Inbasio berriak: bikingoak Aramaion (2024)

Ganborraldeko aerosorgailuen behin betiko kokapena (Statkraften proiektu moldatutik jasoa)

Duela hiru bat urte inork espero ez zuena gertazen ari da orain Aramaion: bertako herritarron nahimena eta ingurunea hankaz gora botatzen ari den inbasioa. Neoliberalismoak, kapitalismo berdeak edo dena delakoak begiz jo eta erabaki du toki aproposa dela gure harana inbaditua izateko.

Koroa, euro edota dolar franko duenak egin ditzakeen inbasio lauso horietakoa da, alegia, horrelakoak baitira, izatez, inbasio modernoak: kapital-inbertsio ustez aseptikoen bidezkoak eta, koertzio-mekanismo guztiak (polizialak, judizialak, beldurrezkoak) atzean gorderik badakartzate ere, ageriko armarik gabekoak.

Kiribilaren kiribilez, gainera, aurpegi altruista nahi lukeen eztabaidaezinezko zanpaketa-kode miresgarri baten doinuak zabaldu ohi dituzte inbaditzaile berriek, demokraziaren balio etikoak eta moralak predikatu bitartean. Saiatu ere egiten dira hangoei eta hemengoei sinestarazten Munduaren alde eta, are, inbaditzen duten lurraldeen eta biztanleen alde jokatzeko misioarekin bertaratzen direna atzo horra, gaur hona, bihar hara.

Eta behar denetan, oraingoan bezala, aldaketa klimatikoaren aurka eta energia berriztagarrien alde jarduten dabiltzala erantsiz. Euren lurralde pribilegiatuetan horretarako jokalekurik aski ez balute bezala. Hain obra onak egiteko besteren borondateak eta inguruneak suntsitzeko premia larria balute bezala.

Herenegun Peru-India-Nepal-Albania-Turkian, atzo Brasilen, orain Aramaion, betiere Karitatearen Ahizpatxo tolesgabeak balira legez.

Ganborraldeko industria-poligono eolikoa

∞∞∞∞∞∞∞∞

Inbasio-eredu klasikoetatik urrun, bada, bikingoak datoz oraingoan Aramaiora. Sartzear zeudela zirudien, baina sartzen hasiak dira dagoeneko…, eta ez drakkar ontzi astunetan erdi biluzik, ekologiaz kontu gutxi dagiten bizjet gorbatadunetan baizik.

Nonbait ez dago egoera iraultzeko edota atzera jotzeko aukerarik, ez baita oraindik horrelako inbaditzaile errukiorren etorrera geldiarazteko modu demokratikorik asmatu. Aramaiotik ezezko demokratikorik biribilena eta irmoena aurpegiratu bazaie ere.

Inoizka, egoerak hartaratuta eta kostata, Txilen gertatu zen moduan, bertan behera utzi behar izan dituzte bikingoek euren inbasio-nahiak. Baina bakanak dira horrelakoak eta, jende arruntak besterik ondorioztatuz maltzurkiro joka ez dezan, bikingoek beren bihozberatasunaren eredutzat jasotzen dituzte gertakariok urrezko liburu nazionalean.

Ez dirudi, halere, Aramaiok atalik izango duenik liburu horretan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aramaioko inbasioa burutze aldera, laguntzaile indigena bikainak aurkitu dituzte bikingoek haranera erosotasunez sartu ahal izateko. Poltronetan torlojuz lotuta diruditen indigena ahaltsuak, besteak beste. Eta karbono-dioxidoa isuri eta kutsadura areagotu ahala, klimaren egoera okerraz arras kezkatuta omen dauden indigenak ere bai, hain zuzen.

Beste garai batean, epiteto gordinagoz izendatu ohi ziren horrelako laguntzaileak. Orain ez; orain, azalmintz leuneko garai post-post-moderno hauetan, ez da horrelako izendapenik erabiltzen, gustu txarrekoa baita horrela mintzatzea. Orain irizkide, intereskide, itunkide, lankide kalifikatzaileekin bataiatzen dute beren burua komandita-kideek. Patente horiekin kaleratzen dira, jendarte inbadituaren ahobateko onespen demokratikoa errazago lortzea esperoko balute bezala. Beraien interes soilen alde jokatuko ez balute bezala.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Legeak aterpe, ahaztu egiten bide zaie bikingoei beraienak ez diren lurralde eta ingurune komunitarioak konfiskatzera abiatzen direla aitortzea. Indarrez kentzera, urte luzez hipotekatzera, miserableki erostera…, segidan nahi dutena egiteko, beraien negozioak ezarri eta mozkinak erdietsi ahal izateko. Ahaztu egiten zaie horrelakoak aitortzea eta ez dituzte, ondorioz, euren urrezko liburuan jasotzen.

Buruen gainetik, baina, etengabe astintzen dute bandera berdea, itxaropenarena, ekologiarena…, biodibertsitatea eta natura suntsitzera ez balihoaz eta ez baletoz bezala, eta horrelako ikurrekin inbadituen onespena eskuratzea esperoko balute bezala.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aramaio inbadituko dute ezin aberatsago eta indartsuago diren bikingo horiek, lehenago bestek egin zuten moduan. Eta auskalo, zorte madarikatu pixka batekin, aurrerantzean ere ez duten beste batzuk berdin egingo!

Momentuz, Aramaioratzen ari diren bikingoek argi eta garbi sinetsarazi nahi izango dute gizarte globalaren etorkizunagatik jardun behar dutela horrela, ezinbestean jardun, bertakoen borondate eta interesen kontra bada ere.

Eta bete-betean sinetsiko baliete bezala segitu beharko dute aramaioarrek bizitzen. Pozarren baleude bezala, herri gisa akatuak izateko espiritu altruista moduko batek gidatuko balitu bezala.

Eta ohi bezala, jopu-aurpegirik itxurazkoena erakutsi beharko diete inbaditzaileei, bikingo gizagaixoak, ingurunea hondatu, greenwashing egin eta mozkinak metatu bitartean, lasai, eroso eta beraiena balitz bezala senti daitezen Aramaioko egonaldian.

Kategoria: Aerosorgailuak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude