Ezaguna denez, azaroaren 11n ospatu ohi da Tours-eko san Martinen omenezko jaia. Aramaioko patroia hura bera izanik (urruneko santua gurea, alajaina!), festak ere data haren inguruan hasi ziren ospatzen. Geroago etorri zen herriko jaiak uztailaren lehen asteburuan ospatzeko ekimena. Aldaketa moderno samarra, beraz.
∞∞∞∞∞∞∞∞
1959an, Francoren diktaduraren erdi-erdian (orduan amaitu zen “lehen frankismoa” deitutakoa), Samartin jaiak uztailaren 4tik 7ra bitartean ospatu ziren, larunbatetik astearterarte hain zuzen.
Denbora-urruntasunak urruntasun, orduko Samartinetako egitarauaren eskema nagusia oraintsura arte mantendu izan da funtsean. Dena den, bada azpimarra litekeen ekitaldirik 1959ko jai-programan. Honatx:
-Igandean, gero eta ohikoago bilakatuko zen Bizente Goikoetxearen Hiru Ahotseko Meza kantatu zen elizan.
-Igande-astelehenean dantza-erakustaldi arrakastatsuak eskaini zituzten bizpahiru urte lehenago sortutako “Lagun artean” taldeko irule eta ezpata-dantzari aramaioarrek.
-Igandean, bikotekako euskal dantzen eta aurreskularien txapelketa antolatu zen. Guztira, 1.500 pezetako sariak banatu ziren.
-Astelehenean, sokatira-norgehiagoka antolatu zen kale eta auzoetako talde desberdinekin. Aurkezteko baldintza bakarra taldeko zazpi kide izatea zen. Hiru sari banatu ziren.
-Asteartea izan zen haurrei eskainitako eguna.
-Dantza-saioak eta erromeriak Bainerako zelaian eta plazan egiten ziren eta gaueko 12ak eta erdietan bukatu behar ziren beranduenez.
-Musikari dagokionez, txistulariak eta Oiongo musika-taldea izan ziren erromeriak alaitu zituztenak. Berrikuntza teknologiko gisa, Arrasateko Jose Aranzabal elektrikariak Bizente Goikoetxea plazan jarritako gramola eta bozgorailuak erabiltzen hasi ziren lehen aldiz.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Oso antzekoak izan ziren handik urtebetera, 1960an, uztailaren 2tik 5era bitartean, burutu ziren jaiak ere.
Gogoratzekoa da Hitler akatzen eta II. Mundu Gerra bukatzen lagundu zuen Eisenhower lehendakari amerikarraren bisitarekin hasia zela estatuan bigarren frankismoa deitutakoa.
Orobat, hilabete lehenago (maiatzaren 30ean) kaleratu zen Hego Euskal Herrian “339 apaizen agiria“. Bertan Euskal Herria jasaten ari zen errepresioa, askatasun eza eta Elizaren konplizitatea salatzen ziren.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Giro aldakor hartan, jaietako egitaraua idazteko ardura hartu zuenari ere ez bide zitzaizkion lar gustatu aurreko urtean programari emandako tonua eta estilo laua eta, ondorioz, bera ere aldatzaile agertu nahi izan zuen hegatsarekin. Hartara, erredakzio berritzailea eman zion testuari, estilo zeharo barrokoa eta jai-giro orotatik at isuri zitzaion arren. Nonbait, gobernu frankistan zeuden Opus-eko teknokraten lilurapean idatzitako lerroak. Antologikoak, edonola ere, beherago ikus daitekeenez.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Jaietarako antolatu ziren ekitaldiei gagozkiela, nabarmentzekoa da uztailaren 4an, astehelena, Gasteizko Txirrindularien elkarteak bizikleta-lasterketa prestatu zuela lehen eta bigarren kategorietako zaleekin.
Ohiko lehiaketez gainera, astelehen hartan bertsolari-txapelketa ere antolatu zen lehen aldiz Aramaion. Sariak urriagoak izan ziren dantzariei banatutakoak baino. Oroitu bedi, dena den, Euskal Herrian ere urte hartan burutu zela 1936ko gerraren ondoko lehen Bertsolari Txapelketa (“Campeonato Mundial de Bersolaris“), Euskaltzaindiak antolatua. Iñaki Eizmendi “Basarri” suertatu zen irabazle.
Uztailaren 5ean, azkenik, beste garaiko jantziekin apaindutako kuadrilen txapelketa jokatu zen Aramaioko jaietan. Talde bakoitzak euskal kanta bat abestu behar zuen eta sariak “ustekabekoak” suetatu omen ziren.
Francoren diktadurari hain gogoko zitzaion folklorismotik oso urruti gertatu ez baziren ere, 1960ko jaiak ordura arteko euskaltzaleenak suertatu ziren, oro har.