Aramaiok azken uholdea jasan behar izan zuenetik hiru urte beteko dira hurrengo egunetan. Egoera latza ordukoa. Urak gora egiten ikusteak etenik gabeko larritasuna eta atsekabe gaindiezina ekarri zituen kaleko jende gehienaren gogora. Ez zuen, zorionez, kalte askorik sorrarazi, baina azken uriola hark beste larriago baten oroitzapena ernarazi zuen aramaioar askorengan: 1953ko urriaren 15ean gertatutakoa.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Betidanik izan dira uholdeak (urixolak) Euskal Herrian. Egia esan, handienak-edo ezagutzen ditugu hoberen. Bilbo aldean gertatutakoak, esaterako: XIV. mendekoak hiriko zubia ere hondatu zuen, 1593koak alde zaharreko eraikin mordoa suntsitu eta 1983koak, Laudio eta Aiara ere bete-betean hartu zituenak, 34 hildako eragin zituen eta ehunka mila milioiko galerak.
Kronikek gogorarazten duten izugarriena, dena den, Zangotzan 1787an izandakoa dugu: ia 600 hildako utzi zituen eta herriko eraikin gehienak suntsituta.
Ez hainbesterainokoak, baina Deba bailaran ere ezagunak dira uholde bortitzak. Gipuzkoa osoa astindu zuten 1834ko ekainaren 30eko uholdeetan, adibidez, berrogei bat pertsona hil ziren, gehienak Deba arroan.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Euskal Herrian azken bi mendeotan jasan izan diren gainerako uholdeak ahaztu gabe ere, guztiek uzten baitute agerian gizakiaren ezintasuna, aramaioarren gogoan ongien dirautenak 1953ko urixolak dira. Urriaren 15ekoak, hain zuzen.
Aurreko egunetan euri-jasa izugarriak izan ziren ordu gutxitan, eta Deba, Urola, Oria eta Urumea ibaiak urez estaltzen hasi ziren hainbat eta hainbat herri, besteak beste, Tolosa, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Arrasate, etab. Kale materialez gainera, urriaren 14an autobus bat eraman zuten urek Zestoan, 16 pertsona hilda utzita. Guztira 27 hildako utzi zuten uholde haiek.
Baina erreka txikiak ez ziren atzean geratu. Eta Aramaion, batik bat Etxaguen-dik behera zetorrena ere ez.
∞∞∞∞∞∞∞∞
1953ko urriaren 15 hartan errekek ezin izan zuten jausitako ur guztia bideratu eta gainezka egin zuten herriko hainbat etxe, denda eta erreka-horma aurretik eramanez.
Haitzetatik datorren errekak, gainera, oztopo izugarria aurkitu zuen udaletxearen atzealdeko zubia enborrez eta zuhamuxkez estalita geratzean. Zubiaren gainean –gaur egun erloju zaharraren mekanismoa jarrita dagoen tokian, hain zuzen– eraikita zegoen etxetxoak presa baten funtzioa egin zuen eta urak atzeraka metatzen joan ziren, eta antapara amaiezina izan balitz bezala, goraka egin zuten urek hango ortuak eta etxeak irentsiz, eta abere bat baino gehiago herrestan eramanez, tartean asto bat.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ez zen hildakorik edota ezbehar pertsonal larririk izan, baina kalte materialak handiak suertatu ziren, batez ere plazan eta haren inguruko etxe eta dendetan eta errekak beherago aurkitu zituen baserrietan.
Plazako denda eta etxe bati buruzko datuak eskain ditzakegu lekuko gisara.
Luisa Salaberri Orbe-ren etxe hartan urak ia bi metroko garaiera hartu zuen denda jarrita zeukan behealdean. Horrekin batera, errekako horma ere erabat hautsita geratu zen eta sukaldea, oilategia eta korta urez gainezka. Kalteak oro har, uriola amaitzean egindako balorazioak erakusten duen moduan, kezkagarriak izan ziren: 36.000 pzta. guztira.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Gaur egun ez bezala, orduko aseguru-polizak suteetarako baino ez ziren egiten eta konpainiek, jakina, ez zuten erantzuten uholdeak bezalako fenomenoek sortutako kalteen aurrean.
Laguntza bakarra, hortaz, Udalbatzak luzatutakoa: haren eskuzabaltasunak ontzat hartu zuen dendariaren eskabidea eta barkatu egin zion urte hartako laugarren hiruhilabeteko kontribuzioa, hartutako akordioa Foru Aldundiari ere luzatu ziolarik, “por si ésta tiene a bien hacer la oportuna rebaja en el cupo del año actual, pro los conceptos de cuota directa y recargo para la Cámara de Comercio”.
Uste izatekoa da berdintsu jokatu zuela Udalak gainerako denda eta tabernekin.
Nolanahi ere, kalte-ordainik gabe gehiegizko zama izan zitezkeen egin beharreko gastuak mintzagai dugun plazako denda hartako jabearentzat. Itxi egin behar izan zuen betiko.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Horrelakoen aurrean, Basilio Pujana zeanuritarrak “Euskal Herrian uriolak izan ziranean” idatzitako bertsoak datozkigu gogora:
Euskal Herria zapuztu dausku
uriolak ezbeharrez,
maiteak urak eroan eta
famili asko negarrez.
Hola jausita dagon herri bat
jasotzen ez da hain errez,
baina guztia burutuko da
fede sendoen indarrez.
∞∞∞∞∞∞∞∞
1953ko uriolak izan bide zituen Pujanak buruan bertsook ehuntzean, baina ez dirudi oso bestela kantatuko zukeenik duela hilabete Mediterraneo aldean gertatutakoen aurrean. Bihoakie belabeltz guztion elkartasuna!