Aramaio ere eolikoen negoziotik aske!

Guillaume Duchemin-en marrazkia

Denbora aurrera doala eta, hasi dira inguruan azaleratzen Statkraftek egin nahi digun “ekarpena” sozializatzeko (besteren hitzetan, “haize-parkeak herritarren artean zabaltzeko”) mugimenduak eta ahalegin pedagogikoak. Duela aste batzuk ezagun bat izan bazen, aurrekoan ezkerreko laguna suertatu zen, eta oraintsu norbegiarrekin adiskidetutako kidea agertu da mintzalari. Funtsean mezu eta kontzeptu bertsuak guztienak: hemen aerosorgailuak bai (inplizituki, Statkraft ere bai), ahalik lasterren, mesedez, eta, edonola ere, guk geuk, herritarrok, deliberazio demokratikoen bidez eta konbentzimendu osoz onartuta. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Premien eta presen funtsezko arrazoia, ohikoa: gure CO2 emisioak ez baditugu Parisko akordioan zehaztutako epe eta kopuruetan murrizten, aldaketa klimatikoak eragingo dituen inpaktuak askoz larriagoak izango dira, baita biodibertsitatean ere.

Baina zientziak ohartarazitakoa gorabehera, bada oraindik errealitateaz ohartu nahi ez duenik. Eta horrelakoak ez bide du jakin nahi izaten, CO2ak eta deskarbonizazioak eta klimaren beroketa eta beste aitzakiak gorabehera, munduko gobernu askok erregai fosilen ekoizpena gehitzearen alde jokatuko dutela aurrerantzean ere. 

Gure nahi, delibero eta hautu guztiak bestelakoak izan daitezke, baina gobernuen erabaki horrek zeharo ezinezko egingo du Lurraren beroketa 1,5ºC-tan uztea eta oso zail bilakatuko, aldi berean, 2ºC ez gainditzea. Eta ez da hori txoro ukatzaile batek egindako profezia, UNEP-Nazio Batuen Ingurugirorako Egitaraua izenekoak herenegun (2023.11.08) kaleratutako txosten batean luzatutako informazio objektiboa baizik. Prentsa-oharrean laburtu bezala, ekonomikoki eta politikoki indartsuen diren gobernuek planifikatua dute hurrengo urteetan 110% erregai fosil gehiago ekoiztea (ikatza, petroleoa, gasa), hau da, Lurraren beroketak 1,5ºCtik gora egin ez zezan kalkulatua zegoen gehienezko ekoizpena baino %69 gehiago.

Txostenak erregai fosilen ekoizpenik handiena duten 20 estatu aztertu ditu (besteak beste, EEBB, Txina, Errusiako Federazioa, India, Brasil, Kanada, Arabiar Emirerriak, Australia, Hegoafrika, Alemania, Erresuma Batua, Mexiko, Indonesia…) eta agerian utzi ditu gobernu horien iseka eta mespretxua aurretik hartutako konpromisoekiko (Parisko akordioa barne). 

Horren arabera, gobernuen planek 2030era arte areagotuko lukete ikatzaren ekoizpena eta 2050era arte petrolioarena eta gasarena. Agian, “gutxienez” eranstea falta zaie data horiei.

Bistan da klimaren hondamendi-prozesuaren ikuspuntutik ondorioak ez direla inolaz ere lasaigarriak. Eta besterik esaten bada ere, agerian da gobernu horiek ez dutela energia berriztagarriak erregai fosilen ordezko gisara baliatzeko asmorik. Alegia, “trantsizio energetikoa” izan behar zuenaren seinalerik ez da inondik ere antzematen. Gure deliberazioak eta hautu demokratikoak justu kontrakoak izan daitezkeen arren.

Argi da, beraz, zertan geratuko den azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitartean aldaketa klimatikoaz jarduteko Dubai-n burutuko den COP28 delakoa (2023 United Nations Cilmate Change Conference).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Nolanahi ere, energia berriztagarriei buruzko diskurtso batzuk entzundakoan, aldaketa klimatikoaren puntura iristean diotena da belamenditarrak gehien-gehien txunditzen dituena, hori eta, mintzalariak hartan fede onez murgilduta daudela, gizarte bezala egin daitezkeen eztabaidez eta hautuez mintzatzen hasten direnean. Eta bereziki hunkigarria zaie belamenditarrei eztabaidak eta hautuak burutzeko gunea ongi partzelatuta eskaintzen zaienean, berdin lurralde-hedadura desberdineko eskala ertainak izan zein lurralde plan partzialek zehazten dituzten eremu funtzionalak, iradokitako eskala egoki horietan guztietan antzematen baitute deliberazioa supazter goxoan, etxetik atera gabe eta familia giroan burutzeko desioa.

Hartara iristeko deliberazioa, gainera, korrika eta presaka planteatu behar izaten omen da, orain arte ez baitu gizarte honek taxuzko ezer egin, aldaketa klimatikoa etenik gabeko abiadura gero eta biziagoan etorri arren.

Txundituta geratzeaz gainera, honako belamenditar honek aitortu behar du une horietan odola bor-bor hasi, eta plazer tantriko definiezina sorraraziz igotzen zaiola kundailinia muladaratik seigarren txakraraino. Une zerutiar horietan argi sentitzen du munduaren ardatza eta biradera eskuetan dituela eta guztia duela egitear, bera eta bera bezalakoak iruditzen zaizkiolarik berriztatuko den gizarte horren protagonista eta agenterik eraginkorrenak. Eta are tantrikoagoa dena: iruditu egiten zaio belamenditarren erako oinezko xumeen hitzaren eta hautuen zain dituztela, maiatzeko euria espero omen den egarri bertsuaz baleude bezala, inguruko energia-enpresak, erakundeak eta agintariak.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bestalde, berriztagarriei buruzko diskurtsoetan “gure lurraldean” eta “inkoherentzia” eta “injustizia” hitzak elkartzen direnean, arrisku latzak islatzen uste dira berehala, manipulazioarena eta prozesuan barrena ustiaketaren jasaile –biktima– gertatzen denaren kulpabilizazioarena, besteak beste.

“Gurean” ekoizten ez diren botikak edota arroza eta laranjak kanpoan eskuratzeak justiziarik eta koherentziarik eza islatuko balu bezala.

Galdera da, hortaz, ea, koherentziaz eta justiziaz jokatzeko, “gure lurraldean” kokatu beharko ote dugun aurrerantzean bertan kontsumitzen den guztiaren iturburua. Horrelako salaketa larririk gerta ez dadin, hidrogeno berdearen ekoizpenerako lantegiak ere momentuz ur faltarik ez duen Belamendi inguruan jarri beharko ote dira? Ganborraldeko aerosorgailuen turbinak “gure lurraldean” –Debagoienan bertan– sortuak izateko aurreikusia ote dute ala Alemanian edo Ferreiran? Aerosorgailuen palak birtziklatzeko enpresa nafarrak (Irunberri eta Kortes-Tutera) “gure lurralde”-ko enpresatzat hartu ote litezke? Hori al da egungo gizarte –tamalez edo zorionez–globalizatuak egiten eta eragiten duena? Ez al du, bada, Estatu espainolak “bere lurretan” ekoitzitako argindarra Portugalera, Marokora eta Frantzia aldera bidaltzen (2022an, 20 milioi MW orduko), inpaktu negatibo guztiak energiaren ekoizpen-tokian utzita? Ez al du inork entzun “gure” agintari energetikoen ezpainetatik isuritako “las renovables son baratas… y viajan” esaldia? “Gure lurrez”, “injustiziez” eta “inpaktu negatiboez” arituko ote dira hori diotenean?

Eta horretaz guztiaz ari garela, ez al dugu guk geuk –belamenditarrok barne gaudela– ipini eta jasan beharko akaso Espainiaren bertebraziorako pentsatua den eta Euskal Herriari ezer gutxi interesatzen zaion Abiadura Handiko Tren izugarri garesti bat, hispanoen eta madrildarren desenbarko masiboa ekarriko duena, eta betiere benetako tren soziala izan litekeenaren kaltetan?

Zer arraio da, bada, “gure” hori? Eta zer arraio da, azken batean, ezkerreko zenbaitek ere, adurra dariela, txosten ustez seriotan aipatzen duten “gure subiranotasun energetiko” delako hori? Ez al dakite energia-sistema penintsular zentralizatuan zeharo txertatuta gaudela eta urrun xamar gaudela oraindik oligopolioek guri inolako “burujabetza”-rik eskaintzetik? Hain zaila ote da ulertzea “haiena” eta “gurea”, funtsezko independentzia lortu artean bederen, ez datozela bat? Ez politikoki, ez ekonomikoki eta ez sozialki.

∞∞∞∞∞∞∞∞

“Haiena” ez da karitateko ahizpatxoen ekarpena. Haiena, gordinki esatea bada ere, negozioa da. “Haiek” ez dira “gure lurraldean” sortu eta hazitako aldaxka maitakorrak. “Haiek” gurekin trukaketak egitera datozen enpresa kapitalistak dira, edo zehatzago esanda, trukaketa bentajistak egitera etorriak, oro har. Guri ondo etor dakiguke “haiekin” negoziatzea… ala ez. Baina horren balorazioak eta hautuak “guk geuk” egin beharko genituzke, “haien” ekarpena dastatu edo jasan behar dugunok, eta ez gure ordez mintzatzen diren sektore interesatu interesatuenek, izan iberdrolak, izan tapiak edo izan kreanak.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Zeren eta, onar dezagun behingoz, energia berriztagarriena, planteatua den moduan, negozio hutsa da, ziur asko adar desberdinak eta konplexuak ere badituen negozioa, baina negozioa edonola ere. Ez litzateke izan beharko, baina bada; handik (Europatik) eta hemendik (hemengo erakundeetatik) diru-laguntza erraldoiak erakartzen eta xurgatzen dituen negozioa da eta, bolada batez behintzat, etekin ikaragarriak ematen dituen eta eman ditzakeena.

Sinetsi nahi ez duenak Oxfam Intermón eta ActionAid erakundeek egindako txostenera jo lezake: iaz, Estatu espainoleko bost energia-konpainia handienek %165 areagotu zituzten beren irabaziak 2016-2019 bitartean izandako batez bestekoarekin konparatuta; guztira, 11.700 milioi euro gehiago 2022an.

Beraz, negozio biribila delako ditugu hainbeste enpresa erraldoi, kanpoko zein “bertakoago”-edo, negozio horretan muturra sartzen eta sartu nahian (Iberdrola, Endesa, Gamesa, Statkraft…). Eta negozio biribila bide da hasiera-hasieratik, diru-laguntzak, esan bezala, handik eta hemendik isurtzen direlako (esate baterako, hidrogeno berdea ekoizteko 14 proiektu aitzindariri 150 milioi euro emango zaizkie NextGenEU funtsetatatik, inbertsiotan “abian” jarriko dituzten 553 milioi euroak “sariztatzeko”, hau da, guztiaren % 26).

Hurbileko adibidea edo dugu Haizea Wind Group-ena: 2022an 250 milioi euroko salmenta egin izan zuen (bi aldiz 2020koa). Baina, gainera, Iberdrola eta Ørsted-ekin sinatutako akordioak medio, 2025erako 600 milioi euroko fakturaziora iristea espero omen du.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Negozioa den heinean, konpainiek ez dute arreta berezirik jartzen lurralde bakoitzak dituen premia energetikoen errealitatean, kontuak areagotzea dute-eta aurreneko xedea.

Hartara, energia berriztagarrien produkzioa helburu, “trantsizio energetikoa” delakoa kudeatzean datza orain pagotxa. Eta horren barruan, motor ekonomikoek horrela aginduta, elektrizitatearen ekoizpena hartu da jorratu beharreko arlotzat, arlo erraz, guztiz emankor eta, energia fosilak ordezkatzeko miraria ere egin dezakeelakoan, gehiegikeriatarako aproposa. Eskematikoki esanda, tresneria ekoizkorrena plaka fotoboltaikoetara eta aerosorgailuetara mugatzen da.

Beraz, gure itsasoak, lurrak, soroak, baratzak, ibarrak, mendiak gupidarik gabe bereganatzen ari diren poligono fotoboltaikoek eta eolikoek elektrizitatea besterik ez dute sortzen, eta hain zuzen ere horixe da gu barne-hartzen gaituen Estatu espainolak sobran ekoizten duena. Eta sobran ekoizten duela diogunean, beharrezkoa dena baino gehiago ekoizten duela esan nahi dugu.

Izatez, 123 GWko potentzia instalatua daukan arren, Estatuan nekez gainditzen da 36 GWeko kontsumo-langa, hau da, ia-ia egun dauden poligono eolikoek azken hamabostaldiko haizetearekin ekoitzi duten kopurua (kontuan hartuta, noski, haizeak orduko 90 km-ko abiadura hartzean gelditu egin direla aerosorgailu asko eta asko). Edo bestela adierazita: hiru berriztagarri handienak batera jarriko balira abian, ekoizpen eolikoa 30 GWekoa izan liteke, fotoboltaikoa 24 GWekoa eta hidraulikoa 17 GWkoa, hots, guztira 71 GWeko ekoizpena… 36 GWeko eskaria asetzeko! Esan beharrik ez da horrexegatik deskonektatu ohi direla aerosorgailu eta fotoboltaiko asko, aurreikusi gabeko galera ekonomiko ez gutxi sorraraziz. Gainera, arazoa arindu lezaketen eskala handiko akumuladoreek teknologikoki garatu gabe segitzen dute.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Baina argindar-gainekoizpen hori baino kezkagarriagoa da oraindik une honetan gertatzen ari dena: Energiaren Nazioarteko Agentziak kaleratutako txosten baten arabera, 130 GW inguruko proiektu-andana bat dago sare elektrikoan konektatzeko zain. Baimen administratiboak eskuratzeko ilara egiten, alegia. 

130 GW berri gaur egun instalatuta dauden 123 GW horiekin batuko liratekeenak! Guztira, 250 GWetik gora, eta lur eta itsaso, ibar eta mendi gehiago irentsi nahian oraindik! Eta hain zuzen ere, Estatuan dagoen azpiegitura elektriko zaharkituak horrelakorik ezin onar dezakeenean!

Kalifornia eguzkitsua dugu gehiegikeria horrek hona ekar litzakeen ondorioen adibide, sare elektrikoen saturazio-arazoa dela eta, berriztagarri eoliko eta fotoboltaikoetan murrizketa ikaragarriak egiten azaldu baita amerikar Estatua egunotan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hori gutxi bailitzan, elektrizitatearen kontsumoa ere jaisten ari da oro har. 2022an, esaterako, aurreko urtean baino %2,4 gutxiago kontsumitu zen, harrigarriro 2004ko kontsumoaren parekora jaitsiz. Baina, arrazoi desberdinak medio, jaisten ari da hemen, jaisten ari da estatu espainolean eta baita Europan ere.

Eta kontsumoa horrenbeste jaisten ari delako azaldu dira orain enpresa eolikoen kezkak eta, askoz harrigarriago dena, baita kontsumoa areagotzeko eskariak ere:

El presidente de Appa (Asociación de Empresas de Energías Renovables), Santiago González, reclamó al Gobierno […] [eta] apuntó la necesidad de que la demanda eléctrica crezca para que la estrategia energética a 2030 “tenga sentido”. Y es que si no hay capacidad para consumir toda la energía renovable que debe conectar en los próximos años, las nuevas instalaciones van a “estar paradas mucho tiempo”.

Hau da,

Una situación que se produce por el cada vez mayor peso en la producción de electricidad de las energías renovables-más baratas-, pero que suponen un problema grave para las propias empresas verdes porque con los precios de derribo no cubren los costes.

Kezken artean gogoan hartzekoa, halaber, Alemaniar Industriaren Efizientzia Energetikorako Ekimena (DENEFF) izeneko presio-taldeko buruak lotsarik gabe botatako gordinkeria:

Reducir el consumo de energía es deseable para proteger el clima, pero no a expensas de los resultados económicos.

Sektore elektrikoak, izan ere, ez du erreparorik nahi beste “etekin” ez ateratzeari kanibalizazio deitzeko, horren errua, bide batez, baita autokontsumorako berriztagarri txikien gehiegizko (!) hedapenari ere leporatuz:

Desde el sector de las renovables alerta del impacto en el negocio de esta canibalización de los precios eléctricos. Canibalización porque es la expansión de las renovables la que precisamente está haciendo, según advierten las compañías, que se ponga en peligro la rentabilidad de las plantas verdes -actuales y futuras- por la caída de los precios eléctricos y el que puede acabar frenando inversiones en nuevos desarrollos. […] Si no se hace nada, el sector saltará por los aires.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Agerikoa da, hiper-hazkunde elektriko hori baretu eta egoera orekatu ordez, areagotuz doala konpainia energetikoen eskariei babesa emateko borondatea. Zertarako, baina, horrenbeste elektrizitate? Zertan baliatu soberakin diruditen horiek guztiak?

Honatx, labur, erantzuna: deskarbonizazioaren mirakulua hidrogeno berdearen ekoizpen erraldoia lortzean datzala erabaki du estrategia autonomiko-estatal-europarrak, eta, ondorioz, huraxe ekoiztea da hurrengo urratsa… eta negozioa.

Beraz, lehendabizi aerosorgailu eta fotoboltaikoen bidezko elektrizitate-ekoizpen neurriz kanpoa, eta jarraian argindar horren bidezko hidrogeno berdearen produkzioa, besteren artean –eszeptizismoz ikusten baita ibilgailuen elektrifikazioa–, esportazioaren bitartez urregorri bilakatuko dena.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Baina sektore elektrikoaren negarrak negar –kanibalizazioak ez baitu, antza, inor beldurtzen–, fotoboltaikotan eta eolikotan inbertitzen segitzeko egarria ez da asetzen enpresa horietan. Alegia, “gurea” ere baden Nafarroan, esate baterako, Arena Green Power talde andaluziarrak 450 milioi eurotik gorako proiektua jarriko omen du abian 2025-2026an beste 475 MWko potentzia ekoizteko (242 MW fotoboltaikotan eta 233 MW eolikotan).

Eta interesgarria den beste faktore bat: badaezpada ere, Iberdrolak, Endesak, Energyk eta bestek berriztagarrien “burbuila” puzten segitzeko hautua azaldu dute. Oraingoan, 11 GWeko ekoizpena lortu ahal izateko, megapoligono hibridoak antolatzen eta ustiatzen hasiko dira, hau da, aerosorgailuen artean fotoboltaikoak tartekatuz. Arrazoia? Horretan ere, negozioa gailen. Izan ere, “landaretza” berriek ez lukete sare elektrikorako lotura ziurtatuta, ez bada lehendik baimenduta dituzten loturak baliatuz. Alegia, aerosorgailu-poligono bat duenak badu lotura hori egina eta fotoboltaikoen hibridazioak ez luke besterik behar.

Ildo horretan, eta aurrera egingo balu, Aramaioko aerosorgailuen poligono industriala ere –nork esan ez dela horrela gertatuko?– fotoboltaikoz landatua ager liteke berandu baino lehen.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Badira, azkenik, berriztagarri erraldoien diskurtso pedagogiko zenbaitetan oharkabez-edo ahaztu nahi izaten diren beste arazo txiki batzuk ere, ustez behintzat, gogora ekartzea merezi lezaketenak.

Lehena: paisaian eta biodibertsitatean duen eragin kaltegarria baztertuta ere, industria-poligono eolikoen eraiketa-lanak ikaragarrizko inpaktua du airearen kutsaduran, kliman eta beroketan. Hori, baina, ez da inoiz kontabilizatzen kontrako balantzan; gertatu izan ez balitz bezala uzten da beti. Halere, kalkulatu nahi izaten ez den CO2-ko kantitate izugarriak isurtzen dituzten milaka tona hormigoi behar izaten dira eraikuntzarako, lurren mugimendua energia fosilak behar dituzten makinariaren bidez burutzen da, materialen garraioa dieselarekin mugitzen diren kamioien bidez egiten da, hartarako, energia fosilarekin baino ezin eraiki daitezkeen bideak behar dira, hau da, errepideak, bideak, energiaren ebakuaziorako lineak (eta dorreak), instalakuntza desberdinak… eta, nola ez, aerosorgailuak (turbinak, palak, dorreak) egiteko ere energia fosila behar da. Eta CO2-ko kopuruak ez dira murrizten aerosorgailuen etengabeko mantenimendurako garabiak (akaso helikopteroak) eta bestelakoak erabiltzean… Korolarioa-edo: ez legoke gaizki jakitea zein den kasu horietan energia-berrezartzearen tasa (energy return on investment), edo, nahiago bada, zenbat energia eoliko produzitu beharko lukeen poligonoak kutsadurarik gabeko elektrizitatea ekoitzi aurretik atmosferara isuritako karbono dioxidoa “neutralizatzeko”.

Bigarrena: gaur eguneko teknologiak ez du ziurtatzen eta ez bermatzen aerosorgailuen funtzionamendu luzerik. Siemens-Gamesak egiten dituen 5 MWetik gorako aerosorgailu berriak, adibidez, akats larriak izaten ari dira lau urte bete baino lehen, teorian 30 urteko iraupen produktiboa izan beharko luketenean (aerosorgailuen akats larriei gagozkiela, ikus proiektu berriztagarrien aseguru-enpresa ospetsu batek itsas aerosorgailuetako oker eta matxurei buruz eskainitako datuak). Eta Siemens aipatu dugu, porrot teknologiko-ekonomikoaren aurrean, diru-eske ari zaiolako erreguka orain Alemaniari, burua altxatu ahal izateko. 

Baina bada bigarren eragozpen bat ere, ez baitirudi bermatuta dagoenik aerosorgailuen eraikuntzarako eta iraupenerako ezinbestekoak diren materialen hornidura bera ere. Oso esanguratsua da, esate baterako, itsas eolikoetan munduko handiena den Ørsted konpainia daniarrak egin duena: kostuak eta “eolikoen munduko hornidura-kateko arazo larriak” direla eta, bertan behera utzi berri ditu Estatu Batuetan garatu asmo zituen 3.500 euroko bi megaproiektu (Ocean Wind I eta II) eta zalantzan du zer egin munduko parke eoliko handiena izango litzatekeenaren hirugarren eta laugarren faseekin (Erresuma Batuko Hornsea proiektua).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Panorama horrekin, beraz, zer egin dezake oinezko jasaile xumeak industria-poligono eoliko baten bitartez gaineratuko zaion hondamendiaren aurrean? Negarrez pasatu bizialdi guztia leihotik aerosorgailuak ikusten dituen bitartean? Bihotz zabalez ulertu norbaiti tokatu behar zitzaiola oligopolioaren aerosorgailuak jasatea eta, berari tokatu zaionez, erresignazio kristauaz eraman aurrerantzeko pairamena eta oinazea? Mendian botako dituzten zuhaitzak eta landareak biomasatzat hartu, eolikoen jabeei eskertu eta supazter goxoan erre? Aerosorgailuetatik zuzenean argindarra ostu? Eolikoek konponduko ez duten beroketari aurre egiteko 0 kilometroko abaniko-industria familiar bat antolatu? Negutegi-efektuko gas-isurketak arnasten ikasi? Rockström-Steffen-en muga planetarioak gaindituta daudela ukatu eta paradisuan bezala bizitzen saiatu? Desazkundearen aldeko tesien aurka gogorki jokatu eta ahalik gehien kontsumitu? Akaso, harako On Kixote hura haize-erroten kontra bezala jokatzen hasi? Edo ezkerrak ere jadanik ahaztua duen “energiaren nazionalizazioa” leloa aerosorgailuen gerizpean aldarrikatzeari ekin modurik egoskorrenean? 

Baina badaezpada ere, aitorpenak –espirituarena eta poltsikokoa– eginda harrapa gaitzatela jainko-jainkosek! 

Kategoria: Aerosorgailuak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude