Atzo bukatu zitzaizkidan oporrak. Badakit zorteduna naizela Paskua Astea ere gozatu dezakedalako, baina astelehenean berriro hasten naizela pentsatzeak… ikaratzen nau! Ommm… pazientzia!
Zaragoza, Girona eta Bartzelona. Hantxe ibili naiz konpainia paregabean. Ez genekiela nora joan eta Catalunya aldera egin genuen alde, Aragoan egun bat pasatuz. Bide batez, Zaragozatik gehiago espero nuen. Agian euriaren errua izan zen, baina ez zitzaidan gustatu. Hori bai, poteoa egiteko kale ederrak ditu. Euskaldunok eta poteoa…
Lagun batzuen etxean egon gara, Cerdanyolan, gertuko herri/hiri batean. Bartzelonak harrapatu nau. Ez dakit zer daukan hiri horrek, baina joaten naizen bakoitzean maiteminduago bueltatzen naiz.
Bartzelonara joateko kotxea gerturatzen genuen tren geltokira eta handik lasai-lasai joaten ginen. Tren geltokia unibertsitateakoa zen, Bartzelonako Unibertsitate Autonomokoa. Egia esateko, gogoak ematen dizkit bertara joatea ikastera. Dena oso ondo antolatuta dagoela ematen du: fakultate pila, autobusak, ikasleak, tabernak, liburutegiak 24 ordu irekita,…
Eta Bartzelona… Bartzelona da! Ramblak, auzo Gotikoa, Boqueria, Gaudí, bertako jendea, bizikletak, ikasleak, atzerritarrak, mordernotasuna, katalana,… Inbiria ematen du nola erabiltzen duten katalana, edozertarako, eguneroko hizkuntza da. Menua bi hizkuntzetan ematen dizute: katalanez eta erderaz. Lehen hitza katalana izaten da. Asko daukagu ikasteko.
Laster bueltatuko naiz.