Nola bainuetxera joan nintzen egutegiaren eta poltsikoaren estutasunek eraginda. “¿Tan joven y ya tiene articulaciones?” Urak gorputza hobetu eta lagunek barrena suspertu. Giro ‘kanalla’ People’s pubean eta dinoen aztarnak nonahi.
Kutxan sartu berritan, ez neukan opor garaian kanpora joateko aukerarik. Tantairen zorra ordaintzeko soldata enbargatuta neukanez, ezin gastu berezirik egin. 1988an Arrasaten pisua erosi eta horrekin zorra berregituratu genuenean, orduan ireki zen zirrikitu bat. Hala ere, Kutxan txandaka hartu behar genituen oporrak, udan bulegoak ixten ez zirelako; eta azken sartuoi egutegiaren zokoak bakarrik geratzen zitzaizkigun aukeran.
Sasoi hartan Gipuzkoako Kutxak opor bidaien katalogo oso erakargarria eskaintzen zuen, eta tartean bazegoen bainuetxeen atal bat. Hari begira jarrita, arreta piztu zidan Arnedilloko bainuetxeak, moja-komentu izandako eraikinean kokatuta agertzen zena. Baina nik urrian neukan joateko aukera eta, tamalez, katalogoko datak lehenagokoak ziren. Kokildu partez, bertara deitu nuen eta zuzendariarekin jarri zidaten. Azaldu nion Kutxako langilea nintzela, epez kanpo nenbilela, eta ea onartuko lidakeen bederatzi eguneko egonaldia egitea katalogoan agertzen zen prezioan. Baietz erantzun zidan, eta halaxe joan nintzen lehen aldiz duela 38 urte, nik 34 nituela.
Eguerdian iritsi nintzen eta Javier zuzendaria zain neukan bazkaltzeko. Bainuetxea hondoa jota zegoen eta hura suspertzeko estrategian nonbait Kutxa bezero inportantea zuen; beraz, maila goreneko harrera egin zidan, badaezpada. Bazkarian zehar konturatuko zen txorimalo bat besterik ez nintzela, ze handik aurrera kasu gutxi egin zidan. Are gutxiago bertako langileekin nahasten hasi nintzenean.
Aurkitu nuen egoera berezia zen. Alde batetik, bainuetxea bera zeharo zaharkitua zegoen, eta inbertsio handien premian. Orduantxe abiatzen ari zen Imserso erakundea eta haren eskaintza bainuetxetara ere hedatzen ari zen. Prezio baxuetan lan egin behar zenez, bezero haiek bainuetxe zaharrean jartzen zituzten. Baina ondoko moja-komentua hoteletarako egokitua zuten (El Olivar izenarekin) bestelako bezeroak bertan ostatatzeko, nahiz bainuak zaharrean hartzen ziren. Furgoneta bat ibiltzen zen gora eta behera, albornozdun bainulariekin, denak ni baino dezente zaharragoak. Berez, bainuetan begira-begira somatzen nituen, ea non ote neukan akatsa hain gazte bainuetxean egoteko. Azkenean emakume bat ausartu zen: “¿Usted tan joven y ya tiene articulaciones? (hain gazte eta dagoeneko giltzadurekin?)” Sasoi hartan hezurretako arazoei “articulaciones” esaten zitzaien, eta arazo mentalei “nervios”.
Artean bainuetxeko jarduera ez zen oso handia eta uda bueltako sei hilabeteetan pilatzen zen. Hain zuzen, ni joan nintzen urri hartan ez ginen dozenara iritsiko Olivar-en geunden bezeroak. Bederatzi egun bakardadean emateko prest joan nintzen, liburu mordoska hartuta; gainera korrika entrenatzeko asmoa ere eraman nuen, handik laster izango zelako Behobia-Donostia. Beno, ba korrika egin nuen pare bat aldiz, baina bakarrik ez nintzen egon une bakar batez ere eta liburuak ireki gabe ekarri nituen bueltan.
Ni izanik bezeroen artean gazte bakarra, Olivar-en mugitzen ziren 8-10 langileek haietako bat bezala hartu ninduten, erraz sortu zen konfiantzazko harremana, eta afal ondoan bezero nagusiak erretiratzen zirenean egonaldi luzeak egiten genituen kafetegian. Egunak aurrera, mendi bueltak ere etorri ziren, eta txangoak Arnedora edo Calahorrara; egonaldiaren amaierarako lagun bihurtuta geunden.
Sentiberatasunak elkartuko gintuen, eta han goian isolatu samar egoteak ere lagunduko zuen. Haiek 25 urteren bueltan zeuden eta nik banituen 34, baina konexio emozionala sortu zen gure artean. Bainuetxeko denboraldi gogorraren amaieran zeuden, izandako bizipenak hausnartzen, eta helduxeago baina hurbileko izanik nire presentzia nonbait lagungarri egin zitzaien. Ni ere orduan ez nengoen nire onenean, Tantai-ko kolpetik oraindik ez nintzen erabat altxa, eta Fatimarekin izandako krisi bat gainditzen ari ginen. Normalean estimatu izan dut nire burua, barneko segurtasun gabeziak gora-behera; baina bolada hura -bizpahiru urteko bolada luzea- izan da seguruenik nire bizitzako baxuena autoestimuari dagokionez. Lagun haiek aurkitzea eta haiekin halako harreman gozoa eraikitzea, sendagai paregabea izan zen nire barren mailatua suspertzeko. Esker onaren adierazgarri, azken egunean bakoitzari egokitutako oparitxo bat egin nien, azalpen idatzi labur batekin, eta malko txiki artean abiatu nintzen etxera bueltan. Banekien agurra ez zela betirako.
Onura emozionala gutxi ez, eta gorputzean ere abantaila handia egin zidan Arnedillok. Gaztetatik joera daukat gerriko mina edota giharretako uzkurdurak jasateko, beraz masajistengana joatea ohikoa izan da niretzat. Justu sasoi honetan bisitatu nuen osteopata batek esan zidan hezurdura oso aldrebestuta neukala, lan handia egin beharko genuela hura bere onera ekartzeko, eta ahalik eta lasterren hastea komeni zela. Nik hurrengo astean neukan Arnedillon erreserba eginda eta ondorenerako jarri genuen hitzordua.
Joan nintzen bainuetxera, egin nituen zegozkidan tratamendu guztiak, probatu nituen beste hainbat, eta bueltan itzuli nintzen osteopataren kontsultara. Esploratu ahala flipatuz joan zen, eta amaieran harrituta esan zidan: “Esan nizun hartan atzera egiten dut, ze orain primeran zaude. Beraz, ez daukazu egiturazko arazorik hezurduran, zure arazoa dira tentsioak eragindako uzkurdura muskularrak eta postura txarrak. On handia egiten dizu hidroterapiak, ahal duzun neurrian eutsi horri” Zer esanik ez, pozik hartu nuen gomendioa; harrezkero Arnedillora sarri joan gara, eta beste hainbat bainuetxe ere probatu ditugu.
Hurrengo bizpahiru urteetan sasoi beretsuan itzuli nintzen Arnedillora. Lehen topaldiko lagunak ibilbide profesionala hasten ari ziren, baina batzuk bazuten borondatea herrian finkatzeko. Pedro, bertako semea, eta Ana bere bikotea laster hasi ziren herrian etxe bila. Haien ezkontzan izan ginen handik gutxira Arrubal-en. Jesus Azagrako nafarra ere Arnedillon finkatu zen apur bat beranduago, bereziki Josemi bere bikotea bainuetxean agertu eta bien arteko harremana sendotu zenean. Hauen ezkontzan ere izan ginen, aurrerago, Arabako Eskuernagan.
Lehen urte haietan Arnedillora joanda, bainuak hartu eta lagunekin harremana trinkotzeaz gain, herrian aurkitzen nuen giroa egiten zitzaidan erakargarri. Arnedillo herri txikia da (400 biztanle bueltan), eta bainuetxeko langile gehienak kanpotik etortzen ziren, denboraldirako, toki desberdinetatik eta etxe bakoitzeko onena. Haientzat bainuetxeak bertan zeuzkan logelak, barnetegi moduko bat zen gazte soltez betea, emozioz eta hormonez goraino zegoen lapikoa; eta haien arteko bizikidetzak giro kuriosoa sortzen zuen herrian, bainuetxetik kalera irteten zirenean. Bereziena zen osteguna, Javi Carabinas-ek People’s puba zabaltzen zuelako. Alkoholak eta musikak lagunduta, han lehertzen ziren lanean eta barnetegian egositakoak astean zehar. Niretzat, gizontzen ari zen Kutxako langile formala, deigarria eta gustagarria zen giro alternatibo eta ‘kanalla’ samar hura.
Adibide argia da 90eko hamarkadan Arnedillon zegoen normaltasuna harreman homosexualei dagokienean. Bainuetxeko langileak hasi zirenean herrian etxebizitzak alokatzen, hainbat bikote homo agertu ziren, zalaparta handirik gabe. Esango nuke, gainera, urte haietan ezohikoagoak ziren lesbianen bikoteak zirela gehienak. Nik Jesus eta Josemi lagunek bikote gisa egindako ibilbidea ezagutu nuen hurbiletik. Lehenengotarikoak izanda, bidea urratzea tokatu zitzaien, ordura arte gordean egondakoa bistaratzen hastea; eta badakit lehen urratsetan zenbateraino izan zitzaien lagungarri Ana eta Pedro bezalako herritar onartuekin zeukaten hurbiltasuna. Kontua da bere txikian Arnedillo aurreratua izan zela bide horretan, eta meritua ematen diet hango lagunei, gauzak ausart eta ondo egin zituztelako.
Dena esateko, lagun hauekin saihestu egin ditugu sistematikoki gai gatazkatsuak, bereziki Euskal Herria eta Espainia aurrez aurre jartzen dituztenak. Kasu honetan sintonia pertsonala zubi bihurtzen da antagonismo politikoen gainetik, badakigu hor daudela baina bizi gaitezke haiek esplizitatu gabe. Gainera, harremana sendoa da baina ez sarria, normalean urtean behin elkartzen gara eta gehienez udal politika jorratzen dugu, ezker edo eskuin ikuspegietatik. Azken boladan herritar dinamika interesgarri bat sortu da, eta herrigintzan aurkitu dugu espazio seguru bat hainbat kontu aipatzeko. Lagungarri da baita ere haiek bainuetxeko lanean euskaldun askorekin duten harremana eta euskarak pizten dien interesa. Lagunetako bat, Pedro, ordu asko emana da euskara ikasten bere kasa, eta asko gustatzen zaio esaldi batzuk euskaraz botatzea.
Lehen urte haietako egonaldietan hasi nintzen ezagutzen dinosauroen unibertsoa. Lagunak turismo ikasketak egindakoak ziren eta Arnedillo inguruko informazioa bilatzen zuten bainuetxeko lanean erabiltzeko. Ordurako dinosauroen aztarna asko zeuden bistan, batez ere Enciso aldean, eta sarri egiten genituen txangoak haiek ikustera. Hala ere, aire irekian zeudenez hasita zeuden higadurarekin lausotzen. Niretzat nabarmenagoak ziren Cornago herrian geroago aurkitu zirenak, haiek euritik babestuta zeudelako. Bestalde, ohikoa genuen mendi ibilietan fosilen bila ibiltzea, 800-1.000 metrotara egon arren oso ugariak baitziren. Kontua da ohartu gabe paleontologiara hurbildu nintzela hidroterapiatik abiatuta.
Arnedillon bertan lurra erraz zulatzen da eta mota askotako kobazuloak daude: etxe bakoitzak gordailu moduan erabiltzen duena edo herriko gaztagileak gaztak ontzekoa, baina baita eraikin kolektiboak, hala nola San Tirso baseliza bitxia edota Cueva del Ajedrezado are bitxiagoa.
Inguruko herrietara egindako txangoetan oro har herri txikiak bisitatzen genituen, gainbehera zetozenak. Cidacos ibaiaren goiena ekonomikoki oparoa izandako eskualdea da. Gezurra badirudi ere hain paraje menditsua izanik, nekazaritza aurrera ateratzeko gai izan ziren, maldatan bankalak sortuz bertako harriekin orma lehorrak eraikita. Arnedillotik hegoaldera eta iparraldera malda asko dago bankalez beteta, paisaia alderik alde orraztuta balego bezala. Biosferaren erreserba handi baten parte da paisaia hori. Mendian gora laborea bildutakoan, hura jorratzeko larrainak zeuzkaten goian, denboraren poderioz estali ondoren gaur egun auzolanean berreskuratzen ari direnak. Lantegi handiak ere bazeuden, batez ere ehun-fabrikak, baina haiek gainbehera egin ahala herriak hustuz joan ziren, Arnedo eta Calahorra aldera. Herri hutsen artean inpresioa eragin zidan Turruncún izenekoak, berriki ere bisitatu dudana. Eta bitxia da Peroblascoren kasua; ia erabat hustu zen, baina Arnedillotik oso gertu egonda, berpizten hasi zen duela 30 bat urte. Indarra hartzeko asmatu zuten Peroblascolor ekimen ederra, oraindik ere udaro antolatzen dena.
Kea da, baita ere, Arnedilloko jaietan protagonista handia. XIX. mendean izurrite bati aurre egiteko erromero adar berdeak erre zituzten herriko kale estuetan, eta San Andres-en irudia atera zuten prozesioan. Osasuna berreskuratu zutenez, urtero egiten da kearen prozesioa, haur txikiek bereziki kea arnastu dezaten haien inmunitatea indartzeko. Behin argazkilari batek harrapatu ninduen kea egiten, eta argitaratuta geratu zen liburu honetan.
Aurten ere joango gara Arnedillora, bainuak hartu, txangoak egin eta lagunekin gozo egotera. Hamarkada hauetan herria asko aldatu da: susperraldia eragin zuen belaunaldi gazte hura jubilaziotik hurbil dago eta erreleboa ez da ziurra; azken urteotan jubilatuak ari dira bertan finkatzen; turismoaren aje batzuk antzematen dira herriko dendetan eta ostalaritzan… Baina Arnedillo bizirik dago. Eta erakargarria da.
