Aramaioko bainuetxea: aldaketen lekuko eta eragile

Bainuetxea lehen planoan. 1950eko hamarkadako argazkia (ATHA-DAF-GUE-1616)

Bainuetxe guztiak bezala, Aramaiokoa ere garai baten lekukoa izan zen, lekuko ustez mutua eta, tamalez, aspaldi desagertua. Itxurak itxura, halere, Aramaioko bainuetxeak ez du preziorik solaskide modura, ez baitaki isilik geratzen mingainetik tiratuz gero. 

Ildo horretan, Aramaiok mende eskas batean bizi izan zuen bilakaeraren lekuko aparta suertatzeaz gain, bertako bizimoduaren eraldatze-faktore garrantzitsua ere izan zela erakusten du. Lekuko aparta, bada, eta, onerako zein txarrerako, aldaketaren eragilea ere bai nolabait.

∞∞∞∞∞∞∞∞

1827an ireki zuen Antonio Madina jabeak estreinakoz Aramaioko bainuetxea, ur sulfuroso medizinala zerion iturburua, inguruetako marmolean landutako zortzi bainuontzi eta ezer gutxi gehiago zuela. Gaur egungo Bainera Parkean kokatua, oraingo haur-jolasen espazio-zati bat besterik ez zuen hartzen eraikinak.

Jarduera etenda utzi zuen karlista eta liberalen guda tarteko (1833-1840), hala-holako negozio hartan hainbat urtez aritu eta gero ohartarazi zitzaion jabeari bainuetxeak etorkizun iluna zuela, batere erakargarritasunik ez izateaz aparte, ez baitzuen osasun-baldintza onik eta ez erosotasunik eskaintzen. 

Bertarako kontratatua zuten medikuaren aholkua aintzat harturik, eraikuntzaren eraberritzeari ekin zitzaion jarraian. Aurpegi eta zerbitzu berriekin, bada, bainuetxe egoki eta moderno baten ospea hartu zuen 1865az geroztik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ofizialki ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean egon ohi zen zabalik bainuetxea, nahiz eta ez zen falta lehenago etorri eta beranduago alde egiten zuen bainuzalerik ere. Egonaldiak eta tratamenduak mota guztietakoak eta nahierakoak izan zitezkeen, hau da, bezeroen apeten edota premien araberakoak, berdin gau batekoak zein hiru hilabete osokoak. Adibiderako, Ramon Salazar Mazarredo militar eta politikari ohiak 96 egun egin zituen 1888an, lehen klaseko egoitzan (guztira 2.304 erreal ordainduta); Bonifazio Aranko, berriz, (“el de pulverizaciones” zeritzoten kontu-liburuan) inhalazio-tratamendua jasotzera baino ez zen azaltzen: 91 egun eta erdi 1887an eta berdin 1888an (366 erreal urteko). Ohikoena, halaz ere, zortzi-hamalau egun egitea izaten zen bainuen onuraz baliatzeko.

Udan zehar bertaratzen zen bainuzale-kopurua, bestalde, irregular samarra ohi zen, eta urte kaxkarretan ehun baino askoz gutxiago izatetik erraz iritsi zitezkeen sasoi hoberenetan 150 bezero inguru izatera. 

Kopuruak gorabehera, Aramaiok garbi asko atzematen zuen udaroko jende-ugalketa bere kale eta bideetan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Horrek guztiak, jakina, herritarren bizimodua ere ukitzen zuen modu batez edo bestez: aramaioarrak izaten ziren bainuetxean lan egiteko kontratatzen zirenak, etxe partikular batzuk egokitu egin ziren ekonomia eskasagoko bainulariak apopilo hartzeko, jaki eta edarien hornitzaileek (harakin, dendari, etab.) areagotu behar izaten zituzten beren ahaleginak kanpotarren beharrei ere aurre egiteko… Laster hasi ziren, gainera, edonork erabil zitzakeen zalgurdien bidezko garraio-zerbitzuak  –omnibus deiturikoak– antolatzen, bai Aramaiotik Zumarragara eta bai, egunero, Gasteizera,tren-geltokietaraino. Berdin batera zein bestera abiatu, hiru bat ordu behar izaten zen 28na kilometroko ibilbideak egiteko. Gasteizko bidaian 20 erreal ordaintzen zen eserlekua; zertxobait merkeago Zumarragakoan. Horiezaz gain, eta arratsalde-pasa edo, inguruko bainuetxeetaraino ere antolatzen ziren omnibusak.

Hein handi batean, herri guztia zen baitezpadakoa eta, aldi berean, bainuetxearen funtzionamendu onaren bermea. Ez zen harritzekoa, bada, hiru hilabete haietan jendea asaldatuta eta pozarren aurkitzea, bainuzaleak zirela eta.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Alaitasun eta pozaldien artean ez zen hodei beltzik ere falta, aramaioarren identitatearen zutabe nagusia ia oharkabean ahultze-bidean jarriko zuenik, hain zuzen. Izatez, guztien onurarako ziruditen abantaila ekonomiko haien ifrentzuan, nahitaez erabili beharreko beste hizkuntza bat zetorren itsatsita. Bestela esanda, bainuzaleak, maila altukoak nagusiki, erdaldun hutsak ziren gehienbat. Hori horrela, ez da zaila asmatzea nori egokitu zitzaion komunikatu ahal izateko ahaleginak egitea eta behartutako elebitasunaren aberastasunak dastatzea.

Ordukoak ditugu, hortaz, tradizioaren magalean bizi zen herri honen lehen hizkuntz lurrikarak eta “modernizazio”-dardarak. Ez ziren bakarrak izan, dena den. Bizimodu arruntera izua zabalduko zuten bestelako haize-zurrunbiloak ere ate-joka egon ziren mende guztian zehar. Besteak beste, izurrite latzak heldu ziren Aramaiora denbora gutxian: 1855ean gangeria edo kolera asiarra, adibidez, eta geroxeago, 1867an, hildako bi sorrarazi zituen baztanga edo nafarreria, azken hau Gasteiztik etorria. Guztiarekin ere, karlista eta liberalen arteko gerra odoltsuak eta haien ondorioak gertatu ziren Aramaion bortitzenak eta larrienak. Eta gatazka haietan ere protagonismo berezia erakutsi zuen herriko bainuetxeak.

Bainuetxea 1960. hamarkadan
Kategoria: Historia eta istorioak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude