1865: Aramaioko bainuetxearen berritze-urtea

1827an ateak ireki zituenetik, laurogei bat urte irautera iritsi zen Aramaioko bainuetxea ur sulfuroso sendagarrien tratamenduak eskaintzen. Mende eskas hartan ezagutu zituen moldaketen artean, 1865eko erreforma izan zen zinezko moderninazioa ekarri ziona eta, neurri batean behintzat, inguruko bainuetxeen pareko bilakatu zuena.
Urte hartan Sezesio-gerra bukatu zen Estatu Batuetan, ofizialki esklabotza ere deuseztatu zen, Abraham Lincoln presidentea erail zuten, eta gurean, azken Karlistaldia piztuko zuten saiakeren artean, abertzaletasunaren sortzailea izango zen Sabin Arana Goiri jaio zen.

∞∞∞∞∞∞∞∞

1865ean berriztatu zen Aramaioko bainuetxea eta sakon berriztatu, gainera. Oro har,  honako hauek izan ziren bainulariek sasoiaren hasieran aurkitu zituzten berrikuntzak: 14 gela, ur-zurrustetarako gela berezia, inhalagailua eta gaur egun Bainera parkean dagoena bezalako 14 bainuontzi, ez denak berriak, baina bai guztiak Anboto inguruko haitzetako kareharrian landuak.

Eguneratu gabe geratu ziren Antonio Moreno farmazialari zuzendariak 1826an, bainuetxea ireki aurretik, egin zituen ur-analisiak.

Etxeetan oraindik urik ez zen arren, bainuetxeari ez zitzaizkion falta ura iturritik biltegira jasotzeko bonba bat eta ura berotzeko galdara. Ur-biltegiak seiehun bainutarako edukiera omen zuen eta gaur egun ikastetxea dagoen muinotxoan zegoen eraikia. Harlanduz egindako biltegi hura “Textil Ibarra” oihalgintza-enpresak erabili zuen geroago bere jarduerarako. 

Baina badira beste biltegi bat ere gogoratzen dutenak, hain zuzen ere askoz beranduago –handik mende batera– ezbehar bategatik agertu zena.

Ezaguna denez, bainuetxe izateari aspaldi utzitako eraikuntza zahar hartan atondu zen herriko eskola gobernu frankistaren aginduz. Nekez bete zitzakeen, beraz, ziurtasun-neurri egokirik, eta handik etorri zen ezbeharra. Urte bat gorabehera, 1960.hamarkadaren hasieran, ikasturteari ekitera zihoazen lehen egunean, beheko solairuan, ume eta ama andana bildu zen haur txikien gelaren aurrean, atea noiz irekiko zain. Orduan, eraikuntzaren egoera arkitektoniko tamalgarria eta jendearen pisua tarteko, porlan zaharreko lurra hautsi eta erdi-erditik ireki zen solairua, zulo handi eta zabal bat agerian utziz. Bat-batean sortu ziren izualdia eta oihu-negarrak kenduta, ez zitzaien ezer larririk gertatu barrura jausi zirenei, metro eta erdi eskaseko sakonera baitzeukan zuloak. Huraxe, antza, bainuetxeak izan zuen lehen ur-biltegia.

∞∞∞∞∞∞∞∞

1865ean eraiki zen, orobat, bainuetxeari atxikiriko ostatua (“luxuzko altzariz hornituriko ostatu ezin ederragoa”, bertako sendagile eta jabearen hitzetan), eta bi-biak, bainuetxea eta ostatua, geratu ziren errentan emanda Gervasio Quintanilla gasteiztarraren zuzendaritzapean. Beste batzuk ziren jabeak, horratik: Antonio Madina aramaioarra zen negozio erdiaren jabea, eta Domingo Isasi Isasmendi alkatea, Migel Ballesteros gasteiztarra eta Antonio Beltran de Heredia sendagile zornotzarra beste erdiarena. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bainuetxeko zerbitzuen prezioak

  • Bainua bainuontzian hartua: 6 erreal
  • Gorputz-atalen bainua (eserita eta gerriraino): 3 erreal
  • Ur-zurrustak (dutxa gisakoa): 2 erreal
  • Inhalazio-saio bakoitzeko: 2 erreal
  • Egonaldian edandako ura: 8 erreal
  • Norberak eramandako botila bat urez betetzea: erreal bat
  • 6 botilako kutxa, kuartilo eta erdikoak: 20 erreal
  • 12 botilako kutxa: 40 erreal

∞∞∞∞∞∞∞∞

Berrikuntzekin batera etorri zen Gasteizko bidearen konponketa ere, nahiz eta urte amaieran oraindik guztiz bukatu gabe segitzen zuen. Halaz ere, erosoago eta, zalgurdiak –omnibusak– arinago ibiltzearekin batera, ziurrago ere bilakatu zen ibilbidea, Albina aldeko bidelapurren etsipenerako.

XIX. mendeko omnibusa

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ekonomikoki oso ona suertatu zen urte hartako bainu-sasoia. 1865eko Memoria edo Oroitidazkitik jasotako datuen arabera, 142 izan ziren guztira bainuzaleak, euskal herrialdeetakoak gehienak (80 arabar, 24 gipuzkoar eta 6 bizkaitar), nahiz eta, susmatzekoa denez, banaka batzuk baino ez euskaldunak.

Hori horrela, ez dirudi hizkuntz paisaia hartan atzerriko sentituko zenik bainulari espainarrek osatzen zuten beste multzoa (18 madrildar, 6 burgostar, 4 valladolidtar, 2 logroñotar eta avilar eta palentziar bana). 

Etxean arrotzago sentituko zena, zalantzarik gabe, inguruko baserrietako jendea izango zen, egunero hurreratzen baitzitzaien, bainuetxeko zuzendaritzak aholkatuta, bainulari-andanaren bat edo beste, arratsalde-pasa eta eskuzabalka eskaintzen zitzaizkien esnea, gatzatua, gazta edota gerezi-okaranak jatera… Arratsalde-pasa, baserriko supazterrera aztura, estilo eta moda berriak eramanez eta baserritar gehienentzat ia zeharo ezezaguna zen erdaran mintzatuz.

Horixe zuten bainulari haiek udako arratsalde luzeak betetzeko modua, bainuetxeak ez zuen-eta aisialdirako aukera askorik eskaintzen. Diru gehiago zutenak, noski, Gesalibar, Aretxabaleta edota Eskoriatzako bainuetxeetara gerturatzen ziren –betiere omnibusa baliatuz–, bertan zeuden ezagunak agurtzera eta, bainuetxe handiagoak eta ospetsuagoak ziren heinean, baita giroaz eta bestelakoez ere gozatzera.

Kategoria: Historia eta istorioak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude