Eguzki-etzanaldetik Aritz Otxandiano lagunak igorritako argipenek guztiz kezkatuta utzi dute Belamendiko alproja marmartia, ez baitu ulertzen nola oraindik ez duen Aritzek irizpiderik osatu Orixolen parean, lerro-lerro eta begiek ikusten duten bira guztian, ingurunea hondatuko duten aerosorgailu eta dorre erraldoiak jarri behar liratekeenetz erabakitzeko. Ez ahal du berdin jokatuko Arabako Lutadan eta bestelakoetan errukirik gabe jarri nahi dituzten planta fotoboltaikoen itsaso-proiektuen aurrean!
Belabeltza, gainera, kezkatuago sentitu da oraingoan, inondik ere ez baitzuen espero hain segimendu leial, arduratsu eta interes gabekorik egiten bide dion irakurle bat, aldi berean, hain oinarri teknokratetan estekatua ager zedin de facto interes ekonomikoekin nahasten eta lokazten diren erabaki ideologiko-politikoen munduaz jardutean.
Kezka horiek, halere, ez dirudi balorazio, aurreiritzi eta uste ustelgarriak zabaltzen segitzeko borondatea erauziko diotenik Belamendiri, eta batik bat ezein energia-oligopolioren proiektuak tartean direnean, jendartean, ingurugiroan eta biodibertsitatean ondorio konponezinak sorraraziz. Are gehiago: harrigarriro, eta beherago ikusiko den bezala, sen hermeneutikoa piztu berri zaio egunotako prentsa irakurritakoan. Hori bai, konspiranoien sareetan eroriko balitz ere –ezinbestekoa baita, tamalez, Josu Jon petrokimikoarekin bat egiten duten Tapia bezalako agintari “ekologisten” hitzak, jarduerak eta asmoak ulertu ahal izateko era desberdinetako konstruktoak eraikitzea eta baliatzea–, argi du testu-interpretazio guztiak kontzientzia politiko serioenarekin burutuko dituela.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Datorren 29an onartuko omen du Eusko Legebiltzarrak PSOE-PNV-EHBilduren artean adostutako Energia-trantsiziorako eta klima-aldaketarako lege-proiektua.
2050erako klima-neutraltasuna xede, berrikuntza interesgarri zenbaitekin azalduko omen da legea. Gaurko honetan, dena den, Aramaion ezarri nahi duten industria-poligono eolikoarekin lotura zuzenagoa izan lezaketen bi puntu baino ez dira iruzkinduko hemen, bi-biak, damurik, prentsan –Berrian eta Garan, hain zuzen– argitaratutakoan bakarrik oinarrituak.
Honatx puntuok:
Lehena: 5 MW baino gehiagoko berriztagarrien azpiegiturek kanon bat ordaindu beharko omen diote urtero Eusko Jaurlaritzari, izango duten potentziaren arabera betiere (2.600-5.400 euro bitartean aerosorgailu bakoitzeko eta 700 euro fotoboltaikoen hektarea bakoitzeko).
Bigarrena: Planta bakoitza eraikitzean, gutxienez jabetzaren % 20 eskaini beharko zaie “proiektuak eragindako eremuko herritarrei eta enpresei” (Berria).
Hiru partiduen prentsaurrekoan esandakoetatik Garak ondorioztatu duenez,
se trata, por una parte, de democratizar la participación de los locales en una empresa que va a obtener beneficios de su entorno, al tiempo de que reciben una compensación por «las molestias» que estas instalaciones generan, así como por su afección al ecosistema local
∞∞∞∞∞∞∞∞
Egia izan liteke, baina, guztiarekin ere, albisteetan erabilitako terminologiaren anbiguotasunak (zertarako galdetu ea euskara ala gaztelania izan den lege-proiektua lantzeko eta idazteko hizkuntza?) zer pentsatu xumeren bat behintzat eman dezake Aramaioko poligono eolikoaren kasuan.
1.- Kanon edo zergaren kontuari gagozkiola, adibidez, honatx Berriak dioena:
Parke eolikoek eta fotovoltaikoek potentziaren arabera ordainduko dute zerga hori, eta azpiegitura horiek zuzenean edo zeharka eragindako udalerrietarako izango da bildutako dirua, zenbait eremuri kalte egin izana konpentsatzeko.
Hau da, Statkraften industria-poligono eolikoaren eraginpeko udalerriak Aramaio eta Eskoriatza baino ez dira; “zuzen eragindakoak”, esan nahi baita. “Zeharka eragindakoak” izango direnen artean, bestalde, Legutio bera gerta liteke kaltetuena, handik pasatuta iritsiko baitira Ganborraldeko poligonora ehunka eta ehunka kamioi, hondeamakinak, garabiak eta material gehiena. Kasualitatearen kasualitatez gainera –aburu hau ere konspiranoiaren efektua da, nonbait–, momentu honetan bertan hasi zaizkio Legutiori errotoreen eta aerosorgailu-palen garraioa eragotziko lukeen betiko bidea aldatzen eta haien pasoa ahalbidetuko duen saihesbidea egiten (lurren nahitaezko desjabetzeak barne), pasabide berria gabe ezinezkoa izango litzateke-eta poligono eolikora horrelakorik eramatea.
Legearen testutik jasoa –eta akaso literalagoa– dirudi Garak dioenak:
La ley señala que «los ingresos derivados del canon, deducidos los costes de gestión, se destinarán, en las zonas de la CAPV que resulten afectadas por las instalaciones, a la conservación, reposición y restauración del medio ambiente”. Y, en el conjunto de la comunidad, la «actuaciones de impulso y promoción del uso racional de la energía», la «adaptación del territorio a los efectos del cambio climático», la «conservación del patrimonio natural» y, también, «al uso recreativo y educativo de los recursos naturales»
Agerikoa da, batetik, kanonaren bidez jasoko diren mozkinak ez direla esklusiboki bideratuko eraginpeko esparruetara, eta, bestetik, “las zonas de la CAPV que resulten afectadas por las instalaciones” esaldiak interpretazio zabal samarra onar lezakeela oro har.
2.- Jabetzaren kontua ere ez da hain zehatz mugatuta gelditzen:
ekimen pribatuko edo publikoko instalazio bat martxan jarri nahi duenak jabetzaren % 20 eskaini beharko die gutxienez proiektuak eragindako eremuko herritarrei eta enpresei (Berria)
la ley también obliga a quien pretenda poner en marcha una instalación de energía renovable, sea de iniciativa privada o pública, a ofrecer «al menos un 20% de la propiedad» a la ciudadanía o empresas de la zona afectada (Gara).
∞∞∞∞∞∞∞∞
Belamendiko ibiltari oharkabeari argi geratzen zaio kanona –zerga– Eusko Jaurlaritzak kudeatuko duela. Eta nola eta zertarako? Bada, batetik, eraginen bat jasoko duten zona-esparru?–eremu?-lurralde? –baina ez nahitaez udalerri– omen diren horietako ingurugiroa “zaintzeko”; eta, bestetik, bestelako kontu energetiko-klimatiko-pedagogikoetan aritzeko EAE luze-zabalean. Aurrerago ezagutu beharko, beraz, zona/eremu horien konkrezioa.
Bestalde, legean poligonoaren jabetzaren % 20 hori “proiektuak eragindako eremuko herritarrei eta enpresei” eskainiko zaiela esaten denean, aurrekoan bezain argi dirudi eremu (zona) delakoaren interpretazioak.
Hortaz, Ganborraldeko industria-poligono eolikoaren demokratizazioaren kasuan (non, prentsaurrekoan ziotenez, bertakoen parte hartzea –hots,”democratizar la participación de los locales“– bilatzen omen baita), zalantza da ea Eskoriatza eta Aramaio udalerrietako herritarrei eta enpresei (Aramaion enpresa asko ez) bakarrik eskainiko litzaiekeen jabetzaren % 20. Edo akaso Debagoien mugakideko (Arrasate-Aretxabaleta) herritarrei eta enpresei ere zabalduko zaie gonbita? Ala, direlako esparru funtzionalak medio, aurreneko aukera izango lukete Debagoien zabalerainoko (Bergara, Oñati, etab.) herritarrek eta enpresek jabetza horretan parte hartzeko? Eta aukerarik bai mugakide arabarra eta poligonoaren eraikuntzaren pairatzailea ere izango den Legutioko herritarrak eta enpresak (Goiain poligonokoak, esaterako) jabe izan daitezen? Eta Bergara bezain urruti geratzen den Miñaoraino iristen diren esparruetakoak, zer? Alegia, Arabako fiskalitatean oso eragin positiboa izango ez luketen “eremu funtzionalak” ote dira lehentasuna izango dutenak? Nork eta zein irizpide baliatuz erabakiko da/du hori? Eusko Jaurlaritzak? Arabako Foru Aldundiko Ogasun zerbitzuak?
Eta azken arazotxo bat: demokratizatze-ahalegin horretan, zer da termino ekonomikoetan “proiektuak eragindako eremuko herritar” (“ciudadano de la zona afectada”) edo enpresa izatea? Zeinek izango luke % 20ko jabetza horretara jotzeko lehentasuna: mila euroko erosketa egin nahi duen aramaioarrak? Kooperatiba gisa-edo 20.000 euro jarriko dituzten eskoriatzarrek? Tipulak edota onddoak ekoitzi eta banatzen dituen bertako negozio-jabeak? Edo inbertsio erraldoietarako arazorik ez duen urrunagoko korporazio batek beregana lezake jabetzaren demokratizazio-txatal hori?
Otoitz egin dezagun horretaz dakiten buru jantziek egokiro argi ditzaten arazo kuasiteologiko hauek guztiak!