MAITE DITUK hizkuntzak, mintzairak, aharantzak
Berdin bertakoak zein arrotzak, berdin albokoak zein urrunekoak
Maite dituk txikiak, handiak, hilak, biziak
Liburudunak eta ahozko hutsak
Maite dituk ezagunak, maite inoiz entzunak
Maite, harrigarriro, entzungabeak
Maite sekula ezagutuko ez dituanak
Maite duk greziera, latina, frantsesa, gaztelera
Maite txinera, swahilia, katalanera, hindia, hebraiera
Maite arabiera, kituba, aimara
Eta zazpi milarainoko gainerakoak
Bat baizik ez duk, baina, arras bereganatu hauena
Beretzat fermuki atxikirik haukana
Maite duten beste hamaika amoranterekin
Zorionez partekatua:
Heuk aberri hautatu duana
Eta hark hi gorputz-arimaz atxikia haukan bezala
Berdin heuretua nahi duk hik hura
Mamiz, soinuz eta odolez heuretua
Egiazki begira biok elkarrengana, maiteminduen gisara
Begi zoliz so mundura, arranoen antzera
Eta hor eta hemen, ahalkerik gabe, ausardiaz eragiten giza-galdaran
Hura daukak kume, hura maitale
Huraxe adiskide, torturatzaile
Hura bera argi, ispilu, eragile,
Itsaso zakar, itsaso bare
Hargatik hartzen duk hik oinaze
Hartaz poz eta atsekabe
Harengandik hartzen hatsa, arnasa
Hartatik datorkik kemena, indarra
Eta trukean, truke xume-xumean, hiregan gorpuzten dik izana
Ekaitz, erauntsi edo oldar
Ongi dakizue biok
Odol-zinik egin gabe ere
Sinbiosian bizitzen jarraituko duzuena
Mikrokosmos gatazkatsu honetan