Tu quoque, GARA noster?

Harrigarria, zinez, abuztuaren 19an GARAko “edukien erredakzio buru” den Beñat Zalduaren artikuluan oinarritutako editoriala. Edo hobeto esanda, harrigarriak biak, artikulua eta editoriala. Ez dago hain argi, dena den, artikuluak ekarri duen editoriala ala, eufemismoak gorabehera, editorial hori egiteko asmoak eskatu duen panorama klimatikoaren irakurketa hau. Hoberena, bada, bi-biak irakurtzea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bagenekien, jakin, gure GARAk seriotasunez hartua zuela krisi klimatikoaren arazoa (ez bedi “gure” horretan inolako ironiarik ikus, Belamendiko belabeltzak GARAren irakurle eta sustatzaile zintzo baitira). Ez genekiena zen, ordea, CAV-EAE geneukanik harako “klase-borrokaren marko autonomo” haren pareko zerbait krisi klimatikoaren gatazka-esparruari dagokionez. 

Baina goazen pausoka. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Testuetan ezagutzera ematen ez den kausalitateren batengatik, GARA izan da, agidanez, EVEk CAV-EAEko energia-kontsumoaz kaleratu dituen azken datuak publikoki baloratzeari ekin dion egunkari bakarra. 

Horrezaz gainera, Zalduaren erdara hutsezko artikuluaren ondoan euskarazko sintesia izan zitekeela zirudiena, bat-batean, editorial mailara jasoa ikustea izan da harrigarriena. Harrigarria, benetan, laburpentxoa zirudiena, kazetaritzako behialako klaseetan zioten moduan, “esplikatzaile-apologetiko-oharrarazle-borrokatzaile” gisa sailka litekeen editorial kateketiko bilakatua ikustea eta, noski, egunkariaren ezaugarriengatik, batik bat aski ideologia markatua duten irakurleei zuzendua. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Mugimendu kezkagarria, hortaz, GARAren editorialgile(ar)ena horrelako txosten bati garrantzi hori eman izan dio(te)nean. Jakina, izenburua ere ildo horretakoa ezarri zaio: “Balantze energetiko sostengaezin bat”.

Kontua da, paradoxikoki beharbada, EVE bera ez dela hain aztoratuta azaldu, GARAk jasotzen duenaren arabera, “EAEko egoera energetikoak ez du[ela] aldaketa handirik izan” konstatatzea besterik ez baitu egin, bestelako alarmismorik gabe.

Gure egunkariak, halere, beste zerbait transmititu gogo zuen eta, ondorioz, albiste txarrak antzeman omen ditu EVEren txosten horretan, oso txarrak. Eta horiexek nabarmendu ditu segidan, mix edo nahas-mahas bat eskainiz, eta betiere berri onen bati ere tartea utzirik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Alegia, albiste txartzat jo ditu EAEko berriztagarrien ekarpenaren murriztea eta kontsumitutako argindarraren %6,6 baino ez izatea bertan berriztagarrien bidez ekoitzitakoa. Bejondeiola! Alabaina, arrazoia ez dakigula, editoriala idatzi duenak ez bide du aintzat hartu nahi izan ikuspegi “nazional” batek ez lukeela agian EAE ez den Nafarroa –eta besteren bat gehiago?– “atzerri”-tzat hartu beharko eta bai, ordea, “klima-gatazkaren marko autonomoa”-ren partaide gisara. Horrek panorama baikorragoa eskain liezaioke erredaktoreari ziurrenik, jasan dituen eta jasaten ari den triskantzak eta hondamendiak saihestu gabe ere, ez baitirudi hain “sostengaezina” Nafarroak egun erakusten duen egoera energetikoak. Eszenatoki klimatikoaren ikuspegi zabalago batek, gainera, Hego Euskal Herri osoa zeharo ez hondatzeko planifikazio-aukera hobea ekar lezake ziur asko. Baina ez; EVE eta EAE hautatu ditugu-eta erreferentzia-irizpide.

Euskal Autonomia Erkidegoa

∞∞∞∞∞∞∞∞

EVEk emandako datuetan oinarrituta, kanpo-dependentziaren areagotzeaz mintzo da editoriala. Nonbait autohornikuntza tasa %8,7koa omen denez, gainerakoa “atzerritik dator, eta gehiena krisi klimatikoa larritzen duen energia fosila da”. Tamalez, segitzen dugu jakin gabe non hasten diren menperatuta gauzkaten “atzerri” eta “kanpo” direlako horiek. Aranon, Ziordian eta Bianan menturaz? 

Seguru GARAk baduela ondoko txutxu-mutxu honen berri, baina irakurleak akaso ez, eta interesgarria izan liteke muga-marren malgutasun-jolasaz ohartaraztea. Honatx esamesa: EVEk “Energia sistema jasangarrirantz” (erdaraz, “Hacia un sistema energético sostenible”) lerroburua daraman Urteko txostena 2023 delakoan (oso argitalpen triunfalista, didaktikoa eta ikusgarria, bide batez esanda), argi adierazten du non daukan EAEk ofizialki “zero kilometroa”, zeri deritzon “toki-hornidura” (“suministro local”) eta zeri inportazioa gas naturalaz diharduenean:

Viura proiektuak zero kilometroko gas naturaleko toki-hornidura edukitzea ahalbidetu du, eta horri esker, karbono-aztarna inportatutako gasarenabaino txikiagoa da eta deskarbonizazio-efektu positiboa lortzen da; hain zuzen ere, 214.492 tona CO2 saihestu dira abian jarri zenetik.

Interesgarria, halaber, bertako gas-ekoizpena ezagutzea: 

2023an, Viura eremuko produkzioa 21 milioi Nm3 gas izan zen, gutxi gorabehera […] Gaur egun, gas naturaleko produkzioa putzu bakar batetik dator.

“Viura Proiektua” izeneko gas-ustiategia Logroño ondoan dago kokatua (Sotés herrian, hain zuzen) eta ofizialki, momentuz behintzat, ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeen barnean. Halaz ere, EVE-EEEk EAEkotzat jotzen du hango gas-ekoizpena eta halaxe azaltzen du gero bere txostenetan. “0 kilometro”-kotzat proiektatuta zituen beste egitasmo zapuztuekin egin nahi zuen bezala (Cameros-2 eta Ebro-A, B, C, D eta E…). 

Bide batez esanda, “Viura Proiektuak” ekoizpena areagotzen segitzeko asmoa du, gas natural gehiegi dago-eta aprobetxatu gabe uzteko, xedea berriztagarriena bezalakoxea delarik: “cubrir el consumo energético equivalente a 330.000 hogares durante 15 años”. 2040. urtera arte, gutxienez.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Albiste txarra bezain zaharra da, bestalde, deskarbonizaziorako erronkak erraldoia izaten jarraitzen duela, berdin penintsulan, Europan zein Kontxintxinan. Eta horrekin ez dugu gutxietsi nahi baieztapenaren garrantzia eta bai, berriz, gure “marko autonomoa”-ren ideia ezbaian jarri. 

Nafarroa berriztagarria, esan bezala, alboan dauka EAE delako honek eta ez dirudi “0 kilometro”-ko La Rioja gasistikoa baino “atzerriago” litekeenik deskarbonizaziorako erronkari aurre egiteko orduan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

“Elektrifikazioan ez d[el]a aldaketarik egon, gutxienez azken bi hamarkadatan” esatean, ahaztu egin zaio editorialaren idazleari elektrifikazioaren arazoa, egokitzapena guztiz premiazkoa duen arren, nekez sar daitekeela gure “marko autonomoa”-ren balantzean, sare elektrikoaren kudeaketa REDEIA S.A. multinazionalari baitagokio. Harena da, besteak beste, Red Eléctrica –de España, of course!– delakoa ere.

∞∞∞∞∞∞∞∞

GARAko editorial-idazleak alde onik ere ikusten omen du egoera honetan, eta energia-kontsumoaren murrizketa da horietako bat. Zeren eta Europatik etorritako kontingentzia-planek aginduta izan bada ere, horrek garbi erakusten omen du “planifikazio baten bidez energia-kontsumoa modu nabarmenean murriztu [daitekeela eta] posiblea d[el]a desazkunde-eszenatokiak ezartzea”. 

Eta segidan, jauzi bitxi bat eginez, adostasunak eta kontsentsuak aipatzera iristen da editorialaren amaieran nor-nori-nork aditza jokatu gabe eta adostasunetarako halabeharrezkoa ohi den eztabaida-prozesu baten premiarik mahairatu gabe.

Egia da, horratik, editorialaren iturburuan dagoen artikuluan berriztagarriei buruzko “debate pendiente” bat aipatzen dela, baina ez dago argi zertara datorren, abian baita berriztagarrien hedapena, hedapen zeharo inposatua, arras sistematikoa, jendarte–kontsentsurik gabekoa eta, okerrago dena, bueltarik gabekoa dirudiena. Eta, oinezkook dakigula, arlo horretan ezagutzen diren adostasun bakarrak instituzioetako goi-maila politiko hutsetan burutu dira, oligopolio interesatuen txaloen estalkiarekin eta, tartean ontzi-garbitzailerik falta ez dela, komunikabide gehienen bozgorailuekin. Hori besterik ez da ezartzen ari diren industria-poligono –ez dira “parke”– horien guztien oinarrian dagoen eztabaida- eta adostasun-dinamika.

“Debate pendiente” horretarako dei berantiar hori, beraz, nekez uler daiteke protesta-mugimenduak desaktibatzeko eta jendea lasaitzeko dei bezala ez bada, eta ez, inolaz ere, jadanik lapurtua zaigun eztabaida sakon baterako ahalegin bat bezala. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Erantsi behar da, edonola ere, dena delako adostasunerako abiapuntua proposatzean, amarru txiki batez baliatzen dela editoriala. Izan ere, kontsentsua “atzerritik datorren energia fosilean oinarritutako” ekonomiaren bideragarritasunik ezaren inguruko diagnostikoan lor litekeela esaten duenean, bi kezkabide pizten dizkio irakurle gaixoari jarraian. Lehena: egingarria litzateke proposatutakoa, baldin eta berriztagarriak “HONELA” inposatzen ari direnei kontsentsurik interesatuko balitzaie. Baina haien jokamoldeetan ageri dena da proiektuak burutzeko “bakea”, istilurik eza eta jendartearen erabateko onespena nahi dituztela, ez besterik. Eta salbuespen gutxi, oso gutxi, nabari da, esan bezala, erakunde, enpresa, alderdi eta komunikabideen artean, zinezko debatea eta adostasuna, tamalez, tokian tokiko ekonomiaren, ingurunearen eta biodibertsitatearen orainaz eta etorkizunaz kezkatuta dagoen herri xeheak baino ez baitu aldarrikatzen.

Bigarren kezkabidea kontsentsurako premisa horretatik ezabatu den beste aukera batean legoke, hain zuzen ere, ezin baita ahaztu ekonomia guztiz bideragarria izan litekeela kanpotik edota atzerritik ekar litekeen energia berriztagarrian(argindarra, hidrogeno berdea…) oinarritutakoa. Munduko estatuak, negozioak negozio, horretan ari dira egun. 

Eta, noski, komenigarria litzateke horren kontra jaurtikitzen diren “ez da justua” eta “no suena muy solidario” horiek darabiltzatenek gogoan har lezaten neokolonialismotan erortzen ez diren ekonomia desberdinak bezain solidarioak artikula daitezkeela oraindik berdin munduko estatu aberatsenekin zein gure mendebalde honek historikoki esplotatu, ondasunez desjabetu eta hil hurran utzi dituen herrialdeekin.

Kategoria: Aerosorgailuak, klima-aldaketa. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude