Adore handiz ari ei da Tourra EAEn azken prestakuntzak burutzen.
Hori da behintzat komunikabideetan zabaltzen ari dena.
Hori eta, egia biribila aitortzeko, bolondres boluntariosoak erreklutatu nahian dabilela han eta hemen (milatik gora behar omen ditu hiru lurraldeotako bakoitzean), gainean dugun krisi ekonomikoa dela eta, delako Tour de France gizagaixoak ezin baitu xentimorik jarri hemengo laguntzaileek eta bertako Txirrindulari Federazioek egingo duten lan astuna ordaintzeko.
Baten batek uste zuen aberastasuna ekartzera zetorrela, baina beste behin ere, halabeharrez antza, aberatsak eskale.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Zalantzazkoa ere da nolako jarrerarekin etorriko den Tourra Euskal Herrira: frantximant huts gisara, erdara nahasi bezain bitxia baliatuz, euskaldunok trabatzeko moduko erdara desberdin dotoretan trebatua edo lurralde hauetako indigenen mintzakide adiskidetsu modura.
Uste izatekoa da hemengo agintariak hirugarren aukera horren alde ahaleginduko direna buru eta bihotz, frantximantak euskaldunon sudur-belarriak erakutsi ditzan behinik behin. Alabaina, ez da ziurra horrela jokatuko dutenik ez eta, horrelatsu jokatu arren, Tourrak jaramonik egingo dienik ere.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Beste kontu bat da, zeharo desberdina, zer ikusiko duen bertaratuko den frantsesak. Eta kezkak badu oinarririk, zeren eta arrisku handia baita, esate baterako, guk geure etxe eta kaleetan kementsu jarriko ditugun ikurrinak frantses lagunak ez ote dituen, gure naziotasunaren ezaugarri eta aldarrikapentzat jo beharrean, bere Historia garaipentsuaren gorazarre eta omenalditzat hartuko.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Guk, baiki, Sabin eta Luis Arana Goiri anaiek 1894an diseinatu zuten asmo, esanahi eta balioarekin ikusten dugu. Euskal Herriaren ikurtzat, alegia: oinarri gorriaren gaineko bi gurutzek osatua, diagonalak marrazten dituen gurutze berde bat eta haren gainean zuzen paratutako gurutze zuria daramatzana.
Egia da aldaketaren bat ere izan duela diseinuan, eta egungo neurriak, neurriak soilik, aski aldendu direla orduko hartatik. Itxura, halaz ere, berdina du eta espiritua, zer esanik ez, berbera.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Baina anekdotikoa badirudi ere, Ikurrinaren ikuste hutsak beste zerbait gogorarazi diezaioke lagun frantsesari eta batik bat, euskal kanta, oihu eta errebindikazioek sortuko duten girotik urruti eta egongelako chaiselongue-an etzanda, Tourra telebistaren bitartez ikusten arituko den zaleari.
Bai hark eta bai honek, esaterako, erraz asko ikus dezakete beren Historiaren gorazarrea, ez baitute eskolan alferrik ikasi XVII. mendearen amaieran valoniar jatorriko soldaduz osatutako errejimentu frantses batek ikurrina bezalako bandera bat, berdin-berdina, baliatu zuela mende erdiz.
Gure balizko frantsesa, hortaz, izen desberdinekin izendatutako errejimentu frantses hark –Régiment de Solre izena hartu zuen hasieran, Régiment de Beaufort gero, Régiment de La Vallière aurrerago–1688tik 1741era arte erabili zuen ikurra ikustearekin konforma liteke.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Nolanahi den, pertzepzio partikular horiek gorabehera, frantsesek, espainolek eta munduak oro har uztailean Euskal Herrian ikusiko duten errealitatea komunikabideek islatu eta bideratuko dutena izango da nagusiki. Interes desberdinek bideratua, esan nahi baita.
Euskaldunon eskuetan egon daiteke, beraz, eguneroko errealitatearen ikuspegia kamustuta edota faltsututa ez munduratzeko erantzukizunik gaitzena. Errealitate horren ikurtzat dugun Ikurrinaren benetako balioa erakusteko erantzukizuna bezalatsu.