Bigarren Errepublika espainiarraren garaiko paperak arakatzen, ezin ahaztu daitezkeen bizpahiru berri azaldu zaizkigu. Espainiako gobernua Manuel Azaña buru zuen koalizio errepublikar-sozialistaren agindupetik eskuineko indarrenera iragan zen garaiaz ari gara, hain zuzen ere, Alexandro Lerroux-en Partidu Errepublikarra eta CEDA (Confederación Española de Derechas Autónomas) agintean egon ziren biurtekoaz (1933-1935).
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ezaguna da Errepublikak Azañaren Biurtekoan hezkuntza izan zuela lehentasunen artean, hedatuegia baitzen analfabetismoa penintsulan (ia % 50eko tasa 1931n). Hartara, 27.000 ikastetxe berri eraikitzea aurreikusi zen ikasteko aukerarik gabe zeuden milioi eta erdi haur eskolaratzeko. 1932ko amaieran, ordea, kalkulatutako eskolen herena baino ez zegoen bukatua. Gainera, krisi ekonomikoari ikastegi erlijiosoak debekatzen zituen legea erantsi zitzaion, ikastetxe gehiagoren premia biziki areagotuz.
1933ko azaroaren 19ko hauteskundeetan (esanguratsuak, halaber, lehen aldiz bozkatu ahal izan zutelako emakumeek), eskuina jabetu zen espainiar gobernuaz. Lehen neurrien artean, 1932ko estatu-kolpea eman zuten inplikatuak kaleratzeko Amnistia Legea onartu zen parlamentuan, besteren artean, nola ez, 1936ko estatu-kolpean ere inplikatuko zen Jose Sanjurjo jenerala. Kasualitateen kasualitatez, Sanjurjo, matxinatu faxisten buru izan behar zena, 1936ko uztailaren 20an hil zen hegazkin-istripu batean. Matxinada-kide zuen Emilio Mola jenerala ere hegazkin-istripu batean zendu zen 1937 ekainaren 3an. Berrogei urtez diktadore gisa ezagutuko genuen hirugarren jeneral matxinoa, beraz, laster asko geratu zen inolako itzalik egingo zionik gabe.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Boterea eskuinaren esku egon zen Bigarren Biurteko hartan Aramaiok bost bat irakasle ezagutu zituen.
1933-34 ikasturtean, esaterako, Jesus Diez Gonzalez izeneko erdaldun gaztea ibili zen Oletan bertako haur euskaldunen maisu moduan. Madrilen 1905eko abuztuaren 24an jaioa, urtean 3.000 pezeta irabazten zuten irakasleen mailan zeukan Eskolapen Publiko eta Arte Ederretako Ministerioak sailkatua.
Ikasturte berean (eta hurrengo zenbaitetan), Julio Gurpide Beope (1906.06.15 – 2002.12.02) eta Julia Ibarrola Latasa (1903.01.08 – Iruñea, 1997.12.04) izan ziren kaleko (Ibarrako, alegia) maisu-maistrak, lehena mutikoekin eta bigarrena neskatilekin. Biak nafarrak, urteko 4.000 pzta. kobratzen zituztenen hezkuntza kategoriakoak ziren. Senar-emazte izan ziren eta hamaika seme-alaba izan omen zituzten.
Emazteak Zaragozan atera zituen eskoletarako oposaketak (1923) eta handik gutxira hasi zen Aramaion irakasle-lanetan.
Senarra, aldiz, Otsagin jaio zen eta Iruñean atera zuen irakasle-titulua (1925). Gogoan izatekoa da bi urte lehenago bilakatu zela apaiz haren anaia Pablo, geroago Bilboko elizbarrutiko apezpiku izendatuko zutena. Karlista bezain frankista, Pablo Gurpide hura bera izan zen 1968ko azaroan Frankoren errepresioaren aurka jokatzen hasia zen “Gogor” taldeko hainbat apaizi eliz jarduera oro debekatu ziena (“a divinis etenaldia”). Nonbait patuak hala nahirik, handik egun gutxira zeruratu zen.
Arrazoia ez dakigula, Julio irakasleari ere etorkizuna ireki zitzaion frankismoaren argipean. Erregimen berriarekin Lehen Hezkuntzako ikuskari bilakatua, Nafarroako geografia, historia eta elezaharren inguruko hainbat liburu idazteko beta ere izan zuen, hala nola, Navarra foral siempre española…
∞∞∞∞∞∞∞∞
Arras kontrakoa gertatu zitzaion, berriz, 1934-35 ikasturtean Aramaioko eskolan haurren irakasle izatera iritsitako Juana Ondarra Azurmendi izeneko gazte euskaldunari. 1914ko ekainaren 28an jaioa, Aramaion izandako eskarmentuak “depuratua” izateko baino ez zion balio.
Antza denez, Aretxabaletako “Biteri” eskolan irakasle suertatutako senar-emazte batzuen alaba izan zen. Aita, Santiago Ondarra, mutilen maisua izan zen eta ama, Frantziska Azurmendi, nesken irakaslea. Aita, bestalde, Aretxabaletako alkatea ere izan zen bolada batez. Biak Seguran jaiotakoak, badaiteke seme-alabak ere ezpal berekoak atera izana.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ezaguna da, 1936ko gerra iritsitakoan, inbidiak (profesionalak zein bestelakoak), mesfidantzek eta pentsaera ideologiko desberdinek eraginda hasi zirela salaketak hezkuntza-munduan eta, bereziki, eskoletan. Betiere militarren agindupean, herrialde bakoitzeko agintari akademikoei egokitu zitzaien irakasle susmagarrien eta “desafekto” haien lehenengo zerrendak osatzea. Nahikoa zen erlijiotasun gehiegirik ez erakustea, prentsa abertzalea irakurtzea, ezkerreko lagunak izatea edota ustezko ideia “liberalak” eskolan zabaltzea, zerrenda haietan agertzeko. Eta zer esanik ez irakasleak nolabaiteko militantzia politikoa islatua bazuen…
Urte hartako azaroaren 8tik aurrera, ordea, legezko eta sistematiko bihurtu zuten matxinatu faxistek espainiar irakasleen “depurazioa”:
La atención que merecen los problemas de enseñanza, tan vitales para el progreso de los pueblos, quedaría esterilizada si previamente no se efectuase una labor depuradora en el personal que tiene a su cargo una misión tan importante como la pedagógica. El hecho de que durante varias décadas el Magisterio en todos sus grados y cada vez con más raras excepciones haya estado influido y casi monopolizado por ideologías e instituciones disolventes, en abierta oposición con el genio y tradición nacional, hace preciso que en los solemnes momentos porque atravesamos se lleve a cabo una revisión total y profunda en el personal de Instrucción Pública, trámite previo a una reorganización radical y definitiva de la enseñanza, extirpando así de raíz esas falsas doctrinas que con sus apóstoles han sido los principales factores de la trágica situación a que fue llevada nuestra Patria (Franco-ren 66. Dekretua).
Purga politiko-pedagogiko hura izugarri hedatua izan zen estatu espainiarrean (hiru irakasletik bat hain zuzen, hau da, guztira 20.000 irakasle inguru) eta batik bat euskal lurraldeetan. Horrek, jakina, zigor desberdinak ekarri zizkien “depuratuei”: batzuk fusilatuak eta beste batzuk irakaskuntzatik betiko aldenduak, irakaskuntza-mailan beheratuak, soldatarik edo jubilaziorik gabe utziak, leku-aldaketak eta lan-etendurak jasatera behartuak, zenbait postutarako desgaiturik utziak, etab.
Gerra bukatu eta diktadura finko ezarrita zegoela hasi ziren faxistak zigorrak hala edo hola berrikusten, tramitazioak beren gogara luzatzen zituztelarik. 1942an, ebazpenek agerikoa zuten kutsu politiko-militar arbitrarioa lausotu nahian, auzitegi administratibora pasatu ziren berrikusketak. Halere, berrikusketa-eskabideak sarritan geratzen ziren erantzunik gabe.
Depurazioek eta gerrak utzitako azpiegitura-eskasiak ondorio latza izan zuten estatuan gerra amaitutakoan, milioi bat neska-mutil geratu baitziren eskolarik gabe. Frankismoak, baina, laster aurkitu zuen irtenbide egoki bat bere bandoko militar ohiak, soldadu zaurituak, hildakoen alargunak eta ahaideak maisu-maistra jarriz. Inolako prestakuntza pedagogikorik gabekoak, ideologia faxista eta diziplina kastrentsea ziren irakaskuntzan egin zezaketen ekarpen bakarra, eta horixe izan zen azkenean egin zutena. Haien ekarpen pedagogikoaren ageriko sinbolo gisa, gogoangarria da nola behartzen zituzten ikasleak egunero “Cara al Sol” abestera. Juan Telleria Arrizabalaga zegamarrak konposatutako “Egunsentia Zegaman” musikari hainbat adiskide falangistek jarritako letra hura laster bilakatuko zen estatuko eskoletan eguna hasteko himnoa. Betiere, besoa altxatuta agur faxista eginez.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Baina itzul gaitezen honaino ekarri gaituen Ondarra Azurmendi familiaren harira.
Baldin eta, pentsatzekoa den bezala, Ondarratarren seme-alaba haiek euskaldunak, euskaltzaleak eta irakaskuntza arloko langile finak baziren, aski zitekeen hori susmagarritzat joak izateko eta salaketa bideratzeko.
Aramaion irakasle zegoen Juana maistraren aurkako salaketa, ordea, badirudi lotuago egon zela, arrisku faxista hurbiltzean, Bizkaira alde egin eta Euskadiko Irakaskuntza Nazionalaren ordezkaritzaren zerbitzura pasatu zelako. Gertatuak gertatu, kontua da diktadurak bere partida jokatu zuela. Alegia, “depuratu” egin zuen neskatoa 1936-1942 bitartean, besteak beste, irakaskuntzan lan egitea debekatuz (Administrazioaren Artxibo Nagusia, 32/13166 espedientea).
Baina depurazioa ez zen harekin bukatu. Une hartan Buradon Gatzagako eskolan ziharduen Mertzedes ahizpa eta Bilbon Agustin neba, eta haiek biak ere izan ziren “depuratuak”. Motibo bertsuengatik, ziurrenik.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Gogora dezagun, “depurazio pedagogiko” frankisten atalarekin bukatzeko, Palentziako Cubillo de Castrejón-en zebilen maisu bat ere izan zela “depuratua” (32/13258 esp.). Jesus Diez Gonzalez izenekoa.
Zalantza da ea 1933-34 ikasturtean Oletan irakasle ibilitako madrildar hura bera izan ote zen. Hala izan bazen, Aramaioko lau maisu-maistren artetik bi izan ziren depuratuak; beste biek –senar-emazte emankorrak– egoki asko hautatua bide zuten jokalekua.