Aramaioko Parke Eolikoa: lizentziak eta baimenak aterpe

75 metroko pala (Aramaion jarriko omen direnak bezalakoxea)

Ganborraldeko Parke Eolikoa burutzeko lizentziek nekez emango diote buruhausterik Statkraft enpresa norvegiarrari.

Zalantzarik gabe, Aramaioko Udalak eman behar duen baimena da Parke Eolikoa eraikitzeari ekiteko azken giltza. Horrekin, teorian behintzat, jadanik herritarren gehiengo kualifikatua denaren nahia eta ahotsa islatu beharko lituzke Udalak, haien zerbitzurako osatua izan baita eta haiek guztiek jasan beharko dituzte obrak, azpiegiturak, garraioak eta bestelakoak… hogeita hamar urtez, gutxienik. Eta askoz urte gehiago baldin eta epe horren amaieran Parkea birpotentziatzen edota birgaitzen bada.

Gainerako lizentziak eta agiriak direla eta, ezaguna da une honetan ia automatikoki luzatzen direla administrazioetan energia berriztagarrien ekoizpenerako proiektu erraldoien aldeko baimen guztiak.

Energia eolikoaren kasuan, errazak eta azkarrak dira Ministerioei eta Eusko Jaurlaritzari dagozkien tramitazioak, Estatuko eta EAEko energia-planifikazioetako kume kuttunena baita aerosorgailuen bidezko ekoizpena. Ildo horretakoa da, esate baterako, Energia Berriztagarrirako Instalazio-ziurtagiria, besteren artean diru-sari publiko bereziak jasotzera iristeko balio duena, energia-produkzioa dela bide. 

Nabarmen azpimarratzekoa da, aldi berean, Parke Eoliko erraldoiak Onura Publikoko Proiektutzat izendatuak izateko eskaintzen den erraztasuna. Ez da ahaztu behar izendapen horrek, besteak beste, lurraldeen espropiazio eta desjabetzetarako bidea irekitzen diola enpresa eolikoari eta ohikoa dela aukera horretaz baliatzea lurren jabeek uko egiten dietenean enpresak planteatutako negoziazioetan parte hartzeari edota baldintzak eta diru-ordainketak –normalean ziztrin samarrak, bidenabar esanda– onartzeari.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Parke Eolikoak eraikitzeko tramitazio administratiboen erraztasunari buruz ari garela, era berezian gogoratu behar da Gobernu espainiarrak –hemengo alderdi abertzaleen aldeko bozkekin– bertan behera utzi zuela duela bi hilabete (abenduaren 28aren bezperan, hain zuzen) ordura arte ezinbestekoa zen Ingurumenarekiko Inpaktuaren Ebaluazioa (20/2022 Errege Lege-Dekretua). Zail bada ere ulertzen, aurrerantzean Erkidegoetan bertan aurkeztuko diren proiektuei bakarrik eskatuko zaie Ebaluazio hori; ingurumenean askoz ere inpaktu txikiago duten 50 MW baino gutxiagoko proiektuei, alegia.

Erabaki horrek, erantsi beharrik ez dago, baimentze lasterrak eta eragozpenik gabekoak ekarriko dizkie Aramaiokoa bezalako Parkeei, 50 MW baino gehiagokoak baitira. 

Ezkerreko alderdiek ere adostutako erabaki horrek, aldi berean, kendu egin die herritarrei bizimodua zeharo alda diezaieketen megaproiektuen azterketan, balorazioan eta onartze-prozesuetan parte hartzeko aukera oro. Demokraziaren paradoxak, nonbait (ikus Ingurumenarekiko Inpaktuaren Ebaluaziorako Elkarteak kaleratutako idazkia).

Hori dela eta, Aramaioko Parke Eolikoari (60,4 MW), bat-batean, bete-betean egokitu zaio –edo tokatu?– lege-dekretu horren ondoreaz gozatzea. 

Susmatzekoa da, horratik, Statkraftek eta gure alderdi politikoek lehendik zekitela Ingurumenarekiko Inpaktuaren Ebaluazio hori desagertzear zegoena. Norvegiarrek Aramaion azaroan eskainitako “gardentasun”-batzarra baino askoz lehenagotik. 

Kategoria: Aerosorgailuak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude