Euskarak kezkatutakoak: Jean Hiriart Urruti (1859-1915)

Gure idazleen artean betidanik izan da Euskarak jasotako erasoen inguruko kezka. Eta ez dira gutxi izan “hizkuntz politika” propioak ere aldarrikatu dituztenak. Jean Hiriart Urruti dugu horietako bat.

Hazparnen jaioa, Eskualduna aldizkaria izan zuen euskal gizartea esnatzeko eta akuilatzeko tokirik gogokoena. Han utzi zizkigun bere kezkak eta Euskara bizirik mantentzeko ideia nagusiak.

Haietako batzuk, euskara batura ekarrita, ondoko lerrootan:

Euskalduna naiz, eta zu ere bai, ala ez?

Euskaldunak gara, bai eta nahi ere!

Euskaldun guztiek elkar anaiatzat ezagutzen dute beti eta orotan, itsasoz ala mendiz elkarrengandik urrun bereziak izanik ere. Deusek ere ez du behin ere batasun hori hautsi ahal izan, ez gizonek, ez eta mundu honetako gauza guztiak azkenean higatzen dituen denborak.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Beste bat inon ez bezalako mintzaira; euskara […] Holako bakarra; egiazko ontasun bat hor guk eskuetan duguna […]

Zer dira Euskarari begiratu eta, hor-hara gure auzo-herrietako mintzaira eta erdara guziak? Deus ez, hauts eta errauts baizik.

Nola bereiz elkarretatik herri, mintzaira eta gizon, elkarri hain josiak, hain elkarrentzat eginak?

Gu euskaldunak, euskarari esker betidanik gara elkarren herritar, odol bereko haurride bagina bezala. Hau gure lokarria, ez jakin nola, Euskal Herriari estekatuak gauzkana guztiok bihotzez, mendez mende. Hau galdu behar ote dugu guk?

∞∞∞∞∞∞∞∞

Galtzekotan ote da euskara?

Iraungo ote du euskarak luzaz oraindik ala hilko da, eta noiz? Ez dakigu, baina ez dugu zertan lokartu! Geroak ekarri behar duena dakarrela. Geroak emango du guk kenduko dioguna, eta ez besterik.

Iraungo du Euskarak Euskal Herrian gizonik deino.

Mundua mundu deino irauteko egina izan behar da euskara.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ezin ukatua da, hemen (Iparraldean) bezala Espainian ere, euskara mehatxatua dela.

Bi aldetatik inguratua, gero eta gehiago hersturan daukate frantsesak eta espainolak euskara. Iduri du itotzera daramatela bien artean. Ez ote dugu egun egingo, orok elkar lagunduz, Euskarari Euskal Herrian begiratzeko ez bakarrik nolazpaiteko iraupen bat, baina justiziaz dagokion nagusitasuna?

Euskararen etsai guztiak ez dira berdin ageri; gordeak, gaiztoenak.

Eta bai, oztopo ditugu, begietan ditugu, etsai ditugu frantsesaren itzalean euskara ito nahi luketenak.

Zenbat etsai gure mintzairak, argi eta itsu! […] Hola joanez, inondik ez dirauke, gero eta handiagoko mirakulu batez baizik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gu bezalakoak ez daki askotan zer egin; behar du bidari, eta artetan atzarrarazle. Ez dakien hark berak, zer egin euskararen zaintzeko, begiratzeko? Deus gutxi; aski ez beti kanpoko ala barneko etsaiei ihardukitzeko.

Gaizkiago dena da, mintzatu gabe, ohartu ere gabe, bizitzea euskararik ez balitz bezala. […] Alta, euskara begiratzeko ez liteke halakorik nola oroitzea: euskaldun sortu eta Euskal Herrian bizi zarela, eta euskaldunen mintzaira dela euskara. Deus baldin bada lur honen gainean zuzenik, hori da.

Euskara atxikitzea eta gordetzea gure eskubidea da eta eginbidea, adiskide maiteak. Zergatik gorde euskara, gure mintzaira?

Lehendabizi, gure mintzaira delako.

Bigarrenik, gehiago dena, kendu nahi digutelako euskara.

Hirugarrenik, euskara kenduz gero, kendu diezaguketelako euskal izena ere eta euskarari esker gara euskaldun.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Nola atxiki eta gorde euskara?

Lehen-lehenik euskararen atxikitzea eta zaintza besteren gain ez utziz, ezta gobernuaren gain ere.

Euskara bizitzekotan, biziko da euskaldunei esker! 

Bada lan. Ea badenetz langile!

∞∞∞∞∞∞∞∞

A! jakingo bagenu ongi zer eta zenbat zor diogun gure euskalduntasunari! Izen hori eta izate hori galduz gero, deus ez gintezke. Horri esker gara oraindik zerbait eta norbait gu, Frantzian eta Espainian!

Atxiki eta gorde dezagun beti gora eta zutik eta oso gure euskalduntasuna. Atxiki eta gorde dezagun hemen, gure sorterrian, gure lurrean, gure etxeetan gure nagusitasuna. Ez utzi gure eremuetan arrotza, bereziki arrotz etsaia nagusitzen. Dagoela bakoitza bere zedarrien barnean!

Halaber, dezagun herrian herriko guztiok atxiki beti gure nagusitasuna. Elkar lagundu, elkar argitu, elkar sustatu eta sustengatu. A! Jakingo bagenu horrela eskuz esku, bihotzez bihotz guztiok bat egiten… Jakingo bagenu! Zer indarra genukeen etsaiari ihardokitzeko! 

Gertatzen dena gerta, gu bakarrik gelditurik ere, etsaiari buruz, ez gara zertan izi. Heltzen bazaizkigu ohoinak, esanez “bizia ala euskara” edo “euskara ala poltsa”, ihardetsi goraki: ez bata, ez bestea. Fuera ohoinak! Fuera gure […] mintzairaren etsaiak!

Gure buruen jabe izan nahi badugu beti, jakin dezagun, beldurrik gabe, behar bezala mintzatzen eta egiten. Ez izan uzkur, ez herabe. Jazar etsaiari, zangoa buruaren gainean ezarri nahi ligukeenean. Eta ez badu sinetsi nahi gu garela, gu euskaldunok, Euskal Herriko nagusi, jo muturrean!

∞∞∞∞∞∞∞∞

Pitz bedi, atzar bedi eta azkar Espainian eta Frantzian euskaldunen libertatea!

Zahartzera goazenei darraikigula gazteria. Etor! Ez izan lanaren beldur! Gure bizitza lana da. 

Baina nola ez baikara mundu honetan oro orotako, ez eta, are gutxiago, betiko, nahi genituzke ikusi, zaharren edo zahartzen ari direnen ondotik gazteak, gaztedanik lanari lotzen.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Esango dut azken hitz: “ez dakigu euskara; gure ondokoek are gutxiago jakingo dutela beldur naiz”.

Euskara irakatsi nahi genieke arrotzei zeren eta laster, hemendik zenbait urteren buruan ez baita gehiago izango Euskal Herrian euskaldunik euskara dakienik! 

Euskara badoa gure ez-axolakeriaz. 

Oihu, oihu nahi genuke egin, eta Frantziako eta Espainiako euskaldun guztiei adierazi: atzar gaitezen eta erna, nahi badugu euskara, gure mintzaira begiratu eta gorde, ez baldin badugu nahi utzi osoki galtzen!

∞∞∞∞∞∞∞∞

Honako artikulu hauetatik jaso dira goian aipatutako pasarteak:

“Biba Euskara!”, 1891.

“Bi aldetatik”, 1894.

“Badakigu euskara”, 1895.

“Bederatzi urte”, 1896.

“Dugun atxiki euskara”, 1901.

“Bizia ala Euskara?”, 1902.

Kategoria: Euskarari erasoka. Gorde lotura.