Zantarrak iruditu arren izenburuko hitzak, ez da bestelakoa izan aurtengo COP29 delakoak eskaini diguna. Eta eufemismoak nahiago badira, esan dezagun erabaki zeharo etsigarriak gertatu direla Nazio Batuen Erakundeak klima-aldaketaz Azerbaijanen burutu duen Konferentzian adostutakoak.
Belamendiko belabeltzak oso ezkor abiatu ziren San Martin egunean Bakura. Itzulera, halere, ezkorragoa izan da, ia berrehun herrialdeko bilera horretan aldaketa klimatikoarekiko axola gutxi eta interes ekonomiko-industrial gehiegi azaldu delako, oro har. Horren ondorioz, jasotako hitzarmena ere ezer konpontzera ez datorren hitz-sorta bat baino ez da. Aldaketa klimatikoak bere ibilbide larria egiten jarraituko du, itxura duenez.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Lehen datu esanguratsua: ezin esan daiteke COP29ak oraingoan aintzat hartu duenik karbono-isurketen eta beroketaren arazoa. Parisko COP21ek munduko tenperatura mende amaierarako 1,5º-2º C-tik gora ez egiteko asmoa eta neurriak xedatu bazituen ere, Bakun ez zaie interesgarri egin beroketa globalak hartua duen abiadura, jadanik 1,5º gora egin duena eta hirurogei eta hamabost urte barru 3ºC-tik gora iritsi daitekeena. Nonbait, berez ekarriko dute finantzaketa-neurriek konponbidea.
Azpimarratu beharreko bigarren datua, lar zabaldu ez dena komunikabideetan: ia 200 estatu bildu ziren Bakun, baina finantzaketari buruzko negoziazioen norabidea ikusita eta Hegoalde globaleko herrialdeei bertan ematen zitzaien lekuko barregarrien rola baloratuta, haietako batzuk eta Alliance of Small Island States (AOSIS) izanekoak alde egin omen zuten negoziazio-bileratik. Gogoratu beharrekoa da munduko zaurgarrienetakoak izateaz gainera (bai inguruneari dagokionez eta bai sozialki eta geopolitikoki), itsasoak irentsiak izateko arrisku gehien dutenak direla Itun edo Aliantza hori osatzen duten 39 itsas estatu txiki horiek. Haietako ordezkari batek esan duenez, “literalki hondoratzen ari gara”.
Ideia egiteko, bada, hoberena begiratu azkar bat ematea klima-finantzaketaren konferentzia deituriko horretako akordio gaitzenei.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Aurrenekoa: urteko 100.000 milioi dolarretik 300.000 milioi dolarrera igotzeko konpromisoa hartu da aldaketa klimatikoei aurre egin ahal izateko funtsa. Horixe, hain zuzen, Estatu boteretsuenek garapen atzeratuko herrialdeetako trantsizio energetiko, prebentzio-lan, galera, kalte eta beste hainbat arazo larri gehiagori erantzuteko agindu duten diru-kopurua. Beharko litzatekeena baino askoz gutxiago, bilioi bat dolarretan kalkulatuta baitzuten garatze-bidean dauden herrialdeek ezinbesteko kopurua. India bezalako herrialde ahaltsu bezain klimatikoki zaurgarri batek “ezdeus”-tzat jo du kopurua. Sierra Leonako ordezkaria “herrialde aurreratuen borondate onaren falta” salatzeraino iritsi da. Ez da harritzekoa, beraz, “irain”-tzat hartu bada erabakia.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Erregai fosilen industria eta haren interesak defendatzen dituzten gobernuak —antolatzaile-lanetan aritu den Azerbaijan bera barne— izan dira akordio ekonomiko narras hori behartu dutenak. Ikusten denez, beste behin ere ahaztu zaie, antza, beraiei dagokiela lehenak eta eskuzabalenak izatea klima-aldaketan duten itzelezko erantzukizunari ekiteko orduan, petrolio eta gasaren bidez eskuratzen dituzten mozkin izugarrien zatitxo batekin bakarrik bada ere.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Agindutako finantzaketa-kopurua, bestalde, ez da subentzio huts gisara banatzeko bakarrik izango, atal batzuk mailegu modura emateko baizik. Izan ere, modu batean zein bestean, lehenago edo beranduago, interesekin itzuli beharreko kreditu eta finantzaketa pribatu gertatuko baitzaizkie “laguntza” horien jasotzaileei.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Baina bazuten industria kutsatzaileek eta herrialde aberatsenek beste jokaldi baterako kartutxoa ere prestatuta errekamaran. Eta COP29 honetan erabaki da kutsatu ahal izateko eskubideen merkatu bat antolatzea. Irakurtzen eta entzuten den bezain gordina: Greenwashing-erako autopista, alegia.
Horrekin areagotu egingo ei lukete herrialde behartsuenek jaso lezaketen diru-kopurua. Formula desberdinak leudeke horretarako, baina grafikoena, esate baterako, honako hau litzateke: garatu gabeko herrialdeetan burututako zuhaitz-landaketengatik, jarritako poligono eoliko-fotoboltaikoengatik edo bestelako proiektu klimatikoengatik nolabaiteko “garbitasun-eskubideak” sortuko lirateke, eta horiexek hain zuzen salduko lizkiekete herrialdevaurreratuei, aberats hauek —industriek zein gobernuek— proportzio horretan “kutsatzeko eskubidea” izaten segi lezaten. Horri, eufemismoak eufemismo (ingelesezkoa, politena: Voluntary Carbon Offset Mechanism), “karbono-kredituen trukaketa” deritzo.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Baditugu gure inguruan ere greenwashing moduko horien atzetik dabiltzan enpresa interesatuak, han-hemen proiektu berdeak sustatuz, parte-hartuz edota finantzatuz, eta garbi izanik erregai fosilak baliatzeko eta gehiago kutsatzeko planak mantenduko dituztela industria-jardueretan.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Itsasoaren beroketa, euri-jasak, uholdeak, suteak, lehorteak, zikloiak… ez dirudite, ez, aldaketa klimatikoaren ondorio. Eta izango balira ere…
Datorren urteko Brasilgo COP30ean konponbide gehiago! Ordurako, gainera, sutsu ibiliko da lanean Estatu Batuetako lehendakari berria.
Esandakoa: kaka zaharra!