Zergatik gurean ez da itsasoa aprobetxatzen energia eolikoa sortzeko?

Sinetsita gaude, hainbat instantziatatik horrela transmititu nahi izan digutelako, itsasoko energia eolikoa ustiatzeko teknologia ez dagoela nahikoa garatuta eta horretxegatik baliatu behar dela gurean lehorrekoa, lurraren gaineko aerosorgailuen bidez sortzen dena. Ezinbestean, nolabait.

Gezurra izan gabe, errealitatetik aldentzen den baieztapena da hori, beherago ikusiko den moduan, itsasoko energia eolikoa baliatzeko teknologia ongi garatua baitago. Beste kontu bat da euskal kostako batimetriak –ur azpiko “altimetria”, alegia– eta itsas-hondoaren osaerak noraino erraz dezaketen itsas parke mota baten kokapena.

∞∞∞∞∞∞∞∞∞∞∞∞∞

Itsasoko baliabidea (offshore) lehorrekoa (onshore) baino bi aldiz emankorragoa da oro har, eta ez du inondik ere lehorreko aerosorgailuen inpaktua sortzen, ez faunan eta ez landaretzan, eta ez begientzat eta ez belarriarentzat, kostatik urrunxko kokatzen baitira betiere.

Bi teknologia erabili ohi dira gaur egun itsasoko energia eolikoa lortzeko, bata guztiz garatua eta aerosorgailuak itsas-zolan zimendatzen dituena, eta bigarrena, teknologikoki garatua bai baina, kostuak direla eta, lar hedatu gabea, besteak beste, sistema flotatzailea behar duelako, hots, aerosorgailuak itsas-hondoan ainguratutako hormigoizko egitura flotatzaileak.

Lehena, itsas-plataforman oinarritzen dena, ez da baliagarria 60-70 metro baino gehiagoko sakonera duten uretan. Sakonera horretatik aurrera (Txina 200 metro baino gehiago duten sakoneratan ari da jadanik), itsas-hondoan ainguratutako egitura flotatzaileak erabili behar dira aerosorgailuak jartzeko (Bataren eta bestearen errotze- eta ainguratze-motak ikusteko ireki honako esteka hau).

∞∞∞∞∞∞∞∞∞∞∞∞∞

Lehen motakoak dira Europan garatzen ari diren itsas-parke eoliko handienak, batez beste, haien ur-sakonera ez baita 30 metro izatera iristen. Erresuma Batuak dauka Europako itsas-parke eolikoen bidezko ekoizpenik handiena, energia-ekoizpenaren % 44, hain zuzen; jarraian datoz Alemania (% 34), Danimarka, Belgika eta Holanda (ekoizpenaren % 7narekin).

Hartzen duten hedadura dela eta, Ingalaterrako kostako Hornsea One eta Two parkeak dira munduko itsas parkerik handienak (174 aerosorgailu, 1.218 MW eta 165 aerosorgailu, 1.386 MW, hurrenez hurren; proiektuan dagoen hirugarren batek 2.400 MW ekoitziko lituzke). Eskoziako Seagreen parkea dugu beste bat (150 aerosorgailu, 1.075 MW); Alemaniak Baltikoan bukatzear duen hub edo megagune eolikoa ere ez da txikiena izango (Baltic Eagle eta beste bi parke eoliko, 130 bat aerosorgailu, 836 MW). Hurbilago dugu Bretainiako Saint-Brieuc parean 75 km2 hartuko dituen itsas parke eolikoa (496 MW).

Txina da, edonola ere, offshore eolikoaren bidezko energia gehien ekoizten duena (26,8 GW). Hau da, munduko itsas eolikoaren erdia lortzen du itsasoko aerosorgailuen bitartez, sailkapenean bigarrena den Erresuma Batua (11 GW) atzean utzita.

Estatu Batuek ere ez dute trena galdu nahi eta iragan abuztuan bertan onartu zuten 2027rako abian egon beharko denCoastal Virginia Offshore Wind izeneko itsas parkea (176 aerosorgailu, 2.600 MW). Horrezaz gainera, Kalifornian beste lauzpabost kosta-esparru gehiago atera dira enkantera xede garbi batekin: 2030erako 30 GW ekoiztea.

Erantsi beharrik ez dago: Siemens Gamesa da aipatutako aerosorgailu gehienen ekoizlea. 

Aerosorgailu flotatzaileei dagokienez, ezaguna da aurten bertan jarriko dela abian munduko itsas-gune flotatzaile handiena: Haywind Tampen. Norvegiako kostatik 140 kilometrora kokatua, Equinor enpresak eraikiko du Siemens Gamesak egindako 11 aerosorgailurekin eta 94,6 MW sortzeko ahalmena izango du. 200-300 metroko sakonerako lekuetan jarri izan dira. Txina, halere, 500 metroko sakoneran ere jartzen ari da 

∞∞∞∞∞∞∞∞∞∞∞∞∞

Bi ohar bukatzeko:

1.- Gurean ez da enkantera ateratzen aerosorgailuak jarri ahal izateko kosta-esparrurik, itxura duenez, ekoizpen eoliko guztia lehorrekoa izan behar da-eta.

2.- Erresuma Batuan ez ziren itsas parkeak garatzen hasi harik eta jendea, lehorreko aerosorgailuek ingurunean sorrarazten zuten inpaktua zela eta, mobilizatzen eta presionatzen hasi zen arte. Gaur egun, gorago esan bezala, Erresuma Batua da Europan itsas parke horien bitartez energia gehien lortzen duena.

Kategoriak Aerosorgailuak | Etiketak | Utzi iruzkina

Statkraft Aramaion. Ganborraldeko parke eolikoa

Azaroaren 16an Aramaion egindako biltzarrean azaldu zuen Statkraftek aurrenekoz zer-nolako planak dituen Eskoriatzatik San Kristobaleraino hedatu nahi duen parke eolikoari dagokionez.

Espiritu kolonialista ezkutatu ezinik, Itsaraz izenarekin bataiatua zekarten proiektua, nonbait bertako hizkuntzaren edota toponimiaren agorrak ez baitzuen haien gogoko izendapenik eskaintzen.

Proiektuaren arabera, 8 aerosorgailu edo haize-errota izango ditu parke eolikoak: zazpi Aramaioko mendietan (Kurtzetatik Asentsiomendi aldera 6, eta Kurtzetatik Sankristobalerantz bat) eta bat Eskoriatzako udalerrian. Bakoitzak ia 8 Megawatt ekoizteko ahalmena izango du. Guztira 60,4 MW. Edo, Statkraftek dioenez, “44.100 etxebizitzarako energia garbia”.

Baina ez Aramaioko etxebizitzetara zuzen-zuzen eramateko, ez. Zeren eta, behin sortuz gero, Iberdrolak Abadiñon duen subestaziora bideratuko da argindar hori guztia 13,6 kilometrotan zehar. 

Azalpen garbirik eman ez badute ere, baliteke airetik eramatea linea guztia, 25-50 metroko dorre elektrikoak baliatuz.

Baina airetik eraman zein lurpetik, teorikoki Eskoriatza-Arrasate-Elorrio-Abadiño izango da hariaren ibilbidea. Horrela esan zuen, behintzat, Statkraftek. Praktikan, halere, beste zerbait pentsatzera daramate ezin zehatzago kalkulatuta dituzten 13,6 km horiek, hau da, benetako ibilbidea, hain motza izateko, Eskoriatza-Azkoaga-Untzilla-Udala (Arrasate)-Atxondo izan beharko litzatekeela.

Antza denez, 2023an ekingo diote obra zibilari (lur-mugimenduak, bide-zabaltzeak, oinarri-jartzeak…) eta 2027an hasiko da haize-parkea martxan. Guztira, 200 bat langile beharko dituzte obretan aritzeko eta, geroago, aerosorgailuak zaintzeko. Dena den, ez dirudi lanpostu berririk sortuko dutenik, nagusiki obrak egiteko kontratatutako enpresen langileak eta teknikariak izango baitira arituko direnak.

Jadanik hasiak dira baimenak eskatzen eta tramitazioak burutzen. Diotenez, Ingurugiroaren gaineko Eragin-Adierazpena eta Aldez aurreko Administrazio Baimena izan dira lehenak (ekainean aurrenekoa, azaroan bigarrena), baina, antza denez, eskuratuak dituzte dagoeneko Sarbide-baimena eta Konexio-baimena ere. Eraikitzeko eta Obrei Ekiteko lizentziak eskatzea bakarrik geratuko litzaieke, beraz.

60 milioi euroko inbertsioa egingo omen dute.

Aipamen berezia eskatzen dute gune eolikoan jarriko diren aerosorgailuek berek. Izatez, 205 bat metroko altura hartuko dute (80 bat metroko luzera, berriz, hegalek). Ideia argiago bat egiteko, gaur egun Elgea-Urkillako parke eolikoan dauden aerosorgailuekin konpara daitezke Aramaion jarriko direnak. Hangoen garaiera 40-45 metrokoa da (Ganborraldekoak baino lauzpabost aldiz txikiagoak), eta 25-27 metroko palak dituzte (Ganborraldekoak baino hiru aldiz txikiagoak).

Bada, azkenik, harrigarri samarra den beste puntu bat, alegia, nola eroan haraino 80 metroko palak Legutio-Kurtzeta errepidea sakon egokitu gabe? Bihurgune itxiak eta ezaugarri bereziegiak dituen arren, ez dirudi A-2620 errepidea gehiegi aldatu beharko litzatekeenik horretarako. Horretan ere ari da Iberdrola Blade Lifter teknologia garatzen. 

Kategoriak Aerosorgailuak | Etiketak | Utzi iruzkina