Arabako ekonomia guztia abeltzaintzan eta nekazaritzan oinarrituta egotean, bertako Aldundiak haiexek sustatzen segitzeko politikari ekin zion krisiari aurre egin ahal izateko. Ez kasualitatez, bada, hasi ziren alor haietako erakusketa-lehiaketak han eta hemen antolatzen, besteak beste, Gasteizen bertan 1911ko irailaren 7an eta 14an.
Hiru hilabete lehenago, halere, Aramaiori egokitu zitzaion abere-lehiaketaz gozatzea. Azken Karlistaldiaren aurretik ez zen Arabako Aldundiko arduradunik bertaratzen eta, nonbait, nahitaezko jo zuten arabar agintariek gerran karlista izandako lurralde hauetara albait lasterren etortzea.
1911ko ekainaren 11n, beraz, jai handia antolatu zen Aramaion. Duela 112 urte, hain zuzen.
GOIZEZ
Igandea zen eta, orduko egunkariek jaso zutenez, goizeko sei eta erdietan abiatu ziren Gasteiztik kotxe batean Arabako Aldundiko lehendakaria zen Federico Baraibar, Gabriel Martínez de Aragón Sustapenerako errege-komisarioa (1931n Errepublika espainoleko Fiskal Nagusia izatera iritsiko zen berbera), Arabako Nekazari-Sindikatuko lehendakaria zen Tomas Salazar eta Benito Guinea diputatua.
Bi kotxe handitan abiatu ziren, bestalde, Jauregi, Atauri eta Etxabe-Sustateta diputatuak, Zumarraga idazkaria, Guinea interbentorea, Suso letratua, Matauko miñoiburua, miñoiak, laguntzaileak eta beste.
Atzetik, orduko egunkariek ziotenez, hainbat eta hainbat txirrindulari izan zituzten lagun errepide konpondu berriaz gozatzen.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Hiru ordu luze behar izan zituzten Aramaiora iristeko.
Bezperan ikaragarrizko euri-zaparrada izan bazen ere, eguraldia hobetzeko itxaropena ez zen itzali eta bisitariak musika, suziri eta kanpai-soinuen artean sartu ziren herrian.
Remigio Garro alkatea, Pablo Lasaga alkateordea, Lorenzo Eriz, Ziriako Pujana, Marin Etxebarria, Domingo Hormaetxea eta Jose Luis Uribarren zinegotziak, Simon Landa idazkaria eta Ladislao Gorostiza udaltzaina izan ziren Santana baselizaren inguruan harrera ofiziala egin zieten aramaioarrak. Ondoren, udaletxerainoko ibilaldia egin zuten herrian barrena.
Nikasio Uribarren sindikoa izan zen segizio-buru, eskuetan herriko bandera zeramala. Ikurrak Jesusen Bihotz Sakratua eta ohiko “Reinaré en España” leloa zeuzkan brodatuta.
Ordurako, erantsi beharrik ez dago, behin Aramaiora etortzean Suitza ikusi omen zuen errege kirten haren erresumako banderez eta girlandez hornituta zeuden herriko etxeak eta kaleak.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Bidaian erabilitako arropak aldatu eta gero, bisitariek Xerez ardoa eta pastak izan zituzten udaletxean indarrak berpizteko.
Jarraian, prozesioa “al estilo foral” San Martin-en irudiarekin elizaraino, herriko apaizak buru.
Rafael Eriz (parrokiako koadjutorea), Leontzio Uribarren (Untzillako ekonomoa) eta Felix Altube abadeek bideratu zuten meza nagusia. Gantzagako abade ekonomoa zen Eustakio Agirre Urretari egokitu zitzaion sermoia garatzea. Euskara hutsez aritu zen, hasieran bertan garbi utzita entzule izango zituen agintari gehienek euskaraz ez jakiteak sorrarazten zion nahigabea eta tristura. Orduko albisteen diotenez, ahobatezkoa izan zen predikua entzun zuten euskaldun guztien oniritzia.
Bizente Goikoetxearen Meza kantatu zen Arrasateko Benigno Altube dultzaina-jotzailearen zuzendaritzapean, abesbatza honako hauek osatu zutelarik: German Arenaza, Migel San Pedro, Jose Salaberri, Mario Irure, Bizente Barrutia, Kruz Aginagalde, Nemesio Ozio, Frantzisko Imaz, Bernardino Muñoa eta Pedro Maria Elgoibar. Roke Amilburuk jo zuen organoa.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Meza bukatutakoan, segizioan hurbildu ziren herriko plazara, betiere Arrasateko gaiteroen musika-laguntzarekin.
Bertan zeuden, besteren artean, lehiaketan epaile gisa arituko ziren gasteiztarrak eta Nekazaritza Eskolako zuzendari Bitoriano Odriozola, eta baita ere Antonio Ortueta eta Atanasio Untzueta albaitari aramaioarrak abere-lehiaketa ordenatzen, ikaragarri handia izan baitzen aurkeztutakoen kopurua.
Abereak atal desberdinetan banatuta zeudenez, bederatzi eta erdietan puntuan hasi zen epaileen ikuskatze ofiziala eta saridunen izenak erabakitzeko lana. Jakinarazpenak eta sari-banaketa, ordea, bazkalondorako utzi ziren.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ordu batean abiatu ziren agintariak bazkaltzera.
Jantokia udaletxeko areto nagusian atondu zen, mahaiak erdian jarrita. Bazkaria, Udalak ordainduta, Ildefontso Imaz-en ostatuari enkargatu zitzaion. Jantoki-buru Rosario Imaz izan zen eta zerbitzari-lanetan Maria Maskariano, Raimunda Beitia eta Feliziana eta Felipa Iriondo aritu ziren.
Prestatutako menua, esan beharrik ez da, goi mailakoa izan zen:
- Zizka-mizkak (gurina, olibak, saltxitxoia, Panplona txorizoa eta mihia eskarlata eran)
- Kontsomea italiar eran
- Askotariko frijitukiak
- Menestra
- Zainzuriak maionesarekin
- Legatza olio-ozpin saltsan
- Azpizuna tartariar eran
- Urdaiazpiko goxoa
- Azkenburukoak: izozkia, tarta, frutak, gazta
- Kafea
- Puro habanoak, Caruncho markakoak
- Ardoak: Bodegas Bilbainas
- Xerez ardoa: Fuentez Parrilla
- Likoreak: anisa (Marie Brizard), koñaka (Domecq), belar-likorea (Chartreuse)
∞∞∞∞∞∞∞∞
Bitartean, Aramaioko eliza nagusian berrogeita hamar urte zeramatzan Bernabe Gortazar parroko aramaioarrak bezperan urtebetetzea izan zuela eta, beste bazkari handi bat izan zuten, politikariengatik aldenduta, herriko handikiek (apaizak, Zatarain sendagilea, etab.).
Ezin jakin daiteke, tamalez, noraino zegoen lotuta bazkari paralelo haren antolamendua elizako predikuan azaldu ziren hizkuntza, ideologia eta mezuekin. Izan ere, euskara hutsezko sermoi hura Leon XIII. elizburuak 1885ean kaleratutako Inmortale Dei entziklikan oinarrituta zegoen eta, Estatuaren eta Elizaren artean egon behar omen lukeen lotura estuaz aritzean, Espainian erlijioari egiten zitzaizkion erasoez kexatu zen predikaria, zeharka bazen ere, liberalismoa eta gobernu liberalak kritikatuz.
ARRATSALDEZ
Bazkalostean, Aldundiko buruak hitza hartu zuen. Federiko Baraibarren orduko hura izan omen zen Arabako historian presidente batek euskaraz egiten zuen lehen hitzaldia.
Dena den, aitortu behar da eskertze hutsa besterik ez zela izan euskaraz egin zuena. Honatx erdarazko hitzaldia amaitzeko erantsi zuen ataltxoa:
Quisiera haber dicho todo esto y más en la lengua euskera que aquí se habla. Admiro y venero ese idioma multicentenario; halaga mis oídos el ritmo, la música de su fonética cuya influencia sobre el fonetismo castellano es para mí evidente, y me pasmo ante su verbo maravilloso y en el cual, como dice Campión, aletea la oda. Conozco algo gramaticalmente el euskera pero no sé manejarlo. Con todo, haciendo un esfuerzo, y rindiendo homenaje al habla del país he condensado mi sentimiento en breves frases. Oídlas con benevolencia y trasmitirlas a vuestros convecinos.
Aramayotarr maiteak. Arabako Diputaziñoaren izenean, gure izkuntza zarr-zarrean agurtzen zaituet, eta egin doskuzuen abegi maitekorragatik eskarrak emoten adutzuedaz. Gure asaben izkuntza egiten dozuben bezela, aberriyaren batasunaren kaltezkoa ez dan ezkero, asaben ekandu zarrak iraunerazo egizubez. Zintsubak eta languilleak izan zaitezte, zeuen lurrok landu egizubez; aberiak, be obetu, beyak eta beorrak batezbe, ta Jainkoak eman begizuez osasuna, poza, aberastasuna ta pakea. Aramayonan, 1911ko Bagillaren 11.an. Diputaziñoaren Nagusia. Federico Baráibar.
Bada, baiki, handik bost urtera Baraibarrek Aramaion Bizente Goikoetxea musikariaren heriotzaren ondoko omenaldian (1916) egin zuen hitzaldia ere nabarmendu duenik. Alabaina, harrigarriro, diskurtso hartan hitz bat bera ere ez zuen euskaraz egin.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Jarraian, agintariak eta epaimahaikideak udaletxearen aurrean jarritako kioskoaren gainean zeudela, sari-banaketari ekin zitzaion. Txalo-zaparrada itzelak entzun ziren abere sariztatuak plaza erdian ikusi eta jabeei diru-sariak eta diplomak banatu zizkieten bitartean.
Honako zerrenda honetan ikusten den bezala, askotxo izan ziren sariztatuak:
LEHEN ATALA
Zekorrak (bertako arrazakoak eta bat edo bi urtekoak; aurkeztutakoak: 8)
- Eusebio Urizar (Ibarra): 80 pzta.
- Jose Ormaetxea (Gantzaga): 40 pzta.
- Emeterio Arana (Ibarra): 15 pzta.
Zezenak (bertako arrazakoak eta bi urtetik aurrerakoak; aurkeztuak: 4)
- Jose Nikolas Irasuegi (Ibarra): 100 pzta.
- Antonio Axpe (Azkoaga): 75 pzta.
- Gregorio Zilaurren (Untzilla): 50 pzta.
- Juana Kortabarria (Ibarra): 25 pzta.
Ardi-abereak (sei ardiz eta ahari batez osatutako taldeak; aurkeztuak: 8)
- Antonio Mentxaka (Uribarri): 50 pzta.
- Saturnino Etxebarria (Ibarra): 30 pzta.
- Hermenegildo Arexola (Azkoaga): 20 pzta.
BIGARREN ATALA
Bigantxak (bertako arrazakoak, bat eta hiru urte bitartekoak; aurkeztuak: 20)
- Kalixto Etxebarria (Barajuen): 70 pzta.
- Simon Mondragon (Uribarri): 40 pzta.
- Kalixto Elortza (Azkoaga): 25 pzta.
- Zelestina Ibabe (Uribarri): 20 pzta.
Behiak (bertako arrazakoak, hiru urtetik aurrerakoak; aurkeztutakoak: 25)
- Eusebio Ibabe Kortabarria (Uribarri): 80 pzta.
- Frantzisko Garaizabal (Barajuen): 60 pzta.
- Joakin Irasuegi (Ibarra): 40 pzta.
HIRUGARREN ATALA
Moxalak eta behokak (bertako arrazakoak eta bat edo bi urtekoak; aurkeztuak: 7)
- Mariano Maturana (Arroiabe): 50 pzta.
- (Bigarren saria –25 pzta.–: hutsik)
Hazitarako zaldiak (bertako arrazakoak, hiru urte baino gehiagokoak; aurkeztuak: 4)
- Maximino Arana (Jungitu): 80 pzta.
- Inazio Azurmendi (Landa): 50 pzta.
Hazkuntzarako behorrak (bertako arrazakoak, ernalaraziak edo kumedunak; aurkeztuak: 6)
- (Lehen saria –70 pzta.–: hutsik)
- Domingo Olarte (Arriaga – Gasteiz): 40 pzta.
Atal honetako sariek guztiz agerian utzi zuten garai hartan ez zegoela zaldirik edo taxuzko behorrik Aramaio guztian.
LAUGARREN ATALA
Idi pareak (edozein arrazatakoak, hiru eta zazpi urte bitartekoak; aurkeztuak: 8)
- Raimundo Goikoetxea (Ibarra): 70 pzta.
- Esteban Bengoa (Arexola): 30 pzta.
Idi pareak (bertako arrazakoak, hiru eta zazpi urte bitartekoak; aurkeztuak: 4)
- Kalixto Etxebarria (Barajuen): 60 pzta.
- Fermin Gorostiza (Barajuen): 30 pzta.
Azienda nahastekatua (zezenak eta behiak; aurkeztuak: 9)
- Jose Lopez de Bergara (Ibarra): 40 pzta.
- Kaietano Bengoa (Arexola): 20 pzta.
- Juana Kortabarria (Ibarra): 15 pzta.
- Lorentzo Eriz (Barajuen): 15 pzta.
- Domingo Etxebarria (Ibarra): 15 pzta.
Banatutako diplomek, ohi bezala, erdara hutsean zabaldu zituzten lehiaketaren mezu nagusiak euskaldun elebakar huts ziren baserritar haien artean: “Asociaos y haréis maravillas”, “La mejora del ganado depende de su alimentación”, “La selección es la base de vuestra riqueza”.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Arratsaldeko bostak eta erdiak iritsita, Gasteizerako bidea hartu zuten bisitariek, oraingoan Gipuzkoa alderantz abiatuta, hau da, Arrasate zeharkatuz eta Gatzagako mendatetik barrena.
Lehenago, halere, aurreskua dantzatu zieten aramaioarrek ohorezko agur gisara. Txistularia Roke Amilburu izan zen. Dantzari nagusiak bikote bi: aurreskua dantzatu zutenak Krisanto Etxebarria eta Maria Zubizarreta eta atzeskuari heldu ziotenak Jose Salaberri eta Kattalina Urzelai.
Bikaina izan omen zen dantzaldia. Gainera, bada dioenik, eta badirudi egia dioela, atzeskua dantzatu zuen bikoteak orduan eman ziola ofizialtasuna familia osatzeko ezinbestekoa zen ezkongaialdiari. Belamenditar honek ziurta dezakeen gauza bakarra da aitteitte eta amama izan zituela bi-biak. Tamalez, aitteitte Jose ezagutzeko aukerarik ez zitzaion egokitu, bera jaio baino hamabost bat urte lehenago hil baitzen 1936ko gerratik bueltan, amama Kattalin alargun eta bederatzi seme-alaba umezurtz utzita.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Tamainako egunari behar bezalako amaiera emateko, leku gutxitan ikusia zuten ekitaldi berezia antolatu ei zen ilunkeran herrian: zinematografo-saio bat.
Lumière anaiek hamabost urte lehenago asmatua, zinematografoaren esperientzia zirraragarria gertatu bide zen aramaioarrentzat eta herriko ostatuetan geratuak ziren kanpotarrentzat.
Bi sarrera-mota egon omen zen (sarrera osoa, erreal baten truke, eta sarrera erdia, hamar zentimo) eta honako hauek izan ziren gaztelaniaz proiektatutako filmen izenburuak: Max boxeolaria, Zezenketa, Toribiok jauzika ibili nahi du eta Albako dukea.
Beste behin ere, teknologia, ideologia patriotikoa eta hizkuntza hegemonikoa nagusi eta progresoaren eredu…, non eta, bere kulturari eta hizkuntzari atxikirik segitzeko gero eta zailtasun gehiago zeukan arabar herri euskaldun bakarrean.