Finantziazio klimatikoa negozio bilakatua

Reuters agentziak argi utzi berri du munduko estatu aberatsenak milaka milioi dolar irabazten ari direla aldaketa klimatikoaren efektuei aurre egin ahal izateko prestatutako programa ekonomikoen bidez. Garatze-bidean dauden herrialdeei zuzendutako programa berezien bidez, alegia.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE-UNO) eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA-OECD) kaleratutako datuez baliaturik, izena jarri die Reutersek herrialde aberats horietako garrantzizkoenei (Japonia, Frantzia, Alemania eta Ameriketako Estatu Batuak….) eta azaleratu egin ditu, halaber, darabiltzan etekin-mekanismoak.

***

Klima-aldaketak kalteturiko herrialdeentzako laguntzak lehenagotik eskaintzen baziren ere, Parisko Akordioa (2015)izan zen garatu gabeko herrialdeentzako finantziazio-bideak egokiarazi zituena. Parisko Akordioa, ezaguna denez, negutegi-efektuko gas-isurketak murrizteko nazioarteko ituna da eta izaera loteslea du sinatzen duten estatu guztientzat (193 herrialde eta Europar Batasuna).

Ildo horretan, herrialde txiroenetako gas-isurketen murrizketa lortzeko eta ezohiko fenomeno meteorologikoei aurre egin ahal izateko, 100.000 milioi dolarreko finantzabidea aurreikusi zen 2020rako konpromiso ekonomiko gisara. Diru-laguntza horren funtsezko arrazoia, erantsi beharrik ez dago, herrialde aurreratuenek aldaketa klimatikoan historikoki izandako erantzukizunean zegoen, begi-bistakoak baitziren haien aurrerapen ekonomikoak, industrialak, sozialak… ingurunean eta atmosferan eragindako efektuak eta, era berezian, garapen eskaseko herrialdeetan sorrarazitako kalteak.

Paradoxikoki, finantziazio-konpromiso horretan bertan aurkitu zuten herrialde aberatsek mozkinak eta etekinak eskuratzeko bidea ere: diru-laguntza izan behar zutena sarritan mailegu gisara iristen zen herrialde txiroenetara, azken buruan konpentsazio ekonomikoa izan behar zena zama eta zor bilakatuz.

***

Reutersek aztertutako datuak ezin argiago mintzo dira. Honatx “laguntza-emaileek” erabilitako formularik adierazgarrienak:

1) Gutxienez 18.000 milioi dolarreko maileguak luzatu zizkieten herrialde aberatsek hainbat herrialde azpigaraturi (10.200 milioi Japoniak jarriak), betiere horrelako maileguek ohi duten interesik eza edota oso interes baxua “ahaztuz” eta merkatuko interes-tasak jarriz.

2) Beste 11.000 milioi dolarreko maileguak iritsi zitzaizkien herrialde txiroenei (gehienak Japoniatik bideratuak), baina oraingoan baldintza zehatzekin: maileguak luzatzen zituzten estatuetako enpresak kontratatu behar zituzten herrialde jasotzaileek eta materialak ere haiei erosi.

3) Antzeko baldintzekin iritsi zitzaien 10.600 milioi dolarreko diru-laguntza Europar Batasunetik eta beste 24 herrialdetatik, oraingoan era itxuraz “altruistagoan”: herrialde txiroek diru-emaileen estatuetako erakunde publikoak, enpresak, irabaz-asmorik gabeko erakundeak… kontratatu behar zituzten lan egiteko edo materialak eskuratzeko.

***

Herrialde aberatsenetako enpresen kontratazioa, materialaren erosketa, lan-kontratuak, mailegu-bueltatzeak, merkatuko interes tasak… Etekinen jolasa, beraz, finantziazio klimatikoaren dirua beste modu batez berreskuratzean datza. 

Hain zuzen ere, herrialde zaurgarrien premiei eta lehentasunei muzin eginez eta, merkatuko interes-tasen kasuetan, zorrak berak areagotuz.

Alegia, garatze-bidean dauden herrialdeekin Parisko Akordioak aldarrikatu nahi izan zuen “espiritu” solidarioaren eta konpentsatzailearen aurkako jokabide latzak. 

Kategoria: klima-aldaketa. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude