Amaiurko gudari aramaioarra eta “Santoñako Ituna”

1937ko abuztuaren 24an sinatu zen Santoñan (Cantabria) espainiar Errepublikaren aldekoekin borrokatzen ziharduen Euzko Gudarostearen errendizioa adosten zuen akordioa. 

Kronikek diotenez, “Santoñako Ituna” deituriko hura Francoren alde ari ziren italiar faxisten eta EAJko politikarien artean sinatu zen.

Francok, halere, ez zuen ontzat hartu akordioa eta, hitzarturik zegoena gaitzetsita, italiarren eskuetan zeuden gudari guztiak harrapatu zituen irailaren 4an.

Ondoren, espainiar jeneral kolpe-emaileak gerra-kontseiluak antolatu zituen Euzko Gudarosteko ofizialen aurka. Hiru hilabete eskas besterik ez zuen behar izan guztiak fusilarazteko. Gainerako gudariak eta kapilau militarrak espetxe eta kontzentrazio-esparruetan sartu zituen.

Etsaien eskuetan erori ziren gudari debagoiendarren artean bazen Arrasaten jaiotako aramaioar bat ere, honako belamenditar honek aski ongi ezagutu zuena eta, hori dela medio, hona ekarri nahiko lukeena orduan erori eta hil zirenen omenez. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Francisco de Paula ponte-izenez, gure aita “Pako” hipokoristikoaren bitartez izan zen inguruan ezagunago. Alabaina, oso gazte ekin zion euskarazko izena erabiltzeari, Pantzeska lehendabizi eta Patxi beranduago. Azken honekin militatu zuen gero bere alderdi politikoan eta huraxe ezpainetan zendu zen 2010eko uztailaren 28an, 94 urte zituela.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Madrilen komertzio-ikasketak egiten igarotako hiru ikasturteetan, txikitatik adiskide min zeukan Joxemari Azkarraga, Lurgorri, izan zuen bidaide abentura abertzalean, batez ere adiskidea Euzko Ikasle Batzan lehendakari izan zen bitartean.

Madrilen, Joxemari eta Emiliano Azkarraga anaien erdian

Handik gutxira, faxisten aurkako gerrak ekarriko zien Euskal Herriaren defentsarako irakaspen praktiko bortitza.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gure aita 1937ko otsailean estreinatu zen gerra gorian. Hogei urte zituen une haietan eta denbora eskasa izan zuen fusila zer zen ikasteko. Asturiaseko frontean bertan ikasi behar izan zuen, beraz, Amaiur batailoiak Kandido Sasetaren agindupeko Brigadaren parte egin zuenean. 

Amaiur batailoian arrasatearrek Jose Gorroñogoitia taldeburu izanik osatzen zuten lehen  konpainiak –Arrasate izenekoa, jakina– Mundaka izan zuen Asturiasera abiatzeko pausalekua eta “ondasunak” –arropa, dirua, kuttunak eta beste– gordeta izateko lekua. Gure aitari hango Ormaetxea familia egokitu zitzaion hartarako, gaur egun guztiz aramaioartua den Markel Ormaetxearen gurasoen etxea. Gure aitak inoiz ez zituen ahaztuko familia hartako kideak eta jaso zuen abegi txeratsua eta maitagarria. Azken unera arte egon zen eskerturik seme gisa eman zioten tratuagatik. Esan bezala, haiena bezalako etxe xamurretan uzten zituzten gudariek beren ondasuntxoak eta, maizegi, azken giza-emozio eta afektuak. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Besteri buruz bai, baina Asturiaseko frontean ia hiru eguneko iraupena izandako infernu-irakasgai hartaz inoiz ez zigun aitak anekdota hutsalen bat edo beste baizik kontatu seme-alaboi, nahiz eta Amaiurrek berak jasan zituen, bai orduan eta bai zutik iraun bitartean, hildako (tartean, Saseta komandantea bera) eta zauritutako gehienak. Latzegi zeritzon han gertatutako sarraskiari.

Martxoaren amaieran Bilbora itzuli eta, jarraian, ongi ezagutzen zituen inguruetara abiatzea egokitu zitzaien (Oleta eta Urkiola). Gero etorri ziren Sollube, Bizkargi, Artxanda eta beste, harik eta Santanderren harrapatu zituzten arte.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Santanderren –Laredo, Castro, Santoña– hasi zitzaien zorabioa eta engainatuak izatearen amorrua. Geroxeago etorri ziren izua eta zigorrak, Francok hasieratik ekin baitzion etenik gabeko errepresioa hedatzeari.

Beste askorena bezalakoxea izan zen gure aitaren gurutze-bidea ere: Miranda de Ebro (kontzentrazio-esparrua), S. Pedro de Cardeña (kontzentrazio-esparrua), Gallur (“soldadu langileen batailoia” izenekoan), Haro, tartean, gaixotasunak medio, Tutera eta Zaragozako ospitaleak bisitatu behar izan zituelarik. Gerra amaitzean laurehun mila inguru ziren soldadu kartzelatuak.

Eta 1939an haietako batzuk etxera –ustez, betiko– bidali bazituzten ere, handik gutxira bigarren errepresio-txanda bete behar zutela jakinarazi zieten. Gure aitaren ibilbide berria Mirandatik Galiziaraino hedatu zen, bidean batez ere Madril (“Miguel de Unamuno” izeneko kontzentrazio-esparrua) eta Lavacolla (Santiago de Compostela-ko aireportua egiteko “soldadu langileen batailoia”) dastatu zituelarik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

San Pedro de Cardeñan preso euskaldun eta asturiarrak ziren nagusi eta, oro har, ez zuten bertan hilabete eta erdi baino gehiago egiten. Halere, gure aitak ongi gogoratzen zuen han izan zuela krisi moralik handiena. Gosea, hotza, erabateko higiene-gabezia eta etengabe jasan behar izan zuten umiliazioa gutxi bailiran, gorputzeko azal guztia haragi bizian utziko zion hazteriak harrapatu zuen, jasanezinezko hazkura latza eta oinazea sortuz. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gerrara boluntario gisa joan zenez, gure aita ez zen frankisten sailkapen ideologikoan “berreskuragarri” gisa agertu, “desafecto al Glorioso Movimiento Nacional” moduan sailkatu baitzuten hasieratik, horrek ekarriko zizkion ondorio guztiekin. 

Jasangaitzenetako bat Galiziako langile-batailoian zenean gertatu zitzaion. Jakinaren gainean zen bere aita Jose guztiz gaixorik etxeratua zela Iparraldean eta Frantzian barrena aterpetuta egotetik. Handik gutxira hil zen Aramaion. Gure Patxi Salaberri Urtzelai gudariari ez zioten biderik utzi ez aitaren hilzorian eta ez hildakoan etxeratzeko eta azken agurra eskaini ahal izateko. 

Kategoria: Historia eta istorioak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude