12. TANTAI

Arotz-kooperatibak porrot egin zuenekoa; eta nola Kutxan lanpostua atera nuenean Tantai-k Kutxan zeukan zorra nire gain hartu behar izan nuen.

Behin klinikaren ardura udal hautatu berrien esku utzita, galdera zen: hurrengo zer? Klinikan jardundako denboran Lazkaorekin lotura estua sortu zitzaidan, eta handik etorri zen erantzuna. Lagun batek familia aroztegia zeukan, beneditarren komentu pareko eraikin zahar batean kokatuta eta garatzeko zailtasunekin. Eukenik proposatu zidan haiei jauzi bat egiten laguntzea, eta han hasi genuen abentura berria, 1980an, biok aroztegira bilduta. Enpresa egiturak garatzea izango zen Eukeniren eginkizun nagusia, eta nirea produktu eta esparru berriak bilatzea.

Ausart hasi ginen, gogotsu, eta gure ahaleginak ekarri zituen bide berriak eta bestelako lanak. Bilakaerak laster konfirmatu zigun tailer berria beharko genuela, tamainaz handiagoa eta instalazio egokiekin. Lazkaoko sarreran aurkitu genuen terreno egokia eta Senpereko muturra aukeratu genuen, Beasain eta Ordizia aldera. Eraikuntza-sistema aurrefabrikatua aukeratu genuen 1.000 metro karratu inguruko pabiloia eraikitzeko; instalazio ikusgarri batek makinetako txirbila eta zerrautsa xurgatzen zuen eta materiala tobera handi batean biltzen; eta hondakin haiek galdaran erreta lortzen genuen tailerra berotzea, baita zuraren lehortegi zilindriko itzela ere.

Berrizale ginen eta proiektu berritzailea nahi genuen. Horrekin, noski, aurrekontuak gora egin zuen. Baina finantzazio berezia lortu genuen Madrilgo ministerio batetik, artean euskal administrazioak eraikitzen ari baitziren. Gure inguruan inor gutxik espero zuen halako laguntza lortuko genuenik, eta sinesgarritasun handia eman zigun lorpenak; are handiagoa tailer berritzailea inauguratu genuenean.

Beste elementu batek ere erakargarri egiten gintuen: langile guztiok soldata berdina kobratzen genuen, zuzendaritik hasi eta azken aprendizeraino. Sozialista ginen eta, gaurko distantziatik ikusita, ameslari galantak: zerua lurrean nahi genuen, geroko utzi gabe.

Horrekin guztiarekin, langileak ate joka zetozen eta lana ere ez zen falta. Azkar hazi zen enpresa, eta akordatzerako baginen 40 lagun inguru kooperatiban bazkide. Gutariko gutxik zeukan arotz jakinduria handirik, eta fakturatzeko premiak ez zigun astirik uzten prestakuntza egokia edo antolamendu eraginkorra martxan jartzeko. Baina ilusioaren poderioz, bidegurutze guztietan aurrera egitea erabakitzen genuen: izan billar mahaiak Arriarango harrobiko arbelarekin; tablex-ezko enbalaje berezia Fagor Industrialaren makinak Angolara bidaltzeko; egurrezko salpikadero tapizatuak Irizar-eko autobusentzat; edota, handira jota, enbalaje kaxa erraldoiak Irizar-en autobus luzeak zatika Venezuelara bidaltzeko. Zerua zen gure ortzimuga.

Zer egiten nuen nik? Ba denetik, premien arabera. Berdin joan nintekeen etxeetara neurriak hartzera, obretako arkitektoen bisitetara, Valentziako altzari-azoka ospetsura, eta bankuetara haien konfiantza lantzera; edo jardun nintekeen tailerreko makinetan, lan-karga handia sartzen zen aldiro, gero eta maizago. Banuen bulegoan nire mahai polita, baina baita edozein momentutan erabiltzeko tailarrerako arropa ere, eta aldi luzeak ematen nituen bulegoa zapaldu gabe. Hain zuzen horietako batean eraman zidan labrak hatz erakuslearen punta, enbalaje-pieza bat egokitzen ari nintzela. Klinikan medikuak ‘amputación parcial’ idatzi zuen fitxan eta aitortu behar dut inpresioa eragin zidala.

Ahalegin handia eginda ere, enpresaren kontuetan ez zegoen sobranterik. Ez genuen lortzen nahi besteko eraginkortasunik, ezta irabazi egonkorren bidea aurkitzerik. Errematerako, 1984an krisi ekonomiko eta sozial larria gertatu zen Espainian. Gobernu sozialistak ahalbidetu zuen eskuina egiten ausartzen ez zen industria-birmoldaketa bortitza, eta ekonomia amildu egin zen. Ordurako gure aroztegia ari zen bolumen handi samarreko eskaerak hornitzen Madrilgo bezero bati, eta haren porrotarekin hasi zen gurea ere: estutasunak bankuekin, hornikuntzak eta soldatak ordaindu ezin, lantaldea murrizteko kaleratzeak, giroa gaiztotzea… Eta 1985eko udan iritsi zen kolapsoa, orduan amaitu zen abentura.

Handik aurrera miseriak kudeatzea egokitu zitzaigun: bankuak atzetik, ondarea enkantean jarri beharra, lankideen susmoak erantzukizun handiagoak hartu genituenekiko… Langabezian geratu ginen denok, eta nik gogoan daukat nola saiatu nintzen bankuen presioa arintzen, ez zezaten katastrofea areagotu. Langabezia-prestazioa kobratu eta hilero joaten nintzaien diru apur batekin azalpenak ematera. Nire kodearen arabera, gauzak okertzen direnean, eta konponbide samurrik ez badago, ezkutatzea baino eraginkorragoa da aurpegia ematea eta ardura erakustea.

Ondare ederra geneukan, fabrika baliotsua zen. Baina enkanteetan bazeuden praktika oso ilunak kiebra jotako enpresen ondarea hutsaren prezioan eskuratzeko, eta gu horien mende geratu ginen. Uste dut merkatu balioaren % 40 ere ez geniola atera gure ondareari. Horrela, berez oso larria zen gure egoera jasaezina bihurtu zen. Atzera begira, ez litzateke txarra egoera larrian sartzen diren enpresa sozialentzat bidelaguntza publikoa egotea, haien bideragarritasuna aztertu ondoren edo suspertzen edo ondo hiltzen laguntzeko. Guk prezio handiegia ordaindu genuen eginkizun horretan, dirutan zein osasunean.

Hain zuzen, natorren muina eta mina dauden tokira. Egoera on batek heroi egin gaitzakeen bezala, egoera gaizto batek bilau bihur gaitzake. Eta gurean gertatu zen, ilusioan batu ginenak miseriak ipini gintuen aurrez aurre. Berez kooperatiba ginen eta organo demokratikoak genituen erabakiak hartzeko; baina muturreko egoeretan haien funtzionamenduan arrakalak agertzen dira, eta elkarrenganako konfiantza galtzen hasten da, herra bihurtzeraino. Kontua da gurean ere goikoak versus behekoak dialektika nagusitu zela, eta jendea galdezka hasi zen ea dirua non zegoen. Enpresak galerak zituen, Madrilgo bezeroak zor handi bat eragin zigun eta enkantean ez genuen berreskuratu inbertsioaren zati txiki bat besterik; baina hala ere askori kosta egiten zitzaion onartzea jardunean egin genuela zuloa, ez zegoela iruzurrik. Zorionez, bakoitzak bere bidetik aurrera egiteko aukera izan genuen eta tentsioak ez zuen puntu batetik gora egin. Hori bai, zauriak sakonak izan ziren: hogeita bost urte geroago denbora horretan ikusi gabeko lankide ohi bat agurtzera hurbildu nintzenean, hark purrustaka hartu ninduen. Baina behintzat porrotaren ondoko hilabeteetan ospitaletako koma induzituaren moduko egoera batean geratu ziren gauzak.

Nik zortea izan nuen, beste behin ere, eta udazken horretan Kutxa Probintzialaren oposizio bat agertu zitzaidan bidean, Goierriko hainbat herritarako deitua. Ez zen inondik ere nire bokazioa, baina bai bizkar gainean neukan zamarentzat soluzioa. Eta konbentzimendu osoz aplikatu nuen Tantai-k utzi didan bizi-ikasgai nagusia: gustuko lanetan nik bezala zuhurtzia galtzeraino gogotsu eta ausart sartzeko joera duenak hobe du gustuko lan hori ez nahastea ogibidearekin. Hain zuzen Kutxako lanak aukera hori eskaintzen zidan: soldata ona eta segurua jardun motz batekin (arratsalde gehienak libre), goizean soldata irabazi eta arratsaldean herrigintzan jarduteko. Beraz erabaki nuen oposizio hori gogor borrokatzea eta, inguruko mesfidatiek entxufeez esandakoen kontra, lanpostua irabazi egin nuen. 86ko maiatzean hasi nintzen lanean, eta 25 urte eman ditut bertan.

Hori bai, Tantai-k zor potoloa zuen Gipuzkoako Kutxarekin (GK), eta lanean hasi orduko soldata eskaini nien, haren enbarguarekin kooperatibaren zorra ordaintzen joateko. Hau ez da ohikoa eta azaldu egingo dut.

Zor potolo bat dagoenean, hura ordaintzeko beste biderik ez badago, kobratzeko modua da zordunaren ondarea enbargatzea: dirua, autoak, higiezinak… edo soldata. Nire kasuan ez zegoen bestelakorik eta soldatarena oso erraz zeukan GK-k. Baina niri ere komeni zitzaidan, enbargu horrek beste hartzekodun posible batzuk uxatzen zituelako. Zorra ez geneukan bakarrik bankuekin, hainbat hornitzailek ere dirua galdu zuen gure porrotarekin. Baina behin GK-k nire soldata enbargatuta, eta ondarerik ezean, ez zitzaidann geratzen beste kentzekorik inorentzat.

Soldata enbargatzeko lehenik tartetan zatitu behar da. Lehen tartea beharrezko jotzen da iraupenerako, eta hori osorik errespetatzen da; bigarren tartean ehuneko txiki bat kentzen da; hurrengoan, ehuneko handiagoa; eta horrela, soldata tarteak agortu arte. Horrela egin zuten kalkulua nire soldatari zegokion legearen araberako kenketa osatu arte. Oker ez banago % 40 ingurukoa zen kenketa, eta ez da gutxi, baina soldata ondrosoa zen eta Fatimak ere ondo irabazten zuen. Beraz, prestatu ginen urte tarte bat zama horrekin bizitzeko, harik eta zorra kitatzen genuen arte.

Arazoa berehala bistaratu zen: Tantai-k GK-rekin zeukan mailegua berandutze-egoeran sartuta zegoen, eta interesa disparatuta zegoen, uste dut % 19koa zela. Beraz, zorra handia eta prezioa disparatuta, enbargatutako diruarekin ozta-ozta ordaintzen nituen zorraren interesak, zorretik ezer murriztu gabe. Bi hitzetan: betirako zorra!

Zepotik ihes egiteko modua izan zen Fatima eta bion artean pisu bat erostea. Orduan hipoteka bidez gainfinantzaketa lortu zitekeen, eta hori mailegu pertsonalekin osatuz lortu genuen pisuaren erosketa eta Tantai-ren zorra estaltzeko behar adina diru. Kopurua oso handia zen, noski, baina interesa lehengoaren herena izanik zorra gutxituz joango zen, kuotak ordaindu ahala. Tantai itxi eta hiru bat urtera berreskuratu genuen arnasa.

Nire egoera pertsonala bideratu ahala, Tantai-ri erreparatu nion berriro. Koma induzituan jarraitzen zuen, baina likidazio-prozesua egin beharra zegoen. Kooperatibaren bazkideon artean harremanak erabat etenda zeuden, eta tartean izandako saiakeretan giro oso gaiztoa nabari zen. Bitartekari egoki baten bila hasi nintzen eta aingeru bat aurkitu nuen: Juan Pablo Santamaria abokatua. Bizpahiru bisitetan azaldu nion zein zen egoera eta berehala hasi zen mugitzen. Hilabete gutxitan bazeukan plan bat, pixkanaka joan zen atxikimenduak lotzen, eta asko luzatu gabe lortu zuen Tantai likidatzeko miraria, egoera erabat usteldu baino lehen. Hau idazteko bere arrastoaren bila hasi naizenean, jakin dut aurtengo urrian hil dela. Pertsona on bat galdu du munduak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude