Gauza jakina da Aramaioko zeru aldea, hegazkinen ohiko ibilbidea izateaz gainera, Forondako aireportuaren funtsezko ziurtasun-luzapena ere badela. Hori dela eta, gure haranaren gain-gainetik igarotzen dira Forondatik abiatutako hegazkinak eta baita hara doazenak ere, batzuk gora egiten eta urruntzen eta beste batzuk, berriz, hurbiltze-maniobrak egiten eta poliki-poliki jaisten .
Hartara, bereziki errespetatu beharrekoak diren esparru desberdinak –envolventeak– mugatzen zaizkie hegazkinei zeru aldean, hegaldien ziurtasuna albait ongien bermatua gera dadin.
Halabeharrez edo, horretarako aurreikusita dauden esparru edo ingurune guztiak egokitzen zaizkio Aramaiori. Hiru hauek, hain zuzen: Aireontzien Operazio-zortasunen Ingurunea deiturikoa, Precision approach path indicator (“PAPI”) izeneko Aireontzien Operazio-zortasunen Ingurunea eta, hirugarrenik, Aerodromoari eta sistema erradioelektrikoei dagozkien zortasunen Ingurunea.
Horrek, agerikoa da, ez dio inolako onurarik ekartzen herriari, alderantziz baizik, hegazkinak gora eta behera ibiltzean, handik datorkion guztia zarata eta ikusten ez den kutsadura baita. Eta arriskua, kristalezko autopista baten azpian bizitzearen pareko arriskua nonbait.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Litezkeen arrisku horien aurretikoa izan zen, adibidez, Iberdrolaren eta Eusko Jaurlaritzaren Aixeindar enpresak Jarindoko haizea neurtzeko jarri nahi izan zuen dorrearen kasua.
Duela zazpi bat hilabete, Espainiako Sustapen Ministerioak dorrea jartzeko baimena ukatu zion Aixeindar enpresa publiko-pribatuari, nonbait AESA eta AENA erakundeen iritziz arrisku latza ekar ziezaiekeelako dorrearen garaierak (86 metro luze zen) hegazkinei. AENAk zioenez, jarriz gero, dorre hori 970 metroko kotaraino iritsiko zen eta inguru hartan 895 metrorainokoa baino ezin zen onartu.
Badirudi, beraz, Statkraftek ere begiratu bat eman beharko diela zerualdeko Ingurune horiei aerosorgailuak eraikitzean, batez ere, “PAPI” izeneko Aireontzien Operazio-zortasunen Inguruneari, horrexek mugatzen baitu tramankulu eolikoek har dezaketen garaiera.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ezaguna da Statkraftek ez duela oraindik argitu bere weborrian zein koordenadatan kokatuko dituen aerosorgailuak (“en estos momentos nos encontramos estudiando muy cuidadosamente la ubicación exacta de cada uno de los ocho aerogeneradores del proyecto”). Alabaina, Aramaioko Udaletxean urte-amaiera baino lehen jakinarazi zuen zein izango ziren haize-erroten kokaleku zehatzak, haien arteko konexio-bideak, kontrolgune nagusia, hustutze-azpiestazioa, etab.:
∞∞∞∞∞∞∞∞
Kontraesanak kontraesan, egia da Udaletxean aurkeztutako dokumentazioa erraz asko izan zitekeela tramitazio administratiboari ekiteko paper hutsal bat, aurrerago aldatu nahi izango zutena. Baina hala ez balitz, “PAPI” izeneko Operazio-zortasunen Ingurunearekin talkan suerta litezke hainbat haize-errota.
Izan ere, proiektuan azaldu bezala, haize-erroten kokapen-puntuak 680-730 metroko garaierako muinotan jarriko balituzte eta, publikoki iragarri zuten legez, aerosorgailuen garaiera 200 metrotik gorakoa baldin bada, “PAPI”-k hegazkinen ziurtasunerako ezarrita dituen kotak haustetik hurbilegi geratuko lirateke aerosorgailuak, horrek ekar lezakeen istripu-arrisku larriarekin. Esate baterako, Ilunpeko (710 m.) eta Otatzako (719 m.) aerosorgailuak (ITS-01 eta ITS-03, hurrenez hurren) ezin gaindituzko langa duten 990 metroko kotaraino iritsiko lirateke.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ez dirudi Statkrafti aerosorgailu txikiagoak jartzea bururatuko zaionik, baina beti izango du muinoak eta mendi-lerro osoa hamar bat metro beheratzeko aukera, edo, zer arraio!, baita Aireontzien Operazio-zortasunen Ingurunea bera aldarazteko eta behar bezala “doitzeko” ere, tamaina horretako inbertsio ekonomikoek –60 milioi eurotik gorakoa– zailtasun larregirik gabe irauli baititzakete edonongo Lurralde Planak, Parke Naturalen babeserako legeak eta behar den guztia.
Baina bai, Statkraftek begiraturen bat behintzat eman beharko dio “PAPI”-ri, gauzak aurrera aterako baditu.