29. EUSKO IKASKUNTZA

Madrilen bizi nintzen nerabe aitaren liburutegian aurkikuntza erabakigarria egin nuenean. Bidegurutzean nengoen nire nortasuna eraikitzeko ibilbidean. Ordura arte nahikoa lan eman zidan Migel Marik jarritako erronketatik apurtu gabe irteteko aldamio sikologiko bat atontzeak. Orain tokatzen zitzaidan nortasun soziala zehaztea, zer izango nintzen besteekiko, nola kokatu nahi nuen gizartearekiko.

Nire euskaltasuna artean inguruak eragindakoa zen, gehienbat, ez neukan erabakita euskaldun izatea. Anai-arrebak hasita geunden elkarrekin erdaraz mintzatzen, ikasketak herritik kanpo eta gaztelaniaz egin beharraren poderioz. Gu nerabe, Madril arriskutsua izan zitekeen ibilbide arrotzetan abiatzeko, baina aitzitik oso lagungarri egin zitzaigun gureari eusteko. Hasi ginen, adibidez, Metroan gindoazela euskaraz egiten, ingurukoek ez ulertzeko. Urruntasunak eta erriminak eraginda gehiago estimatu genituen atzean utzitako lagun, paraje, ohiturak… Oinarrizko kontzientzia bat eman zigun kontrasteak, eta horrek ahalbidetu zigun ondorengo bilakaera.

Etxean liburu asko zegoen Euskal Herriaz (Barandiaran, Auñamendi…), herbestean egonda zentzu berezia hartzen zutenak. Eta haien artean aurkitu nuen liburukote sendo bat, Eusko Ikaskuntzak bere sorrera kongresua Oñatin egin zuenekoa, 1918an. Itxura eta hizkera zaharkitu haren azpian sumatu nuen zerbait indartsua eta eraginkorra: herri proiektu oso bat, ondo xehetuta. Adibide gisa, gogoan dut 70eko hamarkada horretan gori-gori egon zela ikastolen gaineko eztabaida, burgesak zirela ziotenek eraginda; eta nola lagun andereño bati bidali nizkion Oñatiko liburukotearen pasarte batzuk idazmakinaz kopiatuta, ia sei hamarkada geroago guztiz balekoak iruditzen zitzaizkidalako. Portzierto, eztabaidak oraindik bizirik dirau (lehen burgesa zena orain pribatua da), eta ikustekoa litzateke ea pasarte horiek 100 urte geroago ere balekoak izaten jarraitzen duten.

Beraz, zorteko ni, behar nuen momentuan aurkitu nuen Euskal Herria izeneko proiektu bat, justiziazkoa eta epikoa, munduan egoteko toki aproposa ematen zidana. Eta 17-18 urterekin kontzienteki erabaki nuen euskaldun izatea, Euskal Herrikoa eta euskal hiztuna. Horregatik bihurtu zitzaidan Eusko Ikaskuntza erreferente kuttuna.

Eta hara non 2000ko hamarkadan Eusko Ikaskuntza agertzen zaidan hurbileko radarrean. Erakundearen gidaritzan bazebiltzan debagoiendar lagun batzuk eta haien bidez hasi nintzen hurbiltzen; gero Kutxan hizkuntza ardurak hartu nituenean, hainbat proiektutan parte hartzea egokitu zitzaidan (Dikoma, Eralan…) eta horietan hasi nintzen ezagutzen EIko hainbat ikerlari. Geroago Aldundian zuzendari kargua hartu nuenean EIko Errektore Kontseiluan GFAren ordezkari izan nintzen. Denbora horretan ezagutu nuen EIren eraldaketa, Iñaki Dorronsorok gidatua, erakunde oso akademiko zenari herrigintzan eragile erreferente izateko funtzioa itzuli ziona. Jauzi traumatikoa bezain beharrezkoa izan zen, eta oinarria jarri zuen 2018an Mendeurreneko Kongresu anbiziotsua egiteko. Ordurako harrapatuta nengoen Eusko Ikaskuntzaren amaraunean, gogotsu.

Kongresura iristeko lanak hiru bat urte lehenago hasi ziren, bost adarretan banatuta. Ni euskararen adarrean kokatu ninduten, e5 deiturikoan (euskararen etorkizuneko eszenategiak elkarrekin eraikitzen). Lantalde ahaltsua bildu ginen eta oso lan trinkoa egin genuen Iñaki Markoren gidaritzapean, metologia berritzailea erabiliz, eta sektorearekin bilera irekiak tartekatuz. Ibilbidearen amaieran, Gasteizen egin zen gure adarrari zegokion Kongresu-saioa eta bertan euskararen erakunde publiko eta sozial ia guztien ordezkaritza zabala bildu zen. Niri enkargatu zidaten testuinguruaren irakurketa politikoa egitea (bideo honetan 20. minututik aurrera), eta zinez eskertu nuen Mendeurreneko Kongresuan ekarpena egiteko aukera, 100 urte lehenago egindakoa horrenbeste mirestu ondoren.

Gasteizko Kongresu-saioaren amaieran e5 adierazpena sinatu genuen bertaratutako lagunok. Sinbolismotik harago, ekintza horrek adierazten zuen Eusko Ikaskuntzaren estiloa garai berriei begira: deliberazio prozesu zabal eta luze baten bidez gaiak aztertu, helmugak bateratu, ibilbideak adostu, proposamenak zehaztu… Eta lan horren guztiaren sintesi bat adierazpen bihurtu, publikoan aurkeztu eta atxikimendua berretsi sinadurarekin.

Egun gogoangarria izan zen Gasteizkoa. Emaitzak ere, bai liburu zurian txertatu genuen atala eta baita haren sintesia zen adierazpena, maila handikoak ziren. Tamalez ondoren ez zuten izan espero zitekeen eraginik. Eusko Ikaskuntzari fronte asko ireki zitzaion Kongresuaren ondorioz eta denak aldi berean aurrera eramateko ez zeukan indarrik aski. Baina adierazpena sinatu zuten eragileek ere ez zuten baliatu egindako lana oinarri gisa urrats berriak egiteko. Zilegi bekit lan horien aldarria egitea orain eta hemen. Oso balekoak dira oraindik.

Mendeurreneko Kongresua bere osotasunean jarraitu nuen eta, oro har, bikaina iruditu zitzaidan. Oñatiko itxiera, hiru euskal lehendakariak bertan zeudela, sinbolismo eta eduki handikoa izan zen. Eusko Ikaskuntzak bertan egin zuen adierazpen solemnea honela bukatzen zen:

Eusko Ikaskuntza, Mendeurreneko Kongresuan gure herriaren etorkizuneko galdera gakoen gainean hausnarketa sakona egin ondoren, zinez prestatuta dago -eta guztiz prest- lankidetza estuan jarduteko erakunde publikoekin, eragile politiko eta sozialekin, unibertsitateekin eta herritarrekin, tinko eutsiz bere sortze-egiteko gaurkotuari: herri garapenerako ikuspegi orokorra eta arnas luzekoa lantzea, politika publikoen eta gizarte beharren mesedetan.”

Kongresuak bixamon handia utzi zion erakundeari, eta laguntzaile gisa jarraitu nuen hark eragindako trantsizioan, behin Kongresua bukatuta bazegoen-eta inertzia zaharretara itzultzeko arriskurik. Hasitako dinamikari txukun eutsi egin zion ordea erakundeak, eta hurrengo barne hauteskundeetan lehendakari aldaketa gertatu zen: Ana Urkizak hartu zuen kargua. Ohiko lehendakariak baino gazteagoa, profesionala -jardun erdia edo eskaintzen dio EIri soldatapean-, emakumea… Profil berri egokia zen erakundea eraldatzen jarraitzeko, geroa erakusten ari den moduan.

Pozik nago, beraz, ehun urte luzeko amona xaharra zaharberritzen eta suspertzen ari delako. Ibilbide horretan, bi korapilo ikusten dizkiot Eusko Ikaskuntzari, biak askatu beharrekoak. Lehena da aitortza eta finantzaketa blindatzea. 1918ko Kongresutik sortu zen Euskaltzaindiarekin batera, Eusko Ikaskuntza da Euskal Herriak daukan erakunde bakarra euskararen lurralde osoan ezarrita dagoena eta, aldi berean, lurralde horietako erakunde publikoek eta sozialek aitortzen dutena. Egia da 100 urte luzeko ibilbide gorabeheratsuak aitortza horretan arrakalak sortu dituela. Baina lurraldetasuna ahultzen ari den garaiotan ezinbestekoa ikusten dut are irmoago aitortzea Eusko Ikaskuntza dela herrigintzan daukagun erreferente nagusia, eta bere egitekoa dela lankidetza esparruak sortzea denon artean herri interesa eta ikuspegi luzea jorratzeko. Aitortza horrek bermatu beharko luke EIk izango duela aurrekontua estaliko dion finantzaketa publiko segurua, bere eginkizun nagusitik baliabideak harrapatzen dizkion zerbitzugintzan jarraitu beharrik gabe.

Bigarren korapiloa da, aurrekoarekin lotuta, erakundearen gobernantza irekitzea eta sendotzea. Egungo Eusko Ikaskuntza nagusiki bere bazkideena da, hauek hautatzen dituzte lehendakaria eta Errektore Kontseiluko kideak, edozein elkarte edo klubetan bezala. Erakunde publikoek badute ordezkaritza Kontseiluan, eta eragiten dute erabakietan, baina hauteskunde prozesuak iristen direnean aski izan daiteke bazkide dozena batzuk antolatzea erakundearen gobernua baldintzatzeko. Nire ustez, Eusko Ikaskuntza izango bada, elkarte akademikotik askoz harago, Euskal Herrian epe luzeko herri estrategia deliberazio bidez adosteaz eta zientifikoki garatzeaz arduratuko den erakundea, bere gobernantzak behar du izan partekatua erakunde publikoen, eragile politiko, sozial nahiz akademikoen, eta herritarren artean. Zinez uste dut halako egitura juridiko partekatu eta sendo batek asko lagunduko lukeela aitortza eta finantzaketa blindatzen, eta baita herritarren inplikazioa areagotzen.

Bistan da herrigintzako erakundeen gobernantza partekatua funtsezko kontua iruditzen zaidala gure herri etorkizuna bideratzeko. Goiena eta Badalab dira horren lekuko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude