Munduan ohiko bilakatu bide da konkistatzaileek beren gogoko izenekin bataiatzea “aurkitutako” lurralde berriak, bertako biztanleek erabilitako izenei muzin eginez. Berdin gertatu ohi da boterea edota aginte-motaren bat eskuratzen duten kolonizatzaile gehienekin, beti baitaude prest tradizioaren bitartez jasotako izendapenak ahazteko eta euren gogoko direnak inposatzeko, eta bereziki jatorrizko izenok haiena ez den beste hizkuntza batekoak diren kasuetan. Erromatarren garaira jo gabe ere, berehala ikusiko dugu, adibidez, Aotearoa “Zelanda Berria” izendatzen ikasi dugula, Te Pito edo Rapa Nui irla “Pazko Uharte” gisa agertzen zaigula, Chomolungma edo Sagarmāthā mendiari George Everest galestarraren deitura zintzilikatu izan zaiola izentzat, Lapurdiko Larrun muinoari “La Rhune” exotikoagoa gainjartzen ari zaiola azken urteotan, etab.
Pertsona-izenetan ere ezagutu izan dute belamenditarrek horrelako jukutriarik. Kasu deigarriena, 1920ko hamarkadan Aramaion gertatua: orduko maisu espainolak ez zuen gogoko neskato baten Eskarne izen euskalduna eta, eskolak ematen zion aginpide osoarekin, aurrerantzean “Encarna” deituko zutela erabaki zuen arlote alproja hark.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Odin-en espiritu etiko-demokratiko apartarekin bertaratzen ari zaigun Statkraft norvegiarrak ere nekez ezkuta dezake bere sen sortzailea.
Euskal Herrian aerosorgailuak landatzera etorririk, “Estatuaren indarra”/ “Estatu-boterea” (Statkraft) izateak eskaintzen omen dion eskubideaz baliatzen ari da “aurkitu” berri dituen lur hauek egoki deritzen asmazioekin bataiatzeko, erditutako munstroek bertako kultur tradizioarekin, hizkuntzarekin edota orografiarekin zerikusirik ez badute ere.
Horixe, ustez, bikingo kolonizatzaileek ezarri nahi dituzten ITSARAZ eta PIASPE makrotoponimoen kasua, bi-biak, noski, inguru zabal bateko benetako leku-izenak irenstera eta ordeztera etorriak.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Egia esan, orain arte inork ez du argi jakin izan nondik eta nola iritsi zaion neotoponimo horiek asmatzeko “etorria” eta inspirazioa, ez baita inon dokumentazio argigarririk aurkitu. Alabaina, egia ere da bi poligono industrial eolikoen proiektuak zituela karteran Statkraftek –bata Azpeitian eta bestea Aramaion– eta, bere burua bertako biztanleen borondatearen kontrako zinezko kolonizatzaile gisa agertu behar bazuen, bientzat behar zuela nortasun handiko izendapen propioa.
Belamendiri iturri onetatik iritsi zaio zein izan zen asmakari horien sortze-ildoa, eta, prebentzio guztiekin bada ere, informazioa partekatzea erabaki du gaurkoan. Honatx Statkraftek emandako urratsak
∞∞∞∞∞∞∞∞
Orografiari zegozkion toponimoak mapan luparekin bilatzen ibili behar ez izateko, entitate nagusien –hots, udalerrien– izenetatik abiatzea zuen Statkrafek errazena eta erosoena, eta halaxe jokatu omen zuten enpresako aditu hispano-norvegiarrek. Hori bai: betiere, hizkuntz txokokeriatan ez erortzeko, gaztelania unibertsala buruan, ezpainetan eta ikusmiran zutela.
Nola deitu, beraz, Azpeitiko aerosorgailuen poligonoari? Bada, “Poligono Industrial de Azpeitia”, hau da, laburdurez baliatuta, PI-AZPE. Jakina, ahoskatzeko zailtasuna zeukan izendapen horrek erdal hiztunentzat eta hartara, euskal ahoskeratik ere hurbilago egon zitekeela interpretatuz, PIASPE jarri zioten izena mendiko poligono industrialari.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Aramaioko parkearen izendapenean, berriz, berehala ohartu ziren arazo larriak sortzen zituela eskema berdina aplikatzeak. Alegia, edonorentzat barregarri gerta zitekeela izendapena eta, okerrago zena, aramaioarrek isekatzat har zezaketela, gizagaixoek, neotoponimoa. Zeren eta, eskema haren arabera, Ganborraldeko Poligono Industrialari PI-ARA izendapena zegokion eta, jakina, gordin samarra iruditu zitzaien aditu hispano-norvegiarrei, Aramaion lurra hartzeko unean, bertako zerbait handi izan behar zuenari txerri-talde edo urdalde deitzen hastea.
Denborarik galdu gabe, konpainiako komunikazio-batzordekide argienek berehala ekin zioten anagrama berriak zirriborratzeari, esanguratsuenak izan zitezkeen hizkien ordena-eta aldatuz.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Zaila zuten bataiorako asmazio-lana, ordea! Poligonoak barne-hartzen zituen udalerri biak –Aramaio eta Eskoriatza– izendatu nahi bazituzten, bederen.
Aukera desberdinekin jokatu ondoren, esanahiaren inguruko arazoak zirela eta, berehala baztertu omen zituzten haietako batzuk. Hala nola: PIARAES (PI-ARAmaio-ESkoriatza), berriz ere esplizituegia zelako; PIESKARA (PI-ESK-ARA), era antropomorfikoan zein ezkorregi interpreta zitekeelako; PESKARA, kontraesankorra zelako inguruan idortuta geratuko ziren iturburu eta latsak medio…
∞∞∞∞∞∞∞∞
Izena PI-z hasi beharrean, beraz, I-z bakarrik hastea erabaki zuten adituek. Alabaina, Orotariko Hiztegia arakatu ondoren, I-ESK-ARA, ihes egitearekin edota herabeti kontzeptuarekin lotu zitekeelako, eta I-ARA-ES, ahoskatzeko zailegia zelako, ezabatuta utzi zituzten aukera biak.
Hori bai, jenio haietakoren bati –eoliko offshore-etan aritua, ziurrenik– itsasoaren irudi baregarria eta xarmanta asma zezaketela iruditu zitzaion Aramaioko basoa izendatzeko. Horretarako, hasierako ARA mantendu behar zela proposatu zuen, Eskoriatza izenaren amaierako tza silaba ts bilakatu eta, amaieran z bat erantsi. Hara non, bada, behar zuten neotoponimoa azkenean erditurik: mendiko poligonoa I-TSA-ARA-Z > ITSARAZ izendatuko zuten. Leku-izen zinez zoragarria bezain hutsala eta eduki gabea.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Mihi gaiztoek diotenez, bikingo berriek, ordurako intelektualki zeharo akiturik, ez zuten euskarazko hiztegietan begiratu ere egin, eta berehalakoan barreiatu zuten ITSARAZ izena munduan barrena, ohartu ere gabe zer esan nahi duen (H)ITSARAZ, (H)ITSARAZI aditzak euskaraz.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Argi da: Statkraft ahalguztidunari ahaztu egin zaio, nonbait, azken hirurogeita hiru urteotan Nazio Batuen Erakundeak berak abian duela ingelesez UNGEGN deritzon taldea (Izen Geografikoetan Aditu direnen Nazio Batuen Taldea).
Eta zertarako? Bada, tokian tokiko toponimoak normaltzeko, hedatzeko eta erabilarazteko. Horietxek ditu xede nagusiak.
Baina, esan bezala, Statkraftek ez du horren berri izan nahi.
Bejondeiela!