9-14 urte bitarteko ibilbidea, barnetegian hasi eta errebalidarekin amaitu zena. Aita eskolapio aipagarriak. Ikastetxearen entxufea eta ikaskideen burlak. Mikel berdin ‘zero’. Ikasitako hizkuntzak mesedegarri. Zalantza ‘zientifiko’ xelebrea eta arrautza mukitsuak.
Donibane Lohizune eta Nonantola igarota, nire bizitzaren trenak Tolosan izan zuen hurrengo geltokia. Eskolapioen ikastetxeak ospe ona zuen, eta artean barnetegia ere bai. Gurean etxea txikia eta familia handia izanik, konponbidea zen ikasturtean behintzat ‘interno’ egotea. Horrela egon ginen bolada batez, hiru neskak Irunen eta mutil zaharrenak Tolosan.
Tolosara iritsi nintzen 1963an, 9 urte nituela, batxiller aurreko ‘ingreso’ deitzen zen kurtsoa egitera. Guztira 5 urte eman nituen bertan, harik eta batxillerraren lehen txanpa bukatu nuen arte, laugarren maila eta errebalida gaindituta. Handik hurrena, Iruñea izan zen.
Internaduaz gogoan dut banakako gelaxkak genituela, eta hori luxu handia zen. Ormaiztegiko beste lagun batzuk ere bazeuden, eta une batetik aurrera baita Ale anaia ere. Etxetik 25 kilometrora geunden eta asteburu askotan etxera itzultzen ginen, baina tarteka tokatzen zen ikastetxean geratzea; eta oroitzapen ahaztezina da igande goizetan nola esnatzen gintuzten bozgorailuetan musika klasikoa jarrita, astegunetako txalo zakarren ordez. Oraindik ere joera daukat etxean igandetako gosalorduan musika klasikoa entzuteko.
Antza, Donibanen eskolan ondo ibili izanak areagotu egin zidan nire buruarekiko konfiantza, ze Tolosan hasieratik ibili nintzen aurrean, erraz. Ikastetxearen sarrera nagusian koadro handi bat zegoen jarrita, aldiro kalifikazio onenak lortzen zituzten ikasleen argazkiekin; “Ohorezko koadroa” esaten zioten, eta berahala bihurtu nintzen hango partaide egonkor. Eta, behin martxa hartuta, inertzia ere alde jarri zitzaidan, irakasleek ondo tratatzen ninduten; ez dut oroitzen krisirik ikasketetan, arazoak Iruñean hasi ziren. Esango nuke Tolosakoa dela aitak nirekin zuen itxaropena betetzetik hurbilen egon nintzen garaia.
Lau irakasle ditut bereziki gogoan. Lehena, aita Constantino, errioxarra zen, Guardiakoa. Nahiz eta sasoi hartan erregimenarekiko disidentzia oso ezkutuan gordetzen zen, honi nabari zitzaion hainbat kontu aipatzerakoan ez zegoela eroso, eta behin eztanda egin zuen. Historiako pasarte batekin ari zen, liburu ofizialetik, eta Francoren aipamen loriatsu bat irakurtzea tokatu zitzaionean, bapatean zutik jarrita, liburua harrika bota eta oihu egin zuen: “Mentira, mentiraaaaaaa!” Ni Karteronen ohituta nengoen disidentziara, eta aita Constantinoren erreakzioak erakutsi zidan ez geundela bakarrik. Nonbait berak ere igartzen zidan zerbait, ze bazeukan konplizitate puntu bat nirekin.
Bigarren irakaslea aita Marzelino zen, nafarra. Frantseseko irakaslea zen eta, nik ere hitzegiten nuenez, laguntzaile hartu ninduen klasetan. Hori gutxi ez, eta musikazale amorratua zen, ni bezala. Sarri ekartzen zigun magnetofono handi bat gelara eta musika jartzen zigun, frantsesez izan ala ez. Horrela ezagutu nuen Nana Mouskouri-ren kantu hau, (geroago jakin nuen Joan Baez-en honen bertsioa zela); eta, batez ere, Bee Gees-en Massachussets mitikoa. Aita Marzelinok azaldu zigun nola talde berriaren arrakastak lortu zuen The Beatles taldea gainditzea, orduantxe Sgt. Pepper’s albumarekin gailurraren-puntaren-puntan zegoena.
Gogoratzen dudan hirugarrena, aita Miguel zen. Solfeo eta piano irakasten zituen eskolaz kanpo, eta haietara gindoazen irakasleokin abesbatza antolatu zuen. Ale anaia eta biok aritu ginen bertan, eta oraindik kantatzeko moduan gogoratzen ditut La domenica andando alla messa edota Ma come balli bene bella bimba kantuak. Bistan da errepertorio italiarra maite zuela; eta ordurako lehen uda Italian emana nuenez, nik errazago ikasten nituen kantu hauen hitzak. Bide batez, bigarren egonaldi italiarra egin nuenean, itzulerako bidaia Aita Miguelekin egin nuen Sienatik, Nonantola atalean kontatu nuen moduan.
Eta laugarren irakaslea, aita Angel zen, ikasleon aholkularia. Belaunaldi modernokoa zen erabat: bere buruari ‘hechicero’ (belagile) deitzen zion eta orduantxe onartutako prakak janzten zituen ohiko sotanaren ordez. Harreman ona izan nuen berarekin, konfiantza konplizea eskaintzen zidan kontu pertsonalei buruz lasai hitz egiteko. Tolosatik Iruñera egin eta gero ere denbora batez mantendu nuen harekin harremana.
Tolosan egin nuen adin tartea (9-14 urte) bereziki zaurgarria da, baina ez dut gogoratzen eraso apartekorik jasan izana. Irakasleen aldetik ez zen ohikoa biolentzia fisikoa erabiltzea; nire kasuan, gainera, ohorezko koadroan etengabe egoteak ematen zidan babes erantsi moduko bat. Ikaskideen aldetik burla batzuk jasotzen nituen, bai, agian irakasleen ‘entxufatu’ ikusten nindutelako. Begi irtenak edo pepino-burua erabiltzen zituzten burlatzeko, baina horrekin ez nuen gehiegi sufritzen; gogorrago zitzaidan gorda deitzea, femeninoan.
Lehen atalean aipatu nuen nola 8 urte ingururekin berariaz gizendu ninduten pleuritis bati aurre egiteko. Geroztik oso erraz gizendu izan naiz eta boladatan potolo egon naiz, bai umetan eta baita geroago ere. Eta nerabe aurreko urteetan, gainera, nire itxura fisikoa ez zen kanonak eskatzen zuen bezain maskulinoa: ilea luze samar gustatzen zitzaidan, eskuinetik ezkerrera orraztua, kolore biziak janzten nituen… (Argazki hauetan aurkitzen banauzue, juzkatu zeuek) Ez dut uste lumarik neukanik, baina hori gabe ere ez zen nonbait erabatekoa nire gizontasuna. Eta ez bakarrik ikaskideen burletarako; noizbehinka jende helduak ere neskatzat hartzen ninduen fede txarrik gabe. Halakoetan ilea motz-motz egiten nuen eta aurrera. Esango nuke trauma handirik gabe igaro nuela bizitzaren fase hau.
Bestelako biolentzia kasu bat oso ondo gogoratzen dut, eta euskara dauka muinean. 14 urteren inguruan erabaki nuen Mikel izango nintzela, ordura arteko Migueltxo eta Miguel atzean utzita. Eta hasi nintzen izen berria erabiltzen, adibidez, eskolako azterketetan. Ba egun batean fisikako irakasleak, abizen euskalduneko emakumea bera, mehatxu argia bota zidan: “Si vuelves a poner Mikel en un examen, te pongo un cero” (berriro Mikel jartzen baduzu azterketan, zero bat jarriko dizut)
Euskara ezkutuan zegoen erabat, orduko Tolosan. Seguru nago irakasle asko euskal hiztunak zirela, eta ikasle gehienak ere bai. Argazki baten atzealdean denon sinadurak aurkitu ditut eta oso nagusi dira abizen euskaldunak; gainera Tolosa inguruko herri euskaldunetatik zetozen asko (Legorreta, Villabona, Ernialde, Orexa…) Baina hala ere, banaka batzuri nabaritzen zitzaigun euskaltasuna eta ‘los vascos’ deitzen ziguten destainaz… Tolosan! Mendeku ederra hartu nuen handik 50 urtera Kutxa fundazioko ordezkari gisa udaletxean liburu baten aurkezpeneko hitzartzean kontu hau aipatu nuenean. Bide batez, herria zoriondu nuen iraganeko egoera tamalgarri hura guztiz iraultzeko gai izan direlako.
Beste oroitzapen bat ere agertu zait, hau natur zientzien alorrekoa. Irakasleak sistema linfatikoa azaldu zigun (barea, gongoilak) eta niri misteriotsua egin zitzaidan. Bereziki linfa aipatu zigunean, nik antza hartu nion kanpaia jotzerakoan isurtzen den haziarena. Izan ere, adin horietan gehien zelatatzen ziguten tentazioa masturbazioarena zen; itsutasun arriskua omen zegoen, isurtzeko unean begiek ixteko joerak eragindakoaz harago. Noski, hazia linfa bazen, gehiegi isurtzea askozaz arriskutsuagoa zen eta, ikara gaindituz, ausartu egin nintzen irakasleari galdetzera. Asko lasaitu ninduen hari entzuteak linfa ezin zela gorputzetik kanpora isuri.
Ustekabean, barnetegia itxi egin zuten. Eta Ormaiztegiko internoen familek nolabaiteko konponbidea aurkitu zuten: Zelai-handi inguruan pisu bat literaz bete eta 10 bat ikasle sartu gintuzten berta, ikastetxeko gimnasia irakaslearen zaintzapean. Emakume bat etortzen zen etxea txukuntzera eta afaria prestatzera, baina ez zuen aurrekontu handirik izango ze ia gauero arrautza erdizka frijituak eta postrean karameloak afaltzen genuen. Harrezkero urte mordoa egon nintzen arrautza frijiturik jan gabe, Zelai-handiko mukitsu haien nazkaz. Bazkaltzera, aldiz, anaiok joaten ginen Fontxo eta Manolitaren etxera, aitaren urrutiko familia nonbait. Han oso gozo tratatu gintuzten, eta bapo bazkaltzen genuen. Fontxo jatun ona izan eta sarri esaten zion emazteari: “¡Riquísimo Manolita! Noski, esaldi hori txertatuta geratu zen gure familiko barne-hiztegian; esaldia, eta baita Manolitaren landare bat uda partean lore eder eta galkorrak ematen zituena. Oraindik ere gure hainbat etxetan badaude, bizi-bizirik.
Pisuarena ez zen oso arrakastatsua izan, eta hurrengo asmakizuna izan zen Ormaiztegitik egunero taxiz joatea Tolosara. Autoa umez bete eta han joaten ginen goizean goiz jaikita. Trafikoko poliziak ikusiz gero, Miguel txoferrak berehala esaten zigun: “Etzan, azkar!” Joan-etorri hauek hiru bat urte iraun zuten, eta azkenean gurasoen kotxetan izaten ziren bidaiak. Beasaingo institutua abiatu zenean, hura bihurtu zen zonako ikastetxea. Ni ordurako Iruñean hasita nengoen.
Garai hartako Tolosa papergintzaren hiriburua zen. Hainbestekoa zen paper-fabrikak zeukaten pisua herriko ekonomian, eskola bat sortu zela propio haientzat teknikariak sortzeko. Nire 14 urteko ikaskide batzuk argi zeukaten han jarraituko zituztela ikasketak eta ‘papelero’ izango zirela. Ifrentzua zen airearen eta ibaiaren kutsadura. Tolosara hurbiltzean usain sarkor bereizgarri bat hartzen zen, herrian etengabe zegoena. Eta ibaian, poloan izotz plakak nola, apar zuri sendo baten zati handiak jaisten ziren. Eskolapioen patioa erreka kontran zegoen eta han, justu udaletxera doan zubiaren azpian, presa txiki bat zegoen. Errekak ur gutxi zekarrenean, gaineko aparrak presan tope egiten zuen eta pilatuz joaten zen, erreka erabat estali arte. Beroarekin aparra lehortu eta haizearekin harrotzen zenean, elur moduko bat egiten zuen inguruan; eta, halabeharrez, apar zikin usaintsuaren malutak gure jolastokian erortzen ziren. Jolas-orduan mukizapia aurpegian jarrita ibiltzen ginen, arnasbideak babesteko.
Orain paper-fabrikak iragana dira, presa eraitsi zuten, Eskolapioak beste kokapen batean daude eta jolas-toki pribatu izandakoa pasealeku publiko eder bihurtu da; eta Tolosa, herri oso euskalduna.
