Nola aitaren lanak eraman gintuen Madrilen bizitzera eta han garatu nuen euskalduntasuna. Unibertsitateko herrenak. Mezaren aterpea eta eskaut antolamendua euskal arnasguneak sortzeko. Eta Areiltza etorri zitzaigunekoa Lete/Iriondo/Valverde hirukoaren kontzertura.
Karrozeria kooperatiba bihurtu ondoren, aitak jarraitu zuen zuzendari. Eta 60ko hamarkadan zehar, garapen ikusgarriarekin batera arazoak ere hasi ziren, faktore asko tarteko, eta gaiztotuz joan ziren harik eta 69an gatazkak eztanda egin zuen arte. Ondorioz aitak eta bere hiru anaietatik bik utzi egin zuten kooperatiba, nahiz bietako bat geroago itzuli egin zen. Ordurako gurasoen arteko harremana ere krisian zegoen, eta bi krisiak txirikordatu zirenean zirimola hartan sartzea tokatu zitzaidan, batez ere amari sostengua emateko. 15/16 urte nituen.
Karrozeria uztearekin batera, aitaren alkatetza ere amaitu zen eta etxean krisia zeukan. Egoera horretan, Kolonbian onartu zuen urte beterako lan eskaintza, autobus-konpainia batean. Artean 50 urte zituen, eta ulertzen dut distantzia hartu nahi izatea bere bizitzaren hurrengo fasea pentsatzeko. Bogotan egon zen Tequendama hotelean; eta posizio onean egongo zen, ze hango argazkietan jende dotorez inguratuta agertzen da. Haietako batzuk ezagutu genituen gero; bat gogoratzen dut bereziki, euskal jatorrikoa, Madrilen bisitatu gintuena. Afalondoan, aitak eskatuta, jakaren barruko poltsikotik esmeralda mordoska bat atera zuen; haien salerosketan aritzen zen, nonbait.
Kolonbiatik bueltan, aitak erronda egin zuen sektoreko lagunen artean -sarri berarekin eramaten ninduen- eta lan eskaintzarik interesgarriena Madriletik etorri zitzaion. Etxean oraindik bost seme-alaba geunden goi ikasketen atarian, eta aukera ona iruditu zitzaion unibertsitate sasoia behintzat han egitea familia osoak. Korapilo nagusia ama Kontxa zen: alde batetik aitarekin harremana etenda zegoen, baina bestetik amatasuna zen bere bizitzaren ardatza. Eta zer egin galdetu zidanean, gomendatu nion Madrilera joatea, han aukera izango zuelako -herrian ez bezala- aitarekiko harremana aztertzeko kanpo interferentziarik gabe. Nahiz nerabe bat besterik ez nintzen, kasu egin zidan eta han joan ginen Espainia aldera. Amak bertan iraun zuen irmo dozena bat urtez, harik eta azken semeak ikasketak bukatu zituen arte. Orduan maleta prestatu eta Ormaiztegira itzuli zen. Handik gutxira egin zituzten gurasoek banaketa paperak eta geroago dibortzioa. Artean eta adin horietan ezohikoa zen arren, etxean naturaltasunez hartu genuen banaketa. Eta kutsagarria dela dioen ustearen kontra, zazpi senideok eraiki ditugu bikote-harreman oso luzeak, soilik heriotzak eten dituenak.
Nerabezaroan familiarekin Madrila joatea bezalako lurrikara batek eragin askotarikoak izan ditzake, baina nik bat nabaritu nuen, bitxia: Madrilera joatea izan zen niretzat etxera itzultzea. Hain zuzen, hamar urtez han eta hemen interno egon ondoren, 17 urterekin ‘ezagutu’ nituen anai-arrebak eta familia-bizitza. Eta gustatu zitzaidan. Hiri handi arrotzak asko hurbildu gintuen eta erraz egin genuen bidea elkarrekin.
Lehen lana izan zen hirian kokatzea. Gogoratzen dut nola joaten ginen Gran Via-ra (orduan Jose Antonio etorbidea) eta hango terrazetan eserita ematen genuen denbora, besterik gabe jendetzari begira. Beste lehentasuna zen ikasketen jarraipena antolatzea. Nik Enpresa Zientziak ikastea aukeratu nuen, seguruenik inertziaz, aitaren programazioak oraindik nigan eragina zeukalako. Ez dut uste hartarako bokazio handirik neukanik, eta ikasle moduan ere ez nintzen oso ona; usaintzen nuen berez neuzkan azkartasun batzuk ez zirela aski izango karrera bat aurrera ateratzeko.
Fakultatea Somosaguas-en zegoen, eta ordu bete luze behar nuen bertaratzeko, lehen ordu erdia metroz eta beste erdia autobusez. Frankismoaren azkenetan grisak oso presente zeuden unibertsitatean, han baitzegoen borrokagune bero bat. Burura datorkit azterketa garrantzitsu bat, eta nola joan nintzen jaka eta gorbata jantzita, fakultatean sartzeko grisen kontrola erosoago pasatuko nuen esperantzan. Irakasle ilustre batzuk izan nituen, gero ministro eta izan zirenak; baina kariño handiz gogoratzen dut lehen urteko Estatistikakoa, Angel Alcaide (bigarren abizenez Inchausti, ni bezala), hauxe esan zigulako klaseko lehen egunean: “Estatistika da zientzia bat dioena nik oilasko bat jaten badut eta zuk zero, bataz beste oilasko erdi bana jan dugula. Baina ni aseta nago eta zuk gosez jarraitzen duzu” Mesedegarri egin zitzaidan eszeptizismo hura. Beste bikote potente bat izan zen Paco Alburquerque eta Jaime Pastor, Egitura Ekonomikoa irakasten zutenak. Irakasgai honetan lortu nuen karrerako ‘bikain’ kalifikazio bakarretako bat; beste biak izan ziren Ekonomiaren Historia edota Enpresaren Harreman Publikoak. Bistan da irakasgai ‘literarioak’ zirela nire gaitasunetarako aproposenak; aldiz, ‘zenbakizkoak’ kontrako eztarrian trabatu zitzaizkidan, oztopo gaindiezin bihurtzeraino.
Madrilen kokatu eta denbora batera jakin genuen euskal meza bat egiten zela igandero unibertsitate inguruneko ikasle-egoitza (colegio mayor) batean. Ordurako erabakita neukan euskaldu izango nintzela, Eusko Ikaskuntzaren atalean azaldu nuen bezala, Artean ez zegoen Euskal Etxerik eta, ohi bezala, elizaren itzala erabili behar zen jarduera debekatuak ahalbidetzeko. Erabakigarria izan zen aurkikuntza hau, ze mezaren bueltan egituratu zen gure harreman-sare nagusia handik aurrera. Ni baino helduxeago zen talde batekin lotu nintzen (ESBra eraman ninduena) eta, politikaz ikasten nuen aldi berean, haien ekimenetan parte hartzen hasi nintzen. Elizaren hariari tiraka, eskaut talde bat antolatzea bururatu zitzaigun, Madrilen bizi ziren familia euskaldunen seme-alabei euskal giroko aisialdia eskaintzeko. Eta juzkatu zuten nire posizioa (familia bertan, senide gazteagoak) oso aproposa zela taldearen arduradun izateko. Nik baietz, eta ardura osoz heldu nion gaiari, gero beste hainbat ekimenetan egin dudan moduan. Orain konturatzen naiz hau dela seguruenik nire aktibista kate luzearen lehen katebegia.
Lortu genuen meza inguruko gurasoen konfiantza eta haien gaztetxoak hasi ziren gure deialdietara etortzen. Esango nuke 50 lagun inguru biltzera iritsi ginela. Anaiekin eta haien lagunekin ardurak eta ekintzak adinka banatuta, gai izan ginen hurbildu zirenen interesari eusteko; are gehiago, uda iristean izaten genuen atxikimendu nahikoa udalekua antolatzeko Euskal Herrian. Bi behintzat baditut gogoan: bat Murgia/Sarrian, Gorbeia aldera eta kanpinean; bestea Urdiainen, baserri bateko ganbaran. Murgiakoan, taldeko neskatila batek esan zidan hilekoa etorri zitzaiola eta Tanpax behar zuela. Duela mende erdi, nire adineko (20) mutil batek zero zekien halako kontutaz, baina autoa hartu, Murgiako botikara jaitsi eta ahopean eskatu nuen ditxosozko Tanpax hura. Eta botikariak non galdetzen didan: “Regular ala Super?”. Ez nuen halakorik espero, eta soilik bururatu zitzaidan: “Ez dakit, ez da niretzat”. Urdiaingo udalekuan, berriz, talde osora zabaldu zen gastroenteritis eraso bat jasan genuen, ustez herrian erositako hanburgesak janda. Oso talde gaztea ginen, baina erantzun bikaina eman genion arazoari eta 24 orduren bueltan egoera kontrolpean geneukan. Udaleku amaiera Altsasuko zelaietan ospatu genuen jai eder batekin, eta bertan izan genituen kantuan Oskarbi taldeko Bakartxo eta Iñaki, Madrilen kontzertu batean ezagutu eta lagun bihurtuak.
Dinamika honek eman zuen fruitua: adinez helduenen taldea, nire anaiak barne, ia osorik itzuli zen Euskal Herrira. Niretzat, gainera, sekulako eskola izan zen arduraren kudeaketan, gazte haien gurasoen aurrean ni bainintzen erantzule nagusia. Ikasi nuen taldean lan egiten, lidergoa hartzen, ardurak banatzen, leialtasuna lantzen… Uste dut orduan hasi nintzela baita ere erantzukizunaren zama sentitzen, burua etengabe zukutzen, loa galtzen… Hau da, geroko ni-a eraikitzen.
Madrilgo urte haietan, nire lagunartea bi multzok osatzen zuten: lehen multzokoak ziren ikasle beteranoak, ni baino bizpahiru urte zaharragoak; eta besteak, eskautekoak, bizpahiru urte gazteagoak. Beteranoek nik baino lotura handiagoa zeukaten Euskal Herrian egosten ari zenarekin, eta nirekin mentore rola hartzen zuten askotan; beste horrenbeste egiten nuen nik gazteagoekin. Baina bitxia zen nire adin bereko lagunik ez zitzaidala agertu, eta uste dut horrek eragina izan zuela nire nortasunean. Izan ere, ez da gauza bera harremanak parekideak izatea ala hierarkizatuak: lehenetan errazagoa da sentimenduak partekatzea eta intimitatea sortzea; harreman hierarkikoak funtzionalak dira, baina badute mendekotasunetik ere. Ni Iruñean lagun min parekideak izatetik nentorren, baina haiei ez nien segidarik eman eta Madrilen ez nuen halakorik aurkitu. Konpromiso politikoak ere beste dimentsio bat ematen zien harremanei, maila pertsonaletik harago. Beraz, Madrilgo urteetan lagunarte emankorra izan nuen, baina aldi berean ohitu nintzen nire barreneko hainbat kontu niretzat gordetzen. Eta aitaren programazioan bizi izandakoak areagotu egiten zidan joera hori. Harrezkero ez dut garatu lagun minak egiteko gaitasunik, Fatimak hartu du haien tokia, oro har, oso autonomo izan naiz nire bizi-prozesuetan.
Mezaren inguruan komunitatea indartu zen heinean, hura egituratzeko premia nabaritu zen eta ermandade bat sortu zen, San Miguel de Aralar izenarekin. Egitura berrian karguak banatzeko orduan, harrigarria egin zitzaidan denon buru egiten zuen pertsonak idazkari kargua hartzea, lehendakaritza beste bati utzita. Galdetu ere egin nion, eta gaztelaniazko sententzia batekin erantzun zidan: “Los presidentes pasan, los secretarios quedan”. Alegia, karguan irauteko hobe idazkari. Ondo apuntatu nuen ikasgaia, baina gero ez duk aplikatu; nire ibilbidean lehendakaritzak/zuzendaritzak pilatu ditut (ARKO, Goiena, Kutxa fundazioa, Topagunea, TOKIKOM, Soziolinguistika Klusterra, Badalab), seguruenik ez dudalako inon irauteko bokaziorik izan.
Gure talde konspiratzailea sendotu ahala helburu handiagoak amestu genituen, eta horietako batzuk gauzatzera iritsi ginen. Bat izan zen hitzaldi-sorta potente bat euskal politikaz, beti ere frankismoaren testuinguruan. Hizlari izan genituen Xabier Arzalluz, ordurako jesuita izateari utzi eta EAJn ibilbidea egiten hasia; Carlos Garaikoetxea, artean EAJn afiliatu gabe eta ESBtik ez oso urrun, Carlos Caballero eta Andoni Kaiero (biak ere ESBren bozemaile izango zirenak) eta Donato Unanue (orduan Zeruko Argia birmoldatzen eta gero EGINen sortzaile izango zena). Francoren heriotza usaintzen zen eta ohiartzun ederra lortu genuen hitzaldi haiekin.
Beste mugarri bat izan zen Xabier Lete, Lourdes Iriondo eta Antton Valverde hirukoak eman zuen kontzertua, meza egiten genuen egoitzako aretoan. Niri egokitu zitzaidan kontzertua aurkeztea eta oholtzatik azalpenak ematen ari nintzela norbaitek oihu egin zuen: “Hor dago Areiltza putakumea!” Areiltzak iragan frankista zeukan, baina orduan trantsiziorako erreferente bihurtzen ari zen, eta handik gutxira ministro ere izendatu zuten. Oihua entzun eta inork erreakzionatu orduko, bi pertsona irten ziren aretotik eta kontzetuak aurrera egin zuen.
Kontzertu bikaina eman zuten lepo zegoen aretoan, eta ondoren afaltzera joan ginen. Diru poltsa polita bildu genuen eta, gastutxo batzuk kenduta, beste guztia kantariei eman genien, uste dut 20.000 pezeta izan zirela. Xabierren begi bihurriak biribildu egin ziren dirutza omen zen hura ikusita; eta gordin aritu zitzaigun kontatzen euskal kantarien zailtasunak kontzertu antolatzaileei ulertarazteko haiena ez zela militantzia soila, ogibide ere bazela. Harreman polita egin nuen Xabierrekin, eta bizpahiru aldiz bisitatu nituen gero Urnietako etxean. Gainera ESB katakonbetatik egun argira irten zenean, bera aurkezle izan genuen Urnietako ekitaldian, hurbilekoa zen.
Bestela, Madrilekin ez nuen harreman oso onik izan. Fakultatean taldetxo batekin elkartzen nintzen, apunteak trukatzeko eta kontu operatiboetarako, baina ez nuen lagunik egin. Hiria bera ez nuen gustuko, are gutxiago jende estiloa eta haien hitzegiteko tonu ‘txulapoa’. Han seniderik geratu zen bitartean joaten ginen tarteka, baina geroztik apenas itzuli naizen.
Gauzak horrela, 1976 amaieran argi neukan nire etorkizuna ez zegoela Madrilen, baizik Euskal Herrian. Eta Ormaiztegira itzultzeko aitarekin izandako liskar txiki bat baliatu nuen. Ez dakit zein zen gaia, baina ez ginen ados jartzen eta aitak esan zidan: “Hau nire etxea da, eta hemen bizi zaren bitartean nirea izango da azken hitza”. Asko eskertu nion argitasuna eta bidea libre uztea. Horrela amaitu zen nire Madrilgo aroa, 1977ko hasieran, 23 urte betetzeko bezperetan.
