Honatx, gaurkoan, jatorrizko txostenera jotzeko ahamen ezin erakargarriagoa delakoan, Europar Batasuna: agenda oliba-berdea eta digitala enpresa transnazionalen zerbitzura. NGEU funtsek Hego Euskal Herrian duten inpaktuaren azterketa (2020-2024) izenekotik jasotako ondorioen atala. Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiko kide diren Gorka Martija Rodrigok eta Gonzalo Fernandez Ortiz de Zaratek burututako lan honetan agerian uzten da zertan diren Europako agenda berdearen eta digitalaren lehentasunak eta errealitatea. Saldu nahi zaigun kontakizun ofiziala baloratzeko tresna ezin aproposagoa, beraz, eta euskal alderdi politikoek ere arretaz irakur lezaketena. Egingo ahal dute ezkerrekoek behintzat!
∞∞∞∞∞∞∞∞
“Europar Batasuna (EB), hasiera-hasieratik, “gozoki pozoitsua” izan da ezkerreko gizarte mugimendu eraldatzaileentzat. Gaur egungo arkitektura komunitarioaren aurrean alternatiba sistemikoak eraikitzeko zailtasun objektiboa Damoklesen ezpata moduko bat bilakatu da; izan ere, oso konplexua da lortutako integrazio ekonomiko-finantzarioa atzeratzea. Aldi berean, bakearen eta giza eskubideen kontakizunak nolabaiteko legitimitatea du oraindik herri mailan, nahiz eta politiken esparruak kontrako noranzkoan egiten duen gero eta modu argiagoan.
Gainera, gaur egun muturreko eskuin euroeszeptikoak duen gorakadak daukagunaren alde borrokatzera bultzatzen gaitu, Europa neofaxismoen aurkako trintxera gisa ikusten duen imajinario edulkoratua eta progresista eguneratuz.
Horixe da HEHn (Hego Euskal Herrian) eztabaida hegemonizatzen duen esparru politiko estua. Denbora luzez, barne gatazka konpontzeko inperatiboen ondorioz, negoziazio-prozesuen aurrean konplizitateak eta bitartekaritzak bilatzeko esparru gisa ikusi da Europar Batasuna. Gobernantza neoliberaleko eredu horren aurkako posizionamenduak, hortaz, alde batera utzi dira.
Europar Batasunaren proiektuaren gaineko ikuspegi atsegin eta onbera hura itzuli egin da, 2008ko eztandak ekarritako herstura politikaren aurrean agertutako kritika laburraren ondoren, eta agenda berde eta digital berriak eragindako ustezko biraketa neokeynestar baten eskutik dator.
Pandemiaren shocka NGEU (Next Generation EU) bezalako tresnak sustatzeko haztegia izan zen. Horiek lantzaren punta izan behar zuten, jasangarritasuna gero eta garrantzitsuagoa zen momentu berri batean. Digitalizazioa aukera askatzaile gisa aurkezten zen, politika hedakorrak garatzen ziren, EHIa (Egonkortasun eta Hazkunde Ituna) eta zor mutualizatua bezalako lerro gorriak ezartzen ziren eta inbertsio publiko masiboa sustatzen zen, murrizketen ordez.
Hala, agenda berri bat proposatzen zen, eta inor ezin zen biraketatik kanpo geratu. Hausturarik gabeko adostasuna behartzen zen “momentua ondo irakurtzeko” eta sortzen zen “abagune” neokeynestarra baliatzeko. HEHko ezkerraren zati bat, batez ere parlamentuan parte hartzen duena, jarrera horietan kokatzen da, baina gure txostenaren arabera, jarrera horiek ez diote muturreko eskuinari aurre egiten eta ez garamatzate etorkizun askatzaile batera.
Zentzu horretan, Europako agenda berriaren azterketa integraletik –helburu estrategikoetatik NGEU bezalako tresnetaraino–, honako ondorio hauek nabarmentzen ditugu:
1.- EBren kanpo eta barne agendek elkarrekiko koherentzia sakona dute, baita atzean duten proiektu europarrarekiko ere: botere korporatiboa indartzea erabateko lehentasuna izan da une oro. Agenda berria balizko trantsizioaren kontakizuna ezartzeko ahalegin etsia izan da, krisi sakoneko eta beste potentzia batzuekiko atzerapeneko testuinguru batean. Kontakizun horren bitartez, gaur egungo ekaitz perfektuaren erantzukizunak ezkutatu nahi izan dituzte, eta benetako trantsizio ekosoziala lortzeko behar diren eraldaketa sakonak ekidin nahi izan dituzte. Agenda horrek, beraz, “trantsiziorik eza” bultzatzen du, hondamendira garamatzan kapitalismo berde-oliba eta digitala: geldialdi ekonomikoa, muga biofisikoak gainditzea, eremu komuna desegitea, estraktibismo neokoloniala, neofaxismoen aurrerakada eta gerrako erregimena hedatzea.
2.- NGEU izan zen europar agendaren apustu berdea eta digitala gauzatu zuen lehenengo tresna. Jasangarriagoa eta inklusiboagoa zen kontakizun ofizial batean oinarrituta, bere jarduketa, berriz ere, Europako langile-klasea interes korporatiboen aurrean diziplinatzeko ariketa bat izan da. Kapitalizazio bereziko merkatu-hobi global berriak bilatzea, sektore kritikoak birmoldatzea eta mota guztietako megaproiektuak ugaritzea izan dira haren helburuak, eta inbertsioa eta aliantza publiko-pribatuak dira programa ezartzeko modu nagusiak. NGEU planaren identitate horrek eta haren gobernantza zentralizatuak erakusten dutenez, programa “Bermudetako triangelu” bat da gizartearen gehiengoentzat: kontrarreforma sozialak, bideragarritasun zalantzagarriko inbertsioak, zorra handitzea, eta burbuilak eta funts publikoak espekulaziorako bereganatzea. Gainera, NGEU programak erabiltzen zuen win-win trantsizioko hizkera atsegina alde batera geratu da eta, bere ordez, RepowerEU izeneko programa fosila eta belizista dugu. Beraz, NGEU programa sirena kantu bat izan zen, eta haren soinuak indarra galdu du.
3.- NGEUren etorrerak erabakitzeko eremuetatik baztertu ditu estatu-mailaz beherako organoak. Hala ere, elite ekonomiko eta politikoek interes handiz hartu dute, programak haien interesak bermatzen baititu; hau da, euskal botere korporatiboa nazioarteko egoera zailean posizionatzen saiatzea, beste edozer gauzaren gainetik. Zentzu horretan, argia da Bermudetako triangeluaren hiru erpinen inpaktua: langile klasea lan erreforma, pentsioen erreforma eta erreforma fiskala jasaten ari da, baita kontratazio publikoko irizpideen desegitea; zorra eskala guztietan handitzeak hersturazko etorkizuna iradokitzen du; eta azkenik, funts publikoak bereganatzen dituzten hainbat sektore ez dira ez errentagarriak ez bideragarriak, prekarietate gero eta handiago dute, kontrol autoritarioa erabiltzen dute, ez dira jasangarriak eta oro har, trantsizio ekosozialeko edozein prozesuren oinarrizko printzipioen aurka jarduten dute.
Europako agendaren eta haren tresnen errealitatea, beraz, Europar Batasunaren inguruan dagoen kontakizun ezti eta onbera horretatik urrun dago. Are gehiago Ukrainako gerraren, Gazako genozidioaren eta energia-horniduraren krisiaren ondorioz agertutako parametro agresiboak, belizistak eta neokolonialak kontuan hartzen baditugu. Hala, parametro horien barruan aldaketa politiko eta sozialeko ikuspegiek galtzekoa dute.
Azken finean, berrarmatze teoriko baten eta ezker politiko, sozial eta sindikalaren mobilizazioaren premia dugu, Europa osoan eta HEHn. Estrategikoa da agenda kritiko bat sortzea, agenda partekatua, internazionalista eta EBren gaur egungo arkitekturari aurre egiten diona. Baita alternatiba egingarriak bultzatzea ere, instituzioetatik eta instituzioetatik kanpo. Europako herrien emantzipazioa lortzeko Europar Batasunaren dominazio eta esplotazio arkitekturari aurre egin behar diogu, argi eta garbi, Euskal Herritik eta gizartea errotik eraldatzeko borrokatzen diren munduko beste herri guztiekin batera”.