Nolatan bihurtu nintzen ezertaz jakin gabe edozertaz aritzeko gai; iritzia ematerakoan (ere) herrigintza euskaratik; paperean ikasitakoak, irratiak eta telebistak; bidean egindako lagunak; eta nola aldatu diren tertuliak, kamarada!
Arrasate Press-en zutabeak idazten hasi nintzen aditu gisa, lehenik musikaz eta gero autoen gainean. Baina birmoldaketa baten baitan proposatu zidaten iritzi-orri nagusian gai librean jardutea, beste hainbat lagunekin txandaka. Aurrez banituen idatziak artikulu solteak ARGIA-n, Madrilen bizi nintzela, edota GARAIA-n, gai politikoagoak jorratuz. Eta Beasaingo klinikaren eztabaidaren harira tokatu zitzaidan baita ere iritzi artikuluren bat idaztea egunkarietan, edo elkarrizketak egitea irratian. Oro har, ez neukan arazorik nire iritzia emateko eta zailtasun handirik ere ez idatzi txukun samarrak atontzeko.
Baina proposatzen zidaten erronka beste munta batekoa zen: zabalkunde lokala baina handia zeukan hedabidean erregularki iritzi-artikulu orotarikoak idaztea, bereziki gaurkotasuneko gaiekin lotuak. Lehen aleari Tuttologo jarri nion izenburua, italiarrek hitz hori erabiltzen baitute ‘ezertaz jakin gabe edozertaz jarduteko’ ofizioari. Konfiantzaz sendo sentitzen nintzen, eta aukerarekin esker oneko.
Ordurako abiatuta neukan ikasbide oso polita idazkerarekin. Hezkuntza osoa espainolez jaso nuen eta euskaraz alfabetatu gabea nintzen; zorionez, nire ibilbide profesionalean eta aktibismoan nagusiki euskara erabili dut, eta bidean ikasi dut txukun samar idazten. Arrasate Press-en hasiera-hasieratik jarri zidaten zuzentzaile bat, nire idatzien hizkuntza zuzentasuna zaintzeko. Orduan ezagutu nuen Iñaki Mendiguren itzultzaile eta idazlea. Arrasaten aldameneko atarian bizi zen eta astean behin joaten nintzaion, makinaz paperean idatzitakoarekin (esan beharrik badago ordenagailuak beranduago iritsi zirela?) berak zuzendu zezan argitaratu aurretik. Eta berehala itzultzen zidan papera ohartxo zehatzekin, gramatikaz nagusiki, baina baita estiloaz ere tarteka. Hura izan zen nire alfabetatze luxuzkoa; eta laster hasi ziren juntadizoak luzatzen, whisky txupitoren bat tarteko, lagun bihurtu ginen arte. 35 urte geroago jarraitzen dugu tarteka haien etxean eta gurean elkartzen, otordu goxo baten bueltan, huntaz eta hartaz gustura solasteko.
Arrasateko lehen urte haietan ARKO multimedia eraikitzen nenbilen buru-belarri eta gaiaren bueltan aritzen nintzen sarri, honi bultza eta besteari tira. Baina herri dinamikak eta politika orokorra ere oso gustuko izan ditut beti, eta libre aritzen nintzen horietaz ere. Herrigintza sustatzea zen nire helburu nagusia, bereziki euskararen mesedetan. Ia 40 urte geroago Mastodon sarean hasi naizenean nire leloak horixe bera dio: herrigintza euskaratik. Nire pentsamoldearen jomuga izan da beti gizarte ekimena eta erakundeen ahalmena uztartzea, herri garapena ahalbidetzeko. Eta tuttologo lanetan nire jarrera beti izan da alderdikerien gainetik zubiak bilatzea, lankidetzak bultzatzeko. Xibertako porrota-ren ondoren konfrontazio bortitzean bizi ginen eta zaila zen haren gainean zerbait eraikitzea, baina hori izan zen nire jardun-ildoa.
Arrasate Press-en hasi eta gero Goienkaria-n, 33 urtez jarraitu nuen Debagoienean ia etengabe artikuluak idazten, bolada luzetan astero. Adibiderako hau aurkitu dut arrakasta izan zuena, 2002an Francoren heriotzaren urteurrenaren inguruan idatzia, orduan presidente zen Aznarrekin paralelismoak bilatuz. Eta gogoan ditut egurra jaso zuten bi. Lehenean defendatu nuen alokairuaren aukera sustatu beharra, etxebizitza erosteko presioaren aurrean, Europan ohikoak ziren parametrotan; eta leporatu zidaten etxebizitza-eskubidea ukatzea. Bigarrenean Debagoiena goraipatzen nuen, kasu honetan esanaz eskualde gutxitan egongo zela munduan halako auto-eraketa sistema bat, eskaintzen zituena eskolaurretik hasi eta hezkuntza ibilbide osoa -unibertsitatea barne-, eta ondoren ikerketa zentruak eta kooperatiba talde modernoa laneko aukerez betea; eta kritikatu zidaten ikastolaren alde egitea eta eskola publikoaren kontra. Oro har, ordea, errespetuz tratatu ninduten eta banituen fan batzuk ere.
Paperak agintzen zuen garai hartan, espazioa mugatua zen, ez zegon scroll aukerarik. Zutabe batek zeuzkan 1.150 karaktere, adibidez, eta karaktere apur batzuk motzago izan zitekeen baina bat luzeago ez. Normalean egiten nuen hasieratik libre samar idatzi eta neurtzen joan, baina goitik geratzeko moduan. Gero, berrirakurri ahala, kentzen joaten nintzen hitzak, esamoldeak, edo esaldi osoak ere bai, idatzia neurrian sartzeko. Eta konprobatu nuen testuak hobetu egiten direla lastoa kentzen zaien heinean. Oso ikasketa baliagarria izan zen.
Halako batean etorri zitzaidan Euskadi Irratia-ren gonbitea tertulia batean jarduteko; eta nik baietz. Nazio mailara salto egitea esan nahi zuen eta horrek bertigo apur bat sortzen zidan. Gainera, orduko tertuliano gehienak alderdietako edo erakundeetako ordezkariak ziren, artean apenas zegoen etiketatu gabeko partaiderik. Beno, etiketarena erlatiboa da, ze gogoratzen dut behin tertulian aritu ginela Itxaso Atutxa, Denis Itxaso eta hirurok; bistakoa da triangelu horren antolatzaileak zein erpinetan etiketatzen ninduen ni.
Tertulia afalondoan zen, Ramon Santxezekin, eta ez dut izenik gogoratzen. Ordurako Elorrion bizi nintzen, eta joan-etorrian ez ibiltzeko telefono linea berezi bat jarri zidaten etxean, bertatik sartzeko. Mendi artetik jardunda, tarteka iruditzen zitzaidan hiriburukoek baino informazio gutxiago manejatzen ote nuen, baina horixe zen nonbait nire grazia, horrek ematen zidan exotismo puntua.
Horrekin bateratsu garatu zen ARGIA-rekin kolaborazioa, hiruhilean behin edo iritzi artikulu bat idatzi nuen denbora luzez (hemen bilduma bat) Bolada batez,lau artikulugile jarri gintuzten azken orrian txandaka, eta horietako bat… Bernardo Atxaga zen! Nik horrenbeste miresten nuen idazlea hurbileko bidelagun izatea, ezin nuen imajinatu ohore handiagorik.
Ondoren etorri zen Maite Artolaren Mezularia. Taldetxo bat nahikoa egonkor aritu ginen eta konplizitate handia sortu zen gure artean, afari batzuk ere medio. Orduan oraindik astia zegoen irratian hitz egiteko, ideiak garatzeko, eztabaidan lasai jarduteko; eta gure artean sortutako konfiantzak joko handia ematen zuen, elkarreraginak bilakatu egiten zituen jarrerak eta inoiz tertulian bertan irauli ere bai. Niretzat tertulien urrezko aroa izan zen. Orain, orokorrean, erritmoa eskatzen da beste ororen gainetik, txioka hitz egin behar da, esaldi azkar eta txinpartadunekin. Gaiak axaletik jorratzen dira; bakoitzak berea bota, ikuspegi berarekin hasi eta buka.
Mezularian, Mikel Aramendi zen Wikipedia, denetik zekien asko. Behin gogoan dut azken orduko uholde batzuk izan zirela Txinan, erreka batek gainezka eginda. Tertulia aurretik ezer begiratzeko astirik ez eta han hasi ginen betelanean, Txinan jende asko bizi zela… horregatik kalte handiak… Eta bapatean Aramendi hasi zen ibai horren ibilbidea eta ingurunea xehe-xehe azaltzen, Itsasondotik Tolosara Orian behera balihoa bezala. Txundituta geratu ginen.
Oratorian, aldiz, Ander Iturriotz zen gure Demostenes. Ohituta zetorren unibertsitatetik, baina haren hiru puntuko eskemak, eta nola garatzen zituen denborari asko erreparatu gabe… Behin hasi zen Ander, motz asmoan, “nik azken gauza bat…” baina pentsatu ahala eskema buruan osatu egin zitzazion nonbait, eta esaldia bukatu zuen “…esan nahi nituzke” Adi zegoen Maite, eta zorrotz bota zion: “Ea, Ander, bat ala nituzke?”
Une polit askoren artean, ez dut aipatu gabe utzi nahi Gabon gau bat, irratian Ormaiztegitik sartu nintzena. Egun horretan bada herrian ohitura oso eder bat: elizatarian 200 bat herritar (1.300etik) biltzen gara, adin guztietakoak eta soinuz lagunduta, gabon kantak errepasatzera. Transmisio ariketa zoragarria iruditzen zait; gainera tartean bada kanta bat, bitxia, Ormaiztegi inguruan bakarrik gordetzen dena. Hau dena irratikoei komentatu nien, gustatu zitzaien, eta gabon gaueko saioan zuzenean sartu ginen emisioan, juxtu kantu hori kantatzeko unean. Zinez polita izan zen.
Tarteka deitzen zidaten hauteskunde gauetako saio berezietan parte hartzeko. Askotan egon nintzen Goiena Telebista-n, eta saiotik saiora nabaritzen nuen nola baliabidez umil hasi zen telebista handi bihurtzen zen datuak, konexioak, elkarrizketak eta abarrak egiterakoan. Batzuetan Euskadi Irratiak ere deitzen zidan halako saioetarako. Politika jarraitzea gustuko nuen orduan (orain baino gehiago) eta gau hauek adrenalina berezia izaten zuten. Noski berandu bukatzen ziren, adrenalina jaistea kosta egiten zitzaidan eta biharamunean goiz lanera joan behar.
Tuttologoaren hurrengo jauzia ETB-ra izan zen, Maddalen Iriartek proposatu zidanean Azpimarra saioan tertuliano izatea. Berak proposatu, eta nik baietz. Han ere, Maiterekin bezala, giro lasaia zegoen taldean eta eroso aritu nintzen. Telebista ez zitzaidan arrotz, eta Maddalenek ere konfiantza sortzen zuen. Gainera belaunaldi berriak hasiak ziren tertulietara iristen, formazioz eta informazioz ondo jantziak, eta haiekin errazagoa zitzaidan rol osagarri bat hartzea, gaurkotasunaren presioa arindu eta eskarmentuari etekina ateratzea.
Garai eroso hura errepasatzean burura datorkidan gertakaririk bitxiena saioaren periferiatik dator. Azpimarra-n ari nintzela Odile Kruzeta EITBko irratietako zuzendariak eskatu zidan Radio Euskadi-n ere parte hartzea, Dani Alvarez-en Boulevard saio entzutetsuaren tertulian. Planteamenduaren helburua zen euskaraz bizi ginen pertsonen presentzia indartzea erdarazko katean; eta nik baietz, egingo nuela proba. Mundu arrotza zen niretzat, nire bizimodutik urruneko jendea zen gehiena; baina kasu honetan ere exotismo puntuak funtzionatu zuen eta harreman txukuna izan nuen ia guztiekin. Eta Danirekin, berriz, oso harreman hurbila eraiki genuen. Bera euskararako bidean zetorren eta bidelagun hartu ninduen, batez ere euskarari toki berezia eman behar zitzaionetan. Esteñibarren izan zen pare bat aldiz familiarekin, eta behin berak gonbidatu gintuen Fatima eta biok Bilbon bazkaltzera. Bidaia aprobetxatze aldera, bazkaria jarri genuen Azpimarra tokatzen zitzaidan egun batean; bazkari arin bat EITB inguruan, eta arratsalde erdian platora. Baina bazkaria oturuntza izan zen, eta gainera Atxurin. Akordatzerako berandu hartu nuen tranbia, eta nahi baino luzeago egin zitzaidan bidaia. Saiokoak abisatuta zeuden, eta kaletik nentorren eran, makilatu gabe eta bazkaria oraindik eztarrian, sintoniarekin batera sartu ninduten platoan. Hala ere lortu nuen txukun aritzea, nonbait, ze hurrengoan berriro normal etorri zen saiorako deia.
Ekialdera begira jarrita, ezin dut ahaztu Euskalerria Irratia. Haiekin ere aro desberdinetan kolaboratu izan dut iritzi-emaile moduan, bestela toki komunikabideen esparruan izan dugun harremanaz aparte. Normalean podcast laburrak izaten ziren, aurrez idatzi eta zuzenean lokutatzen nituenak. Irrati publikoen aldean bestelako freskotasun bat zeukan irrati nafarrak, artean ilegal eta pobre. Bolada batez astelehen goizean izaten zen nire parte-hartzea eta, pare bat aldiz edo, gertatu zitzaidan hitzordua ahaztea haien deia jaso arte. Normalean, emisioan sartu baino hiruzpalau minutu lehenago deitzen zidaten; eta halakoetan deia hartzen entretenitu gabe lortu izan nuen testu minimo bat atontzea bigarren deia baino lehen, eta irakurri ahala osatzea tamaina egokiraino. Hori bai, ondoren lanak izaten nituen bihotz taupadak bere onera ekartzeko.
Hainbeste kolaborazio han eta hemen, guztiak uztartu behar izan ditut beste hainbat kargurekin. Eta beti aplikatu dut irizpide bera: erakunde sozial edo publiko baten arduradun izan naizenean, utzi egin diot iritzi-emaile izateari zuzenekoan, hau da, irratian edo telebistan; eta idatzizkoa mantendu dudanean, jardun esparrua izan dut erakundearena, hortik irten gabe. Nire izenean bakarrik ari banaiz, erabat libre sentitzen naiz edozertaz pentsatzen dudana nonahi esateko; kolektibo bat ordezkatzen badut, ez.
2015ean Aldundira joateko utzi nuen Boulevard. Azken saioan aukera sortu zen hartu behar nuen hizkuntzaren gaineko arduraz elkarrizketan aritzeko, eta agur esateko modu polita izan zen. Gero, Aldundikoa bukatu eta berehala Iñaki Guridiren Faktoria-tik deitu zidaten, eta berriro hasi nintzen. Baina ohartu nintzen irratia egiteko modua ez zela bera, eta ni ere aldatuta nengoen. Iñakik eskuzabal eskaini zizkidan formatu desberdinak, eta batzuk probatu genituen. Baina 70 urteak bistan, bizitza osoari ari nintzaion beste jite bat ematen eta agur esan nion nire tuttologo ibilbideari. Hain zuzen, Goiena-k argitaratu zuen idatzi honekin:
2021eko abenduaren 12a
33 URTE
Gogoz ekin nion idazteari, euskarak bultzatuta. Hasieran musikaz, gero autoez, eta gerora edozertaz, behin lotsa galduta tuttologo orojakile bihurtu bainintzen. Lehen urrats horren ondorioz etorri ziren Arrasate Telebista, Arrasate Komunikabideak, Euskadi Irratia, ETB, Goiena, Argia, Euskalerria Irratia, Tokikom… Eta ibilbide horren haritik beste hainbat ardura, Kutxan, Topagunean, Aldundian, Soziolinguistika Klusterrean… Azkena Badalab-en, hizkuntza berrikuntzako laborategi sortu berrian. Honekin amaituko dut ardura publikoen aroa, adinari zor. Ondo bidean, urte eta erdi barru gertatuko da hori.
Orain dagokidana da iritzi-emaile ibilbidea ixtea, gaurko zutabe honekin. Idazteak idazten trebatu nau, noski; baina, gainera, bizi-ibilbidea ere aldatu dit hobera, nire zorionerako. Eskerrik onenak bidean izan eta egin ditudan lagun guztiei; eta animorik beroena atzetik datozenei, nik adina zorte izan dezazuela! Adiorik ez.
