Euskarak kezkatutakoak: Enrike Zubiri Gortadi, “Manezaundi” (1868-1943)

“Manezaundi” Luzaideko plazan margotzen (1920-1930)

Luzaiden jaioa, Enrike Zubiri Arte Ederretako ikasketak burutu eta Parisko arte-giroan murgildu zen buru-belarri. Geroztik, Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan aritu zen irakasle. Margolari bikaina izateaz gainera, oso artikulugile zorrotza ere izan zen Errepublikaren garaiko prentsan (Eskualduna, La Voz de Navarra, El Dia, etab.).

Euskarari buruz idatzi zituen pasarte nabarmen batzuk dira ondokoak:


Nik gogo-bihotzean ez dut jaidura bat baizik: euskara, beti euskara! (1935).

Egiazko euskaldunak oroz gainetik behar du jakin bere mintzoa, eta eginahalak egin asmo eder hori lortzeko (1932).

Ez da deus ederragorik nola bakoitzak bere jendaki edo arrazaren hizkuntza jakitea. Enetzat bederen hori daukat ohore handiena (1933).

Ehun aldiz esana da egia handi bat. Elea dela arimaren mintzaira. Eta arraza batek bere hizkuntza ahazten baldin badu edo sekula jakin ez badu, eta arrotza ibiltzen, arrunt bestelakatzen da. Mintzairak arima eta gogo-bihotzak bereganatzen ditu. Hain du indar gaitza, non esan baitaiteke euskara ez dakien euskalduna ez dela gutarra. Odola gurea du, baina bere jitea eta adimendua bihurtu dira eta arrotz bilakatu. Horra egia huts-hutsa, bortitza eta hitsa (1936).

Euskaldunaren eginbide hertsiena da euskaldunki bizitzea (1933).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Denok dakigun bezala, azkeneko zazpi urtetan debekatua genuen ezpainetatik kanporatzea aita-amen mintzaira, gure sort-elea, baina orain gobernuak laxoago uzten du uztaia eta poxi bat mintzatu ahal gara haizutasunarekin (1930)

Espainiako errepublikako gobernu berriak hitz ematen du Euskal Herriko mintzaira, ohiturak eta bere legeak onartzen dituela lehenagoko moldetan. Agintza ederra, hori, baina hitzak ez baitira beti egiteak. Gauden, Euskaldunak, erne eta begia zorrotz! (1931).

Baina zimiko bat hemendik eta ausiki bat handik, emeki-emeki arrunt edo ia biluzi gaituzte gure behialako lege zahar ederretatik. Eta epe laburrik barne Espainiako edozein probintziaren lerroan ezarriko gaituzte azkarki uztartuak. Horra zertaratu gintuzten. Hona zer garen oraingo egunean! (1934).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Betidanik euskaldunak bere mintzaira gutxiesten! (1933).

Seaskako mintzoa ahazten edo baztertzen duenak bere gogoa, bere baita, bere izatea bestelakatzen du, eta arrotz bilakatzen da bere kidekoen artean. Horra euskara ahaztearen ondorio hitsak (1932).

Deitoragarri da herri euskaldunetan ikusten duguna. Erdara, arrotz-mintzaira, nagusitzen ari da egunez egun, erdeinu eginik gure mintzaira ederrari (1932).

Bihotza eta gogoa bereganatzen du ele arrotzak (1933).

Euskaldunak betidanik lerratu dira hitz erdaldunei, euskarazkoak jakinik ere, eta gero ahazten dituzte, eta azkenean galtzen dira. Zenbat horrelako gertatu den! (1935).

Hemen arrotza errazki nagusitzen da bere mintzairaz, ohiturez eta elez, denak hari so tenteldurik, ergelkeriak esanda ere, bere ahotik berriketa purrustan badariolarik (1933).

Harritzekoa da nola herrixka batera lau, sei arrotz etorriz gero, berehala gazteria guztia beretzen duten, haiei begira, ahoa zabaldurik! (1932).

Maiz ikusten dugu Euskal Herriko seme erdaldunak, euskarazko hitzik ez dakitenak, eta bizkitartean beti ari zaizkigu aitortzen zein handia den beren amodioa gure mintzairari, goresmenik bizienak eginik bere edertasunaz. Baina hitzak haizeak eramaten ditu eta ele polit horiek mihitik barne ez dira sartzen, ezpainek kartsuki esanak izanik ere. Non ditugu amodio horren frogak? (1932).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Odoleko deiari uko egiten da eta nolanahi erortzen dira arrotzen mintzoan (1932).

Hizkuntza! Hori da hastapena, lehen-leheneko beharra. Hizkuntza da arimaren elea, eta jakina da gizonak bere mintzaira galtzen duelarik, arrotza hartuz, honek beretzen du ez bakarrik mintzairaz, baina jitez eta izatez. Hitz batez: arima bestelakatzen zaio. Horra zer ondorio hitsak ekartzen dituen gure elea galtzeak (1933).

Ze kalte izugarriak ekarri dizkigun gure itsutasunak, gure ezaxolak, gure laxokeriak! Noraino jausi garen mailaz maila erreka zolaraino, gutaz nagusi izanik, sehi baten heineraino! (1936).

Izugarria da nola suntsitzen ari den gure euskara ederra […] Bai, hori da egia bortitza, lazgarriena, hitsena gure herriarentzat, zeren eta mintzaira gogoaren ispilua baldin bada, hura galduz gero gu geu geure etxean arrotzak izango gara. Ba ote da lotsagarriagorik? (1930).

Eta guk, gaixo zozoak, gure mintzaira alde batera baztertzen, erdarak liluratuak eta uztartuak (1930).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Orain arte esan daiteke euskaldunak barreiatuak egon garela gure artean […] Izan daitekeen makurkeria kaltekor handiena zen orain zenbait urte arte iraun duen bereizkundea, Vascos y navarros, izen izunarekin, anai odol berekoak oro ez baginen bezala. Eta nor da hobendun horrelako gaitzaz? Nor? […] Gure uzkurtasuna et nagitasuna. Bai eta ere etxean berean sartuak ditugun etsaiak (1933).

Ezagutu dezagun gure herria, gure edestia edo historia eta gure hizkuntza paregabekoa. Ezagutzatik sortuko da maitasuna. Ezagutzen ez dena ezin da maitatu (1936).

Zerbait nahi baldin badugu lortu, behar dugu mendietatik honaindiko euskaldunok elkartu. Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa denak bat egin, eta lotuak egon lokarririk azkarrenean. Bereizirik deus ere ez dugu erdietsiko. Elkartasunean eta batasunean da indarra (1931).

Eta hemen lan gaitza eta luzea egin behar bada ere gehienak euskalduntzeko, ez gaitezen horregatik lotsa; ez dugu etsitu behar. Egin dezagun inurriaren lana, zalantza gabe bermatuz, nahikunde saminarekin, zazpi ahalak eginik, bururik itzuli gabe tira ahala. Erein eta heda euskara: goldea eta aitzurrarekin irauliz gure mintzairaren alorrean, eta ahurtaraka hazia ildoskan boteaz, geroago ereintza horretatik bil ditzagun uzta eta mozkin ugarienak (1933).

Altxa ditzagun, beraz, gure mintzaira, gure ohiturak eta legeak, baina bitartean egon gaitezen beti irmo eta zut, etsaia begitik utzi gabe (1931).

Gauden euskaldun Euskal Herrian! (1932).

Kategoria: Euskara gurean, Euskarari erasoka, Hausnarrean. Gorde lotura.