
Euskararen normalizazioa ez da aukera soil bat: giza-eskubide funtsezkoenetako bat da eta atzeraezinezko premia. Egunetik egunera euskal hiztunoi areagotzen ari zaigun gutxitze- eta ordezte-eredu linguizida hau normalizazio-eskeman oinarritutako eredu batez aldatzea, berez, ezinbestekoa da, lorpen historikoa izateaz gainera. Eta ezin alboratu, atzeratu edo gutxietsi daitekeen aldaketa da, aldi berean. Esan gabe doa glotozidioaren aurka borrokatzeko premia horrek eskala handiko eraldaketa ideologiko, ekonomiko, kulturala eta politikoa dakarrela, sektore guztiei eragiten diena eta konpromiso politikoak, inbertsio ekonomikoak eta epe luzerako plangintzak eta araudi egonkorrak eskatzen dituena.
Aldaketaren dimentsioa ikaragarria da, eta denbora mugatua dugu zeharo. Bi faktore horiek baldintzatzen dute prozesua, eta ezin gara erronkari aurre egiteko egoera idiliko baten esperoan geratu. Ez da errealista eta, gure ergelkeria erakusteaz batera, ez ginateke garaiz iritsiko. Horregatik ez da bideragarria ustezko euskararen normalizazioa irudikatzea dauden aktore, arau eta dinamikak kontuan hartu gabe. Normalizazioaren ideia bera hori da: hizkuntz supremazismoak gainezarria digun egoera jakin honetatik abiatu eta egoera arnasgarri batera iristea; horrek eragile ezberdinen rola aintzat hartzera eramaten gaitu, izan publikoak, komunitarioak edo pribatuak, eta parte hartzeak geure egitera.
Baina hori onartzeak ez du esan nahi edozein ezarpen eredu onargarria denik. Eztabaida politiko nagusia jada ez da euskararen normalizazioa bai ala ez, baizik eta zer bide-orriri jarraitu gizarte osoak parte hartu dezan eta onuradun izan dadin.
Euskararen minorizazioa geldiaraztea eta normalizazioa lortzea urrats erabakigarria da gizartearen bizitzarako eta subiranotasun linguistiko-kulturalerako. Aurrerapen hori lorpen estrategikotzat jo eta baloratu behar da. Baina, eraldaketa horrekin batera, beste urrats garrantzitsu bat eman behar dugu: euskararen berrindartzea eta unibertsalizazioa babestuko duen demokratizazioa.
Alde horretatik, eta Hego Euskal Herriari dagokionez, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko legeetan hizkuntzez jasotakoak ez dira inondik ere ez xede horretarako pentsatuak eta ez egokituak, eta sakonki aldatu behar dira. Are gehiago esan daiteke Espainiako konstituzioaz: zeharo irauli behar baita 3. artikuluaren bigarren puntua, honela edo utziz: «Las demás lenguas del Estado serán también oficiales en las respectivas Comunidades Autónomas y todos los habitantes de cada Comunidad tienen el deber de conocer la suya propia y el derecho a usarla». Berdintsu esan behar da Frantziako konstituzioaren 2. artikuluaren zuzentzeaz.
Lege horiek guztiak nahitaez garatu behar dira, gure jendartearen barneko perspektiba eraldatzailea zabalduz, eta kohesioa, integrazioa eta bizikidetza sortzeko aukera historikoa behingoz ezagutu dezagun. Ez hiztun gisa bakarrik, eta bai, berriz, euskal komunitatearen parte aktibo gisa ere.
Horrela, euskararen egoera legezkoa ez ezen, demokratikoa ere izango litzateke.
Berriro diogu: euskararen minorizazio-egoera aldatzea lehen mailako helburutzat behar dugu izan. Baina hori egiten dugun bitartean, gogor egin behar dugu sistema berrirako prozesuak ez ditzan garatu eta burutu hizkuntza hegemonikoek euskararekiko ohiko dituzten gutxieste-, ordezte- eta, finean, erailtze-eskema berberak.
Gakoa horretan datza: euskararen normalizazio-prozesuak eta sistemaren demokratizazioak elkarrekin egin behar dute aurrera, betiere egungo errealitatetik abiatuta, baina epe laburreko ortzimuga politiko eta linguistiko argi bat marraztuz: Euskararen erabateko normalizazio legala eta praktikoa, haren unibertsalizaziorako beharrezkoak diren bitarteko guztiak xedaturik eta Euskaldunon komunitateak luzarorako iraupena ziurtatuta izateko mekanismoak eskuragarri jartzen direlarik.

P.S.: Beste xede batekin baina, azken buruan, testu honen jatorrikoa argitaratu duten Ander, Mikel eta Oihan-i eskainia. Itsasontzi berean gabiltzalakoan, edonola ere.
