… Bernardo! Gezurra badirudi ere, ihes egita lortu zuen eta gure siriarra lekuko izan zen.
1979ko apirilean Franco hil ondoko lehen udal eta foru hauteskundeak egin ziren, eta handik berehala osatu ziren udal berriak. Klinikaren bokazioa publikoa izatea zen, eta bere titulartasuna udal haien esku jartzeko prozesua abiatu zen. 1980an utzi zuen Eukenik zuzendaritza eta elkarrekin jarri ginen hurrengo erronkaren bila.