Osaba Juan Mari, pertsona handia, eta haren lagun bereziak. Amoña Margarita, Monsieur Andia, hizkuntzaren horma, Joxemariren amesgaiztoa eta Daudet-en ahuntza. Ikurriña, bikiniak, musika eta modernitatea.
Donostiako ikasturtea bukatu eta hurrengo erronka Donibane Lohizunen jarri zidan aitak, urtebete hango eskolan eginda frantsesa ondo ikas nezan. Beste hizkuntza batean murgiltzeak bertigo handia eragiten zidan, baina Donostiakoaren aldean Donibanen familian egongo nintzen, osaba Juan Mariren etxean.
Karteroneko semea eta Kontxaren anaia, Juan Mari Intxausti pertsona handia da nire unibertsoan. Familiaz gorri, aukera izan zuen maisu ikasteko eta handik itzuli zen gorri antolatua, militante sozialista. Euskaltzalea eta herrizalea ere bazen, baina behin kontatu zidan bere gaztetan euskal aberria herriko kontserbadoreek eta jauntxoek aldarrikatzen zutela, eta horrek aldentzen zuela bera abertzaletasunetik. Hala ere, Gernika batailoian kapitain izan zen, eta Jose Antonio Agirreren zerraldoa eraman zutenetako bat izan zen.
Frankoren estatu kolpeak gerra ekarri zuenean, Ormaiztegi frontearen mugan geratu zen hainbat hilabetez, eta noraezean zegoen jendea pilatu zen herrian. Egoera berezi hura gobernatzeko komite bat antolatu zen eta Juan Mari oso gazte batek hartu zuen gidaritza. Lekukoek diote heldutasun eta gizatasun handiz jokatu zuela, harik eta frankistak Ormaiztegin sartu eta berak alde egin zuen arte. Hor hasitako ibilbidean pasatu zituen Espainiako gerra, Albaterako kontzentrazio-esparrua, Iparraldera ihesa, mundu-gerra eta Gernika batailoia, maki-a, Agirreren hileta, euskal errefuxiatu berriak… Historia luzeegia da hemen kontatzeko, baina zorionez atal asko primeran daude jasota Elixabete Garmendia lagunaren 36ko gerra Ormaiztegin izeneko liburuan eta haren laburpeneko bideo honetan. Bertan agertzen dira gure ama Kontxa eta izeba Malen (osaba Juan Mariren emaztea).
Heldutan ere harremana izan nuen osabarekin, eta asko gustatzen zitzaidan nola orekatzen zituen irmotasun ideologikoa eta irekitasun afektiboa. Donostian ESBren mitina eman genuenean gonbidatu egin nuen; txintxo etorri zen eta esan zidan gauza askorekin konforme zegoela.
1962-63 ikasturtea egin nuen bere etxean, 8-9 urte nituela. Osabarekin batera izeba Malen eta hiru lehengusu-lehengusin bizi ziren bertan, baita izebaren ama ere, galiziar jatorriko amoña Margarita. Etxea Donibaneko portuan zegoen, errege-alabaren jauregiaren multzoan (argazkian ezkerretara, balkoiak alderik alde dituena), eta sei pertsonekin majo betea zegoen; beraz ni jarri ninduten amoñaren gelan. Normalean ni baino beranduago erretiratzen zen, eta lehen egunetan arropa aldatu behar zuenean zorrotz agintzen zidan: “¡Mira para el otro lado!” (Jiratu beste aldera!) Ni jiratu bakarrik ez, begiak itxita egoten nintzen luzaro, beldurrez. Hala ere, amoñak bazuen alde erakargarri bat, oso exotikoa: ilea motots handi batean bilduta zerabilen eta graziarekin eramaten zuen txapela motots gainean; zigarroa erretzea eta koñaka edatea gustatzen zitzaion; eta biraoak botatzen zituen inongo filtrorik gabe. Parisen eta Bartzelonan bizi izandakoa zen, eta asko apartatzen zen nik ezagutzen nituen amonetatik.
Ormaiztegitik joanda oso paleto sentitzen nintzen Donibanen, gizarte irekiagoa eta modernoagoa zen hura. Ikurriña ikus zitekeen nonahi (hegoaldean hil egiten ziren hura jarri edo kendu nahi zutenak), publizitatean emakumeen bularrak agertzen ziren eta hondartzan bikini txikiak (batzuetan nekez estaltzen zituztenak hankarteko ileak), mutilek pultsera zeramaten eta osabaren etxean igandeetan ez ginen mezetara joaten. Gainera, oso sarri ikusten genituen osabarekin Gernika batailoian egondako hainbat lagun berezi: Andres Prieto, eibartar sozialista (Prietin deitzen zion izebak) edo Hilario Zubizarreta jelkide zumaiarra (Zubi zen bera, eta Zubita emaztea). Honekin, osabarekin bezala, euskaraz egiten nuen eta sarri aipatzen zidan alderdia, singularrean, nigan halako misterio sentipena sortuz. Horrez gain, beheko solairuan bizi zen Joxe, mariñel lekeitiarra, Nelly emazte kubatarrarekin. Joxeren itsas-jardueraren berri zehatzik ez nuen jakin; tarteka arraina ekartzen zuen, bai, baina nik hura ere sartzen nuen bizitzaren alde misteriotsuan.
Konplizitate handiko lagunartea zen. Osaba pertsona argala zen, iharra, eta lagunek el seco deitzen zioten, maitasunez. Adinean aurrera kilo gutxi batzuk hartu zituen eta orduan, gaitzizena moldatuta, el semi-seco bihurtu zen. Aparte, maila altuagoan, osabaren lagun izan ziren, esaterako, hiru buruzagi: Ramon Rubial sozialista, Mikel Isasi jeltzailea, eta Juan Jose Etxabe ETAkoa.
Mundu-gerra amaitu eta Donibane Lohizunen finkatu zirenean, osabak denetariko lanak egin behar izan zituen. Tartean badakit ikatz-zakuak garraiatzen ere ibili zela, nahiz ez zen preziso gizon mardul indartsua. Izeba jostun aritzen zen, gero janari-denda jarri zuen eta nik ezagutu nuen gainera Ziburuko zineman aretozain gisa asteburuetan. Dena den, Donibanera iritsi nintzenerako, osabak lortua zuen maisu lanean aritzeko baimena eta familiaren egoera normalduta zeukaten.
Beraz, osabaren eskolan hasi nintzen ni ere, baina ez bere gelan, ezta lehengusuarenean ere, hura beste kinta batekoa baitzen, hilabete gutxigatik izan arren. Beraz, bakar-bakarrik aurkitu nintzen frantses hiztunen artean, Monsieur Andia-ren gelan. Errezeloa daukat maisua ere euskalduna zela, baina ez nion inoiz euskarazko hitzik entzun. Oso ondo tratatu ninduen, eta gero ere tarteka eskuminak bidaltzen zizkidan osabaren bitartez.
Eskolako lehen egunean, pupitre-kide jarri zidaten Urruñeko Garcia abizeneko mutil bat, esango nuke gerrako iheslari baten semea zela. Harek espainolez egiten zuen eta gutxienez bermatuta neukan komunera joateko baimena eskatu ahal izatea, edota agindu oinarrizkoenak ulertzea. Ze hizkuntzaren horma erabatekoa zen. Gogoan dut hasi berritan irakurgai bat izan genuela Cauchemar de chasseur (Ehiztariaren amesgaiztoa). Marrazkitxoan ikusi nuen ehiztaria zela protagonista eta ondorioztatu nuen hura izango zela chasseur hitzaren esanahia. Baina bestea? Ba Mr. Andiak koxemar ahozkatzen zuenez, bururatu zitzaidan agian Joxemari izango zela ehiztariaren izena. Harrapazank!
Baina murgiltzea erabatekoa zenez, hizkuntzaren orma zartatuz joan zen eta bigarren hilabetean notak eman zizkidan maisuak, beste ikaskideei bezala; eta hirugarrenerako gelako onena nintzen. Orduan konturatu nintzen banuela azkartasun bat, gauzak entzun ahala erraz jabetzen nintzela haietaz. Esango nuke berez ulertzeko argitasun handia nuela eta memoria ona, horrekin ikaskideak baino arinago harrapatzen nituen gai berriak. Txanponaren ifrentzuan, nola ez nuen esfortzurik egin behar, ez nuen ikasi behar izan ikasten. Berezko abantaila hori nahikoa izan zen lehen urteetan, baina ikasketetan aurrera egin ahala esfortzua ere behar izan nuenean, ez nengoen horretarako prestatuta. Ibilbidearen amaieran, unibertsitateko nire azken txanpa penagarria izan zen.
Behin frantsesez gai izanda, tarte atseginak pasa nituen eskolan. Biziki gogoratzen dut ipuin bat, La chêvre de monsieur Seguin izenekoa, Alphonse Daudet idazle sonatuarena.. Oso polita zen hasierako kontakizuna, Blanquette ahuntza maitagarria zen, eta bere jabea ere bai. Baina askatasun egarriz ahuntzak goimendira igo nahi duenean pizten da gatazka: “Blanquette, tu veux me quitter?” (utzi egin nahi nauzu?) galdetzen dio agureak triste, jakinda goimendian otsoa dagoela zain. Azkenean istorioa gaizki amaitzen zen eta horrek kolpatu egin ninduen; nonbait ez nengoen prestatuta halako gordinkeriatarako. Mutiko biguna nintzen, eta ez dut uste gerora asko gogortu naizenik.
Donibane Lohizuneko egonaldia musika-eztanda bat izan zen niretzat. Ordukoak dira kantu gogoangarri asko: Sheila, Richard Anthony, Johnny Halliday, Sylvie Vartan, Claude François (kantu hau gero Nonantolan aurkitu nuen, Rita Pavone–k kantatua, nahiz orijinala Pete Seeger-ena izan); eta, batez ere Françoise Hardy, kantu honekin erabat maitemindu ninduen.
Bertan egon nintzen garaian, eta baita geroago ere, aitak osaba Juan Marirekin zeukan antolatuta kontrabando industrial kuriosoa. Bazeuden autobusen osagai batzuk (esaterako, parabrisa-eskuilak) Europan kalitate handiz ekoizten zirenak. Horiek Donibane Lohizuneraino ekartzeko osabak bazeukan Indo izeneko bitartekari bat, eta gero aitak Ormaiztegira pasatu behar zituen. Horretarako, familia handiarekin joaten zitzaion bisitan osabari, arratsaldean tarte batez desagertu egiten zen ( Citroen 11 Ligero autoan kontrabandoa kargatzeko) eta oso berandu itzultzen zen etxera, ilunduta, umeak lo barreiatuta kargaren gainean. Nola hasiko ziren ba aduanako poliziak umeak esnatzen? Beno, ba oso berandu jakin nuen Indo bitartekaria Paxkal Indo–ren aita zela, Paxkal beraren ahotik.
Gogoan dut nire egonaldian bete zituela osabak 50 urte; baita ere, orduan hil zela amona Kaietana, eta nola osaba Xanti bila etorri zitzaidan aitak Ormaiztegin nahi ninduelako bere amaren heriotzean. Gogoratzen dut etxean oso ondo jaten genuela, izebak janari-denda zeukan eta bera zein amoña biak ziren sukaldari onak. Hori bai, jenio bizikoak ere baziren, tarteka eztanda egiten zuten eta ikasi behar izan nuen halako egoerei aurre egiten. Konturatzen nintzen etxe hartan bisitaria nintzela, ez nekien ea ni han egotea denek erabat onartzen zuten, hala aitaren eta osabaren arteko ‘negozioa’ izan ote zen; paleto eta inuzente samarra nintzen, baina eskolan etxeko semea baino hobeto nenbilen… Izan hau ala hura, tokatu zitzaidan purrustadaren bat jasotzea; baina oro har, gustura egon nintzen osabaren etxean. Eta, gainera, egonaldi honekin -eta ondorengo uda italiarrarekin- modernitatean murgildu nintzen erabat.
