Aramaioko Poligono Industrial Eolikoa: finantziazioaz eta energiaren salerosketaz

Statkraft bezalako energia-ekoizleek aukera desberdinak izan ohi dituzte energia saltzeko: beren burua enpresa komertzializatzaile ere bilakatzea, ekoiztutako energia maioristen merkatuan zuzenean saltzea edo, azkenik, energia-erosle den enpresa batekin PPA (Power Purchase Agreement) izeneko kontratu bat sinatzea epe luze batean energiaren salerosketa aurretiaz finkatutako prezio batean burutzeko. 

Energia berriztagarrien proiektuetan ohikoa izan da azken formula horretaz baliatzea, batik bat PPA finantzarioa deritzonaz, berau baita enpresa komertzializatzaileentzat erakargarriena eta energia-ekoizlearentzat proiektuaren finantziazioa (banku komertzial batekin burutzen denetan) ahalbidetzeko diru-iturri seguruena. 

Kontratu horren bidez, merkatuan dauden prezioak baino merkeago jabetzen da eroslea ekoiztutako energiaren eskubideez eta bere sare elektriko propioa baliatzen du garraio- eta banaketa-sare nagusira iristeko.

Bada beste PPA mota bat, fisikoa deitu ohi dena, zeinaren bitartez energia zuzen eta sare elektriko orokorretik igaro gabe iristen baitzaio kontsumitzaileari, hartarako banaketa-sare propioa izan behar badu ere. Horrek, noski, ekoiztutako energia xahutzeko ahalmena izatea eskatzen du, ez bailitzateke sare elektriko nagusira bideratzeko aukerarik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Horietatik aparte, berriztagarrien proiektuen finantziaziorako formula berriak saiatzen ari dira azken urteotan, banku komertzialekin sinatu ohi diren Project Finance izenekoetatik aldenduz.

Hemen azaltzeko lerro askotxo eskatuko lituzketen bestelako formula klasikoak alboratuta (akzioen jaulkipenak burtsan, obligazioenak, etab.), hona bi hitzetan zein diren aukera berri horiek: pentsio-funtsak, zor-funtsak eta crowdfounding izenekoa.

– Pentsio-funtsak aspaldidanik ari dira inbertsioak bideratzen energia berriztagarrietarantz. Esate baterako, urteak daramatzate Danimarkako lau pentsio-funtsek DONG Energyrekin elkartuta, besteak beste, 263 MWeko Gode Wind 2 izeneko itsas proiektu eoliko alemaniarrean %50eko partaidetza izanik. Berdintsu jokatzen ari dira munduko beste pentsio-funts handienak ere: Kanadako Sektore Publikoko Pentsioen Funtsa (PSP Investments), Californiako Irakasleen Pentsio-Funtsa (CALSTRS), etab.

– Zor-funtsak edo direct lending sistema, bestalde, finantziazio-tresna alternatiboa da eta enpresa-proiektuei maileguak luzatzea du xede. Diru-ezarle pribatuak ohi dira eta, oro har bankuetako interesak baino altuagoak ezartzen dituzten arren, epe luzeagoak eskaintzen dituzte, amortizaziorako era malguagoekin jokatuz.

Crowdfounding hitza proiektu txikietarako sortutako ekimen kooperatiboak izendatzeko erabili zen hasieran. Jendearen parte-hartzearen bidezko finantziazioa da funtsean, hots, dohaintza edota epe baten amaieran itzuli egiten den diru-kopuru desberdinekin osatutako finantziazio-sistema. Kontua da formula hori maila handiagoetara ere eramaten hasi dela. Gaur egun ez zaio inori ezezagun egiten, adibidez, Wavepiston konpainia daniarrak itsas olatuen bidezko energia lortzeko teknologiaren finantziaziorako abian jarri duen crowdfounding kanpaina parea. Duela bi urte bildu zituen 2,4 milioi euroei 6 milioi gehiago etorri zaizkio Europako funtsetatik eta orain berriro lortu ditu beste 1,82 milioi, ia mila partaide edo diru-ekarleren bitartez. Ez dirudi, halere, crowdfounding hutsak poligono eolikoak bezalako makroproiektuetarako aurreikusi daitekeen formula direnik. Beste gauza bat da horrekin batera akziotan inbertitzeko aukera irekitzen denean. Alabaina, gogoratu behar da, horrelakoetan, proiektu-sustatzaileek crowdfoundingaren bidea eskaintzeko izan ohi duten interesik handiena, inguruko jendearen aldetik lor dezaketen proiektuarekiko atxikimenduan datzala:

“De plus en plus, l’une des solutions développées par les professionnels de l’éolien pour innover dans la relation avec les riverains et les élus locaux consiste dans le financement participatif des parcs éoliens. En effet, le financement participatif permet d’associer les riverains à un projet de parc éolien et de les rendre propriétaires d’une partie ou de l’intégralité d’un parc éolien”.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Eta gatozen orain gurera.

Inork ezer ez badaki ere (gardentasun-politikaren efektua, nonbait), uste izatekoa da norvegiarrek pentsio-funtsak (Government Pension Fund Global) baliatuko dituztela Aramaioko Parke Eolikoaren finantziaziorako, zeren eta haiek berek argitzen dutenez

“The fund invests in renewable energy infrastructure projects to improve the overall diversification. Up to 2 percent of the fund can be invested in unlisted infrastructure for renewable energy“.

Eta dagoeneko Estatu espainolean ere hitzartua dute inbertsioa lehorreko eolikoetan (onshore):

In January 2023, we signed an agreement to acquire a 49 percent interest in a portfolio of solar plants and onshore wind farms located in Spain. The portfolio comprises seven solar plant projects and five onshore wind projects, with an expected installed capacity of 1,265 MW. The seller of the 49 percent interest was Iberdrola. Iberdrola will remain co-owner and operator of the portfolio“.

Europako funtsetatik iritsiko zaizkien itzuli beharreko ez diren diru-laguntza eskergak ahaztu gabe ere, pentsio-funts subiranoaren bidezko finantzazio-mota horrek banka komertzialaren kateetatik arras aske izatea dakarkie –eta ekarriko die– ondoriotzat.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hemen inguruan inortxok ere ez bide daki era ziurrean zer-nolakoa izango den Statkraftek Iberdrolarekin (aurre?-)adostu duen akordioa, baina aurpegi legal desberdinik har dezakeen kromo-trukaketa gisakoa izan liteke erraz asko. Esate baterako, Polonian Statkraftekin sinatu berri duen PPA delakoaren bitartez, Iberdrolak ekoitzi eta saldu egingo dio konpainia norvegiarrari “Korytnica II” parke eolikoan ekoiztutako energia guztia (50,4 MW). 

Susmatzekoa da, hortaz, EAEn ere Power Purchase Agreement berdintsuan oinarritua izango dela konpainia bien arteko kontratua, hau da, Polonian egindakoa alderantzizkatuta, salerosketa-agenteak trukatu eta funtsean Statkraftek energia ekoitzi eta Iberdrolak erosi eta komertzializatu.

Ezin jakin daiteke, haatik, nola baliatu ahal izango duen prozesu horretan Statkraftek hain argia eta zorrotza omen duen kode etikoa, zer-nolako mirakuluak egin beharko dituen energiaren prezioa Iberdrolak baino merkeago jartzeko, ez eta nola bideratuko duen energia merke hori Poligono Industrial Eolikoa jasan beharko duten herri eta biztanleen artean ere. Berdin EAEn zein Polonian.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Handik eta hemendik sortutako espektatiba hutsalak gorabehera (ikus, adibidez, Aritz Otxandiano Fagor taldeko iraunkortasun arduradunaren adierazpenak: “horrelako egitasmo batek aukera eskaintzen die parke horien kokaleku izango diren lurraldeetako eragileek zuzenean jabetzan eta kudeaketan parte hartzeko eta, beraz, prezio justuan sortuko den energiaren onuradun zuzenak izateko”), nekez izan lezake Statkraftek inguruko industriagune, herri eta komunitateekin PPA fisikorik sinatzeko tarterik, ekoiztutako energia zuzenean banatzean, kostu propioak areagotu eta tarta-zati handi samarra kenduko bailioke Iberdrola adiskideari. 

Egia ere da KREAN GROUPen bidez (“son verdaderamente nuestros ojos y nuestras manos sobre el terreno”, Iberiar Penintsulan Statkrafteko zuzendari nagusia den Jose Miguel Ferrer-en hitzetan), Mondragon Taldeak inbertsio- eta ustiatze-akordio desberdinak izan ditzakeela jadanik karteran. 

Paradoxa da, ordea, Ferrer delakoak balizko energia-poligonoaren garapenean inbertitzeko eskaintza egin ziela inguruan dauden enpresei eta bertako energia-komunitateei, baina, ozenki behintzat, ezer zehaztu gabe. Alegia, lehendabizikoei, zernahi ere den irudi hori, “desde una figura de inversor más clásico” egitekoa. Eta energia-komunitateei… crowdfounding gisako formularen bat baliatuz agian?

Geroak esan beharko!

Kategoria: Aerosorgailuak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude