1868 garrantzizko urtea izan zen Aramaion. Besteren artean, bertako udaletxearen eraberritze-lanak bukatu zirelako (kontzejupeko harlauza batek zenbaki handiz zizelkatua du data) eta, harekin batera, teilatu gaineko erloju ordu-emaile algaratsua ere jarri zelako. Jakina denez, handik aurrera arautuago geratu zen aramaioarren bizimodua, ordu osoak ez ezik, erdiak ere jotzen baitzituen, kanpaikada bat lehenengo eta, etena eginez, orduari zegokion kanpaikada-kopurua handik segundo batzuetara.
Baina izan zen nabarmentzeko beste gertakaririk ere herrian.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Une hartan, eta zegoen tokian egonik, aski garatua zen Aramaio, eta bada horren berri ematen duen albisterik.
Bainuetxeko mediku arduraduna zen Lorenzo Cordido Garzak urte hartako urrian Oroitidazki edo Memorian idatzita utzi zuenez, 422 auzoko –ez biztanle– ziren udalerrian, honela banatuta: Ibarra edo kalea: 180 auzoko, 163 etxetan banatuak; Oleta: 82; Azkoaga: 41; Untzila: 32; Uribarri: 28; Barajuen: 20; Etxaguen: 16; 12 Gantzaga: 12; Arexola: 11.
Batez beste, auzoko bakoitzeko lau bat biztanle kalkulatuz gero, 1.600 biztanletik gora zituen Aramaiok une haietan. Albisteek diotenez, biztanle gehienak euskaldun elebakarrak.
Ibarrak, antza, galtzadarriz estaliak zituen ordurako kaleak; zerbitzuak ere ugari zituen: udaletxea, ospitalea, neska eta mutikoentzako eskola bana, bainuetxea, eliza, hiru ermita, medikua, zirujaua (bizargina ere izaten zena), botikaria (eta botika), albaitaria, burdineria-sutegia, zaldi-burdindegia (denda), kasinoa, irina egiteko bolu edo errota bi, harategia, dendak… Eta osagarri gisara, bi txistulari eta “haraneko mutikoen orkestra adoretsua”.
Aipatu medikuaren esanetan, bestalde, sanoak eta kalitate handikoak ziren Aramaion jaten ziren elikagaiak: behi-okela, txahala, aharia, txerria, ehiza, etxeko hegaztiak, gazta, garia, artoa, gaztainak, lekariak, barazkiak, frutak…, eta ia guztiak bertakoak. Ez zitzaion, beraz, harritzekoa iruditu sendagileari orduko aramaioarren bizitza-iraupena 80-90 urte bitartekoa izatea.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ez zirudien kanpoko jendea erakartzen hasteko arrazoi gehiago behar zirenik.
Beraz, horrek guztiak eta Gasteizko errepide berriak aski lagundu zuten Arabako Batzar Nagusiek Aramaio hauta zezaten biltzeko. Arrazoi politiko-administratiboez gainera, esan nahi baita.
Anekdoten ikuspuntutik ere bitxia suertatu zen ekitaldia, urte hartako irailean bertan “Behera Borboiak!” aldarrikatuko zuen Iraultza Loriotsuaren aurretik burututako azken Batzar Nagusiak izan baitziren Aramaiokoak.
Ezaguna denez, Donostian harrapatu zuen Iraultza hark Isabel II.a erregina espainola uda-garaiaz gozatzen eta, beste ihesbiderik ez zuela, Iparralderako trena hartzera jo zuen presaka eta beldurrez, paradoxikoki hainbat karlista zituela lagun, gidari eta berme.
Gogoan izatekoa da 1868ko irail hartan irekiko zen aro politiko berri eta itxaropentsu hura izango zela 1876ko uztailaren 21ean, bigarren Karlistaldiaren amaieran, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foruak zeharo deuseztatuko zituena.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Duela 155 urte, 1868ko maiatzaren 4tik 7ra bitartean burutu ziren Batzar Nagusiak Aramaion.
Hartara, zabaldu egin ziren herrian normalean ekainaren 15era arte itxita egon ohi ziren bainuetxeko zerbitzuak, ostatuak (Bizente Goikoetxea musikariaren aitarena barne), etxe partikularretako gelak eta bestelakoak… herriaz “jabetu” ziren hirurogeita hamarretik gora agintari, parlamentari, prokuradore, idazkari, militar eta miñoiri egoitza eskaini ahal izateko.
Udarokoa baino askoz intentsitate sozioekonomiko handiagoko mugimendua izan zen lau egun haietakoa. Udalak 10.000 errealetan kalkulatu zituen xahupenak eta halaxe jakinarazi zien Batzar Nagusiei konpentsazio ekonomikoa eskatzeko orduan.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ez zen hain onuragarria suertatu, zoritxarrez, Batzar Nagusi haiek biztanleen eguneroko harreman-hizkuntzan izan zuten inpaktua. Gaztelania izan zen aramaioarrek eurrez entzun eta etorritakoekin erabili behar izan zuten mintzaira.
Beste behin ere, hizkuntza hegemoniko arrotzean burututako jarduera soziopolitikoek tokiko hizkuntza gutxituen egoeran eta prestigioan izaten duten eragin lausoaren adibide argia, hortaz, Arabako Batzar Nagusi haiena.
Izan ere, lehen begiratuan kaltegarri ez dirudien eragin horrek ondorio gaitzak izan ohi ditu epe laburrean, egoera zeharo desorekatu horietan aski arrunta baita hizkuntza gutxituko hiztunak bere burua erdeinatua eta gutxietsia atzematea. Errudun-konplexua nabaritzen hastea hurrengo urratsa besterik ez da izaten.
Horiexek, bada, norberak berehalakoan suma ditzakeen aurreneko efektu praktikoak. Erdeinuzko egoera hartara kondenatu uste duen hizkuntza propioaren pixkanakako bazterketa eta mintzaira nagusian murgilduta egoteko irrika, ondokoak. Hizkuntza propioa abandonatzea eta kultura eta hizkuntza hegemonikoek asimilatua izatea, azkenengo eta behin betiko efektuak.
Baina hori guztia periferiako herri bateko jende xumearen arazoa zen eta urruti, oso urruti, geratzen zitzaien 1868ko Batzar Nagusietako partaideei beren ostertz politiko eta ideologikotik.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ia mende oso bat beranduagora arte ez ziren berriro Arabako Batzar Nagusiak Aramaion bildu. Dena den, hori beste kontu bat da.