
Euskara ez dago alderdi politikoen lehentasunen artean. Nonbait, euskaltzaleenak omen diren alderdiek ere asumitua dute, hamarkada pare batean, euskaldunon erabateko odolustuketa linguistikoaren ondoren, sozialki gainditutzat jo ahal izango dela jadanik oztopo politiko larri bilakatua zaien gutxiarazitako hizkuntza honen kontua.
Oro har, oximorona dirudien pluralismo populista batean errotuak ohi dira haien estrategiak eta, hizkuntzari dagokiola, ez doaz funtsean orain arte egindakoa gorestetik, negar-malkoren bat isurtzetik edota euskara eguneroko praktikan hala edo hola baliatzen dutela erakustetik harago. De facto agendatik at dute euskararen eta delako “euskal komunitate” sakabanatuaren odolustuketaren arazoa. Eta berdin dio gobernu-erantzukizunei lotuak dauden edo haietara iristeko ahaleginetan diharduten. Unean uneko aldarri programatikoak gorabehera, gero eta zaharkituago eta urrunago geratzen ari zaie behiala preziatua zitzaien “Euskal Herri euskalduna” delakoaren alde jarduteko xedea, jendarte modernoa ez baitute ikusten, antza, esentzialismoetan aritzeko prest. Eta alderdiek, noski, bat egiten dute joera pragmatiko horrekin, nahiz eta inoizka lehenagoko leialtasun-errainuren batek edo bestek dirauen oraindik haien odolean.
Ez da harritzekoa, beraz, gure politikariek Europan kartsuki ofizialdu nahi izatea euskara, hizkuntza hegemonikoen estatusa irmo exijituz, eta ez, ordea, Hego-Iparraldetan. Hemen, Euskararen Herrian, aski bide zaie euskara estatus koofizial apalduan edo koofizial mankatuan, partzelatuan edota ustel-bidean kontserbatzea, azken buruan konstituzioek eta armada mediatiko-militarrek babesten dituzten hizkuntza inperialak baititugu dagoeneko bizitza-arnas eta jolas-esparru nagusi.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Giro horretan diseinatutako politika linguistikoetan dugu adibiderik esanguratsuena. Berrogeita hamar urtetik beherako biztanle gehienek euskara normaltasunez baliatu beharko zutenean, hemen, Euskararen Herrian, ezin da euskaraz bizi. Hemen euskaldunak ez du euskaraz arnasteko eskubiderik, erdarak baitira ahoan halabeharrez ezarri zaizkion hizkuntza bakarrak. Hemen, Euskararen Herrian, lurrari, basoei eta zirimiriari ere ostu zaie euskal izerdia… Eta areago, hemen, Euskararen Herrian, erdara hutsez hiltzera behartuta dago euskalduna.
Horixe orain arteko Hizkuntz Politika eta Plangintza errealisten arrakasta! Arrakasta hutsala, nahiz eta baden egun, lotsagorritu gabe, biztanleon % 42,5 euskalduntzat jotzen duen sailbururik (kalkulagailuaren arabera, 1.373.300 euskaldun erkidego baskoan!). Arrakasta hutsala bezain autoederreslea, edonola ere, pentsamendu baikorraren aldezle horiena, gure hizkuntzaren bilakaeraren balantzea literalki “positiboa” ateratzen baitzaizkie beti (ikus aipatu sailburuaren 2025.11.12ko agerraldia Eusko Legebiltzarrean). Arrakasta hutsala betiere, baina, inplizituki, burututakoaren porrota ere onarrarazten diena, disimuluan-edo hasi baitira, izan ere, euskaldun bakoitzaren gainean deskargatzen inoiz amestu dugun hizkuntz zerumuga normalizaturantz hurbildu ahal izateko erantzukizuna. Orain norbanakoona omen da nagusiki euskara aurrera ateratzeko erantzukizuna eta ahalegina, edo hobeto esanda, norbanakoona eta norbanako sakabanatuen “komunitate” delakoarena, norberak beste hamaikarekin egin dezakeenak gurutze-bide jasangaitz honetatik garaile atera ahalko bagintu bezala.
Eta horretarako formulazioa ere kartsuki iradokitzen ari zaizkigu handik eta hemendik azken boladan, hau da, euskaldun (giza)gaixook eta Euskarak berak liluratu eta erakarri behar ditugu geurera hiztun berriak, inondik inora etorri nahi ez dutenak barne. Alegia, gure xarmak, adoreak eta arraitasunak “konkistatu” behar dituzte jadanik gu egiazki konkistaturik gauzkatenak.
Norbanakoen erantzukizuna eta hizkuntzaren xarma, hortaz, etorkizunerako gako!
∞∞∞∞∞∞∞∞
Horren aurrean trumilka datozen galderen arteko lehena da ea Hizkuntz Politikaz arduratu beharko lukeen gobernu batek ez ote duen eskura horiek baino baliabide hoberik eta eraginkorragorik taxuzko plangintzak eta erabakiak gizarteratzeko. Eta zuhurtzia handiz ibili arren, ea ez ote duen inoiz ausardia gehiagorekin jokatzea planteatu. Eta zergatik ez duen akordio –diogun– nazionalik adosten Euskal Herriaren muin ei den hizkuntza madarikatu hau babesteko. Eta…
Ezaguna dugu “geure buruari eman” omen dizkiogun konstituzio eta sistema judizialak hor izango direla beti, ezpata eskuan, guri so, esentzia espainolak eta frantsesak irmoki zaintzen eta gordetzen…, baina ezin dituzte gure politikari-aldrek estatu espainoleko politikan pentsaezinak ziruditenak lortzeko erabili dituzten trebetasunak eta mekanismoak euskararen mundua itotzen duen katea behingoz hausteko edo, gutxienez, zertxobait laxatzeko baliatu?
∞∞∞∞∞∞∞∞
Galderak galdera, bitartean euskaldun zintzoak gero eta kutsatuago du bere baitan teoria liluragarriak garatzeko premiaren diskurtsoa eta, ondorioz, euskararen eta euskaldunon xarmak erakusteko lehia antzuan abiatu da ilusionatuta, sinetsi nahirik agian estatu hegemonikoek ere horrelatsu lortzen dutela euren hizkuntza lehor-latzak erakargarri bihurtzea eta beraien gizarteetan normaltasunez txertatzea. Hain baita, izatez, esperantzagarri eta egingarri Hizkuntz Plangintzen zeruetatik iritsarazten zaion salbazio-eginkizun pertsonalizatua! Hots, aurrerantzeko
erronka nagusia da euskara hautu pertsonal erakargarri eta desiragarria izatea herritar gehiagorentzat, egungo emozio eta errealitate sozialekin konektatuz.
Horratx, bada, euskara normalizatzeko politika linguistiko berriaren muina! Horrelakoxeak, beraz, plangintza-lerroak ere!
Mezu mesianiko hori entzunda, poziktibity berriztatuaren haziak ereiten eta ingurukoen kontzientzietan eragiten saiatzen da gure euskaldun zintzoa, berdin euskararen egoerak kezkatzen ez dituen euskaldunen artean zein kopuru hutsez ere mapatik ezaba gintzaketen erdaldun elebakarrenean, ohartu ere gabe, apika, kapsula hermetikoetan daudela haietako gehienak barneratuta eta itsu gorrarena egiten dietela hiztun euskaldunen eskubide, kezka, manifestu, emozio eta alaitasun guztiei.
