Aldaketa aukera bihurtu nuenekoa. Iruñean falangista, antzezle, turista, lagun… Asma erasoa, Leringo mozkorra eta Guacamayo-n makarra. Institutuan genero-harresia eta Josefina filosofaren 2.000-3.000 egitasmoa. Mikel berri bat sortzen, aitaren planetatik harago.
Goi-batxillergoa egiteko aitak beste ingurune bat aukeratu zidan. Nonbait 5 urte toki berean nahikoa iruditu zitzaion, ez dakit zerk eragin zuen aldaketa. Nirekin hitz egiten zuen, nerabe izan arren heldu gisa tratatzen ninduen eta kontu filosofikoak ere aipatzen zizkidan. Sokrates-en Ezer ez dakit, ezer ez dakidala baizik esaldi famatua irakatsi zidan artean ulertzeko gai ez nintzen adinean. Baina ez daukat gogoan nola azaldu zidan beste anaiengandik bereiztu beharra. Aldiz, Iruñea aukeratzeko bazituen gutxienez bi arrazoi praktiko: Gurutze arreba zaharragoa han ari zen erizain ikasten, eta aitak bazituen bi lehengusina bertan ezkonduta bizi zirenak.
14 urterekin, Tolosa atzean eta Iruñea aurrean, kontziente izan nintzen ingurune aldaketa erabateko hura aukera aparta zela iraganeko zametatik libratzeko eta neure buruaren bertsio hobe bat bilatzeko. Izaeran jauzi egin eta Mikel berri bat eraikitzeko asmoz agertu nintzen euskal hiriburuan.
Gogoratzen dut lehenik ikastetxea lotu genuela, Gurutze plazako Ximenez de Rada institutua, eta nola han bertan galdetu genuen ea Iruñean bizitzeko ikasleen egoitzarik ba ote zegoen. Horrela iritsi nintzen Ruiz de Alda ‘colegio menor de la juventud’ delakora, historia bereziko eraikina, inondik ere. Colegio menor eta mayor nomenklatura hau zaharra zen, baina funtzioa aldatuta zeukaten, delako ‘colegio’ haiek ez iren ikastetxeak, egoitzak baizik, esku pribatuetan zeudenak; nirea. zehazki, Falangearen eskuetan. Ez dut haien estekarik jarriko, publizitatea ez egitearren, baina irakurle gazteak jakin beza frankismoaren ofizialtasuna eskuin muturraren egituretan gauzatzen zela. Halabeharrez, ni ere falangista izan nintzen, OJE (Organización Juvenil Española) erakundeko kide.
Egoitzan sartzeko ‘nobatada’ pasatu behar izan nuen. Eta (zergatik ote?) emakume baten rola antzeztea egokitu zitzaidan, Egoitzan sartzea zegoenez jokoan, kontua serio hartu eta ahal bezain ondo antzeztu nuen Luisarena. Ondoren, nire zorionerako, Luisa deitzearen bromak ez zuen luze iraun eta, kontrara, tutoreetako bat etorri zitzaidan antzerki talderako proposamenarekin. Planteamendu irekia zeukaten eta neskak ere bazeuden; gustura ibili nintzen tartean. Pentsa, Alfonso Sastre-ren obrak antzezten genituen, eta haietako batekin iritsi ginen Bizkaiko Aldundiaren jauregian saio bat ematera!
Bestela ere, egoitzan ez genuen presio politiko oso handirik jasotzen. Hori bai, uniformea geneukan: alkondara zuria eta gorbata granatea, praka motz/luze grisak, turkesa koloreko jertse bat lepoan zerrenda zuri bat zuena, eta igandetan jaka urdina, bi beltxarga buru zituen txaparekin. Noski horrekin institutuko ikaskideen artean markatuta geunden, eta ez soilik ideologikoki: nafar herrietako nekazariak, boronoak, primitiboak ginen, uniformeak hori nabarmentzen zuen.
Egoitzan giroa nahiko sanoa zen, seguruenik landa inguruneko jendea zelako nagusi. Eta gure zaindariak ere unibertsitateko ikasle pobreak ziren, gu zaintzearen truke bertan bizitzeko aukera zeukatenak; ez zen zaila haiekin ondo konpontzea. Ping pong-ean jokatzen genuen asko eta Urtainen hastapenak bizi izan genituen ilusio handiz, baita ilargia lehen aldiz zapaldu zutenekoa ere.
Arazo larriena gertatu zen azaroaren 20 batean, Falangearen sortzailearen urteurrenean. Lerin-en antolatu zuten hura oroitzeko ekitaldia, eta gure egoitzari eskatu zioten gazte uniformatu batzuk bertara bidaltzea. Autobusa antolatu zuten, eta mojen egoitza bateko neska taldearekin batera egin genuen bidaia. Behin Lerinen, inguratu ginen ekitaldia izango zen frontoira, baina hainbeste jenderekin gure falta ez zela igarriko eta norbaitek proposatu zuen hanka egitea. Ni ez nintzen arau-apurtzailea, baina egun hartan ausartu egin nintzen eta txikiteoan aritu ginen Leringo kale nagusi luzean. Artean asko edateko ohiturarik ez, eta batzuk mozkortu egin ginen. Ni, bestela ere, autoan edo autobusean erraz zorabiatzekoa nintzen eta hori aski nuen txala botatzeko; imajinatu mozkortuta. Kontua da ikuskizun penagarria eman genuela bueltako bidaian, nonbait. Biharamunean ez dut gogoratzen zigor gogorrik gure egoitzan, baina bai nesken egoitzara joan behar izan genuela barkamen eske, eta baita mojen aurpegi serioen ondoan guk ‘iraindutako’ nesken irribarre bihurriak.
Egoitzan bertan apaiza geneukan, Gallo abizeneko kapilau militarra, otorduetako errezoak gidatu eta igandetan meza ematen ziguna. Nahiz ez zitzaidan gustatzen bere aurpegikera faltsua, aitortzen dut saiatzen zela guregana hurbiltzen. Behin azaldu zidan meza amaieran ‘Agur Jaunak’ kantatu nahi zuela, eta ea letra itzuliko nuen. Euskaraz suelto bai, baina artean ez neukan oso landua, eta lanak izan nituen testu anbiguoaren espainierazko bertsio txukun bat taxutzeko. Edonola ere, pasarteak adierazten du Iruñean euskaltasuna lasaiago bizi izan nuela Tolosan baino.
Etapa honetan azaleratu zen nire asma alergikoa. Ez nago ziur ea lehen erasoa Ormaiztegin izan zen ala Iruñean, baina gogoan dut barnetegiko pasarte esanguratsu bat. Gelan geunden lotarako prest, 6 lagun 3 literatan. Bizpahiru ari ziren azken zigarroa erretzen, nahiz gelan debekatuta egon, eta niri arnasa estutzen ari zitzaidan. Ez neukan artean konfiantza handirik gelakideekin eta, larri samar sentitu nintzenean, haiei ezer esan gabe jaiki eta laguntza bila irten nintzen. Zaintzaleetako bat farmazia ikasten ari zen eta hura genuen osasun arduraduna. Berarekin gelara bueltatu nintzenean, atea ireki eta ke-laino bat zabaldu zen korridorera. Noski, gelakideek bronka jaso zuten erretzeagatik, eta nirekin muturtu ziren ez nielako abisurik eman. Batzuetan portaera arraroak izaten nituen, aitortzen dut.
Aitak berehala jarri zituen bere lehengusinak martxan, eta Opus-eko ospitalean zegoen Oehling abizeneko alergologo baten kontsultara eraman ninduten. Han azal-azpian txertatutako laginen bitartez aurkitu zuten alergia niela bereziki akaroei, eta horrek eragiten zizkidala asma krisiak. Soluzioa ere planteatu zidan: Alemaniako laborategi batean fabrikatuko zituzten nire gaitzaren neurriko txertoak, eta nik eguneroko dosi txikitan ziztatu behar nituen hurrengo bizpahiru urtetan. Eskerrak egoitzaren ondoan bazegoela klinika txiki bat; han lortu nuen egunero ziztada jartzea. Bi besoak zuloz josita izan nituen luzaro, baina immunitate maila ona erdietsi nuen nonbait, ze harrezkero ez dut berriro asma krisirik izan.
Hiru urte egin nituen Iruñeko egoitzan, eta lagunarte gustagarria izan nuen. Egoitzako adinkideekin koadrilla polita sortu genuen, denboraren joanean; eta neskak ere baziren tartean, esaterako, antzerki taldearen eta egoitzako jaien inguruan. Horrez gain, Corella-ko Toño izan nuen lagun min, intimitateak partekatzeko; eta Lizarra-ko Arantxa neska-lagun, genero arteko lubakia arakatzen eta gainditzen hasteko. Lagun berezia izan nuen baita ere Gonzalo Goikoetxea; hain lagun, bere anaiaren ezkontzara gonbidatu ninduela Lizarrerriko Oteitza-n. Gero Madrilen koinziditu genuen berriro, baina han erabat banatu ziren gure ibilbideak.
Gure ohiko diskoteka Guacamayo zen, San Juan auzoan. Sarri samar joaten ginen, nahiz 18 urteren langara ailegatu ez. Nik 16 urteren bueltan helduago ematen nuen, eta seguru sentitzen nintzen. Arellano-ko lagun bat, kontrara, erabat bizargabea zen eta ni baino kinta bat zaharrago izan arren umetxo itxura zeukan. Behin diskotekako atean geratu egin zuten eta karneta eskatu ziotenean aitzakiatan hasi zen, etxean ahaztu zuen plantak egiten. Egoerari traza txarra hartuta, atezainari begietara begiratu eta keinu makarra batekin esan nion: “Lasai, nirekin dator”. Eta biok sartu ginen! Esango nuke segurtasuna transmititzeak ate gehiago ere zabaldu dizkidala denboran zehar.
Sasoi honen soinu bandan ezinbestekoak dira kantu batzuk: Lyndsay Anderson Aphrodite’s child (kontuz, Demis Roussos eta Vangelis) Roberto Carlos edota Hugues Auffray. Iruñean hasi nintzen baita ere kitarraren lehen akordeak ikasten, Jaurrieta abizeneko ikaskide bati begira. Handik lasterrera jiratu nuen lehen kitarra akustikoa, eta etxean hiru anai bagara oinarrizko akordeak jotzeko gai. Zahartzaroaren atarian hasi naiz lehen klaseak hartzen; gutxienez artrosis-ari aurre egiteko balekoak zaizkit.
Batxiller 6. kurtsoan geundela, taldekoek hartu genuen egoitzako jolas-gelan zegoen tabernatxoa. Gela txikitxo bat zen, mostradore ñimiño bat eta lau apal gordetzen zituena. Ordutegi jakin batean atea zabaldu, mostradorea kanpoan jarri eta baimendutako gauzak saltzen genituen: litxarrak, batidoak, kola edariak… Zerbitzua emateko erosketak egin behar ziren, dirua kudeatu, txandak antolatu… Ikasketa polita izan zen eta, gainera, saria eman zigun: ikasbidaia egiteko nahikoa diru! Ikasbidaia hala-moduzkoa, dena esateko; baina autoantolatua eta ausarta. Izan ere, baliatu genuen falangista-kume ginela, Espainian zehar gure egoitzaren antzekoen sarea erabiltzeko. Nik Ormaiztegin alokatu nuen Los Zubis musika taldearekin ibiltzen zen furgona, eta Mediterraneo aldera sekulako buelta egin genuen. Argazki honetan gaude turista-falangista taldea Alicanten; adinez heldua zen bakarra, Akilino txoferra. Esperientzia ahaztezina.
Kontakizuna asko zentratzen ari naiz egoitzan, han egin nuelako lagunartea. Ikastetxean, lehen inpresio handia egin zidan genero-segregazioak, muturrera eramanda baizegoen. Eraikinak lauki handi bat betetzen zuen, alde bat mutilena zen eta bestea neskena, laukiaren barruan jolastoki zabal batekin. Planta honetan erdialdean ikusten den eraikinik ez zegoen nire garaian; horren ordez zegoena zen alderik aldeko orma altu bat, alanbre arantzadunez errematatuta, nesken eta mutilen arteko harresi gisa.
Hori kenduta, 5 urte sotana artean eman ondoren, ikastetxea laikoa zen eta lasai samarra. Irakasleen zerrenda hau aurkitu dut eta nostalgia atake bat ere izan dut izenei aurpegia jartzean: Lampreabe, literatura ematen zigun gizon pedantea; Cereza latinekoa, C hizkiak K ahozkatzen zituelako Kereka deitzen geniona; Josefina filosofiakoa, nik maite nuena helburu hartu zelako gure hiztegia zabaltzea 2.000 hitzetik 3.000raino; Alonso natur-ekoa, zigarroaren kea irentsi eta botatzen ez zuena; Zuasti atso harroa, Ruiz-eko uniformedunak paleto sentiarazten saiatzen zena; Salanueva, matematikako besamotz erretxina, mal de muchos… epidemia! behin eta berriro errepikatzen ziguna…
Ikasleen artean gogoratzen dut Jesús Ferrero, zamorarra eta Zumarragan bizi izandakoa, gerora idazle famatu bihurtu zena; eta baita Marino Goñi, euskal musikan erreferente ezinbestekoa bihurtu zena. Baina egoitzako nafarrekin eraiki nuen lagunartea, eta iruinxemeekin harreman ahulagoa izan nuen. Ikastetxe ondoan zegoen eta sarri bisitatzen genuen La Servicial taberna, oraindik martxan dagoena; eta tarteka gustatzen zitzaidan udaletxe atzekaldean Marceliano taberna bisitatzea, giro oso euskalduna aurkitzen nuelako.
Tabernak eta parrandak asko aipatu ditut, seguruenik ikasketen gaia saihesteko. Iruñean ez neukan inertzia alde, Tolosan bezala, eta nota onak landu egin behar ziren. Baina denbora gehiegi neraman gauzak erraz lortzen eta ez nengoen lan egitera ohitua. Hemen hasi zitzaidan porrot akademikoaren amildegia bistaratzen, bereziki matematikan (kalkulu integrala ez nuen inoiz ulertu) eta fisika/kimikan (hauen ‘tripak’ ere nekez harrapatzen nituen). Aldiz, filosofian oso ondo manejatzen nintzen, eta Josefina irakasle zorrotz eta serioari nota bikainak ateratzen nizkion; tarteka baita irribarretxo bat ere.
Iruñeko azken ikasturtean Preuniversitario egin nuen, eta unibertsitatera sartzeko azterketa gainditzea ikaragarri kostatu zitzaidan. Ez nuek lortu 71ko uda aurreko aukeran, ez ostekoan. Orduantxe ari ginen Madrilen instalatzen eta zalaparta horrekin pixka bat disimulatzen zen nire miseria. Gero, nola Preu-tik COU-ra aldaketa zetorren, 72ko otsailean deialdi berezia egin zuten eta, Madriletik Zaragozara joanda, nola edo hala pasea lortu nuen. Bitartean hasita nengoen unibertsitatean Enpresa zientzietako klaseetara joaten, nire ikasle ibilbideak erakusten zituen joerei kasurik egin gabe. Ez nintzen aitortzera iritsi, baina barrenean banekien unibertsitatea ez nuela ondo amaituko.
Aitaren nirekiko planak kolokan zeuden; neurri handian ikasketetan herren nenbilelako, baina baita ere aita ez zelako kooperatibaren buru baizik eta beste enpresa bateko langile. Biok ari ginen bakoitza bere krisia ahalik eta ondoen kudeatzen, Madrilen elkartu eta planak berregokituko genituelakoan.
Alde akademikoan ez bezala, garapen pertsonalean ibilbide ederra egin nuen Iruñean. Giro aproposa aurkitu nuen nerabezaroko adin tarte kritikoan (14-17) eta asmatu nuen hura ondo baliatzen pertsona hobea bihurtzeko. Esango nuke nire geroko ezaugarri dezente orduan finkatu zirela.
