Azaroaren 16an Aramaion egindako biltzarrean azaldu zuen Statkraftek aurrenekoz zer-nolako planak dituen Eskoriatzatik San Kristobaleraino hedatu nahi duen parke eolikoari dagokionez.
Espiritu kolonialista ezkutatu ezinik, Itsaraz izenarekin bataiatua zekarten proiektua, nonbait bertako hizkuntzaren edota toponimiaren agorrak ez baitzuen haien gogoko izendapenik eskaintzen.
Proiektuaren arabera, 8 aerosorgailu edo haize-errota izango ditu parke eolikoak: zazpi Aramaioko mendietan (Kurtzetatik Asentsiomendi aldera 6, eta Kurtzetatik Sankristobalerantz bat) eta bat Eskoriatzako udalerrian. Bakoitzak ia 8 Megawatt ekoizteko ahalmena izango du. Guztira 60,4 MW. Edo, Statkraftek dioenez, “44.100 etxebizitzarako energia garbia”.
Baina ez Aramaioko etxebizitzetara zuzen-zuzen eramateko, ez. Zeren eta, behin sortuz gero, Iberdrolak Abadiñon duen subestaziora bideratuko da argindar hori guztia 13,6 kilometrotan zehar.
Azalpen garbirik eman ez badute ere, baliteke airetik eramatea linea guztia, 25-50 metroko dorre elektrikoak baliatuz.
Baina airetik eraman zein lurpetik, teorikoki Eskoriatza-Arrasate-Elorrio-Abadiño izango da hariaren ibilbidea. Horrela esan zuen, behintzat, Statkraftek. Praktikan, halere, beste zerbait pentsatzera daramate ezin zehatzago kalkulatuta dituzten 13,6 km horiek, hau da, benetako ibilbidea, hain motza izateko, Eskoriatza-Azkoaga-Untzilla-Udala (Arrasate)-Atxondo izan beharko litzatekeela.
Antza denez, 2023an ekingo diote obra zibilari (lur-mugimenduak, bide-zabaltzeak, oinarri-jartzeak…) eta 2027an hasiko da haize-parkea martxan. Guztira, 200 bat langile beharko dituzte obretan aritzeko eta, geroago, aerosorgailuak zaintzeko. Dena den, ez dirudi lanpostu berririk sortuko dutenik, nagusiki obrak egiteko kontratatutako enpresen langileak eta teknikariak izango baitira arituko direnak.
Jadanik hasiak dira baimenak eskatzen eta tramitazioak burutzen. Diotenez, Ingurugiroaren gaineko Eragin-Adierazpena eta Aldez aurreko Administrazio Baimena izan dira lehenak (ekainean aurrenekoa, azaroan bigarrena), baina, antza denez, eskuratuak dituzte dagoeneko Sarbide-baimena eta Konexio-baimena ere. Eraikitzeko eta Obrei Ekiteko lizentziak eskatzea bakarrik geratuko litzaieke, beraz.
60 milioi euroko inbertsioa egingo omen dute.
Aipamen berezia eskatzen dute gune eolikoan jarriko diren aerosorgailuek berek. Izatez, 205 bat metroko altura hartuko dute (80 bat metroko luzera, berriz, hegalek). Ideia argiago bat egiteko, gaur egun Elgea-Urkillako parke eolikoan dauden aerosorgailuekin konpara daitezke Aramaion jarriko direnak. Hangoen garaiera 40-45 metrokoa da (Ganborraldekoak baino lauzpabost aldiz txikiagoak), eta 25-27 metroko palak dituzte (Ganborraldekoak baino hiru aldiz txikiagoak).
Bada, azkenik, harrigarri samarra den beste puntu bat, alegia, nola eroan haraino 80 metroko palak Legutio-Kurtzeta errepidea sakon egokitu gabe? Bihurgune itxiak eta ezaugarri bereziegiak dituen arren, ez dirudi A-2620 errepidea gehiegi aldatu beharko litzatekeenik horretarako. Horretan ere ari da Iberdrola Blade Lifter teknologia garatzen.