Nola Londreserako bidaia batek txinparta piztu zuen eta bueltan Sustatu jaio zen. Txanpionseko aliantza zuntz optikoa ikuiluraino eramateko, edo Gatzaga Telepolis-en. Joxeri medikuak esan ziona eta euskal komunitate digitalaren sorrera. Eta Txato gure katua inspirazio iturri.
2000. urtean Goiena sortzeko prozesu betean, Londrestik gonbidapen bat iritsi zitzaigun Joxe Aranzabali eta bioi, txosten bat aurkez genezan toki komunikabideen gainean, euskal ikasketen gaineko sinposio batean. Gonbidatzailea zen Imanol Galfarsoro aretxabaletarra, sasoi hartan Londresko Unibertsitate batean irakasle ari zena. Bere curriculum akademiko oparoak hau dio urte horri buruz:

Sinposiora jende asko hurbildu ginen Euskal Herritik, tartean Luistxo Fernandez. Elkarrekin aritutakoak ginen Arrasateko komunikabideetan, eta niretzat oso agerikoa zen beste guztiok baino urrats bat aurrerago zebilela; miresmenezko artikulu bat ere idatzi nion Arrasate Press–en, ‘Gure Luis’ izenburuarekin. Bidaia honetan kontatu zigun Luistxok CodeSyntax (hasieran Code&Syntax) sortzeko zeukaten asmoa, eta guk kontatu genion zertan ari ginen Goiena-n. Urte hartan bertan gauzatu ziren bi egitasmoak eta, handik gutxira, bi enpresek lankidetzan sortu zuten Sustatu agerkari aitzindaria.
Luistxok bere ohiko estilo zuzenean azaldu zidan zergatik nahi zuen Goiena bidelagun: alde batetik, osagarriak ginelako (haiek hanka teknikoa eta guk hanka editoriala); eta bestetik, Goiena hobeto posizionatuta ikusten zuelako Gipuzkoako Aldundiaren dirulaguntza jasotzeko. Horregatik, Goiena ordezkatuz nire izenean aurkeztu genuen egitasmoa abiatzeko eskaera. Ez dut xehetasunik gogoratzen, baina dirua iritsiko zen, ze 2001eko azaroan martxan zegoen plaza digital berria; eta Sustatu funtsezkoa izan zen esparru digitalean euskal komunitatea eraikitzen hasteko.
Nik aitortu behar dut ezer gutxi ulertzen nuela gai honetaz eta nagusiki Luistxorengan neukan fedeak eraman ninduela aurrerantz. Teknologian ere ez nintzen oso trebe, eta tarteka kexatzen nintzen: Eta dorpeok zer? Baina borroka artean izanda ere, maiz samar idazten nuen Sustatun, koinatuarebn heriotzean, esaterako: Agur Salem.
Esparru teknologiko berrian ahalegintzeko banuen beste pizgarri bat: Goiena multimedia izango zen, eta bagenekin prentsa-irrati-telebista hiruko tradizionalari gehitu behar geniola laugarren hanka bat, telematika hitz lausoarekin izendatzen genuena, oso ondo ez baigenekien zertaz ari ginen. Goiena esperientzia txostenean jasotzen da eskualdeko ataria izan zitekeen Goienet zerbitzuaren lehen hurbilketa, gerora Goiena.net izango zena.
Zetorrena antzemateko prozesu hari bultzada itzela eman zion e-debagoiena ekimen anbiziotsuak. Eta ekimen honetan sarbidea izan genuen Jabier Retegi zelako gidaria. Niri bizipen oso interesgarriak ekarri zizkidan.
2001ean Euskaltelek zuntz optikoa sartu behar zuen Debagoienean. Jose Antonio Ardanza zen orduan presidente eta, Debagoiena ondo ezagutzen zuenez, bertako laguntza bilatu zuen plana gauzatzeko, zehazki Jabier Retegiren bidez. Elkarrekin egonak ziren Jaurlaritzan -hura lehendakari, hau sailburu- eta handik bueltan Jabier izendatu zuten MUko errektore eta MCCko Garapen Teknologikoaren arduradun.
Retegik ekimena sustatzeko aliantza diseinatu zuenean, Goiena sartu zuen lapikoan, komunikazioak izango zuen garrantziaz jakitun. Gure kooperatiba sortzeko prozesuan hurbil sentitu nuen eta bion artean konplizitate polita sortu zen. Eta gonbidatu gintuenean ekimen berrian parte hartzera (Euskaltel, Mankomunitatea, MCC eta MUrekin batera), konturatu nintzen sekulako aukera ematen zigula geure burua erakusteko, ondo baliatu beharreko plaza.
Ordurako eszedentziaren azken txanpan nengoen, laster Kutxara itzultzekotan; baina Goienarekin eta Jabier Retegirekin konpromisoa hartu nuen gaia bideratu arte jarraituko nuela lanean. Eta ekipoa prestatu nuen goi arduradun haien artean toki duina hartzeko: Luistxo eta CodeSyntax izango ziren partner teknologikoa; ETBn elkarrizketatuta ezagutu nuen Jabier Etxeberria filosofoari hartu nion Telepoliseko ‘aireko jauntxoen’ eta mundu mailako sare digitalen ikuspegia; eta Goienaren baitan Iban Arantzabal bideratu genuen esparru honetan lekukoa hartzeko.
Lana sendo eginda, lortu genuen helburua: Retegirekin konplize jokatuz, bileraz bilera joan ginen pisua irabazten eta urtea amaitzerako gure atala guztiz integratuta zegoen eskualdeko egitasmoan; gainera, kontakizunari eta komunikazioari zegokionean ekarpen nabarmena egin genuen. Denon artean plan mardula definitu genuen, eta horrek Jaurlaritzaren arreta ere piztu zuen. Gauzak aurreratu samar zeudela, Josu Jon Imaz Industria sailburua ere sartu zen bileretan, eta udaberrirako aurkezpen indartsua prestatzen hasi ginen.
Edukiak bazeudenez ondo samar definituta, aukezpenaren moldea zaindu nahi izan genuen bereziki. Erraza zitzaigun, puntako teknologia izanik gaia, ekitaldia eraikin tegnologiko batean egitea; guk ordea, proposatu genuen justu kontrakoa egitea, hau da, azpimarratzea plana debagoiendar guztientzat zela eta eskualdeko txoko guztietara eraman nahi zituela bere onurak. Eta proposatu genuen Leintz Gatzagan egitea, bertako Gatz museoan. Bertako alkate zen orduan Joserra Agirreurreta eta inork baino hobeto harrapatu zuen ideia. “Gatzaga kable elektrikoarekin kableatu genuenean simaur usaina zerion hariari. Orain, kableatu honi ere horixe eskatzen diot: gure baserrietaraino, gure ikuiluetaraino sar dadila, gure premietara egokituta”. Museo txikia lepo bete zen gonbidatuekin, baina hala ere tokia egin genion koru berezi bati: eskualdeko lau abesbatzek propio osatutakoari. Horrekin, bestela ere sinbolismo handikoa zen ekitaldia egin zuten biribildu.
Aurkezpena bikaina izan zen eta oihartzun handia izan zuen. Egitasmoaren garapena, ordea, ez zen maila berean gauzatu. Aurreikusitako koordinazio guneak abiatu ere ez ziren egin eta finean planak balio izan zuen Euskaltelen inbertsioei onarpen soziala emateko. Beste onuradun argia Goiena izan zen, bere posizioa eta solaskidetza indartu egin baitziren; horrek bultzada ederra eman zion komunikazio taldearen garapenari eta Goiena.net atariaren sorrerari. Gainontzeko aplikazioak bakoitzak bere bidea egin zuen, taldearen jarraipenik gabe. Hala ere, gabezia nabarmen eta guzti, uste dut ekimen hau bide-erakusle ere badela: erakunde publiko, sozial eta pribatuen arteko lankidetza da munta handiko egitasmoei erantzuteko daukagun herri estrategiarik eraginkorrena.
Gatzagakoaren urte berean Joxe Aranzabali minbizia aurkitu zioten eta, halakoetan ohikoa zenaren kontrara, argitaratu egin zuen albistea, Sustatun argitaratu ere: Medikuak esan dit minbizia dudala. Kontakizun zintzoak erantzun andana eragin zuen eta agerian jarri, besteak beste, kontu pare bat: euskal komunitate digitala gorpuzten ari zela, eta Sustatu sekulako tresna zela horretarako. Joxek jarraitu zuen bere prozesua sarean kontatzen eta erantzunen kopurua handituz joan zen, fenomeno kategoria hartzeraino. Hainbeste ze Elkar argitaletxeak proposatu zion digitalean idatzitakoa liburu bihurtzea. Hitzaurrea idazteko ohorea oparitu zidan eta hainbat herritan lagundu nion liburua aurkezten. Ale asko saldu ziren eta bigarren edizioa ere iritsi zen. Fenomeno honek Sustatu-ri izugarrizko bultzada eman zion.
Beste maila batean, baina Sustaturen bertuteen adierazgarria izan zen baita ere Fagorreko 4 langilek Iranen izandako hegazkin istripua. Erredakzioak albistea jakin orduko argitaratu zuen, zeuzkan datu apurrekin; ondoren, irakurleak eta erredakzioa bera joan ziren informazioa osatzen. Gaur normala da funtzionamendu hori sare sozialetan, baina duela 24 urte oso berria zen pentsatzea informazioa eta jakinduria wiki moduan sortu zitezkeela.
Goiena.net atariaren garapenean urratsa izan zen blogari talde bat sortzea. Sustatuk irekitako bidetik, blog-a bihurtu zen tresna egokia pertsona banakoek zein mota askotako elkarteek haien gertaera/iritzi/apetak partekatzeko, eta komunikazio taldeek tresnak jartzen zituzten haien eskura blogari komunitateak sortzeko. Nireari Piperrautsa jarri nion izena, esaldi honetan oinarrituta: “Piperrautsa bezain bero dago nire burua, etorkizunari buruzko kezkagatik”. Eta suelto jardun nuen hamabost bat urtez bidalketak argitaratzen, bai blogerako propio sortuak eta baita tuttologo moduan beste mediotarako idatziak. Bereziki gustagarria egin zitzaidan Esteñibarreko bizimodua islatzea, kontu txikien sorta handi bat eginda. Tamalez, oraingo EKINetaIKASI blog hau ahalbidetzeko aurrekoa ezabatu behar izan dut, eta gero ohartu naiz Interneten bakarrik geratzen dela Piperrautsaren hondar hau. Pena!
Azken urteotan bloga utzita neukan eta soilik Twitter erabili izan dut, batez ere agerkariak eta pertsona erreferenteak jarraitzeko, beti ere kaka saihestuz. Kaka biderkatu eta hura saihestea ezinezko bihurtu denean, Mastodon-en aterpetu naiz. Bake ederra!
Honezkero ez naiz sareetan oso aktibo izango, baina aukera izan dut fedibertsoa apur bat ezagutzeko, eta uste dut hori dela biderik egokiena euskal herrigintzarako: euskara, burujabetza, software librea, deszentralizazioa… Oinarri horiekin lanean ari den komunitatean ekimen apartak daude (Euskal Wikilariak, TEKS sarea, CodeSyntax…), edota pertsona erreferentzialak (Luistxo bera, Xabier Landabidea, Gorka Julio, Galder Gonzalez…) Bide batez, zergatik da euskal fedibertsoa hain maskulinoa?
Bestalde, teknologia hizkuntzarekin gurutzatzen den lekuan, Euskal Herrian badaukagu munduko hizkuntza gutxitu eta txikien artean puntako tokia hartzen ari den erakundea: Hitz zentroa. Sortzen eta hazten ikusi dudan heinean, liluratuz joan naiz bere ibilbidearekin.
Txato gure katu iletsuak badu estrategia argia aurkariekin: ahal izanez gero, ihes egiten du; baina aurre egin behar badie ilea tentetu egiten du, bizkarra konkortu eta gorputza diagonalean kokatzen du; horrela bere tamaina handitzen du aukariaren begietara eta neurri berean areagotzen haren errespetua. Batzuk lan asko eginda, euskarak digitalean bere tamaina fisikoa handitu egin du: Wikipedian, esaterako, askoz aurrerago gaude hiztunen rankin-ean baino. Aukera horiek baliatzea erabakiorra izango da aurrerantzean ere aurkarien errespetua irabazteko, eta zorionez ondo kokatuta gaude.
Aipamen bat, amaitzeko, boladan dagoen gaiari: adimen artifiziala. Ez naiz oso teknofilo, baina ezta teknofobo ere. Teknologiari buruz, nire irizpide nagusia da behar dudanean eskuratzea (ez merkatuak agintzen duenean) eta laguntzeko izatea (ez ni gidatzeko). Noski, kezkaz bizi dut azken olatu hau, hain justu bi baldintza horiek oso kolokan ikusten ditudalako. Inoiz baino biziago daukat Stanley Kubrick-en 2001: A Space Odissey filmeko elkarrizketa honek eragin zidan espantua. Ez al zaigu gertatuko!


