26. TOPAGUNEA

Euskara elkarteak, Arrasatetik Euskal Herrira. Haien lehendakari ‘exekutibo’ bihurtu nintzenekoa. Kongresuak, gogoeta, kohesioa eta hitz berriak: oinarriparrak eta eraldabideak. Topalabe taldea edo talentua lankidetzan. Miseriak eta pozak.

1983an AEDrekin abiatu zen euskara elkarteen loraldia ekarpen bikaina izan zen hizkuntza biziberritzeko. Aurrez egindako urratsei -euskara batua, ikastolak, euskaltegiak…- eta euskal administrazio berrituek egin asmo zituztenei, erantsi nahi zitzaien euskaltzaleen autoeraketa, hiztunak aktibatuta euskararen presentzia handitzeko. AEDk arrakasta izan zuen, nire ustez bi ezaugarrik eraginda nagusiki: lehena, gune trinko bat sortu izana bertan euskaraz eta euskararen alde egiteko, nolabaiteko ‘arnasgune’ bat; eta bigarrena, garaiko konfrontazio politikoaren gainetik euskaltzaleak elkarlanean jartzeko esparru bihurtu izana, gaur ‘espazio seguru’ bat deituko genukeena. Beste hainbat asmakizunekin gertatu bezala, Arrasaten hasitakoak hedapen azkarra eta zabala izan zuen 80ko hamarkadan, eta 100 elkarte inguru sortu ziren, 20.000 bazkideren muga gaindituta. Loraldi horrek ahalbidetu zuen hurrengo hamarkadan toki komunikabideen eztanda, TOKIKOM atalean aipatuko dudana.

Halakoetan ohi denez, herriz-herri sortutako elkarteen artean lehenik elkartasuna sortzen da, gero koordinazioa eta, halako batean, agerikoa egiten da esparru komun bat finkatu beharra. Euskara elkarteek 1993an eman zuten urrats hori eta Topagunea sortu zuten, haiek biltzen zituen federazioa.

Ni 80ko hamarkadan oso lanpetuta egon nintzen, lehen erdian Tantai altxatzeko ahaleginean, eta bigarrenean haren txikizioa gobernatzen. Behin zirimola baretuta 1988an Arrasaten bizitzen jarri ginenean, orduan hurbildu nintzen AEDra, bereziki komunikabideetara. Eta bide horretan 1991n tokatu zitzaidan Arrasate Komunikabideak ARKO elkarte autonomo gisa gidatzea AEDtik bereiztu zenean. Arrakastaz egin genuen lan, baina ez zen dena gozo joan, tentsioak izan nituen AEDkoekin.

Izan ere, nire barne-motorrak eskatzen dit gauzak azkar egitea, estimulua eta ardura nahasten zaizkidanean ezinegona naiz. Behar dudan erritmo hori komunikabideetan berezkoa da, beraz ingurune aproposa egiten zait lanerako. Aldiz, hizkuntza biziberritzeko prozesua amaigabea da eta arnas luzeko zikloetan gauzatzen da; eta kosta egiten zait ‘patxada’ horretara moldatzea. Uste dut honek azaltzen duela zergatik egon naizen beti hurbilago komunikabideetatik euskara elkarteetatik baino; eta, seguruenik, zergatik euskalgintzan egin dudan ibilbidean gehiago interesatu zaizkidan eginkizun ‘kronikoak’ baino ziklo motzeko ekimen zehatzak, beti ere -hori bai- begirada luzeko jomuga argia baldin bazuten.

Aurrekari horiekin, 2011ren amaieran Jasone Mendizabalek proposatu zidan Topagunearen hurrengo Batzar Orokorrean lehendakarigai izatea. Eta nik baietz, baldintza batzuk jarrita. Lehena, lehendakari izatekotan exekutiboa izango nintzela, ez laguntzaile soila; hau da, kudeaketan ere parte hartuko nuela, ikuspegi estrategikoa indartzeko. Bigarrena, karguari eskainiko nion denborak ordaina behar zuela, ez soldata oso bat baina bai gastuetarako dieta bat baino gehiago. Hirugarrena, kargua bi urterako hartuko nuela, eta ez elkartean ohikoa zen bezala hiru urterako. Azkenik, urte berriarekin zuzendaritza batzordean presente egon nahi nuela, nahiz kargua hartzeko Batzarra martxoan izango zen. Berehala jarri ginen ados, urte berrirako prest.

Zergatik baldintzak?

Lehenari dagokionez, euskara elkarteak -orokorrean gizarte ekimena- borondatezko lanarekin abiatu ziren, eta bidea egin ahala joan ziren profesionalizatzen. Urrezko garaietan elkarteetako zuzendaritza-batzorde borondatezkoek bazuten energia aski gidaritza estrategikoa hartzeko, kudeaketa profesionalen esku utzita. Urteak aurrera, ohikoa bihurtu zen indar-erlazio hori aldatuz joatea, profesionalak egonkortu ahala haien pisua handitu zelako eta, alderantziz, borondatezko energia sozialak ahultzera egin zuelako. Honenbestez, elkarte eta eragile askoren gidaritza mugituz joan da ordezkarietatik profesionaletara, nagusiki hauen esku geratu den arte. Nire ikuspegian gobernantza egokiak zaindu eta konpondu egin behar ditu kontu hauek: egon daitezkeen interes partzialak -izan profesionalak, politikoak edo bestelakoak- batu eta orekatu egin behar dira organoetan, erakundearen norabide estrategikoa elkarreraginaren emaitza izan dadin . Topaguneko lehendakari gisa Zuzendaritza-Batzordearen ardura nireganatu nuen, eta bertara biltzen saiatu nintzen ahalik eta ordezkaritzarik indartsuena eta zabalena. Gainera, Zuzendaritza talde exekutiboan ere parte hartzen nuen, Batzordearen ikuspegia kudeaketan presente egon zedin. Uste dut eragiteko posizio egokia aurkitu nuela erakundearen egituran.

Bigarrena, dedikazioari eta ordainari dagokiona, aurrekoarekin lotzen da. Borondatezko energia apaldu ahala, karguak betetzea zailago bihurtzen da eta konponbide bat da eskakizuna apaltzea, baiezkoa errazteko. Baina orduan karguaren ekarpena ere apaldu egiten da, eta kargua bera debaluatu. Nik kontrako bidea jorratu nahi nuen, hau da, exijentzia altuagoa jartzea karguari eta pareko ordaina. Ordaintzen duenak eskatu egin lezake, eta kobratzen duenak betekizunak hartzen ditu. Hemen ere esango nuke asmatu egin genuela, geroztik egon naizen karguetan praktika hau finkatuta aurkitu dut.

Hirugarren baldintza, bi urteko epearena, eskarmentuak eskatzen zidan. ARKOn bi urte inguru eman nituen, Goienan beste bi urte, Kutxan bi eginkizun desberdinetan bina urte t’erdi… Ordurako banekien ardura bat hartzen nuenean erabat murgiltzen nintzela, ez nekiela indarra dosifikatzen. Gainera, nire helburua ez zen izaten irautea, baizik eta jauzi ahalik eta handiena eragitea, eraldaketa eta berrikuntza parametrotan. Konprobatu dut ohiko kudeaketan edo hobekuntza progresiboan baino hobea naizela eraldaketarako bideak aurkitzen eta jorratzen: gai berri bat hartu, jauzirako aukerak esploratu, indarrak puntu egokietan metatu eta palankei eragin. Horretarako aski izan ohi ditut bi urte, ahalegin hain intentsoetan bateriak ez zidan gehiago irauten; bi urte ondoren albora egin, eta aldaketak finkatzeko ardura lan horretan hobeak zirenei utzi.

Horrela hasi nintzen 2012ko hasieran Topagunearen Zuzendaritza batzordean parte hartzen, eta Batzarrak lehendakari aukeratu ninduenerako baneuzkan ideiak nahiko argi.

Egutegiak jarri zidan lehen erronka TOKIKOM izan zen. Topaguneak biltzen zituen, euskara elkarteez gain, haiek kudeatutako toki komunikabideak, hauentzat egituran sail berezi bat sortuta. Ni iritsi nintzenean jauzi bat egiteko aurrelanetan ari ziren eta puntu horretan jarri nuen indarra. Jauzia gauzatzea lortu genuen eta gaia asko garatu zen hurrengo bi urteetan; beraz, asko dago kontatzeko eta hurrengo atala osorik eskainiko diet toki komunikabideei.

Egokitu zitzaidan gai estrategiko potoloa izan zen federazioaren II Kongresua. 2011n egina zuten I Kongresua, oinarri filosofikoak –oinarriparrak– finkatzeko, eta bertan aurreikusi zuten oinarri haiek ekintzara begira jartzeko bigarren kongresu bat beharko zela. Nik ez nuen parterik hartu lehen fasean, baina haren berri izan nuen eta dokumentuetan jasotakoa gustatu zitzaidan. Oinarriparrei tiraka bigarren fasea diseinatu genuen eta beste hitz bat asmatu –eraldabideak– helburua adierazteko: euskara elkarteak eta haien federazioa eraldatzeko ildoak eta palankak. Kongresura ahalik eta trinkoen iristeko prozedura bat proposatu nuen elkarteen parte-hartzea errazteko, Euskal Herrian barreiatutako 100 elkarterekin lan egiteko zailtasunen jakitun.

Prozedura zen ildo estrategikoak xehetzea eta handik ateratzea baieztapen argi bat izango zuten esaldiak, edozein norabidetan eta behar adina; esaldi horiek multzotan antolatzea, jomugen arabera; eta elkarteei eskatzea esaldi haiekiko zuten adostasun maila adieraztea puntuak emanez, -eza 0 eta erabatekoa 3-. Parte-hartze altu samarra lortuz gero, 2tik gorako puntuazioa jasotako ideiak ikuspegiaren muina osatuko zuten, 1etik beherakoak baztertu zitezkeen, eta tartekoak eztabaidarako geratuko ziren, lantzen jarraitzeko.

Prozedurak helburua lortu zuen: parte-hartze handia, emaitza esanguratsua eta ikuspegi partekatuaren sentipen argia. Horri esker, Bilboko Euskaldunan egin genuen Kongresuan bi urrats oso sinboliko eman ahal izan genituen: bat, ordura arte herrietako euskara elkarte izandakoak euskaltzaleen topagune izango ziren; eta bi, haien bilgunea elkarteen federazio izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera pasatu zen. Fokua hizkuntzan eta egituretan bainoago, hiztunengan eta gizarte dinamiketan jartzea hobetsi genuen. Gaurko begiradatik, esango nuke orduan hasi zela Topaguneak TAUPAra egin berri duen jauzirako aurre-lasterketa.

Denbora asko eskaini nion beste esparru bat izan zen harremanena. Lehenik eta behin, etxe barruan saiatu nintzen pisuzko bazkideekin harremana estutzen. Behetik gorako antolamendutan lan jarraia eskatzen du bateratasuna sustatzeak eta, aldiz, erraz sortzen dira mesfidantzak. Garrantzitsua da egituraren nukleoan aliantza sendoak sortzea, eta horietan inplikatuta egotea tamaina edota dinamismo handieneko kideak (Goiena sortzeko Arrasateko ARKO eta Bergarako Jardun egon ziren bezala). Topagunean aurrerapausu onak egin genituen hainbat kasutan, gerora finkatuta geratu direnak; baina harremanen bat ere egon zen okerrera egin zuena.

Hurbilean bereziki Kontseiluarekiko eta administrazioekiko harremana landu genuen. Topagunea beren-beregi kokatzen zen euskaldunen arteko konfrontazioaren gainetik, eta elkarrekin jardutea hobesten zuen euskararen mesedetan. Posizio horrek bi aldeen mesfidantza eragiten zion, eta hau bereziki nabaria zen eragile sozialekiko harremanean. Ni lehendakaritzara iritsi nintzenean, federazioa Kontseiluaren zuzendaritzara itzuli zen eta haren baitan gogoeta bat sustatu genuen, Topaguneak burutu berri zuen prozesuaren ondorioak bertan partekatzeko. Lan mardula egin genuen Iker Martinez de Lagos lankideak eta biok prozesuan zehar; ez genituen heburu guztiak lortu, baina bai hainbat bilakaera interesgarri, gerora ondorioak izan dituztenak.

Administrazioei dagokienez, udaletatik hurbil zeuden oro har euskara elkarteak; gorago saiatu nintzen bereziki, eta harreman estuak izan genituen batez ere Gipuzkoako Aldundiarekin (Bildu) eta Jaurlaritzako HPSrekin (EAJ). Geroago etorri zen lankidetzari oinarria jarri genion orduan. Horrekin batera, komunkabideetan ere saiatu nintzen sabaiak apurtzen. Apala bazen ere, banuen nolabaiteko proiekzio publikoa, batez ere ETBko aurkezle lanari zor. Eta lortu nituen elkarrizketa eta titular batzuk, Topagunearentzat ezohikoak zirenak.

Atzera begira, Topagunean egindakoen artean ekimenik kuttunena dut Topalabe taldea sortzea eta dinamizatzea. Taldekide izango zirenak banaka ezagutzen nituen, eta bakoitzak erakutsia zuen bere talentua hizkuntza biziberritzeko prozesuan. Intuizioak ziostan horrez gain taldean lan egiteko ere gai izango zirela, eta talentu haiek lankidetzan jarrita edozer gauza zela posible. Denek erantzun zidaten baietz eta patxadazko juntadizo aberasgarrien segida luzea burutu genuen, gure arteko konfiantza eta ikuspegi bateratua landuz. Lehen emaitza 2015ean iritsi zen, Berrikusi eta berrikasi dokumentu arrakastatsuarekin, eta bigarren bat ere izan zen 2020an, Berrindartu eta jauzi izen ‘profetikoa’ hartu zuena. Sinetsita nago ekarpen erabakiorra egin geniola euskararen biziberritze prozesuan forma hartzen ari den olatu berriari.

Miseriak ere tokatu ziren parean nire agintaldian. Bete-betean harrapatu gintuen Europak 2008-2014an agindu zuen austerizidioa, zor publikoa murrizteko helburuarekin aurrekontuak uzkurtu zituena. Administrazioen diru-laguntzak nabarmen jaitsi ziren eta Topagunearen aurrekontuan zuloak agertu. Egoera larriari aurre egiteko, langileekin eztabaidatu genuen ataka gaiztoa nola gainditu: edo lantaldea murriztu, edo soldatak jaitsi; ez zegoen beste aukerarik. Elkartasuna nagusitu zen, ez zen kaleratzerik izan, eta urte batzuren bueltan egoerak hobera egin zuenean soldatak ere itzuli ziren lehengo mailara. Ez zen trantze atsegina izan, baina esango nuke taldea trinkotu egin zuela estutasunak.

Abadiñoko egoitzarekin ere arazoak sortu ziren, eta aukera baliatu nahi izan genuen kokapena hobetzeko. Azkenean Durangoko Udalarekin eta Bizkaiko Aldundiarekin sortutako konplizitateari esker, tokia lortu genuen Durangoko Elkartegian, Landakon. Jauzia sekulakoa izan zen, irisgarritasuna, ikusgarritasuna eta egokitasuna modu esponentzialean hobetu ziren.

Oro har, esango nuke lehendakari izan nintzen aldi honetan nabarmen sendotu zela lantaldearen autoestimua eta baita Topagunearen posizionamendua hobetu ere. Pozik nago egindako ekarpenarekin.

08. MADRIL

Nola aitaren lanak eraman gintuen Madrilen bizitzera eta han garatu nuen euskalduntasuna. Unibertsitateko herrenak. Mezaren aterpea eta eskaut antolamendua euskal arnasguneak sortzeko. Eta Areiltza etorri zitzaigunekoa Lete/Iriondo/Valverde hirukoaren kontzertura.

Karrozeria kooperatiba bihurtu ondoren, aitak jarraitu zuen zuzendari. Eta 60ko hamarkadan zehar, garapen ikusgarriarekin batera arazoak ere hasi ziren, faktore asko tarteko, eta gaiztotuz joan ziren harik eta 69an gatazkak eztanda egin zuen arte. Ondorioz aitak eta bere hiru anaietatik bik utzi egin zuten kooperatiba, nahiz bietako bat geroago itzuli egin zen. Ordurako gurasoen arteko harremana ere krisian zegoen, eta bi krisiak txirikordatu zirenean zirimola hartan sartzea tokatu zitzaidan, batez ere amari sostengua emateko. 15/16 urte nituen.

Karrozeria uztearekin batera, aitaren alkatetza ere amaitu zen eta etxean krisia zeukan. Egoera horretan, Kolonbian onartu zuen urte beterako lan eskaintza, autobus-konpainia batean. Artean 50 urte zituen, eta ulertzen dut distantzia hartu nahi izatea bere bizitzaren hurrengo fasea pentsatzeko. Bogotan bizi izan zen hotel batean; eta posizio onean egongo zen, ze hango argazkietan jende dotorez inguratuta agertzen da. Haietako batzuk ezagutu genituen gero; bat gogoratzen dut bereziki, euskal jatorrikoa, Madrilen bisitatu gintuena. Afalondoan, aitak eskatuta, jakaren barruko poltsikotik esmeralda mordoska bat atera zuen, zapi batean bilduta; haien salerosketan aritzen zen, nonbait.

Kolonbiatik bueltan, aitak erronda egin zuen sektoreko lagunen artean -sarri berarekin eramaten ninduen- eta lan eskaintzarik interesgarriena Madriletik etorri zitzaion. Etxean oraindik bost seme-alaba geunden goi ikasketen atarian, eta aukera ona iruditu zitzaion unibertsitate sasoia behintzat han egitea familia osoak. Korapilo nagusia ama Kontxa zen: alde batetik aitarekin harremana etenda zegoen, baina bestetik amatasuna zen bere bizitzaren ardatza. Eta zer egin galdetu zidanean, gomendatu nion Madrilera joatea, han aukera izango zuelako -herrian ez bezala- aitarekiko harremana aztertzeko kanpo interferentziarik gabe. Nahiz nerabe bat besterik ez nintzen, kasu egin zidan eta han joan ginen Espainia aldera. Amak bertan iraun zuen irmo dozena bat urtez, harik eta azken semeak ikasketak bukatu zituen arte. Orduan maleta prestatu eta Ormaiztegira itzuli zen. Handik gutxira egin zituzten gurasoek banaketa paperak eta geroago dibortzioa. Artean –eta areago haien adinean- ezohikoa zen arren, etxean naturaltasunez hartu genuen banaketa. Eta kutsagarria dela dioen ustearen kontra, zazpi senideok eraiki ditugu bikote-harreman oso luzeak, soilik heriotzak eten dituenak.

Nerabezaroan familiarekin Madrila joatea bezalako lurrikara batek eragin askotarikoak izan zitzakeen, baina nik bat nabaritu nuen, bitxia: Madrilera joatea izan zen niretzat etxera itzultzea. Hain zuzen, hamar urtez han eta hemen interno egon ondoren, 17 urterekin ‘ezagutu’ nituen anai-arrebak eta familia-bizitza. Eta gustatu zitzaidan. Hiri handi arrotzak asko hurbildu gintuen eta erraz egin genuen bidea elkarrekin.

Lehen lana izan zen hirian kokatzea. Gogoratzen dut nola joaten ginen Gran Via-ra (orduan Jose Antonio etorbidea) eta hango terrazetan eserita ematen genuen denbora, besterik gabe jendetzari begira. Beste lehentasuna zen ikasketen jarraipena antolatzea. Nik Enpresa Zientziak ikastea aukeratu nuen, seguruenik inertziaz, aitaren programazioak oraindik nigan eragina zeukalako. Ez dut uste hartarako bokazio handirik neukanik, eta ikasle moduan ere ez nintzen oso ona; usaintzen nuen berez neuzkan azkartasun batzuk ez zirela aski izango karrera bat aurrera ateratzeko.

Fakultatea Somosaguas-en zegoen, eta ordu bete luze behar nuen bertaratzeko, lehen ordu erdia metroz eta beste erdia autobusez. Frankismoaren azkenetan grisak oso presente zeuden unibertsitatean, han baitzegoen borrokagune bero bat. Burura datorkit azterketa garrantzitsu bat, eta nola joan nintzen jaka eta gorbata jantzita, fakultatean sartzeko grisen kontrola erosoago pasatuko nuen esperantzan. Irakasle ilustre batzuk izan nituen, gero ministro eta izan zirenak; baina kariño handiz gogoratzen dut lehen urteko Estatistikakoa, Angel Alcaide (bigarren abizenez Inchausti, ni bezala), hauxe esan zigulako klaseko lehen egunean: “Estatistika da zientzia bat dioena nik oilasko bat jaten badut eta zuk zero, bataz beste oilasko erdi bana jan dugula. Baina ni aseta nago eta zuk gosez jarraitzen duzu” Mesedegarri egin zitzaidan eszeptizismo hura. Beste bikote potente bat izan zen Paco Alburquerque eta Jaime Pastor, Egitura Ekonomikoa irakasten zutenak. Irakasgai honetan lortu nuen karrerako ‘bikain’ kalifikazio bakarretako bat; beste biak izan ziren Ekonomiaren Historia edota Enpresaren Harreman Publikoak. Bistan da irakasgai ‘literarioak’ zirela nire gaitasunetarako aproposenak; aldiz, ‘zenbakizkoak’ kontrako eztarrian trabatu zitzaizkidan, oztopo gaindiezin bihurtzeraino.

Madrilen kokatu eta denbora batera jakin genuen euskal meza bat egiten zela igandero unibertsitate inguruneko ikasle-egoitza (colegio mayor) batean. Ordurako erabakita neukan euskaldu izango nintzela, Eusko Ikaskuntzaren atalean azaldu nuen bezala, Artean ez zegoen Euskal Etxerik eta, ohi bezala, elizaren itzala erabili behar zen jarduera debekatuak ahalbidetzeko. Erabakigarria izan zen aurkikuntza hau, ze mezaren bueltan egituratu zen gure harreman-sare nagusia handik aurrera. Ni baino helduxeago zen talde batekin lotu nintzen (ESBra eraman ninduena) eta, politikaz ikasten nuen aldi berean, haien ekimenetan parte hartzen hasi nintzen. Elizaren hariari tiraka, eskaut talde bat antolatzea bururatu zitzaigun, Madrilen bizi ziren familia euskaldunen seme-alabei euskal giroko aisialdia eskaintzeko. Eta juzkatu zuten nire posizioa (familia bertan, senide gazteagoak) oso aproposa zela taldearen arduradun izateko. Nik baietz, eta ardura osoz heldu nion gaiari, gero beste hainbat ekimenetan egin dudan moduan. Orain konturatzen naiz hau dela seguruenik nire aktibista kate luzearen lehen katebegia.

Lortu genuen meza inguruko gurasoen konfiantza eta haien gaztetxoak hasi ziren gure deialdietara etortzen. Esango nuke 50 lagun inguru biltzera iritsi ginela. Anaiekin eta haien lagunekin ardurak eta ekintzak adinka banatuta, gai izan ginen hurbildu zirenen interesari eusteko; are gehiago, uda iristean izaten genuen atxikimendu nahikoa udalekua antolatzeko Euskal Herrian. Bi behintzat baditut gogoan: bat Murgia/Sarrian, Gorbeia aldera eta kanpinean; bestea Urdiainen, baserri bateko ganbaran. Murgiakoan, taldeko neskatila batek esan zidan hilekoa etorri zitzaiola eta Tanpax behar zuela. Duela mende erdi, nire adineko (20) mutil batek zero zekien halako kontutaz, baina autoa hartu, Murgiako botikara jaitsi eta ahopean eskatu nuen ditxosozko Tanpax hura. Eta botikariak non galdetzen didan: “Regular ala Super?”. Ez nuen halakorik espero, eta soilik bururatu zitzaidan: “Ez dakit, ez da niretzat”. Urdiaingo udalekuan, berriz, gastroenteritis eraso bat jasan genuen talde osora zabaldu zena, ustez herrian erositako hanburgesak janda. Oso talde gaztea ginen, baina erantzun bikaina eman genion arazoari eta 24 orduren bueltan egoera kontrolpean geneukan. Udaleku amaiera Altsasuko zelaietan ospatu genuen jai eder batekin, eta bertan izan genituen kantuan Oskarbi taldeko Bakartxo eta Iñaki, Madrilen kontzertu batean ezagutu eta lagun bihurtuak.

Dinamika honek eman zuen fruitua: adinez helduenen taldea, nire anaiak barne, ia osorik itzuli zen Euskal Herrira. Niretzat, gainera, sekulako eskola izan zen arduraren kudeaketan, gazte haien gurasoen aurrean ni bainintzen erantzule nagusia. Ikasi nuen taldean lan egiten, lidergoa hartzen, ardurak banatzen, leialtasuna lantzen… Uste dut orduan hasi nintzela baita ere erantzukizunaren zama sentitzen, burua etengabe zukutzen, loa galtzen… Hau da, geroko ni-a eraikitzen.

Madrilgo urte haietan, nire lagunartea bi multzok osatzen zuten: lehen multzokoak ziren ikasle beteranoak, ni baino bizpahiru urte zaharragoak; eta besteak, eskautekoak, bizpahiru urte gazteagoak. Beteranoek nik baino lotura handiagoa zeukaten Euskal Herrian egosten ari zenarekin, eta nirekin mentore rola hartzen zuten askotan; beste horrenbeste egiten nuen nik gazteagoekin. Baina bitxia zen nire adin bereko lagunik ez zitzaidala agertu, eta uste dut horrek eragina izan zuela nire nortasunean. Izan ere, ez da gauza bera harremanak parekideak izatea ala hierarkizatuak: lehenetan errazagoa da sentimenduak partekatzea eta intimitatea sortzea; harreman hierarkikoak funtzionalak dira, baina badute mendekotasunetik ere. Ni Iruñean lagun min parekideak izatetik nentorren, baina haiei ez nien segidarik eman eta Madrilen ez nuen halakorik aurkitu. Konpromiso politikoak ere beste dimentsio bat ematen zien harremanei, maila pertsonaletik harago. Beraz, Madrilgo urteetan lagunarte emankorra izan nuen, baina aldi berean ohitu nintzen nire barreneko hainbat kontu niretzat gordetzen. Eta aitaren programazioan bizi izandakoak areagotu egiten zidan joera hori. Harrezkero ez dut garatu lagun minak egiteko gaitasunik, Fatimak hartu du haien tokia eta, oro har, oso autonomo izan naiz nire bizi-prozesuetan.

Mezaren inguruan komunitatea indartu zen heinean, hura egituratzeko premia nabaritu zen eta ermandade bat sortu zen, San Miguel de Aralar izenarekin. Egitura berrian karguak banatzeko orduan, harrigarria egin zitzaidan denon buru egiten zuen pertsonak idazkari kargua hartzea, lehendakaritza beste bati utzita. Galdetu ere egin nion, eta gaztelaniazko sententzia batekin erantzun zidan: “Los presidentes pasan, los secretarios quedan”. Alegia, karguan irauteko hobe idazkari. Ondo apuntatu nuen ikasgaia, baina gero ez duk aplikatu; nire ibilbidean lehendakaritzak/zuzendaritzak pilatu ditut (ARKO, Goiena, Kutxa fundazioa, Topagunea, TOKIKOM, Soziolinguistika Klusterra, Badalab), seguruenik ez dudalako inon irauteko bokaziorik izan.

Gure talde konspiratzailea sendotu ahala helburu handiagoak amestu genituen, eta horietako batzuk gauzatzera iritsi ginen. Bat izan zen hitzaldi-sorta potente bat euskal politikaz, beti ere frankismoaren testuinguruan. Hizlari izan genituen Xabier Arzalluz, ordurako jesuita izateari utzi eta EAJn ibilbidea egiten hasia; Carlos Garaikoetxea, artean EAJn afiliatu gabe eta ESBtik ez oso urrun, Carlos Caballero eta Andoni Kaiero (biak ere ESBren bozemaile izango zirenak) eta Donato Unanue (orduan Zeruko Argia birmoldatzen eta gero EGINen sortzaile izango zena). Francoren heriotza usaintzen zen eta ohiartzun ederra lortu genuen hitzaldi haiekin.

Beste mugarri bat izan zen Xabier Lete, Lourdes Iriondo eta Antton Valverde hirukoak eman zuen kontzertua, meza egiten genuen egoitzako aretoan. Niri egokitu zitzaidan kontzertua aurkeztea eta oholtzatik azalpenak ematen ari nintzela norbaitek oihu egin zuen: “Hor dago Areiltza putakumea!” Areiltzak iragan frankista zeukan, baina orduan trantsiziorako erreferente bihurtzen ari zen, eta handik gutxira ministro ere izendatu zuten. Oihua entzun eta inork erreakzionatu orduko, bi pertsona irten ziren aretotik eta kontzetuak aurrera egin zuen.

Kontzertu bikaina eman zuten lepo zegoen aretoan, eta ondoren afaltzera joan ginen. Diru poltsa polita bildu genuen eta, gastutxo batzuk kenduta, beste guztia kantariei eman genien, uste dut 20.000 pezeta izan zirela. Xabierren begi bihurriak biribildu egin ziren dirutza omen zen hura ikusita; eta gordin aritu zitzaigun kontatzen euskal kantarien zailtasunak kontzertu antolatzaileei ulertarazteko haiena ez zela militantzia soila, ogibide ere bazela. Harreman polita egin nuen Xabierrekin, eta bizpahiru aldiz bisitatu nituen gero Urnietako etxean. Gainera ESB katakonbetatik egun argira irten zenean, bera aurkezle izan genuen Urnietako ekitaldian, hurbilekoa zen.

Bestela, Madrilekin ez nuen harreman oso onik izan. Fakultatean taldetxo batekin elkartzen nintzen, apunteak trukatzeko eta kontu operatiboetarako, baina ez nuen lagunik egin. Hiria bera ez nuen gustuko, are gutxiago jende estiloa eta haien hitzegiteko tonu ‘txulapoa’. Han seniderik geratu zen bitartean joaten ginen tarteka, baina geroztik apenas itzuli naizen.

Gauzak horrela, 1976 amaieran argi neukan nire etorkizuna ez zegoela Madrilen, baizik Euskal Herrian. Eta Ormaiztegira itzultzeko aitarekin izandako liskar txiki bat baliatu nuen. Ez dakit zein zen gaia, baina ez ginen ados jartzen eta aitak esan zidan: “Hau nire etxea da, eta hemen bizi zaren bitartean nirea izango da azken hitza”. Asko eskertu nion argitasuna eta bidea libre uztea. Horrela amaitu zen nire Madrilgo aroa, 1977ko hasieran, 23 urte betetzeko bezperetan.

14. ARNEDILLO

Nola bainuetxera joan nintzen egutegiaren eta poltsikoaren estutasunek eraginda. “¿Tan joven y ya tiene articulaciones?” Urak gorputza hobetu eta lagunek barrena suspertu. Giro ‘kanalla’ People’s pubean eta dinoen aztarnak nonahi.

Kutxan sartu berritan, ez neukan opor garaian kanpora joateko aukerarik. Tantairen zorra ordaintzeko soldata enbargatuta neukanez, ezin gastu berezirik egin. 1988an Arrasaten pisua erosi eta horrekin zorra berregituratu genuenean, orduan ireki zen zirrikitu bat. Hala ere, Kutxan txandaka hartu behar genituen oporrak, udan bulegoak ixten ez zirelako; eta azken sartuoi egutegiaren zokoak bakarrik geratzen zitzaizkigun aukeran.

Sasoi hartan Gipuzkoako Kutxak opor bidaien katalogo oso erakargarria eskaintzen zuen, eta tartean bazegoen bainuetxeen atal bat. Hari begira jarrita, arreta piztu zidan Arnedilloko bainuetxeak, moja-komentu izandako eraikinean kokatuta agertzen zena. Baina nik urrian neukan joateko aukera eta, tamalez, katalogoko datak lehenagokoak ziren. Kokildu partez, bertara deitu nuen eta zuzendariarekin jarri zidaten. Azaldu nion Kutxako langilea nintzela, epez kanpo nenbilela, eta ea onartuko lidakeen bederatzi eguneko egonaldia egitea katalogoan agertzen zen prezioan. Baietz erantzun zidan, eta halaxe joan nintzen lehen aldiz duela 38 urte, nik 34 nituela.

Eguerdian iritsi nintzen eta Javier zuzendaria zain neukan bazkaltzeko. Bainuetxea hondoa jota zegoen eta hura suspertzeko estrategian nonbait Kutxa bezero inportantea zuen; beraz, maila goreneko harrera egin zidan, badaezpada. Bazkarian zehar konturatuko zen txorimalo bat besterik ez nintzela, ze handik aurrera kasu gutxi egin zidan. Are gutxiago bertako langileekin nahasten hasi nintzenean.

Aurkitu nuen egoera berezia zen. Alde batetik, bainuetxea bera zeharo zaharkitua zegoen, eta inbertsio handien premian. Orduantxe abiatzen ari zen Imserso erakundea eta haren eskaintza bainuetxetara ere hedatzen ari zen. Prezio baxuetan lan egin behar zenez, bezero haiek bainuetxe zaharrean jartzen zituzten. Baina ondoko moja-komentua hoteletarako egokitua zuten (El Olivar izenarekin) bestelako bezeroak bertan ostatatzeko, nahiz bainuak zaharrean hartzen ziren. Furgoneta bat ibiltzen zen gora eta behera, albornozdun bainulariekin, denak ni baino dezente zaharragoak. Berez, bainuetan begira-begira somatzen nituen, ea non ote neukan akatsa hain gazte bainuetxean egoteko. Azkenean emakume bat ausartu zen: “¿Usted tan joven y ya tiene articulaciones? (hain gazte eta dagoeneko giltzadurekin?)” Sasoi hartan hezurretako arazoei “articulaciones” esaten zitzaien, eta arazo mentalei “nervios”.

Artean bainuetxeko jarduera ez zen oso handia eta uda bueltako sei hilabeteetan pilatzen zen. Hain zuzen, ni joan nintzen urri hartan ez ginen dozenara iritsiko Olivar-en geunden bezeroak. Bederatzi egun bakardadean emateko prest joan nintzen, liburu mordoska hartuta; gainera korrika entrenatzeko asmoa ere eraman nuen, handik laster izango zelako Behobia-Donostia. Beno, ba korrika egin nuen pare bat aldiz, baina bakarrik ez nintzen egon une bakar batez ere eta liburuak ireki gabe ekarri nituen bueltan.

Ni izanik bezeroen artean gazte bakarra, Olivar-en mugitzen ziren 8-10 langileek haietako bat bezala hartu ninduten, erraz sortu zen konfiantzazko harremana, eta afal ondoan bezero nagusiak erretiratzen zirenean egonaldi luzeak egiten genituen kafetegian. Egunak aurrera, mendi bueltak ere etorri ziren, eta txangoak Arnedora edo Calahorrara; egonaldiaren amaierarako lagun bihurtuta geunden.

Sentiberatasunak elkartuko gintuen, eta han goian isolatu samar egoteak ere lagunduko zuen. Haiek 25 urteren bueltan zeuden eta nik banituen 34, baina konexio emozionala sortu zen gure artean. Bainuetxeko denboraldi gogorraren amaieran zeuden, izandako bizipenak hausnartzen, eta helduxeago baina hurbileko izanik nire presentzia nonbait lagungarri egin zitzaien. Ni ere orduan ez nengoen nire onenean, Tantai-ko kolpetik oraindik ez nintzen erabat altxa, eta Fatimarekin izandako krisi bat gainditzen ari ginen. Normalean estimatu izan dut nire burua, barneko segurtasun gabeziak gora-behera; baina bolada hura -bizpahiru urteko bolada luzea- izan da seguruenik nire bizitzako baxuena autoestimuari dagokionez. Lagun haiek aurkitzea eta haiekin halako harreman gozoa eraikitzea, sendagai paregabea izan zen nire barren mailatua suspertzeko. Esker onaren adierazgarri, azken egunean bakoitzari egokitutako oparitxo bat egin nien, azalpen idatzi labur batekin, eta malko txiki artean abiatu nintzen etxera bueltan. Banekien agurra ez zela betirako.

Onura emozionala gutxi ez, eta gorputzean ere abantaila handia egin zidan Arnedillok. Gaztetatik joera daukat gerriko mina edota giharretako uzkurdurak jasateko, beraz masajistengana joatea ohikoa izan da niretzat. Justu sasoi honetan bisitatu nuen osteopata batek esan zidan hezurdura oso aldrebestuta neukala, lan handia egin beharko genuela hura bere onera ekartzeko, eta ahalik eta lasterren hastea komeni zela. Nik hurrengo astean neukan Arnedillon erreserba eginda eta ondorenerako jarri genuen hitzordua.

Joan nintzen bainuetxera, egin nituen zegozkidan tratamendu guztiak, probatu nituen beste hainbat, eta bueltan itzuli nintzen osteopataren kontsultara. Esploratu ahala flipatuz joan zen, eta amaieran harrituta esan zidan: “Esan nizun hartan atzera egiten dut, ze orain primeran zaude. Beraz, ez daukazu egiturazko arazorik hezurduran, zure arazoa dira tentsioak eragindako uzkurdura muskularrak eta postura txarrak. On handia egiten dizu hidroterapiak, ahal duzun neurrian eutsi horri” Zer esanik ez, pozik hartu nuen gomendioa; harrezkero Arnedillora sarri joan gara, eta beste hainbat bainuetxe ere probatu ditugu.

Hurrengo bizpahiru urteetan sasoi beretsuan itzuli nintzen Arnedillora. Lehen topaldiko lagunak ibilbide profesionala hasten ari ziren, baina batzuk bazuten borondatea herrian finkatzeko. Pedro, bertako semea, eta Ana bere bikotea laster hasi ziren herrian etxe bila. Haien ezkontzan izan ginen handik gutxira Arrubal-en. Jesus Azagrako nafarra ere Arnedillon finkatu zen apur bat beranduago, bereziki Josemi bere bikotea bainuetxean agertu eta bien arteko harremana sendotu zenean. Hauen ezkontzan ere izan ginen, aurrerago, Arabako Eskuernagan.

Lehen urte haietan Arnedillora joanda, bainuak hartu eta lagunekin harremana trinkotzeaz gain, herrian aurkitzen nuen giroa egiten zitzaidan erakargarri. Arnedillo herri txikia da (400 biztanle bueltan), eta bainuetxeko langile gehienak kanpotik etortzen ziren, denboraldirako, toki desberdinetatik eta etxe bakoitzeko onena. Haientzat bainuetxeak bertan zeuzkan logelak, barnetegi moduko bat zen gazte soltez betea, emozioz eta hormonez goraino zegoen lapikoa; eta haien arteko bizikidetzak giro kuriosoa sortzen zuen herrian, bainuetxetik kalera irteten zirenean. Bereziena zen osteguna, Javi Carabinas-ek People’s puba zabaltzen zuelako. Alkoholak eta musikak lagunduta, han lehertzen ziren lanean eta barnetegian egositakoak astean zehar. Niretzat, gizontzen ari zen Kutxako langile formala, deigarria eta gustagarria zen giro alternatibo eta ‘kanalla’ samar hura.

Adibide argia da 90eko hamarkadan Arnedillon zegoen normaltasuna harreman homosexualei dagokienean. Bainuetxeko langileak hasi zirenean herrian etxebizitzak alokatzen, hainbat bikote homo agertu ziren, zalaparta handirik gabe. Esango nuke, gainera, urte haietan ezohikoagoak ziren lesbianen bikoteak zirela gehienak. Nik Jesus eta Josemi lagunek bikote gisa egindako ibilbidea ezagutu nuen hurbiletik. Lehenengotarikoak izanda, bidea urratzea tokatu zitzaien, ordura arte gordean egondakoa bistaratzen hastea; eta badakit lehen urratsetan zenbateraino izan zitzaien lagungarri Ana eta Pedro bezalako herritar onartuekin zeukaten hurbiltasuna. Kontua da bere txikian Arnedillo aurreratua izan zela bide horretan, eta meritua ematen diet hango lagunei, gauzak ausart eta ondo egin zituztelako.

Dena esateko, lagun hauekin saihestu egin ditugu sistematikoki gai gatazkatsuak, bereziki Euskal Herria eta Espainia aurrez aurre jartzen dituztenak. Kasu honetan sintonia pertsonala zubi bihurtzen da antagonismo politikoen gainetik, badakigu hor daudela baina bizi gaitezke haiek esplizitatu gabe. Gainera, harremana sendoa da baina ez sarria, normalean urtean behin elkartzen gara eta gehienez udal politika jorratzen dugu, ezker edo eskuin ikuspegietatik. Azken boladan herritar dinamika interesgarri bat sortu da, eta herrigintzan aurkitu dugu espazio seguru bat hainbat kontu aipatzeko. Lagungarri da baita ere haiek bainuetxeko lanean euskaldun askorekin duten harremana eta euskarak pizten dien interesa. Lagunetako bat, Pedro, ordu asko emana da euskara ikasten bere kasa, eta asko gustatzen zaio esaldi batzuk euskaraz botatzea.

Lehen urte haietako egonaldietan hasi nintzen ezagutzen dinosauroen unibertsoa. Lagunak turismo ikasketak egindakoak ziren eta Arnedillo inguruko informazioa bilatzen zuten bainuetxeko lanean erabiltzeko. Ordurako dinosauroen aztarna asko zeuden bistan, batez ere Enciso aldean, eta sarri egiten genituen txangoak haiek ikustera. Hala ere, aire irekian zeudenez hasita zeuden higadurarekin lausotzen. Niretzat nabarmenagoak ziren Cornago herrian geroago aurkitu zirenak, haiek euritik babestuta zeudelako. Bestalde, ohikoa genuen mendi ibilietan fosilen bila ibiltzea, 800-1.000 metrotara egon arren oso ugariak baitziren. Kontua da ohartu gabe paleontologiara hurbildu nintzela hidroterapiatik abiatuta.

Arnedillon bertan lurra erraz zulatzen da eta mota askotako kobazuloak daude: etxe bakoitzak gordailu moduan erabiltzen duena edo herriko gaztagileak gaztak ontzekoa, baina baita eraikin kolektiboak, hala nola San Tirso baseliza bitxia edota Cueva del Ajedrezado are bitxiagoa.

Inguruko herrietara egindako txangoetan oro har herri txikiak bisitatzen genituen, gainbehera zetozenak. Cidacos ibaiaren goiena ekonomikoki oparoa izandako eskualdea da. Gezurra badirudi ere hain paraje menditsua izanik, nekazaritza aurrera ateratzeko gai izan ziren, maldatan bankalak sortuz bertako harriekin orma lehorrak eraikita. Arnedillotik hegoaldera eta iparraldera malda asko dago bankalez beteta, paisaia alderik alde orraztuta balego bezala. Biosferaren erreserba handi baten parte da paisaia hori. Mendian gora laborea bildutakoan, hura jorratzeko larrainak zeuzkaten goian, denboraren poderioz estali ondoren gaur egun auzolanean berreskuratzen ari direnak. Lantegi handiak ere bazeuden, batez ere ehun-fabrikak, baina haiek gainbehera egin ahala herriak hustuz joan ziren, Arnedo eta Calahorra aldera. Herri hutsen artean inpresioa eragin zidan Turruncún izenekoak, berriki ere bisitatu dudana. Eta bitxia da Peroblascoren kasua; ia erabat hustu zen, baina Arnedillotik oso gertu egonda, berpizten hasi zen duela 30 bat urte. Indarra hartzeko asmatu zuten Peroblascolor ekimen ederra, oraindik ere udaro antolatzen dena.

Kea da, baita ere, Arnedilloko jaietan protagonista handia. XIX. mendean izurrite bati aurre egiteko erromero adar berdeak erre zituzten herriko kale estuetan, eta San Andres-en irudia atera zuten prozesioan. Osasuna berreskuratu zutenez, urtero egiten da kearen prozesioa, haur txikiek bereziki kea arnastu dezaten haien inmunitatea indartzeko. Behin argazkilari batek harrapatu ninduen kea egiten, eta argitaratuta geratu zen liburu honetan.

Aurten ere joango gara Arnedillora, bainuak hartu, txangoak egin eta lagunekin gozo egotera. Hamarkada hauetan herria asko aldatu da: susperraldia eragin zuen belaunaldi gazte hura jubilaziotik hurbil dago eta erreleboa ez da ziurra; azken urteotan jubilatuak ari dira bertan finkatzen; turismoaren aje batzuk antzematen dira herriko dendetan eta ostalaritzan… Baina Arnedillo bizirik dago. Eta erakargarria da.

18. ETB

ATB-tik ETB-ra, beste asko bezala. Fama lokaletik fama nazionalera, ustez. Elkarrizketatu esangurastu batzuk eta ekitaldi bereziak. Eta nola aldatu diren audientziak, kamarada!

Arrasate Telebista-n aurkezle gisa banuen ibilbide bat egina, lehenik Musikantoi programarekin eta gero Astebete informatiboan, edota hauteskunde elkarrizketetan. Hortik etorri zitzaidan ETBn aurkezle izateko aukera, Hitzaro eta Lengua Viva saioetan.

Joxe Aranzabalek enpresa bat sortu zuen Arrasate Press utzi ondoren eta, besteak beste, Jaurlaritzako HPSrentzat Euskararen Berripapera ontzen zuen paperean. Bizpahiru urteko ibilbidearen ondoren, euskararen gaineko informazio saio bat prestatu zuten ETBn emateko, euskaraz lehen katean eta gaztelaniaz bigarrenean. Joxe bera zen zuzendaria eta Orio Produzioak, ekoiztetxea. Saioa aurkezteko bikote bat behar, eta nahiago izan zuten aurpegi ezezagunak izatea. Joxek proposatu zidan proba batera aurkeztea, eta nik baietz. ATB-n aurkezle ibilitako Aintzane Gardoki eta biok aurkeztu ginen elkarrekin, eta aukeratuak izan ginen.

Ez ginen lehenak, aurretik Anne Igartiburu, John Andueza, Maider Egues Anuska Lasa eta gehiago ari ziren ETBn kamera aurrean, eta Andoni Urzelai edo Lutxi Arregi teknikariak atzean. ATB harrobi bihurtzen ari zen, Eta Arrasate Press-ek erreportaje bat eskaini zion gaiari.

1995a zen, Esteñibarren sartu ginen urte bera. Zor handia eginda geunden baserriarekin eta bizitzaren oparia izan zen telebistako gainsoldata. Kutxan neukan ogibidea, eta ETBn astean arratsalde bat behar nuen grabaketak egiteko. Izan ere, Aintzane kazetaria zen eta saioan erredaktore lanak ere bazegozkion, baina ni aurkezle soila nintzen. Gidoia aurrez helarazten zidaten eta moldaketak proposatu ahal izaten nituen, batez ere natural eta eroso jarduten lagunduko zidatenak. Lan handirik ez, eta ordaina polita. Grabaketa-arratsalde bakoitzeko ekoiztetxeak kontratua egiten zidan eta eten, zegokion kotizazio eta guzti. Egoera honek izan zituen ondorio bitxiak. Alde batetik, nire lan-bizitzaren agiria oso luzea da, orriak eta orriak ditu, saioa egiten nuen egun bakoitzean (200 inguru izan ziren) kontratu bat egiten zidatelako. Bestetik, berez Kutxak kotizatzen zidan % 100ari, egun horietan Oriok eransten zion bere zati txikia; beraz, 200 bat egunetan kotizatu dut % 100 baino gehiago. Azken bitxikeria, telebistako aurkezle noizbehinkakoak orduan kotizazio epigrafe xelebre batean sartzen ginen, hondar-poltsa moduko bat, uste dut tartean toreroak ere hartzen zituena.

Beraz, astean egun batean Kutxako lanak bukatu eta azkar samar joaten nintzen Miramonera. Han dotore jantzi, makilatu, ile gero eta bakanagoa txukun jarri, eta segidan grabatzen genituen euskarazko nahiz gaztelaniazko sarrerak eta elkarrizketa, gero Prudenek saioa munta zezan. Lehen saioetako urduritasunak gaindituta, gustura egiten nuen lan hau. Saio txikia izanik, ez zen sartzen prime time-aren morrontzan, eta ez geneukan audientziaren presio handiegirik. Hala ere, gogoratzen dut share-an % 5-6 artean ibiltzen ginela eta ikusle kopurua 50.000 lagunetik gorakoa izaten zela. Nola aldatu diren audientziak, kamarada!

Programak txukun funtzionatu zuenez, bost denboraldi iraun zuen parrillan. Denbora horretan aldaketa ugari gertatu ziren: saioaren gidaritza ekoiztetxeak hartu zuen eta zuzendaritzan Joxeren ordez Migel Angel Elustondo jarri zuten; Internet hedatu zen etxeetara eta gidoiak emailez jasotzen hasi nintzen; platoan dekoratuaren ordez Chroma Key erabiltzen hasi ginen; nire jantzietan gorbata desagertu zen eta casual estiloa nagusitu zen… Eta hasieran bi aurkezle baginen, puntu batetik aurrera bakarrik jarraitu nuen. Oraingo errepaso honetan iruditzen zait ondo irakurri nuela egoera eta asmatu nuela nire tokia hartzen. Ez zen nire ekimen bat, beraz neukan ardura mugatua zen; baina ez zen ogibide soil bat, eta saiatzen nintzen ahalik eta ekarpenik onena egiten. Gutxitan tokatu zait halako posizio hibridoan jardutea, eta pozten naiz egokitzeko gai izan nintzelako. Seguru portaera adimentsu horretan lagungarri izan zela baserriaren zorra eta hileroko txekea, hori ere bai.

Arrasaten jendeak sarri ikusten ninduen bertako telebistan eta gainera Kutxan lehiatilan aritzen nintzen; ohituta nengoen herriko fama txikira. Baina behin telebista nazionalean hasita, zain jarri nintzen ea beste zerbait nabaritzen nuen jendearen aldetik. Berehala izan nuen pista bat. Igande goiz batez, egunkari bila jaitsi nintzen Elorrioko Mariren tabernara, kiosko ere bazena. Mostradorearen izkina batean bazegoen mutil bat gaupasa eginda, erdi lo. Ni sartu nintzenean begi baten ertzetik ikusi ninduen, bapatean zutitu eta hasi zen: “Aibadios, telebistakoa! Aibadios, telebistakoa!” Apur bat harrituta (baina barrenean gustura), esan nuen nire golkorako: “Ara, hau izango duk fama” Eta gaupaseroak jarraitu zuen: “Aibadios, telebistakoa! Txiskolakoa!” Orduan puri-purian zegoen Kike Amonarriz-ekin nahastu ninduen, gorbataren erruz seguruenik. Akabo famaren lainezak!

Programa bakoitzak hainbat atal zituen, eta beti elkarrizketa bat. Beraz 200 pertsona inguru pasatu ziren saiotik, eta txundituta utzi ninduen ikusteak zenbat jende desberdin eta interesgarri zegoen Euskal Herrian euskararekin harremanetan. 90eko hamarkada amaieran, uste dut 60etan hasitako pizkundearen gailurrean geundela; handik aurrera hasi ziren apalaldi zantzuak agertzen.

Gogoratzen dut Mariasun Landa elkarrizketatu nuenekoa, ze gozoa eta mamitsua izan zen solasa. Bigarren aldiz ere etorri zen saiora, eta berriro sortu zen giro berezia. Geroztik harremana izan dut berarekin tarteka, beti gozo. Beste flash bat izan zen Lucia Lakarra, nazioartean bidea egiten hasi berri, Marsellan. Lehenik txunditu ninduten aurpegia betetzen zioten begi argiek, kamerak ere plano oso motzean harrapatu zituenak; eta gero arrakastara iristeko oso gaztetatik eginda zeukan ibilbide gogorrak (Madrilera 14 urterekin), nire haurtzaroko heziketa exijentearekin lotu nuena. Berea, ordea, bokazionala zen; nirea ez.

Pozgarria izan zen gure saioarentzat Juan Jose Ibarretxe lehendakariari euskarazko lehen elkarrizketa publikoa egitea. Ez zen berezko euskal hiztuna, baina alabak koskortzen hasi zitzaizkionean konpromisoa hartu zuen haiekin euskaraz egingo zuela, eta ikasteari serio heldu zion. Galderak aurrez eskatu zizkigun, halakoetan ohi zen legez, eta erantzunak paperean ziriborratuta ekarri zituen; horrekin guztiarekin oso txukun aritu zen, eta asko eskertu genion urrats hori eman izana. Orduantxe ari zen bere figura politikoa dimentsio handia hartzen, eta ez da ahaztu behar 2001eko hurrengo hauteskundeetan bera buru zuen hautagaitzak inoizko boto-poltsarik handiena lortu zuela, 600.000 bototik gora behin horretan bakarrik metatu dira gurean. Halako lider batek euskarara bidea egitea oso mesedegarria izan zen.

Ibarretxeren lehendakariordea Idoia Zenarruzabeitia zen, proiekzio publiko urriko politikaria. Usansoloko euskaldun berezkoa zen, baina euskara jasoa asko landu gabe zeukan eta ez zen eroso sentitzen jendaurrean euskaraz egiten. Gure saiora etorri aurretik Maddalen Iriartek elkarrizketatu zuen ETBn, eta nabarmena egin zitzaidan Idoiaren ezerosotasuna. Hori gogoratuta, gure elkarrizketarako Guggenheim-en aurkeztu gintuztenean nik apropos bota nion; “Egun on, Idoia, zelan?” Eta aurpegia argitu egin zitzaion: “Han, zeuk neuk moduen egiten dozu ta!” Hortik aurrera, lasai asko aritu zen nire galderei erantzuten Richard Serra-ren eskulturen artean paseatzen genuen bitartean.

Bizkaieraz egiten zuen beste elkarrizketatu bat Amaia Urberuaga izan zen, Australia eta Euskal Herriaren arteko txirikorda kuriosoen ondorioz jaiotako australiarra, euskal hiztuna. Gatz handia zeukan kontuak kontatzeko, eta bere ikuspegia erabat exotikoa zen duela 30 urte. Kontatu zigun nola gazterik etorri zen bisitan Euskal Herrira, eta enpresa batean lana aurkitu zuen gaztelaniaz jakin ez arren, ingelesa eta euskara manejatzen zituelako. Geroztik hara eta hona dabil zubigintzan, euskal diasporaren adar ezezagunago hau indartu nahian.

Elkarrizketatu asko eta askotarikoak izan nituen bost urte haietan: kirolariak, zientzialariak, ekintzaileak, idazleak, ikerlariak, ordezkari politikoak… Saioaren azken txanpan elkarrizketatu nuen Mariano Ferrer (bai, amona Juanaren Perrer maitatua), jubilaziora hurbiltzen ari zela. Zinez miresten nuen bere ibilbidea, lubakien gainetik ibili zalea baitzen, ni ahalegintzen nintzen antzera. Bereziki eskertu nion hari ere euskarara egindako ibilbidea, berezko euskalduna izan gabe, eta gaztelaniaz halako diskurtso aberatsa izanda. Kontatu zidan zenbat kostatu zitzaion El kiosko de la Rosi bere saio mitikoaren ale bat euskaraz egitea, eta nola tematu zen hori lortu arte, jakinda beste helmuga batzuk urrutiegi zeuzkala.

Telebistako saioa egiteaz aparte, tokatu zitzaidan behin edo behin euskararekin lotutako ekitaldietan parte hartzea, aurpegi ‘ezaguna’ bihurtu nintzen heinean. Bereziki gogoratzen dut Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak Euskararen Eguna instituzionalizatu zuten urtean, eskatu zidatela Euskalduna jauregiko ekitaldian parte hartzea. Nire eginkizuna izan zen Mikel Atxaga-k idatzitako testu eder bat irakurtzea euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez… eta ingelesez. Ez dut ingelesik ganoraz ikasi eta soilik egonaldi laburrak egin ditut lurralde anglofonoetan. Baina hain dagoenez presente gure bizitzan, baditut oinarri batzuk mintzatzeko eta, batez ere, oso sartuta daukat hizkuntzaren soinua. Horrekin eta entrenamendu apur batekin lan txukuna egitea lortu nuen, behintzat hala aitortu zidaten amaieran.

Aparte, ETBren promozioan ere aurkezleak erabiltzen gintuzten sarri. Hemen gaude, adibidez, saio informatiboetako aurkezleak argazki ofizialean. Akorduan daukat, baita ere, Gabonak zoriontzeko bideo bat egin genuenekoa, aurkezle tropel handi baten gabon kantarekin. Bitxia, saio hartan Alan Griffin koinatua ere egon zen, musikari taldean.

Atal honetan zentratu nahi izan dut ETBn egindako aurkezle lanean. Bestela ere, toki komunikabideetan egindako ibilbidean igurtzi handia izan dut erakundearekin, eta tokatu zait hausnartzea EITB korporazioaren egitekoaz. TOKIKOM-i eskainitako atalean jorratuko ditut kontu horiek.

11. POLITIKA

Kontzientzia politiko goiztiarra. Alderdi kontuak, ESBn hasi eta buka. Politikari profesional izateko ez bainintzen jaio. Publiko/pribatu dikotomia faltsua, gobernantza partekatua eta boto mugikorra.

Amaren Karteroneko familia gerran galtzaile eta errepresaliatua izan zen. Baina, beste hainbat etxetan egindakoaren kontra, guri kontatu egin ziguten haiei gertatutakoa, eta jasan behar izan zuten guztia. Nire kontzientzia politikoa ‘beste etxean’ abiatu zen, oso ume nintzela, eta gorri kolorekoa zen (Izquierda Republicana, Alderdi Sozialista, ANV…) Gure etxean ere euskaraz egin behar genuen, eta 1966an (nik 12 urte) agertu ziren Labegeriren disko txikiak ikurriñarekin, Gurutze arreba tarteko. Bestalde, karrozeria kooperatiba bihurtu zenean natural egin zitzaidan langileak enpresaren jabe izatea. Eta hortik aurrera, Arrasateko mugimenduaren bulkadak eraman ninduen autogestiozale izatera. Esan daiteke nerabezaroan sartu nintzenerako nire pentsamoldearen zorua finkatuta zegoela, nik sekulako ahalegina egin beharrik gabe. Ekosistemak jarri zidan oinarria.

Madrilera joan ginenean, nik 17 urte, hasi nintzen klandestinitateko ahotsak entzuten. Handik laupabost urtera ESB (Euskal Sozialista Biltzarrea) sortu zuen taldeko kide batzuk ezagutu nituen, bai ELAtik zetozenak eta baita Txillardegiren jarraitzaileak, eta haiekin joan nintzen bide politikoa egiten. Esango nuke ordurako nire burua eraldatzaile ikusten nuela iraultzaile bainoago, eta autoeraketan gehiago sinesten nuela aparatu instituzionalen txandakako ordezkapenean baino; hau da, neguko jauregia hartzeari baino lehentasun handiagoa ematen niola -eta diodala- burujabetza komunitarioari, eta behetik gorako tradizio anarkista maiteago nuela -eta dudala- alderantzizko estatalismoa baino. Sasoi hartan, jarrera honek bereiztu egiten gintuen ETAren ingurutik, haiek ortodoxia iraultzailean ikusten nituen, eta goi-aginduen menpeko. Haiek guri sozialdemokrata esaten ziguten, irain gisa; baina gustura hartuko genuke gaur orduko sozialdemokrazia eskandinaviar berdintzaile hura!

1976an klandestinitatetik irteten hasi eta ESBren sorrera-kongresua bildu zen Arantzazun. Ni Madrilgo taldearekin etorri nintzen bezperan. Gogoan dut azken orduan txosten bat euskaratzeko ikasle talde bat harrapatu gintuztela, eta ez dakit noren etxean egin genuen gaupasa, biharamunean txosten hura euskaraz (ere) irakurria izan zedin. Logura eta guzti, Madrildik etorrita liluragarria egin zitzaidan Arantzazuko bilkura; izen ezagunak eta bestelako pertsona asko batera eta ilusioz ikusita, pila karga-karga eginda itzuli nintzen.

Madrilera bueltan, aitarekin ere komentatu nuen bizi izandakoa. Lagun jeltzaileak bazituen, baina politikoki suelto zebilen eta sinpatiaz ikusten zituen nik kontatzen nizkion mugimenduak. Harik eta izenak publiko egiten hasi zirenean ikusi zuen arte ESBn zeudela baita ere karrozerian berarekin gatazkan aritutako hainbat pertsona. Nik aurrez banekien, noski, eta lanak nituen eten bortitzaren ondoren bi aldeekin harremanari normal samar eusteko. Baina Migel Mariren mina handegia zen: erabat aldendu zen ESBtik, eta pentsatzen dut nolabaiteko traiziotzat hartuko zuela nik beste horrenbeste egin ez izana. Bera gerora EAJn afiliatu zen, beti ere bere estiloari eutsiz.

Arantzazutik gutxira, alderdi berriaren gazteon batzar bat deitu zuten Durangoko Jesuitetan, eta berriro etorri nintzen Madrilgo ordezkari. Franco lurperatua zuten aurreko azaroan, baina artean ‘18 de julio’ jai zen, bere estatu kolpearen urteurrena gogoratzeko. Durangoko batzarra eguerdirako amaitu zen, giro onean, eta ondoren talde handi bat herrian geratu ginen mokadua egitera. Fatima ere tartean zen, eta nire burua gogoratzen dut taberna batean behintzat kitarrarekin ‘Morts pour la patrie’ abesten. Gero norbaitek aipatu zituen Zornotzako Karmenak, eta hara joan ginen tropelean. Plazan musika zegoen, Fatima eta biok dantzan hasi ginen… eta elkarrekin dantzan jarraitzen dugu oraindik. Aurtengo udan beteko dira 50 urte.

Diktadorea hilda, errepresioa arrakalatzen hasi zen eta ESBk hori baliatu zuen mitin handiak antolatzeko. Madrilen nengoela abisatu zidaten azaroan egongo zela bat Aretxabaletako frontoian, ea hitz egingo nuen kanpoko ikasleen izenean. Nire lehen mitina zen, eta nik baietz. Eguna iritsi zenean, frontoia jendez bete zen eta mahaia hizlariz, tartean Gregorio Etxabe eta Txillardegi. Testu mitinero samarra neukan prestatuta, eta azken bultzadarako ardo trago batzuk jo nituen, nahiz artean eguerdia ez zen. Dena ondo joan zen, eta fitxatu egin ninduten urtarrilean Donostiako Atano frontoian aritzeko. Motiboak pilatzen ari zitzaizkidan Madrildik aldegin eta Euskal Herrira itzultzeko. 1977 hasieran itzuli nintzen.

Udaberri hartan deitu zituzten Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Eta Xibertako porrotaren ondoren, ESBkook erabaki genuen haietan parte hartzea, 200 orrialdeko programa batekin. Ni ordurako klinikan lanean hasia nintzen egun erdiz, baina kanpainan buru-belarri murgildu nintzen. Klinikako burua, Eukeni, senaturako gure hautagaia zen, Txillardegi bezala. Besteak beste jarri ninduten Gipuzkoako hautagaiekin komunikazio lan batzuk egiten. Eta ez dut ahaztuko behin irrati ponpoxo batera Txillardegirekin joan nintzelarik, nola berak lokutorio batetik pasatzerakoan piano bat ikusi zuen eta bapatean jotzen hasi zen Feelings modako kantua. Ez zen inondik ere pertsonaje publiko hari (ez ahaztu, ETAren fundatzaileetako bat) zegokion estiloa, baina ordurako pertsonaren atal gozo batzuk ezagutzen hasia nintzen, eta keinu hura gustatu zitzaidan. Kanpainan, oro har, bizipen politak izan nituen; baina botoak jasotzeko orduan gure emaitza ez zen izan esperotakoa, eta ez genuen ordezkaritzarik lortu. Hauteskunde gaua mingotsa izan zen, inondik ere.

ESB alderdi instituzionala izateko jaioa zen, baina egokitzea tokatu zitzaigun. Hauteskundeek zulo ekonomikoa utzi zuten, eta urte luzez jardun genuen hura ordaintzen; hala ere, egitura profesional minimo bat behar zen makina mugiarazteko. Eta politikoki asko balioesten nuen Iñaki Aldekoa idazkariak liberatzeko eskatu zidan; eta nik baietz. Han joan nintzen Donostiara, Matia kaleko bulego gainean zegoen pentsio batera, eguneko ia ordu guztiak lanean ematera. Uda hartan Askatasunaren Ibilaldia ibili zen Euskal Herrian zehar, eta alderdien koordinazio talde batean egotea tokatu zitzaidan, hura sustatzen eta jarraitzen. Madrildik etorri berri samar, ez nuen jenderik apenas ezagutzen; beraz ez nintzen oso eroso sentitzen. Hala ere, iritsi ginen Arazuriko azken hitzordura, ibilaldiko etapa guztiak beteta; eta, ikusita zelai handi hartara norabide guztietatik iristen zirela ikurrinez jositako zutabeak, “Nafarroa Euskadi da!” ohikuatuz, pentsatu genuen sekulako astindua eman geniola egoera politikoari ekimen harekin. Baina handik 20 bat urtera aukera izan nuen Juan Cruz Alli elkarrizketatzeko ETBrako, eta off-eko kontuen artean Arazurikoa irten zenean, hitzez-hitz esan zidan: “La cagasteis para 30 años”. Kontuak aterata, 2007an iraungiko zen Alliren pronostikoa; gertakariak errepasatuta, uste dut 10 urte motz gelditu zela.

Politikari profesionalaren lanari ez nion gustu onik hartu, eskatzen zuen diziplina eta sektarismo maila altuegia zen niretzat, eta udazkenean klinikara itzuli nintzen. Jarraitu nuen ESBn Batzorde Nazionaleko kide izaten eta tokatu zitzaidan hainbat Kongresutan mahaiburu izatea. Kongresu bat badut gogoan, Sarrikoko areto handian, 300-400 ordezkari lanean bi egunez eta ni hura gidatzen 24 urterekin. Ausart behar nuen halako saltsatan sartzeko, baina ausart jokatu zuten baita ere ardura hori eman zidatenek. Pentsatzen dut alde izango nituela euskaraz jantzi samar eta suelto aritzeko gai izatea, eta adinari zegokiona baino segurtasun handiagoa erakustea. Oro har, gustura egin nituen lan horiek. Baina Gipuzkoako Kongresu bat ere badatorkit gogora, minez, bertan eztanda egin zuelako Txillardegik alderdiarekin zuen ezinegonak eta, mahaiburu nintzen aldetik, haren aurrean nik ordezkatu behar izan nuelako ofizialtasuna. Gu bion arteko harremana, ordura arte polita izandakoa, ez zen harrezkero lehengora itzuli.

Alderdiaren zuzendaritzan ilusioz bizi izan nuen Altsasuko Mahaiaren sorrera eta gero Herri Batasuna koalizioarena. HBren hautagaitzan sartu ninduten Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eta mitin batzuk ere eman nituen, bat adibidez Santi Brouard-ekin. Hala ere, jarraitzen nuen alderdien logikan eroso ez egoten; eta, horrez gain, koalizioren baitan etengabekoa zen itsaskia eta sekulakoa hondoko itsasoa, harik eta KASek hegemonia lortu zuen arte. Gure amets autogestiozalea guztiz alboratuta geratu zen joko zelai horretan, eta erretiratuz joan nintzen politika antolatutik. 80an eten nituen konpromiso organiko guztiak, eta harrezkero nire kabuz egin dut bidea, herrigintzan eta euskaratik, gogoz kontrako agindurik bete beharrik gabe.

ESBren ibilbideaz ez dut informazio askorik aurkitu Interneten. Testu hau Carlos Caballero alderdikideak idatzi zuen, eta xehetasun batzuk ematen ditu. Carlos bera EAJko diputatu izan zen geroago Madrilgo Gorteetan. Gehiago izan ziren HBn ibilbidea egin zuten ESBko kide ohiak, Iñaki Aldekoa esaterako. Ez dut bereziki ikertu, baina esango nuke politikan jarraitu zuten guztiek alderdi abertzaleetan aurkitu zutela tokia, hori baitzen ESBko kideon zutabe ideologiko komun bat.

Alderdietatik aparte ere, ikuspegi politikoak gidatu du nire jarduera osoa: herrigintza euskaratik, autoeraketa, behetik gorako dinamikak, zubigintza eta lankidetza, botere handiei bizkar ematea… Esango nuke elementu horiek oso presente egon direla murgildu naizen ekimen guztietan. Tentsio handien erdian zaila izan dut mugitzea, eta ziur nago lubaki alderdikoi bakoitzak erraz kokatu nauela bere etsaiaren zelaian. ‘Gurea ez bada, besteena da’ logikak ez zigun tarte handirik uzten libre samar genbiltzanoi, eta ohikoa izan dugu egurra alde guztietatik jasotzea. Uste dut, ordea, ikasi dudala pertsona oso lerratuekin ere harreman balekoak eraikitzen eta gehienetan lortu dudala alderdien jokoak ez izatea oztopo zenbait ekimen aurrera eramateko.

Bidean jorratutako bi gai oso politiko aipatu nahi ditut hemen, oraindik ere gatazka iturri direlako gure artean eta oztopo handi herrigintzan aurrera egiteko.

Lehen korapiloa da publiko/pribatu dikotomia, eta sinplifikazio horrek nola polarizatzen dituen posizioak esparru zehatz batzutan; oraindik minbera daude, esaterako, Buesa hezkuntza sailburu zeneko publifikazio prozesuak eragindako zauriak.

Dikotomiak oso bihurriak dira eta nekez ematen dute konponbiderik, ez bada bat ala beste aukeratzea. Nik nahiago ditut marko zabalagoak, aukera gehiagorekin, batetik bestera mugitzea eta tarteko posizioan kokatzea ere ahalbidetzen duteneak. Publiko/pribatu korapiloa askatzeko, adibidez, oso argigarria zait soziologian klasikoa den ikuspegi hau:

Estatuak sortzen du esparru publikoa; bere ardatz nagusia legetasuna da eta forma desberdinak har ditzake: demokratikoa, autoritarioa, soziala, zentralista, federal/konfederala…

Merkatuak sortzen du esparru pribatua; bere ardatz nagusia irabazia da, eta hemen ere bektore desberdinak agertzen dira: globalago/lokalago, liberalago/arautuago…

Gizarteak sortzen du esparru soziala, komuna; ardatz nagusia autoeraketa da (autogestioa), eta interes komunitate desberdinak eraikitzen ditu herri zabalaren baitan.

Hiru multzo horien artean badaude intersekzioak, zona hibridoak. Botere publikoa eta ekonomikoa oso hurbil daudenean, liberalismoa nagusitzen da; botere publikoa eta gizartea hurbil badaude, sozialdemokrazia edo komunismoa gerta daitezke, segun eta bietan zein den esparrurik indartsuena; merkatua eta gizartea igurtzian jarrita sortzen da ekonomia soziala…

Hiru multzoen dialektikan interpreta daitezke egoera sozio-ekonomiko gehienak. Adibide batekin azalduko dut nire irakurketa egungo garai politikoaz. Mendebaldean bizi dugu arautu gabeko merkatuaren hipertrofia eta gizartearen sakabanaketa indibidualista; horren ondorioz aberastasuna kontzentratu egin da eta elite hauek gaina hartu diete estatuei, zeintzuk ahul baitauden gizartearen sostengua galtzen ari direlako. Korporazio handiek ez dute mugarik onartzen, ez zergarik ordaintzen; dirua, teknologia eta politikoak erabilita, botere autonomo bihurtzen ari dira, kontrol demokratiko gero eta ahulagoekin. Nire ikuspegian, merkatuaren gehiegikeriei aurre egiteko beste bi esparruen aliantza estua behar da, alor publikoa eta soziala lankidetzan behar ditugu interes komunaren defentsan. Kontsumo ohiturak aldatuta eta arauak gogortuta, ahuldu behar ditugu elite diruzaleen botere apetak eta gurdiaren norabidea aldatzen saiatu amildegira iritsi aurretik.

Euskal Herriak ez dauka estatu egitura propiorik, gure erakunde publikoak menpeko dira ondoko estatuekiko, gatazka bortitzak medio. Merkatua ere ez du aldeko izan, oro har, historian zehar. Eta, hala ere, bizirik iraun du herri gisa eta hizkuntza gutxituen eskalan indartsu den hiztun komunitatea daukagu. Bada hori zor diogu neurri handi batean hirugarren hankari: gizarte ekimena ugaria eta ahaltsua da gurean, zorionez. Berezkoa dugu elkartzea eta arazoen aurrean antolatzea, denok hartzen dugu parte mota askotako erakunde eta dinamika sozialetan. Sekulako aberastasuna da energia sozial hori, eta ezinbestekoa dugu biziraupenerako. Gizarte ekimena sendo uztartu behar dugu erakundeen ahalmenarekin, herri garapena lortzeko. Ekuazio hau oinarrizkoa iruditzen zait.

Beraz, ez genuke eztabaida zurrunetan erori behar. Publiko ez den guztia ez da pribatua, ezta alderantziz ere. Soziala edo komunitarioa den esparrua asko interesatzen zaigu herri garapenerako, eta gutxietsi edo borrokatu partez, zaindu egin beharko genuke. Hori bai, erakunde politikoei kontrol zorrotza egin behar diegun bezala, zintzo eta garden jardun daitezen, hala egin behar dugu erakunde sozialekin ere, benetan interes komunari erantzun diezaioten: irekiak izan daitezela, demokratikoak, irabazi asmorik gabeak…

Eta honekin oso lotuta dator bigarren gai potoloa: gobernantza partekatua. Autogestioa sustatzea da lan politikoetan zailena, borondate asko bateratzea eskatzen duelako; baina askotan asmatu dugu. Nahiz eta haizea ez daukagun alde, eta mundua oro har kontrako norabidean doan, ez genuke etsi behar. Hori bai, argi izanda soilik hanka soziala indartzeko eta lankidetza publiko-soziala sendotzeko gai garen neurrian lor genezakeela gurdiaren norabidean eragitea. Hain zuzen horretarako dugu ezinbestekoa esparru partekatuak sortzea, erakunde publikoak eta eragile sozialak parekotasunean jarduteko, gobernantza partekatuan. Gai hau agertu da beste atal batzuetan ere, zeharka bederen; sakonago helduko diot Badalab-en atalean, hor izan bainuen esparru honetan oso bizipen interesgarria.

Azken kontu bat, atal hau scroll etengabe bihurtu aitzin. Tuttologo gisa maiz aldarrikatu dut boto mugikorra; baita praktikatu ere. Telefono finkoa mugikor bihurtu zen bezala, sinisten dut politikarentzat oso bizigarria litzakeela herritarrok gure botoa mugikor bihurtzea. Leialtasuna bai printzipioei eta oinarrizko ideiei, baina ez siglei. Oso mugatzailea da herritarrontzat ‘gureak’ beti defendatu beharra eta ‘besteak’ beti egurtu. Eta oso kaltegarria da alderdi bakoitzak segurutzat jotzea ‘bere’ botoak. Boto mugikorrak ematen du aukera ondo egindakoa saritzeko eta gaizki egindakoa zigortzeko. Eta itzultzen dio boterea hauteslegoari. Gainera, aldaketa egiturazkoek denbora eskatzen duten bitartean, hau hurrengo hauteskundeetan jar daiteke praktikan. Beraz, animo!

02. DONOSTIA

Autobus batek Aldapetako marianisten ikastetxera eraman ninduenekoa, familia ezezagun batekin Grosen bizitzera; trenak nola itzultzen ninduen etxera, tarte laburretarako bederen; bainujantzi itsusi bat, eta buruak eragin ditzakeen amnesiak, gogoratu nahi ez duenean.

Oker ez banago 1961ean izan zen. Donostiako bi marianista agertu ziren Ormaiztegin, Aldapetako ikastetxerako autobus bat behar zutela eta. Pentsatzen dut Migel Mariri zeruko ateak irekiko zizkiola bisitak, niretzat nahi zuen heziketarako aukera ikusi zuenean. Urte haietan hezkuntza publikoa oso urria zen herriko eskola oinarrizkotik harago. Gogoan dut, esaterako, Beasaingo Institutua dezente geroago eraiki zela, eta antzekoa izango zen egoera Donostia edo hiri handietatik aparte. Beraz, hezkuntza publikoaren faltan, ikastetxe pribatuak ziren aukera bakarra ikasbide luzea egiteko, helburua argi eta ahal ekonomikoa zituenentzat.

Marianistekin autobusaren ezaugarriak eta prezioa lotzearekin batera, aitak lortu zuen ni haien ikastetxean matrikulatzea. Horrek esan nahi zuen, noski, Donostian bizi beharko nuela. Baina non, ikastetxeak ez baitzeukan internadurik? Uste dut erantzuna Irundik bueltan etorri zela. Aitak bazituen senideak bertan eta haien lagun bat Donostian bizi zen; bada berari eman zioten enkargua niretzat familia bat aurkitzeko.

Aurkitu zuen familia Gros-en bizi zen, esango nuke Ramon y Cajal kalean Zurriola aldera; orduan kale itsua zen autoentzat, itsaso aldera irteerarik gabea. Senarra taxilaria zen, emazteak etxea gobernatzen zuen, bazen amona bat ere eta suposatzen dut haurrak ere egongo zirela. Baina aurreratu behar dut atal honi dagokionez zulo handiak ditudala memorian, amnesia moduko bat nabaritzen dudala. Atala idatzi ahala, saiatuko naiz aztertzen zergatik ote den.

Kontua da 7 urterekin etxekoak utzi eta Donostian jarri nindutela bizitzen, ezagutzen ez nuen familia batekin. Eta ez bada zinemak oroimena nahastu didala, esango nuke etxean bertan ez zutela tokirik niretzat eta ganbaran jarri zidatela ohea. Ez dakit aurrez ba ote nintzen ume beldurtia, baina ondoren bai, erabatekoa izan naiz.

Marianisten ikastetxea Aldapetan zegoen, eta autobusa -seguruenik Ormaiztegin egindakoa- ibiltzen zen Donostiako kaleetatik ikasleon karreoan. Eraikin eder bat gogoratzen dut, argazki zaharrek lagunduta, baina barruko bizipenik… Ez dakit hilean edo hamabostean behin eskolako notak ematen zizkiguten, eta haien buletinak koloredunak ziren, partxiseko lau koloreetako marrak eta takoak zituzten. Kolore bakoitzak emaitzen maila bat adierazten zuen, eta buruak diosta gorria zela emaitza onenen adierazle. Baina ez dut lepoa jokoan jarriko, arraroa litzateke frankismo betean kolore gorria ezer onaren adierazle izatea…

Ikaskide bakar baten izena datorkit gogora, baina horretaz ere ez nago seguru: eta Donostian haren izena geroztik ezaguna izan denez, nahiago dut gordetzea. Bilaketan ibili naizenean ikusi dut egungo ikastetxeak baduela zaharraren artxibategi bat, itxura batean ni egon nintzen garaiko informazio dezente baduena: ikasleen zerrendak urtez-urte, ikasle fitxak, akta eta argazkiak… Garaiko egunkari batean irakurri dut ni Aldapetan hasi nintzenean bere ikasketak bukatu zituela bertan Antton Olariaga marrazkilari (eta filosofo) txit gorenak. Baina bitxia da, oraingoz ez daukat argi ea ikastetxeko artxibo horietan arakatzen hasi nahi dudan. Buruak ezabatu badu, amnesia terapeutikoa ere izan daiteke.

Oso ondo gogoratzen dut bolada horretan azazkalak jaten nituela, behatz puntak odoletan jartzeraino. Aurreko akordurik ez daukat, beraz baliteke orduan hasi izana lantegi horretan; beste pista bat litzateke nire orduko aztoramenarena. Ez dakit oraingo umeek ere azazkalak jaten ote dituzten, baina orduan ez zen arraroa; eta bazegoen gustu txarreko likido bat ere ‘bizioa’ kentzeko. Niri hamarkadak kosta zitzaidan bulkada kontrolatzea eta, oraindik ere, egoera zehatz batzuetan harrapatzen dut nire burua bekatuan.

Itsaso ondoan bizi nintzen, kalea gurutzatzea nahikoa nuen hondartzan egoteko; bainujantzi bat ere erosi zidaten, agian zaletuko nintzelakoan. Amnesia orokorraren erdian, bainujantzia oso ondo gogoratzen dut: tela latzez egina zen, marroi itsusia, bustitzen zenean sekulako karga hartzen zuen eta luzaro irauten zuen busti. Bestalde, orduko Groseko hondartza txikia zen, itsasgorarekin desagertzeraino; eta, batez ere, zikina zen. Urak hondarretara galipote mordoak ekartzen zituen, eta behin haietako baten gainean eseri nintzen. Nire tela latzezko bainujantzi marroi itsusian (eta nire memorian) betirako geratu zen txapapote itsaskorraren arrastoa.

Asteburu gehienetan Ormaiztegira itzultzen nintzen. Esan beharra dago orduko asteburuak ez zuela zerikusi handirik gaurkoarekin, larunbat goizean eskolak izaten genituen-eta. Hogeigarren mende hasieran sekulako lorpena izan zen enpresetan larunbat arratsaldea jai izatea, ‘larunbat ingelesa’ esaten zioten, han hasi zelako. Gaurkoaren aldean ez zen asteburu luzea, baina etxean 24 ordu ematea opari handia zen niretzat eta azazkalak jaten egoten nintzen larunbata noiz etorriko.

Bidaia trenez gogoratzen dut, eta hainbatetan bakarrik; 7 eta 8 urterekin trenean bakarrik, Donostiatik Ormaiztegira. Larunbat goizetan Donostian baserritarren azoka potentea egiten zen eta Goierri aldetik ere inguratzen ziren saltzaileak. Horiek bazkalondoan buelta egiten zuten trenez, eta haien arrimoan heltzen nintzen ni Ormaiztegiraino. Gogoan dut izeba Manoliren aita Beasainen jaisten zela eta, behin hura jaitsita, nik pasatu behar nuen Salbatoreko geltokia (Beasain apeadero) eta hurrengoan jaitsi. Han etxeko norbait izaten nuen zain. Geroztik jakin dut Ormaiztegiko Mekolakoak ere joan ohi zirela Donostiako azokara; halakoetan etxetik abisua ematen zieten ni ere banentorrela, mesedez adi egoteko.

Bere txarrean, igandeko buelta gozoagoa zen, izeba Katalinarekin egiten bainuen. Karteroneko aitona trenbideetako langilea zen eta familian bazeukaten ‘kilometrikoa’, hau da merke (edo doan, ez dakit) trenez ibiltzeko pasea. Katalina amaren ahizpa ezkongabea zen eta, ‘beste etxean’ bizi zenez, gure ‘beste ama’ izan zen. Igande bazkalondoan biok egiten genuen bidaia Donostiara, Grosen pasiatu arratsaldez eta, trenaren ordua zetorkionean, taxistarenean uzten ninduen penaz. Imajinatu neu.

Noizbaitean amaitu zen ikasturte malapartatu hura. Ostras! Orain arte ez nuen sekula horrela izendatu, seguruenik ez dudalako inoiz orain bezala berritu orduko bizipenen multzoa. Kontu solteak aipatu izan ditut sarri, han eta hemen, baina orain badaramat denboratxoa atal hau idazten, eta atzerabegirako tristura mingotsa ari zait nagusitzen, ez da iristen pozezko sentimendurik Donostiako ikasturteaz. Beraz, gera bedi horretan: malapartatua, eta kitto.

Zalantza bat ere sortu zait orain lehen aldiz: behin hasita, eta txarrena pasatuta, zergatik ez zuen Donostiakoak iraun? Zergatik aldatu zituen Migel Marik planak? Bazuen ordurako Donibane Lohitzuneko hurengo etapa buruan? Hala nik egin nion kale, eta ez ninduen ondo ikusten? Ez dut gogoratzen ea eskolan nota onak lortzen nituen ala ez (hori ere ez); bestelakoan imajinatzen dut ez nuela poz handirik transmitituko, barrenean ez baneukan. Honezkero ez dut jakingo zer gertatu zen, baina bapatean bitxia egiten zait galdera hauek lehenago sortu ez izana.

Donostiara itzuli izan naiz, batez ere lanera. Kutxako zerbitzu zentraletan eta fundazioan bost urte eman nituen; gero Aldundian ia beste bost, erdiak karguan eta beste horrenbeste ondorengo lankidetzetan. Hamar urtez Donostiara ia egunero joan-etorrian ibili arren, ez diot hiriari maitasunik.

Horren atzean egon daitezke hainbat arrazoi. Alde batetik, ez naiz hiri-zalea, uste dut akats galanta dela planetaren eta komunitateen ikuspegitik pilaketa urbanoa neurrigabe sustatzea, eta horrekin indibidualismoari, kontsumismoari eta beste hainbat joera kaltegarriri bide ematea. Euskal Herrian posible zen lurraren antolamendu orekatuagoa, helburu horretan tematu izan bagina; baina amore ematen ari gatzaio inertzia kapitalistari eta aukera galtzen ari da. Donostia ez maitatzeko beste arrazoi bat izan daiteke kultura industrialaren eragina. Gure etxean fabrikak ziren ekonomiaren zutabeak, haietan sortzen zen aberastasuna; zerbitzuak, administrazioa… lagungarri bai, gehiago edo gutxiago, baina industria zen motorra. Ni lana-makina kulturaren semea naiz, eta joera izan dut gutxiesteko itxuraren erresuma, dena farfaila edo lausengua delakoan. Eta arazo hori ere , itxurakeriarena, hirietan askoz garatuago ikusten dut komunitate txikietan baino. Donostian, esaterako. Edota bereziki.

Horiek lirateke arrazoi kontziente batzuk. Baina atal hau idazterakoan ohartu naiz gipuzkoar hiriburuarekiko dudan uzkurtasunak izan ditzakeela erro luzeagoak ere, nire haurtzaroko bizipen mingarri haietaraino iristen direnak.

25. NEKAZALTURISMOA

Mahastizaintzari nekazalturismoa erantsi eta Fatima ogibidez emakume baserritar bihurtu zenekoa; gurean baino gurekin bizitzeko aukera; bisitariekin harreman laburrak eta sakonak; eta hizkuntza askoren artean, euskara beti presente, pizgarri.

Esteñibar zaharberritzeko orduan ez genuen nahikoa diru izan etxe osoari heltzeko eta zati dezente bat geratu zitzaigun konpondu gabe. Behin Kutxan lizentzia hartuta, pentsatu nuen momentua zela zor hori kitatzeko. Baneukan buruan eskema bat -oso lege zaharrekoa- bizitzaz eta ondareaz: ahal izanez gero, bizitzaren lehen zatiak balio behar zuen ondarea metatzeko, zahartzaroan lasai egoteko neurrian; eta zahartzaroa berriz izango zen ondare hori jaten joateko garaia. Zorte pixka batekin, ondarerik gabe jaio eta ondarerik gabe hil. Ez naiz herentzien aldekoa, uste dut areago kalte egiten dutela mesede baino, oro har.

Eskema horretatik abiatuta, pentsatu nuen Esteñibar osatuta amaiera ematea metatze faseari, eta gero gerokoak. Kutxako azken urteetan soldata oso ona jasotzen nuen eta horren aurrezkia etxean inbertitzea erabaki genuen. Hau izan zen plan berriaren lehen osagaia.

Bigarrena zen Fatimaren egoera. Ni Kutxatik libratu eta nahieran bizitzeko moduan nengoen, baina bera ikastolan 35 bat urtez jardunda nahikoa ‘gastatuta’ zegoen irakaskuntzarako. Hain egoera desberdinetan, nekez biziko ginen elkarrekin eroso; orduan berak eszedentzia eskatu zuen. Baina horrek esan nahi zuen ez zuela diru sarrerarik izango; eta bere belaunaldiko emakumeak aitzindari izan zirenez masiboki lan ordaindua egiten, ez zitzaion balekoa soldata propiorik gabe bizitzea. Jarduera ekonomiko eramangarri bat behar zuen.

Eta hirugarrena zen etxe handiarena. Esteñibar guk behar genuena baino askozaz handiagoa zen, eta zaharberritzerakoan etxearen handiak zorra handitu egin zuen. Horregatik aipatzen genuen gure artean etxeak berak lagundu behar ligukeela zorra ordaintzen. Nola? Ba mahastizaintza jarduera bagenuenez, nekazalturismoa eranstea zen aukera garbi bat. Hartara, mahastizaintza eta nezakazalturismoa elkartuta, lanpostu bat sortu genuen Fatimarentzat, bere autonomoak ordaindu eta diru sarrera propioak izan zitzan. Soluzio bikaina izan zen, emakume nekazari gisa hartu baitzuen erretiroa, ikastolara bueltatu beharrik gabe.

Beraz, Esteñibar bukatzeko obrak egokitu genituen nekazalturismoaren beharretara. Gela bakoitzak bere komuna izango zuen barruan, egongela bat sortu genuen propio bisitarientzat, eta saiatu ginen dekorazioa ere erakargarria izan zedin. Lanak amaituta, hiru gela eder atera zitzaizkigun alokatzeko; baina ganbarakoak ez omen zituen betetzen araututako altuerak eta lizentziatik kanpo utzi behar izan genuen. Bi gelekin egin genuen aurrera 2012ko hasieran.

Negozio ereduari buruz, hausnarketa bat egin genuen. Elorrion bazeuden beste hainbat nekazaletxe, gelak alokatzen zituztenak merkatu prezio arruntetan; guk ez genuen haiekin lehian sartu nahi. Biok etxean egonda, denbora geneukan libre eta gustuko genuen jendearekin egotea; gainera atzerriko hizkuntza batzuk ere manejatzen genituen, gutxi-asko. Eta pentsatu genuen zerbait berezia eskaintzea: gurekin bizitzeko aukera. Ez soilik gurean egotea, baizik eta gure bizitzaren parte izatea, bisitariak nahi zuen neurrian. Gu bidaiari izan garenean, bidaia bat berezia bihurtu da txiripaz-edo bertako norbaitekin konektatu dugunean, ohiko turismoaren azala apur bat urratu eta barrurago sartzeko aukera eman digutenean. Ba gure asmakizuna izan zen txiriparik gabe, zuzenean aukera hori ematea. ‘Viure amb bascos’ jarri genion leloa webguneari, ‘Living with basque people’. Eta bertan eskaintzen genituen hainbat aukera: mendi ibiliak, herriko bizitza, museoak edota hiriak bisitatzea, etxean berriketan eta mahastian lasai ibiltzea, edota bisitariek nahi zuten beste edozein plan. Beti ere, guk lagunduta haiek nahi zuten neurrian eta doinuan. Noski, gure dedikazioak prezio bat zeukan eta ezarri genituen tarifak dezente altuagoak ziren nekazaletxe ohikoenak baino; horrela ez genien haiei lehiarik egiten.

Beste galga bat ere jarri genuen. Gure denbora bisitariekin ematekotan, ezin genuen batera plan bat baino gehiago egin. Hau da, behin erreserba bat jasotzen genuenean (nahiz gela bakarrekoa izan) nekazaletxea beteta zegoen.

Lau urtez iraun zuen esperientziak eta zoragarria izan zen. Zinez uste dut hedatzeko moduko estrategia osagarri bat dela, turismo kontrolatua eta humanoa sustatu nahi badugu. Formalki ere azaldu genizkion Jaurlaritzako Turismo sailari gure esperimentua eta aurkitzen ari ginen aukerak; baina orduan eta orain, turismoan arrakasta neurtzeko adierazle nagusia urtez urte kopuruak igotzea da, eta ez ziguten kasurik ere egin. Gurea ez zen hori. Jendea tantaka etorri zitzaigun, behar genuen neurrian; ze bisita bakoitzak asko eskatzen zigun eta denek utzi zuen arrastoa gugan. Batzuk nabarmenduko ditut, hain zuzen utzitako arrastoa sakonagoa izan zelako.

Gure lehen bezeroak Bäerschi suitzar bikotea izan ziren. Semea zeukaten Erasmus egiten Mondragon Unibertsitatean, eta Joxe bertako irakaslea izanda mahats-biltzera gonbidatu zuen Esteñibarrera. Mutilak hain gustura pasatu zuen eguna, pentsatu zuela gurasoak bisitan etorraraztea gure etxera. Udazkeneko eguraldi ederrarekin iritsi ziren, hiruzpalau egunetarako. Gure adin bueltako bikote adeitsua zen eta oso gustura hartu genuen elkar. Haien artean alemanez egiten zuten, baina gurekin bitxia zen senarrak nahiago zuela ingelesez egitea eta emazteak frantsesez. Besteak beste oso mendizaleak zirenez, txango gogoangarria egin genuen Arantzazura, eta handik oinez Urbiara; fonda aurrean eguzki gozotan bazkaldu genuen: entsalada, arrautza parea txorizoarekin, sagardoa, gazta, kafea eta buelta. Suitzan ere bazuten mendi ederrik, baina txundituta geratu ziren gurearekin.

Azken egunean elkarrekin gosaldu eta bazihoazen. Gauez euria egin zuen eta goizean gure etxeko atean eguzkiak sortu zuen inoiz ikusi dudan ortzadarrik osoena eta ederrena. Gosaria utzi eta mahaitik jaikiarazi nituen esanaz despedidarako sorpresa bat prestatu geniela; eta ate aurrean marabilla hura ikusi zutenean… ufa! Peter-ek argazki panoramikoa ezin -hurbilegi zegoen nonbait- eta zatika atera zuen ostarkua (gero Suitzan ordenagailuan integratu eta argazki ikusgarria bidali zigun). Hunkituta eta malko artean esan genion agur elkarri.

Kasu berezia izan zen baita ere Llamas familiarena. Paco Leonen jaioa zen eta umetan Elorrioko frailetan ikasitakoa. Bi alaba helduren aita zela Valentzian, haur garaiak haiekin berpiztu nahi izan zituen eta Elorriora etorri ziren egun batzuk ematera. Lagundu genion bere ikaskide ohiak eta haurtzaroko parajeak bilatzen, eta horrekin hurbiltasun berezia sortu zen gure artean. Alabetako batek bere blogean idatzi zuen serendipia behar zela izan haiek Elorriora ekarri zituena, eta orduan ikasi nuen nik hitzaren esanahia. Harrezkero sarri itzuli ziren formatu desberdinetan -alaben bikoterik ere ezagutu genuen- eta, egindako bisiten artean, Paco sindikalista komunistarentzat ahaztezina izan zen Gallartara egin genuena, Pasionaria-ren jaioterrira, eta hango meatzen museora. Haiekin harremanetan jarraitzen dugu oraindik.

Urte berean etorri ziren Spikedrivers taldekoak ere, Constance, Ben eta Maurice. Blues oinarriko musika talde bat zen, eta kontzertu-biran zetozen Lisboan azkena emanda, handik lau bat egunera beste bat Gasteizen emateko. Hauek ere gure adin bueltakoak ziren, eta trotearekin nekatu samar zeuden, beraz manager-ak gurean utzi zituen atseden hartzeko. Eta baita haiek hartu ere! Zenbat lo, zenbat barre, nolako otorduak eta whisky zurrutadak! Ez zeuden asko ibiltzeko, baina Elorrioko paraje eder batzuk ikusi genituen; eta, batez ere, Esteñibar gozatu zuten ikaragarri: mahastian lan pixka bat, arbolape batean entsegua, mahai bueltan berriketaldia. argitasuna, bakea… Haien webgunean Esteñibarren argazki bati oin hau jarri zioten hitzez-hitz: “Esteñibar, our three-days-house in heaven (gure hiru eguneko etxea zeruan)

Joan bezperan bapatean esan ziguten egonaldi zoragarria eskertzeko kontzertu pribatu bat emango zigutela, Belengo estalpearen antza zeukan etxeko atarian. Han jarri zuten Maurice-n bateria, alfonbratxo baten gainean, Constance-n anplifikagailua baixuarentzat, eta Ben libre kitarra akustikoarekin. Izar eta ilargipean eta dozena bat entzulerentzat, han eman ziguten kontzertu gozoa, begietara begirakoa, ahaztezina. Eta diska bikoitz bat ere oparitu ziguten, Scary a vasca esaldia eskuz idatzita (ikus bideoa). Haiek hura Eskerrik asko irakurtzen zuten.

Orduan sortu zen ideia: hurrengo egunean Gasteizko kontzertuan euskaraz hitz egingo zuten. Eta prestatzen hasi ginen: haiek esan beharrekoa ingelesez esan, guk euskarara itzuli eta esan, gero haiek hura idazteko haien arau fonetikoen arabera. Nahikoa barre egin genuen!

Hurrengo egunean, nola ez!, haiekin joan ginen Gasteizera. Fallerina lorategian zuten kontzertua eta jende asko bildu zen. Sarrera euskaraz oso txukun egin zuten, eta jendeak sekulako txalo zaparrada jo zien. Ez dago esan beharrik zenbateraino geunden gu pozik. Kontzertua oso ondo joan zen, Esteñibarren intimoa izan zena han indartsu jo zuten, eta ondoren mokadu bat elkarrekin eginda besarkada luze artean agurtu genuen hirukoa. Ukituta oso, beste behin.

Zerrenda errepasatzen, Kelly Luscombe nabarmendu zait. Amerikako Estatu Batuetatik etorri zen, Chris Bea senarrarekin, jatorri bizkaitarreko enpresaria berau. Sarri etortzen ziren Euskal Herrira, eta kasu honetan Elorriora etortzeko arrazoia izan zen Xarnege musika taldearen emanaldi bat; oso zaleak ziren haien musika euskal-okzitaniar hibridoarena. Eta Elorrion geratzeko ostatu bila hasi zirenean, Kelly-k esan zigun webgunean aurkitu zuen arteak harrapatu zuela, bera artista plastikoa baitzen, besteak beste. Egia esan, webgunean diru dezente eta denbora asko inbertitu genuen; eta guk nahi genituen bezeroek estimatzen ziguten ahalegina.

Izan genituen bisitari ilustreak ere: Joxe Mari Porrotx, Kepa Junkera edota Marcos Eguren ardogilea, esaterako. Xelebreak ere bai, txakurzale alemaniar bat auzoko txakur-eskolara etorritakoa; Mike Pinkepank zuen izena eta, gaitzizena badirudi ere, kreditu txartelak hori bera zioen.

Seguruenik poz handienetakoa eman ziguna izan zen Annie eta Xavier-ena. Australiarrak ziren, itxuraz asiatikoak eta Hong-Kong-en bizi ziren. Gure beste bisitari batzuren antzera, Etxebarri jatetxe ospetsura zetozen turismo gastronomikoan, eta lotarako Esteñibar aukeratu zuten. Hartatu genituen eguerdian etxean, lagundu genien Axpera eta iluntzean zain egon gintzaien. Egia esan, Llamas valentziarrak ere bazeuden gurean, baina bisitari berriek gurekin egon behar handirik ez zutenez, ez genuen bateraezintasunik ikusi.

Kontua da Annie eta Xavier iluntzean etxera itzuli zirenean, mahai bueltan aurkitu gintuztela dozena erdi bat lagun, mokadua egiten eta berriketan, aldarte onean. Gurekin esertzera gonbidatu genituen eta haiek pozik onartu. Eta elkarrizketa jariotu zen heinean jakin genuen haien bizimodu profesionalaren gogorraz, merkatu kapitalistaren eta txinatar inperioaren baturaren menpe. Kontatu ziguten lan profesionaleko lehen urteetako presioak zenbat jenderi eragiten zioen gaixotasun fisikoa ala mentala, eta sarritan suizidioa. Haiek faserik gogorrena pasatua zuten, hasita zeuden oporrak izaten (urtean 15 egun) eta gurean zeuden 10 egunetan gure 10 jatetxe onenak probatzeko planarekin. Ikuspegi azeleratu horrekin guri begira jarri zirenean, flipatu egin zuten: lasai bizi ginen, hitz egiteko astia geneukan, barre egiteko beta ere bai… Esan genien saiatzen ginela bizipoza praktikatzen, bizitzaren alde onei zukurik handiena ateratzen. Eta ondo ikasi zuten hitza, bai horixe!

Hurrengo goizean gosaldu eta alde egitekoak ziren, baina aipatu genien Urkiolamendira igotzeko asmoa geneukala valentziarrekin, eta nahi bazuten… Ba han joan ginen denok Urkiolatik gora, behi, behor, haitz, eguzki eta txori kanta artean. Eta gure bikote asiarra ahoa eta begiak zabalik, dena irentsi nahian, argazkietan oroitzapenak gordetzeko. Hamabitako gozoa egin genuen eta etxera bueltan trasteak jaso eta han joan ziren bigun-bigun, programatutako hurrengo jatetxera, autoaren lehiotik buruak atera eta “bizipoza, bizipoza” oihukatuz. Handik astebetera, etxera itzuli berritan, mezu luze eta eder bat idatzi ziguten, bizi-ikuspegia aldatu zien topaketa hura eskertuz.

Arrasto ederrak utzi dizkigu bihotzean nekazalturismo aldi hark. Eta guk bisitariei gutxienez erakutsi genien badela munduan euskaraz bizi den jende adeitsua. Kike Amonarriz-i bideoan azaldu genion bezala, euskaraz interes erantsia baitaukagu, baita turistentzat ere.

22. KUTXA ZENTRALA

Lanean konforme ez eta Kutxatik alde egiteko prestatu nintzenekoa; eta nola horren ordez ate berri bat ireki zitzaidan bertan, ohiko moldeetatik mugiarazi ninduena: palazioak, gorbatak, hierarkiak, goi politika…

Goiena sortzeko eszendentziatik bueltan euroaren ezarpena tokatu zitzaidan Kutxan, 2002ko hasieran. Sekulako txolopotea geneukan egunero bulegoan, lan ohikoei txanpon aldaketa metatu zitzaielako. Baina nire arazoa ez zen lanez gainezka egotea, baizik eta lanean gustura ez aritzea. Bulegoan gero eta garrantzi txikiagoa ematen zitzaion lehiatilako arretari eta nik horretan iraun nahi nuen, lan komertzialean katramilatu gabe. Bulegoko nagusiarekin eta erakundearen lan filosofiarekin sintonia eskasa neukanez, bezeroekin eta lankideekin saiatzen nintzen tarte atseginak sortzen.

Egoera horretan nengoela abiatu zen Kutxako langile euskaltzaleen ekimen bat, erakundean euskarari bultzada emateko. Ziklikoa zen, eta lehenago ere ibilia nintzen halakoetan. Hasi ginen bilerak egiten, taldetxo bat egonkortuz joan zen, eta aukera ikusi genuen zderbait egiteko. Izanari izena jartzeko orduan nik proposatu nuen Simetria deitzea taldeari. Kutxaren baitan hizkuntzen arteko simetria lortzea sekulako aurrerapena izan zitekeen euskararentzat, eta aldi berean fokoa irekitzen genuen euskararen sustapenetik hizkuntza kudeaketara. Zalantzak izan ziren, baina izena onartu zuen taldeak. Egoeraren analisia testu labur batean idatzi eta bilera eskatu genion Giza Baliabideen zuzendariari, Carlos Ruiz-i. Monitore ibili nintzen garaian Carlos Trebakuntza Zentruan ari zen, eta estimatzen genuen elkar. Carlosekin bilera ondo joan zen eta harremanetan jarraitu genuen.

Hala ere, bulegoko egoera gero eta gogorragoa zitzaidan eta pentsatzen hasi nintzen Kutxa uztea. Ezer erabaki aurretik, ordea, Carlosi bilera eskatu nion eta aukera posibleez galdetu, baina Esteñibarreko zorra oso handia zen eta ez genuen aukerarik ikusi. Berari, ordea, beste argiren bat piztu zitzaion, ze handik gutxira Kutxa zentralera joatea proposatu zidan, bere arlora. Behin han, elkarrekin hainbat egitasmo perfilatu genituen , eta 2006ko amaieran Kutxak izendatu ninduen Hizkuntza Plangintzaren eta Barne Komunikazioaren arduradun.

Niretzat erronka handia zen. Ordura arte, gizarte ekimenetan aritua nintzen; ardura postutan sarri eta erakundeekin harremanetan beti, baina botere instituzionalaren beste aldean, nolabait esatearren. Carlosek aurrean jarri zidan erronka zen boterearen sareetan mugitzen hastea, nire eta gure helburuak aurrera eramateko. Arrisku bat behintzat bistakoa zen, alegia, sarean harrapatuta geratzea helbururik lortu gabe. Baina ordurako banuen konbentzimendu argi bat: gizartean euskararen posizioa izango da euskaltzaleok hartzen dugunaren araberakoa; eta alferrikakoa da hizkuntzarentzat gailurra aldarrikatzea, geu ez bagaude prest igoeraren arriskuak hartzeko eta peajeak ordaintzeko. Banituen 40 urte paseak, egurkada batzuk hartuak, gaitasun batzuk landuak, eta aukera zetorkidan mutur parera. Zer egingo nuen ba? Aurrera bolie!

Zentrala ekosistema arrotza zitzaidan eta, eskarmentu batzuk banituen arren, ikuskizun zegoen ea horiekin gai izango nintzen aurrera egiteko. Probintziatik iritsi berria nintzen, ez nituen palazioko trikimailuak ezagutzen, ez nintzen inor. Lanpostua bera ere berria zen, bi funtzio eta bi lantalde txiki biltzen zituen, ordura arte aparte aritutakoak. Eta, aldi berean, Intranetaren kudeaketak lankide guztion bistan jartzen gintuen uneoro, ez zen preziso sail diskretua.

Komunikazioko taldea handixeagoa zen eta bazuen eguneroko jardunaren inertzia; hor errazago egin zitzaidan lehengo martxari eustea eta berrikuntzak patxada apur batekin lantzea. Hasieran behinik behin. Ze Intranet berrian bazegoen foro bat irekia langileentzat eta urte horietan Kutxa ari zen Espainian sekulako hedapena gauzatzen. Nire zoritxarrerako, une batetik aurrera petralkeria hasi zen tantaka foroa kutsatzen eta akordatzerako gaur egungo sare sozialetan ohikoa den zaborra nagusitu zen gure laneko tresnan. Saiatu ginen kanalari eusten eta sekulako lana egin behar izan genuen goizero foroaren kaka-jarioa moderatzeko, emaitza erdipurdikoekin; baina azkenean zuzendaritzak erabaki zuen foroa deuseztea. Haren ordez bost blog sektorial sortu genituen: trafikoa murriztu zen eta zaborra amaitu. Ez da txorakeria, badira ia 20 urte uholde digital toxikoak sufritzea tokatu zitzaidala; horregatik seguruenik gaur Mastodonen bakarrik agertzen naiz noizbehinka.

Komunikazioan bainoagoa, hizkuntzaren esparruan eskatzen zidan Carlosek jauzi esanguratsu bat , eta hartara jarri nintzen bete-betean. Lehen lana izan zen nire posizioa sendotzea, jakinduriaz eta harremanez. Beti ekintzan ibilia nintzen, eta orduan deskubritu nuen soziolinguistika, UEUren Larraonako ikastaro batean. Horrekin batera, palazioa partekatzen zuten Kutxa eta Aldundiaren arteko lankidetzaren baitan ezagutu nuen, besteak beste, Joxean Amundarain, geroztik ezinbesteko erreferente eta lagun dudana. Lankidetza horretan sortutako konfiantzek eramango ninduen Aldundira 2015ean.

Etxe barruan lehentasuna eman nion erakundea ezagutzeari: non hartzen ziren erabaki handiak eta ez hain handiak, nola argudiatzen ziren proposamenak, zeintzuk zuren balio totem-ak, non eragin behar zen gauzak gerta zitezen… Oraintxe Arantza Urretabizkaia zahartzaroarekin bezala, niretzat terra incognita zen Kutxa lurraldearen mapa geografiko eta sozio-funtzionala egiten aritu nintzen.

Urte betera lanak aurreratu samar neuzkan eta gai sentitu nintzen BAT soziolinguistika aldizkarian egindako ibilbidea azaltzeko, artikulu honetan (BAT aldizkariaren 65. alean argitaratu zen artikulua; artxiboan, ordea, izenburua ondo badago ere, nire beste artikulu bat dago zintzilikatuta. Horregatik, izkribu orijinala berreskuratu dut hemen jartzeko). Egitura oso konplexua zen Kutxa eta arlo/ildo askotan eragin beharra zegoen aldi berean. Artikuluan azaltzen dira xehetasunak; horiez gain une gogoangarri batzuk nabarmenduko ditut.

Lehena lotzen da Hizkuntza Politika Orokorra onartzearekin. Ordura arte arau soltez kudeatzen zen hizkuntzen esparruari, plangintza oso eta koherente bat emango zion dokumentua ondu genuen. Lanak aurreratuta zeuden ni iritsi orduko, eta azken moldaketekin batera salmenta-lan batzuk egin nituen plana onartu behar zuten goi karguen artean. Azkenik, Zuzendaritza Batzordera eraman ninduen Carlosek HPO defendatzera, traje eta gorbata txukunenak jantzita. Carlosen esaldia zen “euskarak gorbata gehiago behar ditu”. 2006tik hona gorbata gutxiago erabiltzen da oro har, baina esanahiak hor dirau: harreman komertzialetan, nori saldu behar zaion, haren moldeetara hurbildu, izan trajea ala hizkuntza. HPO erosi egin zuen Kutxako zuzendaritzak. Eta zuzendarietako batek aipatu zuen: “Oso plan gihartsua da, ez daukagu arlo guztietan halako palanka potenterik”. Hasiera ona.

Kutxaren kartografia egiterakoan ohartu nintzen Alor Teknikoak pisu handia zuela, egitura teknologikoarekin bat ez zetozen proposamenek ez zutela aurrera egiten. Eta alor horretan aurkitu nuen talde gidari bat oso lagunkoia, tartean ale batzuk euskaltzale petoak ere bai. Alor Teknikoarekiko harremana bereziki zainduta lortu genuen gure proposamenak eramatea erabakiguneetara arduradun teknologikoen onespen eta bulkadarekin. Berme hori lortuta, seguru samarra zen aurrerabidea.

Beste elementu bat oso eraginkorra izan zen Kutxaren ospe korporatiboa. Zuzendaritza oso adi zegoen ea gipuzkoar gizarteak nola ikusten zuen lurraldeko finantz-erakunde nagusia, eta zorrotz zaintzen zuen bere ospearen bilakaera. Hori ikusita, hitzarmengintza prozesu bat abiatu genuen gipuzkoar eskualdeetako udalekin, elkarrekiko harremanetan eta herrietako zerbitzuan euskarari bultzada emateko. Lehen eskualdea Buruntzaldea izan zen, eta ez daukat ahazteko sinatze-ekitaldia Kutxaren areto nagusian, Andia kalean. Sinatzaileen artean baziren EAJ, Bildu eta PSEko alkateak, EAJko foru diputatua eta Kutxako presidentea, eta ikusleen artean Kutxako zuzendaritza ia osoa, eta dozenaka zinegotzi, teknikari edo herritar. Ekitalde harekin, nire konfiantza areagotu egin zen eta baita proiektuaren sinesgarritasuna.

Zorioneko txiripa bat ere izan genuen bidean, Jaurlaritzako HPSk orduantxe aurkeztu baitzuen LanHitz ekimena, eta bere baitan Bikain ziurtagiria. Kutxa ari zen aurrez EFQM ereduaren arabera bere kudeaketa hobetzen bikaintasunaren bila, eta euskararekin gauza bera egitea oso naturala egin zitzaion. Txundituta ikusi nuen nola mobilizatu zen zentraleko organigrama osoa, arloetako zuzendari guztiei zegokielako auditoritza pasatzea eta erantzukizuna hartzea. Zerbitzu zentraletan zilar maila aitortu ziguten, eta lehen finantz-erakundea izan ginen bide horretan; baina benetako emaitza bikaina izan ziren bisita aurreko prestaketa, auditoritza bera eta ondorengo ardura partekatzea. Arduradun guztiek bereganatu zuten hizkuntzena haien arduren artean.

Bazen gune bat Kutxan pertsonengan eragin handia zuena: Trebakuntza Eskola. Harrera ikastaro askotan tokatu zitzaidan sartu berriei Kutxaren hizkuntza politika azaltzea eta hasieratik eskatzen genien profesional bikainak izatea bezeroak nahi zuen hizkuntzan, horretarako euskararen hanka bereziki indartuta. Eskolan lantzen ziren baita ere langile bakoitzak bere ibilbide profesionalean beharko ziten gaitasunak, eta hor ere txertatu genuen hizkuntza-aldagaia. Beste pieza garrantzitsu bat.

Osagai asko bilduta lortu genuen hizkuntzen plangintza eta kudeaketarako sistema oso bat eraikitzea, langileen hautaketan hasi eta bezeroaren azken premia ere kontuan hartzen zituena, tartean trebakuntza, produktuen diseinua, laneko harremanak eta kanpo komunikazioa landuta. Nire hitzetatik harago, Carlos nagusiak oso argi azaltzen du gure ikuspegia elkarrizketa honetan.

Gustura eman nuen Kutxan aldi hau, besteak beste nire ideologiaren oinarriarekin sintonia bazuelako. Aurrezki kutxak erakunde publikoek sortu zituzten, hiriburuetako udalek kutxa munizipalak eta Aldundiek probintzialak. Banku pribatuen sistema nagusiki fortuna edo negozio handiei bideratuta zegoen bezala, kutxen eginkizuna zen herritarrei aurrezteko bideak, mailegu irisgarriak eta zerbitzu oinarrizkoak eskaintzea. Horien artean oso adierazgarria da bahitetxe-zerbitzuarena: familia bat larri zegoenean ondare bat bahitzen zuen (enpeñatu) diru bat lortzeko eta ahal zuenean berreskuratu zezakeen. Sortzezko bokazio horren ondorio zen nik Kutxari ezagutu nion gobernantza: 100 ordezkarik osatzen zuten organo gorena, Batzar Nagusia; horietatik 10na zegozkien Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Aldundiari, Kutxa Munizipalaren eta Probintzialaren sortzaile gisa; beste 30 Gipuzkoako udalei, biztanleriaren arabera; 43 ziren bezeroen ordezkariak, zozketaz aukeratutako konpromisarioen artean hautatuak; eta azken 7ak zegozkien langileen ordezkariei. Gaur oraindik ez dut imajinatzen banku publiko batentzat gobernantza formula askoz egokiagorik. Gainera, Bizkaian, Araban eta Nafarroan baldintzak antzekoak ziren, eta lau euskal kutxen Federazioa ere existitzen zen.

Hitz guztiekin esan behar da, Kutxetan ez zegoen akziodunik ez eta dibidendu pribaturik ere. Urteko mozkinen zati bat erakundea kapitalizatzeko erabiltzen zen eta soberakina gizarte ekintzaren bidez herritarrei banatzen zitzaien. Badakit eskema honen funtzionamenduak gabeziak eta arrakalak izan dituela, baina aldarrikatzen dut aurrezki kutxak izan direla banku publiko izaeratik hurbilen geneuzkan egiturak; eta deitoratzen dut nola herrigintzan gutxietsi egin ditugun, banku pribatuen zaku berean sartuta, banku publiko funtziora bultzatu partez.

Estrategia falta hori agerian geratu zen finantza-sistema trinkotzeko olatua sortu zenean, 2000ko hamarkada amaieran. Elkar irensten hasi ziren bankuak, argudiatuz tamaina handia ezinbestekoa zela irauteko, eta zurrunbilo horretara eraman zituzten kutxak ere, haien etorkizunaz estrategia propio bat lantzeko astirik ere eman gabe. 2008an barrutik bizi izan nuen Bizkaiko eta Gipuzkoako kutxen bategiteko ahalegina. Araban PPk agintzen zuen Vital-en, eta ez zuen bategiterik nahi, baina beste bien artean akordioa erdietsi zen, Arabari atea zabalik utzita. Eta Bizkaia izan arren ia Gipuzkoa halako bi, boterea banatzeko tratuan Bizkaia izango zen %60, eta Gipuzkoa %40. Bizkaiak onartu zuen bategitea, baina Gipuzkoan sortu zen kontrako fronte kurioso bat, besteren artean ‘arrain handiak txikia jan’ salatzen zuena, eta Batzarrean bi hereneko emaitza kolokan jarri zuena. 100 botuen kontaketaren amaieran bategitearen alde 63 egon ziren… eta 67 behar ziren. Pikutara akordioa!

Nik ez daukat garbi ea bategitea derrigorrezkoa zen, edo ba ote zegoen beste biderik. Baina agerikoa zen kontrakoen artean ez zegoela alternatiba argirik, eta nire ustez herrigintza izan zen galtzaile nagusia zapuztutako prozesu hartan. Baina hori hurrengo atalean garatuko dut.

Izan ere, 2009ko hasieran Kutxan bertan eta Carlosen eskutik beste tren bat pasatu zen nire ate aurretik eta beste abentura bat hasi zen, atal berezia eskatzen duena. Hemen esandakoak errematatzeko, Bat Soziolinguistika aldizkarian urte bete geroago argitaratutako beste artikulu bat dakart, aurrekotik bilakaera nabarmena erakusten duena. Oso harro nago Kutxan hizkuntza kudeaketarekin egin genuenaz, nahiz geroko bategitean guk eraikitakoa pikutara bidali zuten. Hurrengo zerbait ganorazkoa egin nahi duenak, antzeko iblibidea egin beharko du.

07. ORIO

Kanpina, Txirla, lehen lagun-talde benetakoa, Orioko zubitik palakadak neurtzen, estropada balandrotik, goizaldean mundua konpontzen, euskaraz natural, hitanoa bai baina…

Aurrez ere iritsia nintzen Oriora, baina mirotz herriak lehen arrasto sakona utzi zidan Ormaiztegiko lagun talde batek kanpinean egin genuen egonaldian. Nik 14/15 urte izango nituen, ordurako denbora asko emana nintzen herritik kanpo eta ez zen ohikoa opor planak haiekin egitea, baina noizbehinkza suertatzen zen. Euskal Herrian kanpinak hasita zeuden martxa hartzen, batez ere atzerritarrekin, eta norbaiti okurritu zitzaion probatu egin behar genuela. Dendarik ez, eta uste dut Beasaingo La Sallen eskatu/alokatu genituela; nola edo hala antolatu, eta han joan ginen hamar bat egun pasatzera.

Taldekoon gurasoak, oro har, ez zien asko fio gutaz; horren adierazgarri da egonaldiko igandean txangoa antolatu zutela gu bisitatzeko, eta etorri zirela garbantzu lapiko handi batekin. Badaezpada. Guk jan egiten genuen, baina gehiago parranda. Sekulako askatasuna sentitzen genuen kanpinean, atzerritarrez inguratuta, eta Oriok bazeukan orduan puntu hippy polit bat, liluratu gintuena. Nire imajinarioan herria goi-goian geratu zen egonaldi haren ondoren.

Handik pare bat urtera, aitak Madrilen lortu berri zuen lana eta familia hara mugitzeko logistika prestatu zuen. Bera urte hasieran hasi zen han lanean, hotel merke batean gela hartuta, eta familiarentzat pisu egoki bat bilatzeari ekin zion. Hura aurkitu zuenean, Ormaiztegirako bidaiak baliatzen zituen trasteak eramateko, autoa goraino kargatuta. Horri esker, uda parterako Ormaiztegiko etxea libratu samar zegoen, eta posible izan zen hango egurrezko altzariak Beasaingo Eskisabelen aroztegira eramatea txukuntzeko, gero handik zuzenean Madrilera garraiatu eta etxean muntatzeko. Horretarako, ordea, guk etxetik kanpo behar genuen eta aitak Orion alokatu zuen pisu bat, udako bi hilabete han eman genitzan. Hain ondo pasatu genuen uda hura Orion, beste hainbat urtez itzuli ginela familian, eta baita bakarka ere.

Bagenituen bertan lehengusu txikiak eta haiek erraztu ziguten sarbidea herrian. Niri dagokidanez, lehen harreman zirkulotan bazegoen herriko jendea, baina baita beraneanteak ere, eibartarrak eta madrildarrak. Haiekin Zarauzko Euromarrera joaten ginen, eta han maitemindu ginen Simon & Garfunkel-en Bridge Over Troubled Water diskoaz. Taldean bazegoen neska madrildar bat, aita norvegiar diplomatikoa zuena. Gurekiko estralurtar bat izan zitekeen, baina neska jatorra zen, eta konfiantza polita sortu zen berarekin. Behin nerabe arteko elkarrizketa sakon horietako bat izan genuen eta amaieran Cristina norvegiarrak pribatuan aholkua eskatu zidan bere bizitza egoki bideratzeko. “Segurtasun handia daukazu, oso argi ikusten dituzu gauzak” esan zidan. Eta bapatean kontzientzia hartu nuen sortzen ari zitzaidan azalarena, barnean zalantzaz josita sentitu arren, ingurukoen bistan nortasun sendoa ematen zidana.

Hamasei urterekin bizar duin bat uzteko moduan egon nintzen eta horrek areagotu egiten zuen nire itxurazko heldutasuna; 20 urtetik gora botatzen zidaten 16 besterik ez neukanean. Egia da Donostia, Donibane Lohitzune eta Nonantolako egonaldiekin, gehi aitaren eskutik izandako harreman helduekin, adinari zegokiona baino ‘mundu’ gehiago neukala eta hori seguruenik islatu egingo zen nire jendartean egoteko moduan. Baina azal itxurosoaren azpian barrua oso biguina neukan. Coulant bat nintzen.

Denboran aurrera beraneanteak desagertuz joan ziren (gu ez ginen beraneante, noski) herriko gazteen mesedetan. Neska-mutil koadrila handi bateko parte bihurtu ginen Kontxi arreba eta biok, eta hura da seguruenik nire adin bueltako jendearekin izan dudan lagun-talde bakarra. Goizez hondartzan elkartzen ginen egunez ahal genuenok; arratsaldez, Bordatxon; eta gauez sarri itzultzen ginen hondartzara, batez ere bikoteak sortzen hasi zirenean. Nik orduan kitarra pixka bat jotzen nuen eta Moustaki zalea nintzen oso; musika ezin aproposagoa bilkura haietarako. Grand père bezalako doinuak kantatzen nituenean bikoteak lausotu egiten ziren ilunpean. Tarteka Guardia Zibil bikotea agertzen zitzaigun, diosala egitera; aldarte onean, oro har. Itsasadarra zaindu behar zuten gauez, kontrabandoa omen, eta errondan zeudela entretenigarri zitzaien nonbait gazte koadrilak agurtzea.

Estropadetan Orio nagusi zen urte haietan ere. Arrazoi asko aipatzen ziren: traineruaren diseinuan eta materialetan egindako iraultza, entrenatzaile frantses batek prestaketa fisikoan emandako jauzia, banku mugikorrean ikasitakoaren eragina… Seguruenik horiek denak behar ziren, baina miruen arrakastaren oinarrian egon da beti herritarren zaletasun ikaragarriak sortzen duen harrobia. Koadrilan Iñaki genuen arraunlari 70etako eskifaia ospetsu hartan. Ogibide gisa butano banatzaile aritzen zen, sorbalda bakoitzean bonbona bana hartuta eskaileretan gora eta behera. Lana bera entrenamendu txarra ez.

Orioko zubitik ikusita nago Oxfordeko eta Cambridgeko ontzi dotoreak bertakoekin lehian. Baina halako une distiratsuetan adina zale pilatzen zen zubian estropada erabakigarrien bezperetan, traineruaren palakadak zorrotz neurtu eta ondorioak ateratzen. Benito Lertxundi zen epaile jakintsu horietako bat. Frontoian ikusten zen sarri palan, Txirla diskotekan edo tabernan tarteka, baina ez zuen hutsik egiten zubiko hitzorduetan. Poztu naiz ikusita bere kantu bat bihurtu dela arraun taldearen ereserkia eta udaletxeko balkoian egin dioten omenaldia.

Txirla diskotekak merezi du aipamen soil bat baino gehixeago. Udako gauetan oso sarri elkartzen ginen han herrian zebilen fauna guztia. Beste diskoteka, Oilagorra, serioagoa zen; tarteka joaten ginen, baina Txirlan martxa handia zegoen, eta momentuko musika berria: Mungo Jerry, Credence, Rare Bird, Esther&Abi Ofarim, eta bereziki Soulfoul Dynamics, hauen ‘Mademoiselle Ninnette’ entzun orduko aztoratuta jartzen nintzen dantzan. Dantzari ontzat neukan nire burua, erritmoa ondo jarraitu eta mugimendu oso markatuak egiten nituelako; gaurko begiradarekin, seguruenik oso histrionikoa izango nintzen, eta atzera begirako lotsa moduko bat ere sentitzen dut. Dantza arautuan jarraitzen dut, baina dantza librearekin ez nago eroso. Orioko sasoian, dantzaz aparte, kitarrarekin jotzeko oso kuttuna nuen Heart of Gold, Neil Young handiarena.

Estropadetara itzulita, beste izen sonatu bat orduko arraunarekin lotzen dudana da Jose Luis Kortarena. Orduantxe ari zen banku mugikorrean arrakasta handia izaten eta traineruan sartu zuten. Han banderak irabazten hasi zirenean Korta idolo handia bihurtu zen Orion. Horregatik eragin zien neurri gabeko amorrua Lasartera joan zenean, traizioa ere aipatzen zen. Baina portaera pertsonaletik harago, bazegoen herrian epika bat: Orion herri osoa zegoen traineruari bultzaka eta Lasarten, aldiz, Michelin enpresa zen bultzatzaile nagusia. Klase borrokaren pasarte hark himnoa ere bazuen: “Lasarte es un bonito-to-to, Orio es un atún. El atún se come al bonito-to-to…”

Eta hain sonatu izan gabe ere, Luxiano Manterola aipatu nahi dut. Arraunlari puntakoa zela, estropada batetik bueltan auto istripua izan eta paraplegiko geratu zen. Lagun komun batek esan zidan andregaia kolpetik altxa eta elkarrekin segitzeko prestatu zenean, Luxianok eskatu ziola bere bidea egiteko, ezingo zutela egoera berrian bikote bezala iraun. Banatu ziren eta arrastoa galdu egin nien. Baina 35 bat urte geroago Kutxako zentralera iritsi nintzenean, gure taldeko Ramonik azaldu zidan bere senarra zela gurpil-aulkian mugitu behar zuen oriotar bat… Luxiano izenekoa! Bizitzaren txiribueltak! Ezin jakin ea lehen bikotea uzteko erabakia egokia izan zen ala ez; baina, Ramoni ezagututa, ziur nago harekin ezkondu izanaz ez zela inoiz damutu Luxiano.

Ezin estropaden parte honetan Kontxa aipatu gabe utzi. Lehen igandean mendiz joaten ginen Igeldora, eta handik primeran ikusten genuen estropadaren ibilbide osoa. Bigarren igandean, berriz, Aquariumaren inguruan kokatzen ginen, Portaletako apustuak, arrapalako prestaketak, helmuga eta ondoren harrera, dena eskura izateko. Behin, lagun baten lagunak eskaini zigun estropada balandro batetik jarraitzea, badia erditik. Hantxe jarri gintuzten lehenengo txanda baino lehen ainguratuta. Ura oso bare zegoen, baina erraz zorabiatzekoa izan naiz eta berehala hasi zitzaidan udaletxe ingurua nahi baino gehiago mugitzen. Handik aurrera, istriborrean botaka egin eta ababorrean uretara salto, ez zen nahi orduko estropada bukatu eta nire oina lehorrean pausatu. Zuzenean tabernara joan eta muskuiluak tomatetan irentsi nituen garagardo katxi batekin, lagunekin hitz erdi bat egin aurretik. Ez dut gogoratzen estropada nork irabazi zuen.

Orio izanda, koadrilan bagenuen arrantzalerik ere, nahiz ordurako ez ziren asko itsasoa aukeratzen edo onartzen zuten gazteak. Eta uda partea izanda, Goierri lehorrekook ikasi genuen lehenik beita eskuratu behar zela lehen milietan, eta gero afrikar kostaldera hilabete inguruko joan-etorriak egin hegaluzea harrapatzeko. Herrira bueltan, patroiak marinel bakoitzari bi hegaluze ematen zizkion, eta gure lagunek horietako bat gordetzen zuten koadrilarekin marmitako afari bikain bat egiteko. Ondoren, arrantzaleari lagun egin behar genion mozkortzen zen arte, eta haren lanturua entzun itsasoko bizimodu gogorraz; erritual terapeutikoa zen. Kontua da, arian arian, Nonantolan pasta freskoarekin bezala, Orion marmitakoarekin maitemindu nintzela.

Dena ez zen ordea hondartza, estropada eta marmitakoa. 18/20 urte bueltan elkarrizketa traszendenteak ere izaten genituen, noski. Bi ditut gogoan bereziki. Lehena Joxeanekin, gero sendagile bihurtu eta gazteegi hil zen lagun fina. Egun hartan, nonbait, ez nengoen aldarte oso baikorrean, eta kolore iluneko analisi bat egin nion, ez dut gogoratzen zehazki zeren gainean. Bukaeran erantsi nion zein argi ikusten nuen hori zela benetako egoera, eta ez tarteka baikorkeriak eragindako analisi pastel kolorekoak. Eta Joxeanek jakinduria handiz erantzun zidan baikorkeria zegoen bezala ezkorkeria ere bazegoela, eta bata zein bestea muturrera eramanda sortzen zen argitasuna faltsua zela erabat. Geroztik askotan gogoratu eta erabili dut ideia hau bizitzan: ustezko argitasun larregikoak itsutu egiten du. Baliagarriagoa da argi-itzaletan ibiltzea.

Bigarren elkarrizketa traszendentea parranda luze baten amaieran sortu zen. Gaugiro epelak lagunduta, kaleko eskailera batean jarri ginen laupabost lagun, eta heriotzaren gaia atera zuen norbaitek. Hasi ginen bakoitza beretik botatzen, gero eta barnekoiago; eta heriotzaren izua aitortzeko unean, besteen kontrara neuk azaldu nien ez nuela izu hori sentitzen. Alegia, hilda egoteak ez zidala beldurrik eragiten. Uste dut ez neukala gaia aurrez oso landua, eta bota nuena asko pentsatu gabe bota nuela. Baina geroztik bai, buelta batzuk eman dizkiot gaiari eta gau hartan irten zitzaidanari; eta 50 urte geroago berretsi egiten dut orduko intuizioa. Ez diot beldurrik hilda egoteari. Oro har gustatzen zait bizitza; uste dut ondo tratatu nauela, zukua atera diot eta oraindik aterako. Baina heriotzak badu baita ere askapenetik. George Brassens-ek Le testament kantuan dioen bezala: “Gorrotorik gabe utzi dut bizitza, ez dut berriro haginetako minik izango”

Esango nuke heriotzaren izua -eta norberaren heriotzaz ari naiz, noski- lotzen dela hiltzeko prozesuarekin: nola gertatuko den, luze joko duen, oinazerik izango ote den… Hau da, izu-eragilea ez litzateke hainbeste hil ondoko egoera, baizik eta hil bitartekoa. Hori horrela bada, zorioneko gara egungo legediak eta osasun publikoak aukera ematen digutelako nola hil nahi dugun aurrez adierazteko, berme eta zaintza artean gerta dadin.

Azken puntua: Orio eta euskara. Ordurako bazen Orio oso herri euskalduna, beste arrantzale herri batzuren antzera, eta gustura murgildu ginen gu giro euskaldunean. Alde kuriosoak bazeuden Orioko ohituren eta Ormaiztegin jasotakoen artean; nabarmenena, hitanoaren erabilera. Ormaiztegin mutilek toka egiten genuen normal samar, baina noka ez; nesken aldetik apenas entzuten zen hitanorik. Gure etxean ez zen egiten, eta bisitei entzun ere apenas. Orion, berriz, erabat ohikoa zen batzuk zein besteak toka eta noka jardutea. Horregatik gure lagunak harritu egiten ziren anai-arrebak gure artean zuka entzunda, erabat arraroa zitzaien. Herri berean, batzuentzat hitanoak gehiegizko konfiantza ere adierazten zuen. Neronek entzun nion ama bati alabari esaten: “Nobiyuai nola egingo dion ba hika? Errespetua, neska!”

Orioko giro euskalduna oso lagungarri egin zitzaidan Madrilen euskararekin abiatutako bidean. Herri bixi eta modernoa, atzerritarrak erakartzeko eta haiekin konektatzeko gai zen bere nortasuna eta hizkuntza natural erakutsita. Bazegoen munduan kosmopolitan egoteko modu euskalduna, beraz.

Gauzak nola diren, ez nuen zaindu Orioko koadrila eder hura. Uste dut ordurako Migel Mariren heziketaren ondorioz nomada emozionala bihurtuta nengoela. Halabeharrez ikasita nengoen nire bizitza kolpean aldatu zitekeela leku batetik bestera, eta prest egon behar nuela loturak askatzeko. Erroak Euskal Herrian izango nituen, baina luzeak, hara edo hona mugitu ahal izateko. Eta bizitzak atal berriak irekitzen zizkidan eran, aurrekoak ixten joateko ohitura hartu nuen. Seguruenik horregatik ez nion jarraipenik eman bizi osoan izan dudan lagun koadrila bakarrari.