Aramaio: biztanleria azken berrehun urteotan

Aspaldikoak dira biztanleriari buruzko datuak ezagutzeko ahaleginak, batik bat zergak bildu ahal izateko interesa zela eta. Gurean ere ez da falta horrelako ahaleginik. XIII. mendekoa dugu, adibidez, Nafarroako San Juan Ordenaren zergadunen izen-deiturak jasotzen dituen dokumentua. Interes handikoa, besteak beste, zergaduruen izen-deiturak agertzen direlako bertan: Semen Larraza, Domeka Semeroiz, Oneka Gendulain, Gartzea Domikuiz, Azeari Zuria, Urraka Bazterreko, Auria Beltza, Lope Gorteko, Eneko izenekoak (Artzaia, Iruzu, Bikorra, Andia…), Santxo direlakoak (Urrakarena, Ona, Dorreko, Txipia, Gomeza…), etab. 

Nolanahi ere, zehatzago eta ezarian-ezarian sistematikoago bilakatzen hasi zen zergadun-zerrenden osatze-lana XVI. mendetik aurrera, tokian tokiko agintariek biztanleen informazioa emateko ardura hartu zutenean.

Hegoaldean XVIII. mendearen erdialdean ekin zitzaion biztanle-kopuruak eta pertsonen ezaugarriak kontrolatzeko estatistika-lanen modernizazioari. Metodo zuzena erabiliz gainera, jendeari galdetuta jasoko baitziren datuok.

∞∞∞∞∞∞∞∞

1856an Espainiar Erresumako Estatistika Batzorde Orokorra eratu zen, hurrengo urtean Estatistika Batzordea deituko zena. Aurrerantzean hark helduko zion zentsuak egiteari.

1857koa, ondikoz, ez zen nahi bezain zehatza suertatu eta errepikatu egin zen 1860.

Zentsuak hamar urtetan behin burutu behar zirela finkatuta erabaki arren, egoera politikoak eragotzi egin zuen 1870. urteari zegokiona.

Hurrengoa, 1877koa, geroago Gesalibarko bainuetxean hilko zuten Canovas del Castillo gobernuburuaren agindupean burutu zen.

1880ean ebatzita utzi zen 1900. urtetik aurrera zentsuak zero zenbakiarekin bukatzen ziren urteetan burutu beharko zirela.

1950.etik aurrera biztanleen zentsuarekin batera etxebizitzena ere hasi zen burutzen.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Zer esan Aramaioko biztanleez osatutako zentsuei buruz?

Bada zentsu bat, 1799koa, eredu zaharrekoa izanik, zergadunen kopurua baino jasotzen ez duena. Biztanle-kopurua, beraz, ezin da zehatz jakin. Dena den, oro har zergadun bakoitzeko sei bat biztanle kalkulatzen bada, eta urte hartako zergadun aramaioarrak 194 baziren, 1.200 bat biztanle inguru izango zituen Aramaiok XVIII. mendearen amaieran.

Eta bihoa, bide batez, horrekin lotutako datu ekonomiko bat osagarri gisa: zergadun bakoitzak bost erreal zor zituenez hilabeteko, 11.640 erreal jaso zituzten arka publikoek urte hartan herrian.


∞∞∞∞∞∞∞∞

1814an populazio-zentsu bat burutu zen (D. 1346-3), biztanleak sei klasetan banatuta (18 urtetik beherakoak, 18-60 bitartekoak, nagusiagoak, iragaileak, zerbitzariak…). Kopuru orokorren arabera, 831 ziren Ibarrako biztanleak (396 emakumezko eta 435 gizonezko. Elizateetan, berriz, 1.053 egoiliar zeuden, 538 emakumezko eta 515 gizonezko. Guztira, beraz, 1.884 pertsona izan ziren zentsatuta agertu zirenak.

Bada, orobat, zentsu adierazgarri bat 1826an burutua (D. 4379-1), Aramaioko auzoko- eta arima-kopuruak zehazten edo dituena (auzoko bakoitzeko, egia esan, bost arimako multzotzat hartzen du oro har). Garai hartan egindako zehatzenetakoa izan zen, Pascual Madozen iritziz. Honatx:


∞∞∞∞∞∞∞∞

Esan bezala, aurrerantzeko zentsuak zehatzagoak izango ziren, argi erakusten baitituzte datuok jasotzean bertan zeuden egoiliarren kopuruak (emakumezkoak eta gizonezkoak), iragaitzazkoak diren bidariak (aurreko bi multzoen artean osatzen da izatezko biztanleen kopurua) eta herrian egoiliar izan arren kanpoan daudenak (lehen multzoak eta honek legezko biztanleriaren kopurua osatzen dute). 

Honatx bilakaera (D.4818-2):

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bada 1887an, goian emandako biztanle-kopuruekin alderatuta zertxobait desberdin ematen duen zentsu bat (A24-E5-N204). Alabaina, interes berezia du biztanleek gaztelaniaz zuten alfabetaze-mailaren berri ere ematen duelako.

Honako hauek ziren, haren arabera, biztanle-kopuruak eta alfabetizazioaren inguruko datuak:

Horrezaz gainera, izatezko biztanleen gaineko alfabetizazioari buruzko datuak ere ematen ditu, hots,

∞∞∞∞∞∞∞∞

1920ko zentsuak ere datu esanguratsuak ematen ditu alfabetizazioari dagokionez. Esan beharrik ez dago gaztelaniazko alfabetizazioa besterik ez dela datuek islatzen dutena.
Hortaz, izatezko 1.938 biztanleetatik

1936ko gerra amaitutakoan analfabetismo-kopuruak gorantz egin zutela dirudi. Ildo horretan, 1940ko zentsuak ematen duen datua harrigarria da zeharo, Aramaion bizi ziren 1.765 egoiliarretatik 689 gizonezko eta 620 emakumezko analfabetoak zirela esaten baitu.

Kategoria: Historia eta istorioak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude