Kanpina, Txirla, lehen lagun-talde benetakoa, Orioko zubitik palakadak neurtzen, estropada balandrotik, goizaldean mundua konpontzen, euskaraz natural, hitanoa bai baina…
Aurrez ere iritsia nintzen Oriora, baina mirotz herriak lehen arrasto sakona utzi zidan Ormaiztegiko lagun talde batek kanpinean egin genuen egonaldian. Nik 14/15 urte izango nituen, ordurako denbora asko emana nintzen herritik kanpo eta ez zen ohikoa opor planak haiekin egitea, baina noizbehinkza suertatzen zen. Euskal Herrian kanpinak hasita zeuden martxa hartzen, batez ere atzerritarrekin, eta norbaiti okurritu zitzaion probatu egin behar genuela. Dendarik ez, eta uste dut Beasaingo La Sallen eskatu/alokatu genituela; nola edo hala antolatu, eta han joan ginen hamar bat egun pasatzera.
Taldekoon gurasoak, oro har, ez zien asko fio gutaz; horren adierazgarri da egonaldiko igandean txangoa antolatu zutela gu bisitatzeko, eta etorri zirela garbantzu lapiko handi batekin. Badaezpada. Guk jan egiten genuen, baina gehiago parranda. Sekulako askatasuna sentitzen genuen kanpinean, atzerritarrez inguratuta, eta Oriok bazeukan orduan puntu hippy polit bat, liluratu gintuena. Nire imajinarioan herria goi-goian geratu zen egonaldi haren ondoren.
Handik pare bat urtera, aitak Madrilen lortu berri zuen lana eta familia hara mugitzeko logistika prestatu zuen. Bera urte hasieran hasi zen han lanean, hotel merke batean gela hartuta, eta familiarentzat pisu egoki bat bilatzeari ekin zion. Hura aurkitu zuenean, Ormaiztegirako bidaiak baliatzen zituen trasteak eramateko, autoa goraino kargatuta. Horri esker, uda parterako Ormaiztegiko etxea libratu samar zegoen, eta posible izan zen hango egurrezko altzariak Beasaingo Eskisabelen aroztegira eramatea txukuntzeko, gero handik zuzenean Madrilera garraiatu eta etxean muntatzeko. Horretarako, ordea, guk etxetik kanpo behar genuen eta aitak Orion alokatu zuen pisu bat, udako bi hilabete han eman genitzan. Hain ondo pasatu genuen uda hura Orion, beste hainbat urtez itzuli ginela familian, eta baita bakarka ere.
Bagenituen bertan lehengusu txikiak eta haiek erraztu ziguten sarbidea herrian. Niri dagokidanez, lehen harreman zirkulotan bazegoen herriko jendea, baina baita beraneanteak ere, eibartarrak eta madrildarrak. Haiekin Zarauzko Euromarrera joaten ginen, eta han maitemindu ginen Simon & Garfunkel-en Bridge Over Troubled Water diskoaz. Taldean bazegoen neska madrildar bat, aita norvegiar diplomatikoa zuena. Gurekiko estralurtar bat izan zitekeen, baina neska jatorra zen, eta konfiantza polita sortu zen berarekin. Behin nerabe arteko elkarrizketa sakon horietako bat izan genuen eta amaieran Cristina norvegiarrak pribatuan aholkua eskatu zidan bere bizitza egoki bideratzeko. “Segurtasun handia daukazu, oso argi ikusten dituzu gauzak” esan zidan. Eta bapatean kontzientzia hartu nuen sortzen ari zitzaidan azalarena, barnean zalantzaz josita sentitu arren, ingurukoen bistan nortasun sendoa ematen zidana.
Hamasei urterekin bizar duin bat uzteko moduan egon nintzen eta horrek areagotu egiten zuen nire itxurazko heldutasuna; 20 urtetik gora botatzen zidaten 16 besterik ez neukanean. Egia da Donostia, Donibane Lohitzune eta Nonantolako egonaldiekin, gehi aitaren eskutik izandako harreman helduekin, adinari zegokiona baino ‘mundu’ gehiago neukala eta hori seguruenik islatu egingo zen nire jendartean egoteko moduan. Baina azal itxurosoaren azpian barrua oso biguina neukan. Coulant bat nintzen.
Denboran aurrera beraneanteak desagertuz joan ziren (gu ez ginen beraneante, noski) herriko gazteen mesedetan. Neska-mutil koadrila handi bateko parte bihurtu ginen Kontxi arreba eta biok, eta hura da seguruenik nire adin bueltako jendearekin izan dudan lagun-talde bakarra. Goizez hondartzan elkartzen ginen egunez ahal genuenok; arratsaldez, Bordatxon; eta gauez sarri itzultzen ginen hondartzara, batez ere bikoteak sortzen hasi zirenean. Nik orduan kitarra pixka bat jotzen nuen eta Moustaki zalea nintzen oso; musika ezin aproposagoa bilkura haietarako. Grand père bezalako doinuak kantatzen nituenean bikoteak lausotu egiten ziren ilunpean. Tarteka Guardia Zibil bikotea agertzen zitzaigun, diosala egitera; aldarte onean, oro har. Itsasadarra zaindu behar zuten gauez, kontrabandoa omen, eta errondan zeudela entretenigarri zitzaien nonbait gazte koadrilak agurtzea.
Estropadetan Orio nagusi zen urte haietan ere. Arrazoi asko aipatzen ziren: traineruaren diseinuan eta materialetan egindako iraultza, entrenatzaile frantses batek prestaketa fisikoan emandako jauzia, banku mugikorrean ikasitakoaren eragina… Seguruenik horiek denak behar ziren, baina miruen arrakastaren oinarrian egon da beti herritarren zaletasun ikaragarriak sortzen duen harrobia. Koadrilan Iñaki genuen arraunlari 70etako eskifaia ospetsu hartan. Ogibide gisa butano banatzaile aritzen zen, sorbalda bakoitzean bonbona bana hartuta eskaileretan gora eta behera. Lana bera entrenamendu txarra ez.
Orioko zubitik ikusita nago Oxfordeko eta Cambridgeko ontzi dotoreak bertakoekin lehian. Baina halako une distiratsuetan adina zale pilatzen zen zubian estropada erabakigarrien bezperetan, traineruaren palakadak zorrotz neurtu eta ondorioak ateratzen. Benito Lertxundi zen epaile jakintsu horietako bat. Frontoian ikusten zen sarri palan, Txirla diskotekan edo tabernan tarteka, baina ez zuen hutsik egiten zubiko hitzorduetan. Poztu naiz ikusita bere kantu bat bihurtu dela arraun taldearen ereserkia eta udaletxeko balkoian egin dioten omenaldia.
Txirla diskotekak merezi du aipamen soil bat baino gehixeago. Udako gauetan oso sarri elkartzen ginen han herrian zebilen fauna guztia. Beste diskoteka, Oilagorra, serioagoa zen; tarteka joaten ginen, baina Txirlan martxa handia zegoen, eta momentuko musika berria: Mungo Jerry, Credence, Rare Bird, Esther&Abi Ofarim, eta bereziki Soulfoul Dynamics, hauen ‘Mademoiselle Ninnette’ entzun orduko aztoratuta jartzen nintzen dantzan. Dantzari ontzat neukan nire burua, erritmoa ondo jarraitu eta mugimendu oso markatuak egiten nituelako; gaurko begiradarekin, seguruenik oso histrionikoa izango nintzen, eta atzera begirako lotsa moduko bat ere sentitzen dut. Dantza arautuan jarraitzen dut, baina dantza librearekin ez nago eroso. Orioko sasoian, dantzaz aparte, kitarrarekin jotzeko oso kuttuna nuen Heart of Gold, Neil Young handiarena.
Estropadetara itzulita, beste izen sonatu bat orduko arraunarekin lotzen dudana da Jose Luis Kortarena. Orduantxe ari zen banku mugikorrean arrakasta handia izaten eta traineruan sartu zuten. Han banderak irabazten hasi zirenean Korta idolo handia bihurtu zen Orion. Horregatik eragin zien neurri gabeko amorrua Lasartera joan zenean, traizioa ere aipatzen zen. Baina portaera pertsonaletik harago, bazegoen herrian epika bat: Orion herri osoa zegoen traineruari bultzaka eta Lasarten, aldiz, Michelin enpresa zen bultzatzaile nagusia. Klase borrokaren pasarte hark himnoa ere bazuen: “Lasarte es un bonito-to-to, Orio es un atún. El atún se come al bonito-to-to…”
Eta hain sonatu izan gabe ere, Luxiano Manterola aipatu nahi dut. Arraunlari puntakoa zela, estropada batetik bueltan auto istripua izan eta paraplegiko geratu zen. Lagun komun batek esan zidan andregaia kolpetik altxa eta elkarrekin segitzeko prestatu zenean, Luxianok eskatu ziola bere bidea egiteko, ezingo zutela egoera berrian bikote bezala iraun. Banatu ziren eta arrastoa galdu egin nien. Baina 35 bat urte geroago Kutxako zentralera iritsi nintzenean, gure taldeko Ramonik azaldu zidan bere senarra zela gurpil-aulkian mugitu behar zuen oriotar bat… Luxiano izenekoa! Bizitzaren txiribueltak! Ezin jakin ea lehen bikotea uzteko erabakia egokia izan zen ala ez; baina, Ramoni ezagututa, ziur nago harekin ezkondu izanaz ez zela inoiz damutu Luxiano.
Ezin estropaden parte honetan Kontxa aipatu gabe utzi. Lehen igandean mendiz joaten ginen Igeldora, eta handik primeran ikusten genuen estropadaren ibilbide osoa. Bigarren igandean, berriz, Aquariumaren inguruan kokatzen ginen, Portaletako apustuak, arrapalako prestaketak, helmuga eta ondoren harrera, dena eskura izateko. Behin, lagun baten lagunak eskaini zigun estropada balandro batetik jarraitzea, badia erditik. Hantxe jarri gintuzten lehenengo txanda baino lehen ainguratuta. Ura oso bare zegoen, baina erraz zorabiatzekoa izan naiz eta berehala hasi zitzaidan udaletxe ingurua nahi baino gehiago mugitzen. Handik aurrera, istriborrean botaka egin eta ababorrean uretara salto, ez zen nahi orduko estropada bukatu eta nire oina lehorrean pausatu. Zuzenean tabernara joan eta muskuiluak tomatetan irentsi nituen garagardo katxi batekin, lagunekin hitz erdi bat egin aurretik. Ez dut gogoratzen estropada nork irabazi zuen.
Orio izanda, koadrilan bagenuen arrantzalerik ere, nahiz ordurako ez ziren asko itsasoa aukeratzen edo onartzen zuten gazteak. Eta uda partea izanda, Goierri lehorrekook ikasi genuen lehenik beita eskuratu behar zela lehen milietan, eta gero afrikar kostaldera hilabete inguruko joan-etorriak egin hegaluzea harrapatzeko. Herrira bueltan, patroiak marinel bakoitzari bi hegaluze ematen zizkion, eta gure lagunek horietako bat gordetzen zuten koadrilarekin marmitako afari bikain bat egiteko. Ondoren, arrantzaleari lagun egin behar genion mozkortzen zen arte, eta haren lanturua entzun itsasoko bizimodu gogorraz; erritual terapeutikoa zen. Kontua da, arian arian, Nonantolan pasta freskoarekin bezala, Orion marmitakoarekin maitemindu nintzela.
Dena ez zen ordea hondartza, estropada eta marmitakoa. 18/20 urte bueltan elkarrizketa traszendenteak ere izaten genituen, noski. Bi ditut gogoan bereziki. Lehena Joxeanekin, gero sendagile bihurtu eta gazteegi hil zen lagun fina. Egun hartan, nonbait, ez nengoen aldarte oso baikorrean, eta kolore iluneko analisi bat egin nion, ez dut gogoratzen zehazki zeren gainean. Bukaeran erantsi nion zein argi ikusten nuen hori zela benetako egoera, eta ez tarteka baikorkeriak eragindako analisi pastel kolorekoak. Eta Joxeanek jakinduria handiz erantzun zidan baikorkeria zegoen bezala ezkorkeria ere bazegoela, eta bata zein bestea muturrera eramanda sortzen zen argitasuna faltsua zela erabat. Geroztik askotan gogoratu eta erabili dut ideia hau bizitzan: ustezko argitasun larregikoak itsutu egiten du. Baliagarriagoa da argi-itzaletan ibiltzea.
Bigarren elkarrizketa traszendentea parranda luze baten amaieran sortu zen. Gaugiro epelak lagunduta, kaleko eskailera batean jarri ginen laupabost lagun, eta heriotzaren gaia atera zuen norbaitek. Hasi ginen bakoitza beretik botatzen, gero eta barnekoiago; eta heriotzaren izua aitortzeko unean, besteen kontrara neuk azaldu nien ez nuela izu hori sentitzen. Alegia, hilda egoteak ez zidala beldurrik eragiten. Uste dut ez neukala gaia aurrez oso landua, eta bota nuena asko pentsatu gabe bota nuela. Baina geroztik bai, buelta batzuk eman dizkiot gaiari eta gau hartan irten zitzaidanari; eta 50 urte geroago berretsi egiten dut orduko intuizioa. Ez diot beldurrik hilda egoteari. Oro har gustatzen zait bizitza; uste dut ondo tratatu nauela, zukua atera diot eta oraindik aterako. Baina heriotzak badu baita ere askapenetik. George Brassens-ek Le testament kantuan dioen bezala: “Gorrotorik gabe utzi dut bizitza, ez dut berriro haginetako minik izango”
Esango nuke heriotzaren izua -eta norberaren heriotzaz ari naiz, noski- lotzen dela hiltzeko prozesuarekin: nola gertatuko den, luze joko duen, oinazerik izango ote den… Hau da, izu-eragilea ez litzateke hainbeste hil ondoko egoera, baizik eta hil bitartekoa. Hori horrela bada, zorioneko gara egungo legediak eta osasun publikoak aukera ematen digutelako nola hil nahi dugun aurrez adierazteko, berme eta zaintza artean gerta dadin.
Azken puntua: Orio eta euskara. Ordurako bazen Orio oso herri euskalduna, beste arrantzale herri batzuren antzera, eta gustura murgildu ginen gu giro euskaldunean. Alde kuriosoak bazeuden Orioko ohituren eta Ormaiztegin jasotakoen artean; nabarmenena, hitanoaren erabilera. Ormaiztegin mutilek toka egiten genuen normal samar, baina noka ez; nesken aldetik apenas entzuten zen hitanorik. Gure etxean ez zen egiten, eta bisitei entzun ere apenas. Orion, berriz, erabat ohikoa zen batzuk zein besteak toka eta noka jardutea. Horregatik gure lagunak harritu egiten ziren anai-arrebak gure artean zuka entzunda, erabat arraroa zitzaien. Herri berean, batzuentzat hitanoak gehiegizko konfiantza ere adierazten zuen. Neronek entzun nion ama bati alabari esaten: “Nobiyuai nola egingo dion ba hika? Errespetua, neska!”
Orioko giro euskalduna oso lagungarri egin zitzaidan Madrilen euskararekin abiatutako bidean. Herri bixi eta modernoa, atzerritarrak erakartzeko eta haiekin konektatzeko gai zen bere nortasuna eta hizkuntza natural erakutsita. Bazegoen munduan kosmopolitan egoteko modu euskalduna, beraz.
Gauzak nola diren, ez nuen zaindu Orioko koadrila eder hura. Uste dut ordurako Migel Mariren heziketaren ondorioz nomada emozionala bihurtuta nengoela. Halabeharrez ikasita nengoen nire bizitza kolpean aldatu zitekeela leku batetik bestera, eta prest egon behar nuela loturak askatzeko. Erroak Euskal Herrian izango nituen, baina luzeak, hara edo hona mugitu ahal izateko. Eta bizitzak atal berriak irekitzen zizkidan eran, aurrekoak ixten joateko ohitura hartu nuen. Seguruenik horregatik ez nion jarraipenik eman bizi osoan izan dudan lagun koadrila bakarrari.
