Badirudi gure honetan inork ez duela aukerarik galdu nahi une batean edo bestean energia-trantsizioaren eta berriztagarrien aurpegiren batez jarduteko, asko eta handiak baitira era bateko zein besteko interesak eta polarizatuegiak jarrerak. Oraingoan, adibidez, aerosorgailuen gaiari heldu nahi izan dio estimu handian dugun Iñaki Irazabalbeitiak “Erraldoien itzalak 30 urte” artikuluan.
Espero zitekeenaren kontra, ez bide zaie erantzunik luzatu haren iruzkin aztoragarriei. Belabeltz honi, berriz, orain hilabete batzuk papereratuak etorri zaizkio trumilka gogora eta, atalen batean argigarri-edo gerta daitekeelakoan, ondoko lerroak zirriborratzeari ekin dio, haren baieztapen gordinen bat edo beste baliatuz.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Labur-zurrean, Euskal Herrian haize-errotek izandako iraganaz eta orainaz jardun eta gero, Irazabalbeitiak artikuluaren amaieran mahairatu du puntu mamitsu-asaldagarria, NIMBY-NALE (Not In My Back Yard – Nire Atzeko Lorategian Ez) efektu hedatua antzematen uste baitu gure inguru honetan aerosorgailuei dagokienez. Nonbait gurean (harenak dira hitzak) “hamaika proiektu [eoliko] berri abiatzeko asmoa dago […], ekimen pribatuak bultzatuak” eta –honatx, itxuraz, egilea liskar-esparrura erakarri duen faktorea– “gizartearen sektore batzuetan kontrako jarrera agertu da”. Eta, areago, kontrako jarrera hori (“NIMBY efektuak” eragindakoa, antza) “ez da borrokatzeko erraza, askotan debatea arrazionalitatetik at kokatzen delako”.
Borondate onez, eta antzeman uste duen errealitate hori abiapuntutzat, erraz “borrokatzeko” izan beharko lukeen arrazionalitate-irizpide dikotomikoa eskaini dio irakurle egoskorrari segidan, honek eztabaidetarako aintzat har dezan behingoz. Alegia, badira –seriotan bide dioenez– “parke eolikoen inguruan” eztabaida daitezkeen puntuak (hala nola, poligonoen jabegoaz, inpaktuez, etekinen banaketaz, etab.) eta ba omen dira orobat –horra debate demokratikoak aberasteko ekarpena!– ezin eztabaida daitezkeen puntuak (sic-sic-sic).
Eta eztabaidagarri omen diren puntuok inplikazio larririk gabeko gaiak balira bezala edo utzita, honela laburtu du, ponendo ponens, zertan datzan euskal jendeak ezin eztabaida dezakeen (anti-)agenda: “gure herriak urrats azkarrak egin behar ditu [aerosorgailu-poligonoak eraikitzen]”, azkartasun eztabaidaezin horren xede eragileak ondoren jartzen dituelarik: “menpekotasun energetikoa gutxiagotzeko, beste toki batzuetan sortzen ditugun ondorio kaltegarriak leuntzeko eta trantsizio energetiko benetakoa egiteko”.
Behin debekuen zutarria jarria, eztabaidaezinak (horiexek ere bai!) omen diren korolarioak erantsi ditu jarraian autoreak: “parke eolikoak gure geografian txertatzea ezinbestekoa da, ezinbesteko diren bezala energia-kontsumoa adierazgarri murrizteko politikak”. Amaitzeko, eta mezua biribiltzeko, neokolonialismo oro (auto?-)gainditzeko dirudien formula bat iradokiz itxi du artikulua: “munduko jendeekiko solidario izan nahi badugu, gure deserosotasun-kuota pagatzen hasteko garaia da”.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Irazabalbeitiarenak irakurrita, honatx haietaz bospasei iruzkin labur.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ez da zalantzarik trantsizio energetikoari eta energia berriztagarriei buruzko debatea, orain arte ez bezala, arrazionalitatearen esparruan kokatu beharko litzatekeela, guztia lokaztu dezaketen interes ekonomiko eta politiko gehiegi baitaude megaproiektu hauei dagozkien erabaki askoren/gehienen atzean.
Ez da gauza ziurra, halere, zer ulertu nahi duen solaskide bakoitzak arrazionaltasun hitza baliatzean. Esku artean darabilgun artikuluan, adibidez, egileak berak axiomatizatzen du arrazionalitatearen joko-zelaia: “parke eolikoak gure geografian txertatzea ezinbestekoa da”. Horrela, gordin-gordin axiomatizatua, behialako filosofia-debateen hasieran Jainkoaren zalantzaezinezko existentzia baieztatuz mintzo ziren teologoen antzera.
Ondorio logikoz, baieztapen horri aurre egiten dion solaskide tematia edota aerosorgailu eta fotoboltaikoen kontua eztabaida-gaitzat behin eta berriz proposatzen duen burugogorra ere –NIMBY efektuaren menpeko jendea baino ez, dirudienez– “arrazionalitatetik at kokatzen d[ir]a” eta zaila da, Irazabalbeitiaren aburuz, haiekin ezer lortzea… Nolanahi ere, gizagaixo horiek senera itzularazteko esperantza galdu nahi ez –bai baitaki artikulugileak bihotz gorri asko dagoela “irrazional” horien artean– eta gorago aipatu deserosotasun-kuotaren bidezko solidaritate bitxirako deia egiten die azken errekurtso modura.
Paradoxikoki, artikulugileak poligono eolikoen ezinbestekotasunaren alboan erantsi duen bigarren ezinbestekotasuna edo arrazionalitate-printzipioa –“energia-kontsumoa adierazgarri[ro] murrizteko politikak”– lurrun hutsetan urtuta eta bideratua izateko probabilitate gehiegirik gabe atzematea –“Ez Nire Poltsikoa Ukitu” efektuagatik, naski–, ez bide zaio, gutxien-gutxienik, boterearen eta oligopolioen arrazionalitate-eskasiaren seinale iruditu. Nahiz eta horren ondorioz, munduan barrena mantenduz eta areagotuz joango diren energia fosila darabilten industriak, hormigoi-lantegiak, altzairuarenak, energia elektrikoa aski ez duten azpiegitura erraldoiak, itsas, aire- eta lehor-garraioak, edozertarako behar diren hondeamakinak, etab.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Analista zoli gisa, badakike artikulugileak hemen, gure Herrian, ia ez dela gai horietaz eztabaidarik burutzeko aukerarik izan, ez behintzat erabakitzeko ahalmena duten instantziekin eta are gutxiago orain, une hauetan, tarta-zatiak aldeztaile politiko izugarri zintzoak dituzten oligopolioen erretiluetan edo, kasurik txarrenean, plateretara bidean daudenean. Eta ez da izan, inondik inora, ustezko NIMBY-kumeek, “arrazoia”-ren beldur, debateak boikotatu dituztelako.
Ez ahaztu, gainera, taxuzko debateak nekez abia daitezkeela eztabaidaezintasunak, arrazionaltasun-ukatzeak eta eztabaidaren aurreko “ondorioak” eta erabaki finkoak premisa modura jarriz. Hau da, funtsezko eztabaidak aldaketa klimatikoari, energia-trantsizioari eta berriztagarriei buruz jardun beharko luke lehenik eta behin. Eta naturaren eta biodibertsitatearen altxorrari buruz. Eta aurrerabide ekonomiko eroari buruz eta, ziur asko, baita giza-balazta sakatzearen ideiari buruz ere.
Ez da horrelakorik planteatu hemen. Hemen, zeharo “antropizatua” izateko zorian dagoen Herri honetan, dena bide da energia-ekoizpen eta tramankulu-landaketa. Horixe ei da orain azkar baino azkarrago egin behar duguna.
Eta orain artekoak ikusita, badirudi gauza larri guziez erabakitzea omen dagokion Herriak lapurtutzat jo beharko duela eztabaidatzeko aukera oro.
Orain zalantza da, hortaz, ea ukatu zaion eztabaida arrazionala egin nahi izatetik erresistentziara igarotzea baino ez ote zaion geratuko erabakitzea. Eta hori, argi eta garbi, ez litzateke NIMBY efektuaren ondorio, “deserosotasun” solidarioa jasatetik harago –askoz harago– doan beste zerbait baizik.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Irazabalbeitiak badaki, bestalde, “menpekotasun energetikoa gutxiagotzea”-ren ideia aipatzean komenigarria dela noren menpekotasun energetikoaz eta norekiko/zerekiko menpekotasunaz ari garen zehaztea, ez baitago argi Estatu osoko kide bezala mintzo garen (intermitentziak gorabehera, ezin kontsumi dezakeen energia-kopurua ekoizten du Estatuak dagoeneko), Hegoaldeko hiritar gisa dihardugun (ez bide da energetikoa, hain preseski, hirutan banatutako Euskal Herriaren zati honek jasan behar duen menpekotasunik kezkagarriena; ala ahaztu egiten zaigu jadanik aerosorgailuz eta fotoboltaikoez zeharo kolonizatuak utzi dizkiguten ekialdeko lurraldeetan –Nafarroan, alegia– ekoizten dena askitxo litzatekeela gure premia energetiko guztiei aurre egiteko?) edo Erkidego murriztu honetako biztanle modura (energia Araban ekoitzi, jarraian Bizkaira eta Gipuzkoara eramateko?). Gero, jakina, debate zabal batean argitzeko utz liteke Iberdrola-Endesa-Naturgy oligopolioaren eskuetan geratzen den ekoizpen elektrikoak noraino atera gintzakeen litekeen menpekotasun-egoera batetik.
Guztiarekin ere, eta zorionez, “menpekotasuna gutxitzea” izan da Irazabalbeitiak erabilitako formula eta ez baliokide semantikoa dirudien “subiranotasuna lortzea” delakoa. Izan ere, gure Ipar Hispania Nostra honetan industria-poligono eolikoak eta fotoboltaikoak defendatzeko unean, eskuin-ezkerreko zenbaitek, energia-sistema estatal zentralizatuan txertatuta gaudela jakingo ez balute bezala arituz eta oligopolioek guri “burujabetza” eskaintzetik hurbil gaudela sinetsi-edo nahirik, hitzetik hortzera erabiltzen dute “gure subiranotasun energetikoa”-ren mantra. Nonbait zail bide zaie ulertzen “haiena” eta “gurea”, funtsezko independentzia politikorik lortu artean bederen, nekez datozkeela bat ez energetikoki, ez ekonomikoki, ez sozialki, ez ingurumenari gagozkiola…
∞∞∞∞∞∞∞∞
Irazabalbeitiak badaki, orobat, soberako ekoizpen elektrikoa duela jadanik euskal lurraldeek ere partekatzen duten elektrizitate-sare espainiarrak eta, horrexegatik hain zuzen, aerosorgailuek ere maiz asko geldirik pasatu behar dutela eguna. Eta soberako ekoizpen hori gutxi bailitzan, penintsulako biztanleek gero eta elektrizitate-kontsumo baxuagoa dutela (horixe berresten dute azken datuek, behinik behin). Eta bateriek, momentuz behintzat, ezer gutxi konponduko dutela, asago baitabiltza teknologi ahaleginak horretara iristeko. Azken aukera, bada, “gure” ekoizpen eta kontsumo elektrikoari buruzko gogaldiren bat egiteko, eta horrela bai ala horrela ez erabakitzeko ere.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Solidaritatearen ideia eta deia ere ez dira berriak aerosorgailuen eta fotoboltaikoen aldeko argudiaketen pagadi hauetan. Solidaritatea, damurik, ingurumenaren kaltetzearen areagotze kuantitatibo eta kualitatibo huts gisara baizik ez da planteatzen, hots, guri kanpotik iritsi lekigukeen energiak kaltetzen dituenez errukitu eta haien hondamendi-maila berdintsura jaisteko elkartasun anfibioa aldarrikatuz. Eta horrela, haiei –ez beti beren borondatearen kontra– paisaia eta biodibertsitatea hondatu bazaizkie energia-poligono erraldoiekin, hemen ere paisaia eta biodibertsitatea hondatu behar ditugu haiekiko “elkartasuna” adierazteko, “deserosotasun-kuota” ordainduta uzteko eta, azken batez, gure lasaitasun existentziala erdiesteko.
Ikuspegi eta konbikzio ekologista sakonak, baiki, biodibertsitatea (gizakia barne) eta espazio naturalak kaltetzearen bidezko konpentsazio espiritualarenak!
∞∞∞∞∞∞∞∞
Bitxiak, azkenik, berriztagarrien ustezko garapen-premia larria dela eta, horrela –bai, HORRELA!– planteatuta irentsi nahi zaizkigunak: gure ingurunearekin inolako sustrai fisiko edota lotura emozionalik ez duten oligopolioek (politikoak barne) erabakitzen dute non jarri poligonoak, haiek eraikitzen eta zutitzen dituzte behar dituztenak (aerosorgailuak, planta fotoboltaikoak, argindarra garraiatzeko kilometrotako dorre-ilarak…), haiek jasotzen dituztenext-generationak eta laguntza administratibo-juridiko-fiskalak, haiek bideratzen/behartzen dituzte banatzen duten energiaren prezioak eta haiena da, azken buruan, negozioa bere osotasunean…, hartarako gure sentitzen ditugun biodibertsitatea, nekazaritza, abeltzaintza, paisaiak, herriak eta toki kuttunak erro-erroetatik eta errukirik gabe hondatu behar badituzte ere.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Eta azken oharra. Segurua da Irazabalbeitiari ez zaiola ahaztu aerosorgailuak ez ezik, gure Herrian poligono fotoboltaikoak ere fagozitatzen ari direla hango, horko eta hemengo inguruneak, modu indiskriminatuan eta, besterik balirudi ere, betiere ekimen pribatuen apeten arabera hautatutako tokietan, baita laborantzarako gero eta beharrezkoago ditugun lur aberatsetan ere (ai, Araba, hamaikagarren alaba!). Uste izatekoa da tupustean izandako gabezia hori aitzakiatzat baliatuko duela eztabaidaezintasun sakratuak ezbaian jartzeko kalera dezakeen hurrengo lanean. Hori espero, behintzat, eta hala bedi!