11. POLITIKA

Kontzientzia politiko goiztiarra. Alderdi kontuak, ESBn hasi eta buka. Politikari profesional izateko ez bainintzen jaio. Publiko/pribatu dikotomia faltsua, gobernantza partekatua eta boto mugikorra.

Amaren Karteroneko familia gerran galtzaile eta errepresaliatua izan zen. Baina, beste hainbat etxetan egindakoaren kontra, guri kontatu egin ziguten haiei gertatutakoa, eta jasan behar izan zuten guztia. Nire kontzientzia politikoa ‘beste etxean’ abiatu zen, oso ume nintzela, eta gorri kolorekoa zen (Izquierda Republicana, Alderdi Sozialista, ANV…) Gure etxean ere euskaraz egin behar genuen, eta 1966an (nik 12 urte) agertu ziren Labegeriren disko txikiak ikurriñarekin, Gurutze arreba tarteko. Bestalde, karrozeria kooperatiba bihurtu zenean natural egin zitzaidan langileak enpresaren jabe izatea. Eta hortik aurrera, Arrasateko mugimenduaren bulkadak eraman ninduen autogestiozale izatera. Esan daiteke nerabezaroan sartu nintzenerako nire pentsamoldearen zorua finkatuta zegoela, nik sekulako ahalegina egin beharrik gabe. Ekosistemak jarri zidan oinarria.

Madrilera joan ginenean, nik 17 urte, hasi nintzen klandestinitateko ahotsak entzuten. Handik laupabost urtera ESB (Euskal Sozialista Biltzarrea) sortu zuen taldeko kide batzuk ezagutu nituen, bai ELAtik zetozenak eta baita Txillardegiren jarraitzaileak, eta haiekin joan nintzen bide politikoa egiten. Esango nuke ordurako nire burua eraldatzaile ikusten nuela iraultzaile bainoago, eta autoeraketan gehiago sinesten nuela aparatu instituzionalen txandakako ordezkapenean baino; hau da, neguko jauregia hartzeari baino lehentasun handiagoa ematen niola -eta diodala- burujabetza komunitarioari, eta behetik gorako tradizio anarkista maiteago nuela -eta dudala- alderantzizko estatalismoa baino. Sasoi hartan, jarrera honek bereiztu egiten gintuen ETAren ingurutik, haiek ortodoxia iraultzailean ikusten nituen, eta goi-aginduen menpeko. Haiek guri sozialdemokrata esaten ziguten, irain gisa; baina gustura hartuko genuke gaur orduko sozialdemokrazia eskandinaviar berdintzaile hura!

1976an klandestinitatetik irteten hasi eta ESBren sorrera-kongresua bildu zen Arantzazun. Ni Madrilgo taldearekin etorri nintzen bezperan. Gogoan dut azken orduan txosten bat euskaratzeko ikasle talde bat harrapatu gintuztela, eta ez dakit noren etxean egin genuen gaupasa, biharamunean txosten hura euskaraz (ere) irakurria izan zedin. Logura eta guzti, Madrildik etorrita liluragarria egin zitzaidan Arantzazuko bilkura; izen ezagunak eta bestelako pertsona asko batera eta ilusioz ikusita, pila karga-karga eginda itzuli nintzen.

Madrilera bueltan, aitarekin ere komentatu nuen bizi izandakoa. Lagun jeltzaileak bazituen, baina politikoki suelto zebilen eta sinpatiaz ikusten zituen nik kontatzen nizkion mugimenduak. Harik eta izenak publiko egiten hasi zirenean ikusi zuen arte ESBn zeudela baita ere karrozerian berarekin gatazkan aritutako hainbat pertsona. Nik aurrez banekien, noski, eta lanak nituen eten bortitzaren ondoren bi aldeekin harremanari normal samar eusteko. Baina Migel Mariren mina handegia zen: erabat aldendu zen ESBtik, eta pentsatzen dut nolabaiteko traiziotzat hartuko zuela nik beste horrenbeste egin ez izana. Bera gerora EAJn afiliatu zen, beti ere bere estiloari eutsiz.

Arantzazutik gutxira, alderdi berriaren gazteon batzar bat deitu zuten Durangoko Jesuitetan, eta berriro etorri nintzen Madrilgo ordezkari. Franco lurperatua zuten aurreko azaroan, baina artean ‘18 de julio’ jai zen, bere estatu kolpearen urteurrena gogoratzeko. Durangoko batzarra eguerdirako amaitu zen, giro onean, eta ondoren talde handi bat herrian geratu ginen mokadua egitera. Fatima ere tartean zen, eta nire burua gogoratzen dut taberna batean behintzat kitarrarekin ‘Morts pour la patrie’ abesten. Gero norbaitek aipatu zituen Zornotzako Karmenak, eta hara joan ginen tropelean. Plazan musika zegoen, Fatima eta biok dantzan hasi ginen… eta elkarrekin dantzan jarraitzen dugu oraindik. Aurtengo udan beteko dira 50 urte.

Diktadorea hilda, errepresioa arrakalatzen hasi zen eta ESBk hori baliatu zuen mitin handiak antolatzeko. Madrilen nengoela abisatu zidaten azaroan egongo zela bat Aretxabaletako frontoian, ea hitz egingo nuen kanpoko ikasleen izenean. Nire lehen mitina zen, eta nik baietz. Eguna iritsi zenean, frontoia jendez bete zen eta mahaia hizlariz, tartean Gregorio Etxabe eta Txillardegi. Testu mitinero samarra neukan prestatuta, eta azken bultzadarako ardo trago batzuk jo nituen, nahiz artean eguerdia ez zen. Dena ondo joan zen, eta fitxatu egin ninduten urtarrilean Donostiako Atano frontoian aritzeko. Motiboak pilatzen ari zitzaizkidan Madrildik aldegin eta Euskal Herrira itzultzeko. 1977 hasieran itzuli nintzen.

Udaberri hartan deitu zituzten Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Eta Xibertako porrotaren ondoren, ESBkook erabaki genuen haietan parte hartzea, 200 orrialdeko programa batekin. Ni ordurako klinikan lanean hasia nintzen egun erdiz, baina kanpainan buru-belarri murgildu nintzen. Klinikako burua, Eukeni, senaturako gure hautagaia zen, Txillardegi bezala. Besteak beste jarri ninduten Gipuzkoako hautagaiekin komunikazio lan batzuk egiten. Eta ez dut ahaztuko behin irrati ponpoxo batera Txillardegirekin joan nintzelarik, nola berak lokutorio batetik pasatzerakoan piano bat ikusi zuen eta bapatean jotzen hasi zen Feelings modako kantua. Ez zen inondik ere pertsonaje publiko hari (ez ahaztu, ETAren fundatzaileetako bat) zegokion estiloa, baina ordurako pertsonaren atal gozo batzuk ezagutzen hasia nintzen, eta keinu hura gustatu zitzaidan. Kanpainan, oro har, bizipen politak izan nituen; baina botoak jasotzeko orduan gure emaitza ez zen izan esperotakoa, eta ez genuen ordezkaritzarik lortu. Hauteskunde gaua mingotsa izan zen, inondik ere.

ESB alderdi instituzionala izateko jaioa zen, baina egokitzea tokatu zitzaigun. Hauteskundeek zulo ekonomikoa utzi zuten, eta urte luzez jardun genuen hura ordaintzen; hala ere, egitura profesional minimo bat behar zen makina mugiarazteko. Eta politikoki asko balioesten nuen Iñaki Aldekoa idazkariak liberatzeko eskatu zidan; eta nik baietz. Han joan nintzen Donostiara, Matia kaleko bulego gainean zegoen pentsio batera, eguneko ia ordu guztiak lanean ematera. Uda hartan Askatasunaren Ibilaldia ibili zen Euskal Herrian zehar, eta alderdien koordinazio talde batean egotea tokatu zitzaidan, hura sustatzen eta jarraitzen. Madrildik etorri berri samar, ez nuen jenderik apenas ezagutzen; beraz ez nintzen oso eroso sentitzen. Hala ere, iritsi ginen Arazuriko azken hitzordura, ibilaldiko etapa guztiak beteta; eta, ikusita zelai handi hartara norabide guztietatik iristen zirela ikurrinez jositako zutabeak, “Nafarroa Euskadi da!” ohikuatuz, pentsatu genuen sekulako astindua eman geniola egoera politikoari ekimen harekin. Baina handik 20 bat urtera aukera izan nuen Juan Cruz Alli elkarrizketatzeko ETBrako, eta off-eko kontuen artean Arazurikoa irten zenean, hitzez-hitz esan zidan: “La cagasteis para 30 años”. Kontuak aterata, 2007an iraungiko zen Alliren pronostikoa; gertakariak errepasatuta, uste dut 10 urte motz gelditu zela.

Politikari profesionalaren lanari ez nion gustu onik hartu, eskatzen zuen diziplina eta sektarismo maila altuegia zen niretzat, eta udazkenean klinikara itzuli nintzen. Jarraitu nuen ESBn Batzorde Nazionaleko kide izaten eta tokatu zitzaidan hainbat Kongresutan mahaiburu izatea. Kongresu bat badut gogoan, Sarrikoko areto handian, 300-400 ordezkari lanean bi egunez eta ni hura gidatzen 24 urterekin. Ausart behar nuen halako saltsatan sartzeko, baina ausart jokatu zuten baita ere ardura hori eman zidatenek. Pentsatzen dut alde izango nituela euskaraz jantzi samar eta suelto aritzeko gai izatea, eta adinari zegokiona baino segurtasun handiagoa erakustea. Oro har, gustura egin nituen lan horiek. Baina Gipuzkoako Kongresu bat ere badatorkit gogora, minez, bertan eztanda egin zuelako Txillardegik alderdiarekin zuen ezinegonak eta, mahaiburu nintzen aldetik, haren aurrean nik ordezkatu behar izan nuelako ofizialtasuna. Gu bion arteko harremana, ordura arte polita izandakoa, ez zen harrezkero lehengora itzuli.

Alderdiaren zuzendaritzan ilusioz bizi izan nuen Altsasuko Mahaiaren sorrera eta gero Herri Batasuna koalizioarena. HBren hautagaitzan sartu ninduten Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eta mitin batzuk ere eman nituen, bat adibidez Santi Brouard-ekin. Hala ere, jarraitzen nuen alderdien logikan eroso ez egoten; eta, horrez gain, koalizioren baitan etengabekoa zen itsaskia eta sekulakoa hondoko itsasoa, harik eta KASek hegemonia lortu zuen arte. Gure amets autogestiozalea guztiz alboratuta geratu zen joko zelai horretan, eta erretiratuz joan nintzen politika antolatutik. 80an eten nituen konpromiso organiko guztiak, eta harrezkero nire kabuz egin dut bidea, herrigintzan eta euskaratik, gogoz kontrako agindurik bete beharrik gabe.

ESBren ibilbideaz ez dut informazio askorik aurkitu Interneten. Testu hau Carlos Caballero alderdikideak idatzi zuen, eta xehetasun batzuk ematen ditu. Carlos bera EAJko diputatu izan zen geroago Madrilgo Gorteetan. Gehiago izan ziren HBn ibilbidea egin zuten ESBko kide ohiak, Iñaki Aldekoa esaterako. Ez dut bereziki ikertu, baina esango nuke politikan jarraitu zuten guztiek alderdi abertzaleetan aurkitu zutela tokia, hori baitzen ESBko kideon zutabe ideologiko komun bat.

Alderdietatik aparte ere, ikuspegi politikoak gidatu du nire jarduera osoa: herrigintza euskaratik, autoeraketa, behetik gorako dinamikak, zubigintza eta lankidetza, botere handiei bizkar ematea… Esango nuke elementu horiek oso presente egon direla murgildu naizen ekimen guztietan. Tentsio handien erdian zaila izan dut mugitzea, eta ziur nago lubaki alderdikoi bakoitzak erraz kokatu nauela bere etsaiaren zelaian. ‘Gurea ez bada, besteena da’ logikak ez zigun tarte handirik uzten libre samar genbiltzanoi, eta ohikoa izan dugu egurra alde guztietatik jasotzea. Uste dut, ordea, ikasi dudala pertsona oso lerratuekin ere harreman balekoak eraikitzen eta gehienetan lortu dudala alderdien jokoak ez izatea oztopo zenbait ekimen aurrera eramateko.

Bidean jorratutako bi gai oso politiko aipatu nahi ditut hemen, oraindik ere gatazka iturri direlako gure artean eta oztopo handi herrigintzan aurrera egiteko.

Lehen korapiloa da publiko/pribatu dikotomia, eta sinplifikazio horrek nola polarizatzen dituen posizioak esparru zehatz batzutan; oraindik minbera daude, esaterako, Buesa hezkuntza sailburu zeneko publifikazio prozesuak eragindako zauriak.

Dikotomiak oso bihurriak dira eta nekez ematen dute konponbiderik, ez bada bat ala beste aukeratzea. Nik nahiago ditut marko zabalagoak, aukera gehiagorekin, batetik bestera mugitzea eta tarteko posizioan kokatzea ere ahalbidetzen duteneak. Publiko/pribatu korapiloa askatzeko, adibidez, oso argigarria zait soziologian klasikoa den ikuspegi hau:

Estatuak sortzen du esparru publikoa; bere ardatz nagusia legetasuna da eta forma desberdinak har ditzake: demokratikoa, autoritarioa, soziala, zentralista, federal/konfederala…

Merkatuak sortzen du esparru pribatua; bere ardatz nagusia irabazia da, eta hemen ere bektore desberdinak agertzen dira: globalago/lokalago, liberalago/arautuago…

Gizarteak sortzen du esparru soziala, komuna; ardatz nagusia autoeraketa da (autogestioa), eta interes komunitate desberdinak eraikitzen ditu herri zabalaren baitan.

Hiru multzo horien artean badaude intersekzioak, zona hibridoak. Botere publikoa eta ekonomikoa oso hurbil daudenean, liberalismoa nagusitzen da; botere publikoa eta gizartea hurbil badaude, sozialdemokrazia edo komunismoa gerta daitezke, segun eta bietan zein den esparrurik indartsuena; merkatua eta gizartea igurtzian jarrita sortzen da ekonomia soziala…

Hiru multzoen dialektikan interpreta daitezke egoera sozio-ekonomiko gehienak. Adibide batekin azalduko dut nire irakurketa egungo garai politikoaz. Mendebaldean bizi dugu arautu gabeko merkatuaren hipertrofia eta gizartearen sakabanaketa indibidualista; horren ondorioz aberastasuna kontzentratu egin da eta elite hauek gaina hartu diete estatuei, zeintzuk ahul baitauden gizartearen sostengua galtzen ari direlako. Korporazio handiek ez dute mugarik onartzen, ez zergarik ordaintzen; dirua, teknologia eta politikoak erabilita, botere autonomo bihurtzen ari dira, kontrol demokratiko gero eta ahulagoekin. Nire ikuspegian, merkatuaren gehiegikeriei aurre egiteko beste bi esparruen aliantza estua behar da, alor publikoa eta soziala lankidetzan behar ditugu interes komunaren defentsan. Kontsumo ohiturak aldatuta eta arauak gogortuta, ahuldu behar ditugu elite diruzaleen botere apetak eta gurdiaren norabidea aldatzen saiatu amildegira iritsi aurretik.

Euskal Herriak ez dauka estatu egitura propiorik, gure erakunde publikoak menpeko dira ondoko estatuekiko, gatazka bortitzak medio. Merkatua ere ez du aldeko izan, oro har, historian zehar. Eta, hala ere, bizirik iraun du herri gisa eta hizkuntza gutxituen eskalan indartsu den hiztun komunitatea daukagu. Bada hori zor diogu neurri handi batean hirugarren hankari: gizarte ekimena ugaria eta ahaltsua da gurean, zorionez. Berezkoa dugu elkartzea eta arazoen aurrean antolatzea, denok hartzen dugu parte mota askotako erakunde eta dinamika sozialetan. Sekulako aberastasuna da energia sozial hori, eta ezinbestekoa dugu biziraupenerako. Gizarte ekimena sendo uztartu behar dugu erakundeen ahalmenarekin, herri garapena lortzeko. Ekuazio hau oinarrizkoa iruditzen zait.

Beraz, ez genuke eztabaida zurrunetan erori behar. Publiko ez den guztia ez da pribatua, ezta alderantziz ere. Soziala edo komunitarioa den esparrua asko interesatzen zaigu herri garapenerako, eta gutxietsi edo borrokatu partez, zaindu egin beharko genuke. Hori bai, erakunde politikoei kontrol zorrotza egin behar diegun bezala, zintzo eta garden jardun daitezen, hala egin behar dugu erakunde sozialekin ere, benetan interes komunari erantzun diezaioten: irekiak izan daitezela, demokratikoak, irabazi asmorik gabeak…

Eta honekin oso lotuta dator bigarren gai potoloa: gobernantza partekatua. Autogestioa sustatzea da lan politikoetan zailena, borondate asko bateratzea eskatzen duelako; baina askotan asmatu dugu. Nahiz eta haizea ez daukagun alde, eta mundua oro har kontrako norabidean doan, ez genuke etsi behar. Hori bai, argi izanda soilik hanka soziala indartzeko eta lankidetza publiko-soziala sendotzeko gai garen neurrian lor genezakeela gurdiaren norabidean eragitea. Hain zuzen horretarako dugu ezinbestekoa esparru partekatuak sortzea, erakunde publikoak eta eragile sozialak parekotasunean jarduteko, gobernantza partekatuan. Gai hau agertu da beste atal batzuetan ere, zeharka bederen; sakonago helduko diot Badalab-en atalean, hor izan bainuen esparru honetan oso bizipen interesgarria.

Azken kontu bat, atal hau scroll etengabe bihurtu aitzin. Tuttologo gisa maiz aldarrikatu dut boto mugikorra; baita praktikatu ere. Telefono finkoa mugikor bihurtu zen bezala, sinisten dut politikarentzat oso bizigarria litzakeela herritarrok gure botoa mugikor bihurtzea. Leialtasuna bai printzipioei eta oinarrizko ideiei, baina ez siglei. Oso mugatzailea da herritarrontzat ‘gureak’ beti defendatu beharra eta ‘besteak’ beti egurtu. Eta oso kaltegarria da alderdi bakoitzak segurutzat jotzea ‘bere’ botoak. Boto mugikorrak ematen du aukera ondo egindakoa saritzeko eta gaizki egindakoa zigortzeko. Eta itzultzen dio boterea hauteslegoari. Gainera, aldaketa egiturazkoek denbora eskatzen duten bitartean, hau hurrengo hauteskundeetan jar daiteke praktikan. Beraz, animo!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude