LEZETXIKI: haserrea, sumina, gaitzidura!

Hiztegiak nekez ekar dezake Abiadura Handiko Trenaren aitzakiarekin Lezetxiki haitzulo prehistorikoan egin den triskantzak euskaldunongan sortutako gogo-aldartea behar bezala islatzeko hitzik.

Zeren eta benetako mala-ostia eta gogo txarra dira horrelako hondamendiak ikusten direnean sentitzen direnak. Eta are handiagoak oraindik gure ondarerik preziatuenean erakundeen aldetik inolako kontrolik izan ez dela eta ez dagoela ohartzean.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Obra horiek ez dira planorik gabe egiten, eta are gutxiago azken orduan tunelatzaileak bide-erdian haitz gogor bat aurkitu duelako edota bat-batean kapatazen bati bururatu egiten zaiolako.

Zalantzarik gabe: Madrileko Sustapen Ministerioak eta Adifek lehendik zeuzkaten plano horiek zehaztuta eta onartuta, eta, tartean, Lezetxiki zeharkatzeko diseinua ere definituta. Eta Jaurlaritzak –berdin politikariek zein arkitekto eta teknikari zenbaitek– ezagunak eta aztertuak behar zituen, bai ala bai. Isilik mantendu duen arren.

Ez dugu, beraz, galdetuko zertan aritu diren zipitzik ere esan eta egin gabe Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza eta Kultura Politika Saileko arduradunak edota Kultura Ondarearen Zentrokoak. Baina non arraio ibili dira bitartean Gipuzkoako Kultura Zuzendaritza Nagusia eta ezin hurbilago diharduten Arrasateko udal-kargudunak?

∞∞∞∞∞∞∞∞

Argi da gure Kultur Ondarea zaindu behar duten erakundeak ez ikusiarena egiten ari direla AHTren demasia eta gehiegikerien aurrean. Ez da adibiderik falta. Lehenago, esaterako, ez zen eragozpenik izan Uraren Euskal Agentziaren aldetik trenbiderako morteroek eta porlanek Aramaioko erreka ia lehortzeraino eraman zutenean. Orain ez da arazorik izan Lezetxiki zulatzeko, tunelatzeko eta nahi izan dutena egiteko.

Eta hori guztia, noski, demokratikoki onetsia izan ez den obra erraldoi bat aurrera ateratzeko eta, azken batean, bertako inork ezin erabili ahal izango duen tren bat eraikitzeko.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Erantzukizunak eskatzeko ordua da. Eta munstrokeria hori bertan behera utz dezaten exijitzekoa ere bai.

Lezetxikiren lagunek ateratakoak dira argazkiak

Kategoria: Hizka-mizka Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude